Espantua eta lotsa; sumindura eta inpotentzia. Egunez egun, hedabideetatik isurtzen den albisteen jarioak zirkuko pirueta ezin harrigarriagoen deskribapena dirudi. Atzo pentsaezina zirudien biribilketa gaur begien aurrean dugu. Atzo hilgarria izan zitekeen jauzia gaur prime time eta HDn ikusteko parada dugu, hiru aldiz errepikatuta gainera. Sistema politikoaren degradazioak mugarik ez duela dirudi: ustelkeria sistemikoa, klase politikoaren ezgaitasuna ezin nabarmenagoa eta aginte ekonomikoaren nagusitasuna inoiz baino mingarriagoa. Herritarrak suminduta baina kontrolpean, lehertu gabe, shock egoeraren eraginpean oraindik ere. Gizartean inoiz baino adostasun handiagoa sumatzen da, han eta hemen; ez soilik ezkerreko herritarren artean, baita eskuinekoen artean ere. Sistema ustelduta dago, goitik behera, baina —sarritan— baita behetik gora ere.
↧