Nolabaiteko eztabaida bikoitza bizi izan genuen joan den asteko "Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian" mintegian, Iruñeko Katakrak-en. Bikoiztasun hori, nik honela ikusten dut:
- Bata, ea euskara zein punturaino den oztopo, lagungarri ala faktore erabakigarri estatu independente bat eratzeko bidean.
- Bestea, ea estatu independente batek euskarari behar bezalako arnasa emango ote dion eta baliagarri izango ote zaion.

Euskararen efikazia Estaturako bidean
Lehen puntuaren inguruan, Alaitz Aizpuru ikerlariak puntu interesgarri bat ekarri zuen gogora: "Zein da efikaziaren efikazia?". Apropos erantzun gabe utzi zuen, baina helburu jakin baten balioa ustezko efikaziaren baitan uztearen inguruko zalantza etikoaz ziharduela iruditu zitzaidan. [Aizpururen ikuspuntu hau Jakinen ere irakur daiteke, nahiz eta mintegira beste aurkezpen batekin etorri zen].
Euskara faktore ez-efikaz uxatzaile gisa erretratatzen dutenen artean, Lapiko Kritikoa agerkariko batzuk daude, Imanol Galfarsoro eta Unai Apaolaza, nahiz eta haien ahots zuzena ez zen entzun mintegian atzo (beharbada Jule Goikoetxea hauengandik hurbil dago? baliteke, baina matiz gehiago dituen diskurtso bat duelakoan nago).
Zeharkako beste eztabaida bat ere azaleratu zen. Ea alderdi edo estrategia abertzaleetan euskarak, praktika edo diskurtso gisa, pisurik edo zentralitaterik ere ba ote duen. Publikotik, ezker abertzaleko ordezkaritzat jo dezakegun Xabier Alegriak komentatu zuen, independentisten sektorean, berak ikusi duela eboluzio bat, diskurtso marxistak mekanikoki euskarara itzultzetik, euskararen jarduna eta euskaraz jardutea, posizio zentral batera ekartzeraino. Ni, pertsonalki, poztu nintzen hori entzunda (eta baita, noski, politika egiteagatik hainbat urtez preso egonda libre dagoelako azkenean, duela bi hilabetetik hona), baina nire baitarako ere gehitu: "ondo, independentistok, ondo; orain bakarrik falta zaizue independentziarako plan bat edukitzea..." (baina hori beste eztabaida bat da).
Estatuaren efikazia euskarari laguntzeko
Bigarren puntuan, Estatuarekin euskarak zer? Puntu honetan, Unai Apaolazarengana itzuliz, Twitteren ematen duen matrakagatik pixkat mania hartu diodala aitortuz, berraitortu behar dut aldi berean Berrian duela bi igande esan zuena egokia iruditzen zaidala:
"Euskarak zentralitatea izateko (normalizazioa), burujabetza politikoa (estatua) behar al du? Duda barik, bai."
Honekin bat nator, eta Txillardegiren esaldi historikoarekin ere bai: Euskarak estatuarekin iraungo duen, ez dakigu; baina estaturik gabe seguru ezetz.
Mintegiko mahainguru batean, mahaian Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Julen Arexolaleiba eta Mario Zubiaga zeudelarik, honen inguruan jardun zuen eztabaidak. Odriozola, garai batean EHEko ordezkaritzat har genezakeena, orain nolabait Orreagaren posizio pre- edo anti-demokratikoekin larratuta dagoela ematen du. Koadro apokaliptikoa marrazteaz gain, independentziarako prozesu bat "vascoen" esku egonik, horretatik ezer onik ezin daitekeela espero esan zigun.
Jule Goikoetxeak eta Mario Zubiagak, berriz, estatuaren botere pragmatikoen indarra egitate bat dela azpimarratzen saiatu ziren. Oso gordin egiten du hau Goikoetxeak "biolentzia" hitza erabiliz, disimulu barik: Biolentzia da Estatuaren ezaugarrietako bat, eta hortaz, demokratizazio prozesu bat bultzatzeko indarra ere badu horrek. Euskal estatu independentista eta feminista bat nahi du Goikoetxeak, xede politiko zehatzak estatuaren gaitasunetatik eratorriko diren esperantzarekin. Horretan bat nator berarekin.
Helburu berari begira, Kataluniara begiratzeko iradoki zigun Mario Zubiaga. "Estatu liberal bat sortzeko, ez dut nahi independentziarik". Esaldi horren faltsukeria okerra salatu zuen, eta nola horri buelta ematen CUP funtsezkoa izan den Katalunian. Total, estatu liberal bat edukitzeko... bueno, orain baditugu bi! (publikotik esan zuen antzeko zerbait Josu Amezaga EHUko irakasleak).
Hauen ondoan, Odriozolarekin lerratuta egon gabe, eszeptiko total agertu zen Julen Arexolaleiba soziolinguista. Bentajarik ikusiko ez balio bezala balizko euskal estatu bati. Estatua lortuta, aldatuko dira politikak euskararen aldeko biratze estrategiko batekin? Ezetz uste du Arexolaleibak, eta horretarako adibide bat jarri zuen, Gipuzkoako Foru Aldundian lau urteko Bilduren aginteak ez duela ekarri funtsezko aldaketarik. Argudioaren tranpa agerikoa zela bota nion orduan: Bilduk ez du estatu bat kudeatu Gipuzkoan, ezta hurrik eman ere.
Hala eta guztiz, gauzatxo bat ere gehitu zuen Arexolaleibak: Espainian edo Frantzia ez izateagatik besterik ez balitz ere, beste estatu mota bat probatzeko prest legokeela di-da botoa emateko bihar bertan. Kontxo! orduan estatu independente bat nahi du! Etorkizunean ezer emango duen ikusteko badago ere, Txillardegiren premisa onartuta, eraiki dezagun lehenbizi, eta ikusi dezagun gero euskara salbatzeko balio duen, simulakro bat den ala tarteko zeozer gertatzen den.