Gaur honetaz jardungo dute Espainiako tertulietan. Goardia Zibila hezkuntza publikoko zentroak eta bertan lan egiten duten irakasle euskaldunak zaintzapean ditu Nafarroan. Irakaslegoaren eta ETAren arteko loturak aurkitu dituzte, eta proselitismorako asmo koordinatuak ere bai. Segurtasun indarrek portadak irekitzeko materiala banatu diete zenbait egunkariari; asteburuan Diario de Navarra izan zen, gaur El Mundo.

Goardia Zibilak "ofizioz" (bere kabuz, alegia) ikertu omen du Nafarroako eskola publikoetako irakaslegoa, eta ezker abertzalearekin lotura arriskutsua daukatela ondorioztatu du.
Lehen errebelazioak Diario de Navarrari pasatu zizkion Goardia Zibilak, eta asteburuan argitaratu ziren.
Hezkuntza sistema publikoa izan omen da ikertutakoa, eta "Batasunaren infiltrazioa" arazoa. Nafarroan agintean dagoen alderdiak, UPNk, berehala egin zion koska albisteari eta atzo Espainiako Kongresura ere eraman zuten kontua.
Gaur, El Mundo-n, Batasuna eta ezker abertzalea modu zehatzagoan ageri da definitua lehen orrian: ETA. Eta hezkuntza sistema publikoa beste berba mamu batekin ere nahastua ageri da: Ikastolak. Interneteko informazioa ilustratzeko Nafarroa Oinez jaia erabili dute, adibidez.
Albistea epigrafe honen barruan jarri dute: terrorismo.