Munduan bada hainbat herri bere burua izendatzeko bere hizkuntza aipatzen duena. Horietako bat da gurea, euskaldunak gara, euskaradunak. Eta Euskal Herria euskararen herria dugu, Hizkuntza dugu nazio ardatz. Hizkuntzak egiten gaitu nazio, euskaldunak gara ala ez gara. Eta horrexegatik esan dezakegu hizkuntzak ematen digula (besteak beste) burujabetzarako eskubidea.
Geure buruaren jabe izan nahi dugu, bai. Eta kanpoko esku hartzerik gabe geure burua antolatzen utz diezaguten. Euskararen berreskuratzeak behar dituen tresna eta bitartekoak eratzeko aukera behar dugu, eta hori, ezin daiteke dependentziatik eraiki, are gutxiago mendekotasunetik, independentziatik izan behar da.
Horrexegatik egiten dizuegu dei Gure Esku Dagok ekainaren 8rako prestatu duen ekitaldi erraldoian parte hartzeko. Har dezagun eskutik hurkoa eta oihuka dezagun, kanta dezagun herri bat garela. Bizi garela oraindik, eta libre bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugula. Iparra Estoniak, Letoniak eta Lituaniak erakutsi ziguten. Ez zen gogoan geratu zaigun bezain berehalako eta erraza izan, baina lortu zuten. Geure parean eta egoera paraleloan diren katalanek ere egin ziguten erakustaldia. Geure garaia da, herri libreen Europa marratu dezagun, elkarri eskua emanda.
Inoren esku badago, geure esku dagoelako, dudarik gabe. Geurea geuk hartu ezean, ez digu inork emango. Eta biderik ez balego, zertarako eskubidea? Estatu izateko norabide berean, nazio egiten gaituen euskararen herria berreuskalduntzeko ere, bada biderik. Ekainaren 8a baino lehen hasteko modukoa gainera: euskaldun agertzea eta gure eskubideak edonon errespeta araztea. Horrela ikusiko dugu gutako bakoitzak gure inguruan euskaldunak agertzen, elkarri eskua ematen, harremanak garatzen, geure komunitatea eratzen, inoiz geure estatuaren muina izango dena. Horrela ez bada, ez delako Euskal Herria izango.
Ekainaren 8an, euskaldun, euskaltzale, eskua zabalik izango gaituzu zain, lerroan, euskaraz, autodeterminazio eskubidea, gurean behintzat, euskaraz garatu beharrekoa delako. Gure mihi puntan ere badago.
EH Bilduko euskara lan taldearen izenean:
- Pili Robles Barainka.
- Josu Larrea Elorriaga.
- Garbiñe Zurutuza Fernandez.
- Mireia Arginzoniz Garitaonaindia.