Orain urtebete erabaki nuen argazki-eguneroko bat egitea. Asmoa zen, modu pertsonalean, jasotzea hastear zegoen urte berriaren gorabeherak. Horretarako, pentsatu nuen egunero-egunero egitea neure buruaren argazki bat, iruzkin labur batekin osatzea, eta beroi igotzea 2013. urtea izeneko blogera. Gainera, deliberatu nuen, amaieran, 365 irudi horiek guztiak biltzea eta bideo labur bat egitea (benetan laburra: 36,5 segundo). Hala, iazko Gabonetan Argia-ko mahai gaineko egutegia erosi, eta, 2013. urte osoan ibili naiz, batera eta bestera, tokatzen zen dataren orritxoa aldean hartuta.
Bideo azkar horrek urteko argazki guztiak biltzen ditu, baina, blogeko egunerokoa sosegatuagoa da. Izan ere, bertan badago irakurtzerik argazki bakoitzaren istoriotxoa: non aterata dagoen, zertan ari nintzen, nortzuk diren argazkian agertzen direnak, nor den ezkutuan geratzen den argazkilaria... Beroi ikusteko, jo besterik ez dago 2013urtea.tumblr.com-era. Gainera, badago egunerokoa ikustea beste era batera ere: hileroko sortatan.
Sortutako bilduman denetako argazkiak daude: kalean, lantokian edo etxean egindakoak, neu bakarrik edo jendearekin ateratakoak, baleko argazkiak eta ezabatzeko modukoak, une arrunt-arruntak edo momentu berezitxoagoak jasotzen dituztenak, ondo eta gaizki ateratzen naizenak... Hori bai, argazki denek dute gauza bat komunean: guzti-guztietan ageri da, nabariago edo ezkutuago, egun horretako Argia egutegiko orritxoa.
Egunerokoarena izan da egitasmo bat, eginaren puruz, joan dena egokitzen eta nortasuna hartzen. Argazkien estiloan ere nabaritzen da proiektuak izan duen ibilbidea. Esaterako, lehenengo asteetako argazki gehienetan, neu bakarrik agertzen naiz, serio-serio (argazki haietako testu lagungarriak ere halakoak ziren: lakoniko samarrak). Baina, poliki-poliki, eta proiektuari neurria hartu ahala, hasi nintzen ni neu ere lasaitzen, ariketarekin gozatzen eta egiten argazki txukunagoak. Gainera, laster hasi nintzen neure ingurukoak ere saltsa honetan sartzen... Azkenerako, oso modu libreago ibili naiz, eta bakarkako kontua zela ustetik, pasatu naiz edukitzera aldamenekoak proposamenak egiten edo galdetzen ea zein izango zen eguneko argazkia.
Pentsa dezakezuen moduan, proiektuak izan duen eskakizun nagusiena izan da jarraikitasuna. Betekizun bakarra jarri nion neure buruari kontu honekin hasi nintzenen: egun bat bera ere kalerik ez egitea. Hala ere, ez daukat damurik: urteko egun bakoitzean neure buruaren erretratu desberdin bat egitea izan da ariketa polita, sortzailea eta, batez ere, dibertigarria.Argazki gehienak autorretratuak dira: kamera eskuan hartu, besoa luzatuta eta klik egin. Baina, badaude zenbait irudi hartuta daudenak modu automatikoan, alegia, makina parean kokatu eta aktibatuta 10 segundoko tenporizadorea. Beste batzuetan, ordea, laguntza eskatu diet parean izan ditudan lagunei. Horrekin lotuta, asko harritu nau ikusteak zenbat ezezagunek eskaintzen duten euren burua argazkia egiten laguntzeko. Ikusten zaituztenean autorretratua egiteko trantzean esaten dizutenak: “Nahi duzu nik ateratzea argazkia?” Horiei eta modu batean edo bestean laguntza eman didaten beste guztiei ere, mila esker!
PS. Ez naiz izan neure buruaren argazkiak sarean jartzekoa, baina, tira, horrela kontuak: kolpean neure buruaren 365 argazki! Selfie hutsa eginda nago. Portzierto, selfie izendatu dute 2013. urteko hitza.