Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, Aztikerrek txosten bat aurkeztu du: Euskal herritarren identitate aniztasuna 2013. Euskal Herrian dauden kultura eta jatorri identitateen inguruan euskal herritarrek dituzten iritzi, pertzepzio eta jarrerei buruzko ikerketa kuantitatiboa da. Ondorio nagusiak aurkezten dizkizuegu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, Aztikerrek Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean egin duen lan honek hauxe izan du helburu nagusia: Euskal Herrian dauden kultura eta jatorri identitateen inguruan euskal herritarrek orokorrean eta gipuzkoarrek zehazki dituzten iritzi, pertzepzio eta jarrerei buruzko ikerketa kuantitatiboa egitea.
2.014 elkarrizketa egin dira Euskal Herri osoan, horietako 403 Gipuzkoan. Laginketa 2013ko maiatzetik urrira egin zen.
Txosten osoa sarean duzue (Euskal herritarren identitate aniztasuna 2013: iritziak, pertzepzioak eta jarrerak). Hona hemen txostenean azpimarratzen diren ondorio nagusiak:
- Euskal Herritarren gehiengoak bertan bizitzen jarraitzeko gogoa du (%89,7).
- Gurasoen eta aitona-amonen jatorriari erreparatuz, euskal herritarren gehiengoak (%52,6k, gutxienez) familia-harremana du euskal herritik kanpoko lekuren batekin.
- Euskal herritik kanpoko jatorri nagusia Espainia da. Ondoren, Ekuador, Kolonbia, Errumania eta Dominikar Errepublika datoz.
- Jarrera irekiagoa izaten dute gazteek, Iparraldekoek, Euskal Herrira azken 15 urteetan iritsitakoek, ikasleek eta bere kontura egiten dutenek lan, goi mailako ikasketak dituztenek, ezkerrekoek eta PSE/PSN/PSF-ren eta are gehiago EH Bildu/EH Bai alderdien aldeko botoa eman dutenek.
- Euskal Herriko bost biztanletatik lauk (%79,0k) erdara dute lehen hizkuntza. Herritar horiek honela banatzen dira: %74,1ek gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza eta %4,9k beste hizkuntza bat.
- Euskara lehen hizkuntza dutenak %15,6 dira eta euskara eta beste bat edo batzuk dituztenak %4,6.
- Migratzaileei zer eskatu beharko litzaiekeen galdetzean, gaztelania edo frantsesa ikasi beharko luketela da eskaera nagusia (%80,2), eta oso hurbil daude beste bi eskaera: haien hizkuntza mantentzea (%79,1) eta hemengo kultura eta ohiturak bereganatzea (%78,8). Bereziki behera egiten du euskara ikasteko eskaerak (%53,2).
- Euskal herritarren gehiengoa eremu pribatuan norbere kultura mantentzeko eskubidearen aldekoa da (%93,2). Baita administrazioak kultur bat baino gehiago bultzatzearen aldekoa ere (%64,2). Gehiago zehazten denean, ordea, aldeko jarrerak nagusi jarraitzen badu ere, aldekotasuna jaitsi egiten da. Hezkuntza sisteman hemen bizi diren beste kolektiboetako hizkuntzek eta kulturek tokia eduki beharko luketela pentsatzen dute %56,3k.
- Euskal Herrian identitate kolektibo nagusia euskal herritar eta espainiar/frantziar sentitzen direnena da (%33,2). Pixka bat atzerago datoz soilik euskal herritar sentitzen direnak (%28,6), eta ondoren, alde handi samarrarekin, soilik espainiar/frantziar sentitzen direnak (%10,6). Euskal herritarra da EAEn“erosoena” den identitatea, eta identitate hori oinarri hartuta, beste batzuekin artikulatu daiteke edo ez. Nafarroa Garaian nafar identitatea bihurtzen da oinarri, eta Ipar Euskal Herrian frantziar identitatea.
- Euskal herritarren %45,2ren iritziz, Euskal Herria zazpi herrialdeez osatua dago. Beste %31,7ren ustez, EAEra mugatzen da.
- Herritartasuna lortzeko neurtutako baldintza guztien artean, hauek bildu dute adostasun gehien: denbora jakin batez hemen bizitzea (%79,4) eta hemen lan egitea (%74,7). Aldekotasun gutxiago jaso dute, berriz, arbasoak hemengoak izateak (%33,1), euskaraz hitz egiteak (%38,9) eta hemen jaioa izateak (%44,1).
- Euskal Herritarren iritziz, hemen bizi diren pertsona guztiek eskubide eta betebehar berdinak izan beharko lituzkete. Hori pentsatzen duten inkestatuen %86,9k.