Azken egun hauetan Gasteizko Kafe Antzokiaren (GKA) inguruan Udaletik jaso dugun proposamen berriaren inguruan GKAren aldeko plataformak bere iritzia plazaratu nahi du. “Udalaren erabakiak ez gaitu asebetetzen baina GKA eraikitzeko bidean aurrerapausu bat da; bi oinarri izan behar dituen proiektuaren zutabeetako bat gauzatuko delako”.
Plataforma Kafe Antzoki baten alde lan egiteko sortu zen. Guk irudikatzen eta landu dugun ereduak bi ezaugarri ditu:
- Euskara eta euskal kultura ardatz dituen proiektua proposatzen genuen.
- Bi guneren inguruan egituratua: Euskararen Etxea, Lazarraga kultur-gunea, alde batetik, zeina sorkuntzarako, formaziorako eta harreman sareak trinkotzeko gune gisa ikusten genuen; eta bestetik, Kafe Antzokia bera, non kontzertu gunea eta ostalaritza zerbitzuan kokatzen genituen; azken honen funtzioa kulturaren erakusleiho eta proiektu osoaren motor ekonomiko izatea aurreikusten genuen.
Azkenean, ordea, Udalaren partetik benetako proposamen bat heldu da: Udala prest agertu da Montehermoson Euskararen Etxea-Lazarraga kultur-gunea litzatekeena sortzeko baina Kafe Antzokia ez du posible ikusten oraingoz.
Horren aurrean hau da gure iritzia:
- Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataforma Kafe Antzokia sortzeko helburuarekin sortu zen. Helburua kontuan hartuta ez gaitu asebetetzen erabakiak, ez gaude ados erabakiarekin. Halere, GKA eraikitzeko bidean aurrerapausu bat dela uste dugu: bi oinarri izan behar dituen proiektuaren zutabeetako bat gauzatu egiten delako. Beraz, GKA sortzeko bidean lehen urratsa dela ulertzen dugu, eta “oraingoz” GKA posible ez bada ere, etorkizun hurbilean bere osotasunean gauzatu dadin lanean jarraituko dugu.
- Euskararen Etxea, finantziazio iturri propiorik gabe jaiotzen da. Baliabide ekonomiko eta pertsonalak ezinbestekoak izango ditu Lazarraga Kultur-guneak, Udalaren erantzukizuna izango da baliabide hauen bermea hitzarmen bidez jasotzea. Era berean proiektu honek ez du inolako aldaketarik suposatuko euskalgintzak eta kulturgintzak orain arte jasotako diru-laguntzetan.
- Euskal kulturak biziraupenerako, sormenerako eta zabalkunderako dauzkan beharrak kontuan harturik, Montehermoso jauregia euskarazko jardueren erreferente kultural bihurtzea oso positibotzat jotzen dugu.