Twitterren hainbat kexa ikus daitezke egun hauetan Euskaltel abian jartzen ari den Euskaltel Wifi Kalean zerbitzua dela eta. Euskaltelen erabiltzaileak kexu dira inongo abixurik gabe haien wifi routerrak ematen duen seinaleaz gain beste bat banatzen hasi dela, "euskaltel_WiFi_kalean" izenarekin.
Egin aproba, zure etxebizitza inguruan inork Euskalteleko router bat baldin badu, litekeena da haren wifi seinalea detektatu ahal izatea zuk zeuk. Hona mugikor baten bidez lortutako irudia, hori frogatzen duena:
Sustatu.eus | Euskaltel wifi kalean "eskandalua"© cc-by-sa: sustatu
Seinale berri horren helburua omen da WiFi sare kolektibo bat sortzea. Antzerako asmoa dauka Fon enpresak, 2005. urtean Martin Varsavskyk sorturikoak. Fonen routerrak bi seinale ematen ditu: bata norberarentzat erabiltzekoa, eta bestea publikoa, Fon erabiltzaileentzat. Horrela, Fon erabiltzaileak etxetik urrun direnean beste Fon erabiltzaileen sare publikoak erabili ditzakete.
Euskalteleko erabiltzaileak kexu dira, enpresaren beraren foroan edo Twitterren ikus daitekeen moduan. Foroko iruzkinen arabera ezinezkoa da norberak routerrean Euskaltel WiFi Sarean seinalea kentzea; baina Twitterren Euskaltelek emandako erantzunetan ikus dezakegu bertan behera uzten dutela zerbitzua erabiltzaileek horrela eskatzen badute.