Azpeitiko hezkuntza baliabide guztiak bildu ditu Udalak, Azpeitiko Heziguneen Katalogoan. Gaur, asteartea, aurkeztu da gida, Mari Jose Iturria Hezkuntza batzordeburuaren eta herriko hezkuntza arloko arduradunen eskutik; "behin baino gehiago esan izan dugu Azpeitian lan asko egiten dela herritarren formazioaren alde, ikastaro ugari egiten direla, hitzaldiak ere kontaezinak eta ia denak oso interesgarriak baliagarriak izaten direla. Baina hau guztia ez da posible atzean sare zabal eta eraginkor bat ez baldin badago, hau dena egiten da Azpeitian jende interesatu eta konprometitua dagoelako eta egon badago. Dinamika zabal eta eraginkor honen atzean dagoena bistaratzea nahi izan dugu. Sare hau bisible egitea, ikusgarri egitea, denei katalogo batean ezagutaraztea izan da gure asmoa", agertu du.
Udal Gobernuak hezkuntza eta formazioari ematen dion garrantzia handia da eta urte hauetan, hainbat pauso eman eta ekimen jarri ditu abian, azpeitiarren formazioa ahalik eta hoberena izan dadin; "Hasi ginenean Udaleko hezkuntza lan taldetik ere argi genuen Azpeitia eta azpeitiarren etorkizuna suspertzeko, formazioa, eta denon arteko elkarlana ezinbestekoa zela; eta hau garatzeko lehentasunezkoa ezagutza eta heziketa lantzea. Horrela gure ekarpen txikia egiterakoan, era honetako katalogo bat egitea aurreikusi zen. Ez da prozesu erraza izan, poliki- poliki joan gara egiten, eskertzekoa da EREGI eta udal teknikariaren lana", gaineratu du Iturriak.
Katalogoan eskaintzen diren eragileak, elkartean, esparru eta arlo ezberdinetakoak dira. Hauek dira katalogoan azaltzen diren arloak, arlo bakoitzean eragile eta elkarte ezberdinak egonik:
HEZKUNTZA ARAUTUAN
Herriko Eskolak eta haur-eskolak
HEZKUNTZA EZ ARAUTUAN
Aisialdia/ Artea, musika eta dantza / Autoeskolak / Helduen hezkuntza / Hezkuntza sozio-afektiboa eta osasuna/ Hezkuntza sozio-profesionala/ Hizkuntza eta Hezkuntza akademiak/ Ingurumena/ Kirola eta osasuna/ Kultura eta euskara/ Kultur Guneak
"Katalogo hau ikusiz, bistan dago gaur egun, inoiz baino gehiago, udalerriek - handi zein txiki izan -hezkuntzarako ahalmen handia dutela, eta herritar guztiak dira eragile hezitzaileak, batzuk eta besteak erlazionatzen diren heinean. Azpeitian ere horrela gertatzen da eta katalogoan ikusten den bezala, heziketa-kontzeptua eskolaz harantzago doa eta barne hartzen ditu hezkuntza-tipologia guztiak (formala, ez-formala eta informala), eduki-konplexutasun eta aplikazio-konplexutasun handia duelarik", esan du Iturriak.
Katalogoa Udal webgunean zintzilikatuta dago, baina paper formatuan nahi duen herritarrak udaletxera etorri, Hezkuntza sailera, eta bertan eskatu besterik ez du egin