CodeSyntax-ek bere lehen aplikazio mugikorra jarri du gaur merkatuan: Tribual. Joko bat da, euskaraz, dohainik. Oso mekanika erraza du, eta bakarka jokatzen den arren, partida bakoitza bi laguni bidaltzen zaio, beraz badu lehia osagarri bat ere. Probatu, ea zer iruditzen zaizuen. Tribual Android plataforman dago garatua, Google Play bisitatuz instalatu dezakezu telefono adimentsuan edo tabletean.

Mekanika errazeko jokoa da Tribual. Instalatu, erabiltzaile bat erregistratu (Facebook eta Twitter bidez ere egin daiteke, lana aurreratzeko), eta hasi jokatzen.
Bost galderako sortak erantzutea da koxka, ahalik eta azkarren. Galdera bakoitzarekin hiru erantzun erakusten ditugu; bi okerrak dira noski. Sistema automatikoen bidez sortu ditugu galderak, eta eraberritzea eta gehikuntza ere ziurtatu dugu horrela. Bost galdera mota ditugu oraingoz:
- Hitzokei. Definizio kreatiboen Twitterren jokotik. Definizioa ematen du Tribualek, eta hitzokei-a asmatu behar da.
- Mikroipuina. Hauek ere Twitterren dabiltza. Ipuinean berba bat kendu dugu, eta asmatu egin behar da.
- Nongoa da argazkia? Euskal Herriko herri batekoa izango da, asmatu egin behar! (Panoramio zerbitzuan dute jatorria irudiek)
- Nongoa da pertsonaia? Wikipediatik erauzitako galderak dira. Pertsonaiaren jaioterria asmatu behar da.
- Matematikak. Batuketak nahiko errazak dira, ikusiko duzue, baina biderketak sartzen direnean, apur bat zailtzen da.
Galde-sorta bakoitza, bi jokalari desberdinek ikusiko dute, eta hortaz, beti, batak edo besteak irabaziko du. Jokatzeko, sareko konexioa eduki behar da.
Bilatu Tribual Google Play-n eta instalatu!