Donostiako Udalak dei egiten die herritarrei udal administrazioarekin dituzten harremanetan euskara erabili dezaten. Udalak herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina jarri du abian, udalarekiko harremanetan euskara erabil dezaten animatzeko. Neguan abiatutako “Udalean ere euskaraz” kanpainaren baitan beste urrats bat emanez, gaurko prentsaurrekoaren bidez, herritarrak animatu nahi ditugu, udal zerbitzu eta eraikinetara jotzerakoan euskara erabil dezaten.

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek aurkezpenean adierazi du Udal Gobernuaren “konpromiso irmoa euskararekin. Agintaldia hasi zenetik agerian utzi dugu euskara babestea, normalizatzea eta sustatzea dagoela gure lehentasunen artean”.
Alkatearen esanetan, administrazioak eredu izan behar du euskararen erabileraren normalizazio prozesuan, administrazioari dagokio herritarren aurrean eredugarri izatea eta baita legeak bete eta betearaztea. “Herritarrek maiz zalantzak izan ohi dituzte, administrazioan euskara normaltasunez erabil ote dezaketen. Zalantza horiek uxatzen laguntzeko kanpaina dela Udalak abian jarritakoa. Gaur aurkezten dugun kanpaina Udal langileei zuzenduta egindakoaren jarraipena da. Herritarrari, donostiarrari, adierazi nahi diogu Udalarekin euskaraz egin dezakeela eta horretara animatzen dugu. Izan ere, aipatutako lan horri esker, uneotan Udalari lotutako harrera-guneen %95 dira herritarrak aukeratzen duten hizkuntzan hartuak izateko eskubidea bermatzen duenak”.
Nerea Txapartegik, Kultura eta Euskara ordezkariak kanpainaren xehetasunak azaldu ditu hedabideen aurrean. Juan Karlos Izagirrek, Donostiako Alkateak jorratutako bidetik, Txapartegik ere herritarrei dei egin die Udalarekin dituzten harremanetan euskara erabil dezaten. “donostiarren eskubidea da udalaren aurrean bi hizkuntza ofizialen artean aukeratu ahal izatea. Donostiako Udalak, iazko uztailean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 5. Plana onartu zuen. Planak 2017ko abenduaren 31 bitarteko indarraldia du eta data horretarako helburuetako bat da udal administrazioarekin harremanetan jartzen den herritar orori euskaraz artatua izatea bermatzea, ahoz zein idatziz, esparru guztietan. Horretarako, besteak beste, herritarrei harrera egiten dieten langileen hizkuntza egoera zehatza aztertu da eta zerbitzua euskaraz ematen laguntzeko hainbat neurri proposatu dira: herritarrei harrera euskaraz egiteko protokoloa eta berariazko hizkuntza trebakuntza, besteak beste”.
“Udal langileekin egin den kontzientziazio lan honek jarraipena behar du herritarren artean”, nabarmendu du Txapartegik, “horrela, langileentzako erabili den lelo bera erabiliz, gaur aurkezten dugun kanpaina honen bitartez, herritarrak, donostiarrak, animatu nahi ditugu lehen hitza beti euskaraz egin dezaten eta, noski, baita udalarekin ere”.
Hori ikusarazteko, 3 spot grabatu dira Donostian hainbat pertsona ezagunen eta beste hainbat pertsona anonimoren laguntzarekin, eta herritarrek administrazioarekiko harremanetan izan ohi dituzten jokaerak, galderak eta bizipenak irudikatzen dira. Galdera eta zalantza hauei aurre egiteko, hainbat datu eta jokabide tarteko, administrazioarekin euskaraz egiten saia daitezen animatzen dira.
Iragarkiak eta irrati kuñak Donostiako hedabideetan emango dira hamabost egunez eta, gainera, Udalaren web orrietan ikusi ahal izango dira. Horrez gain, Udaleko eraikinetan euskarri desberdinak jarriko dira “Udalean ere euskaraz” leloarekin udal zerbitzuren batera hurbiltzen den herritarra ere euskaraz egin dezan animatuz.
http://www.youtube.com/watch?v=OQVHYjp4CVM&feature=youtu.be
http://www.youtube.com/watch?v=2J-CkRDGDZI&feature=youtu.be
http://www.youtube.com/watch?v=6pU-84VFidY&feature=youtu.be