Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all articles
Browse latest Browse all 9116

Burmuina aztertuz ikasi ditugun euskararen 4 sekretu

$
0
0

Itziar Lakak UEUko mintegi batean emandako hitzaldi batetik ikasitako gauza batzuk:

  1. Berdin dio sintaxiaren ordenak, hizkuntzaren egiturak: guztiak prozesatzen ditugu efikazia berdinarekin.
  2. Euskararen hitz ordena libre samarra da, baina hiztunaren inkontzientean, duda barik SOV da, Seber Altubek zioen bezala.
  3. Esperimentu batera sartzean, harrera euskaraz ala gaztelaniaz egin, euskaldun natibook desberdin jokatzen dugu.
  4. Ergatiboa zaila da benetan. Euskararen aditz sistema ez.

Itziar Laka hizkuntzalariak oso aurkezpen interesgarria eskaini zuen Hizkuntzalari Euskaldunen II. Topaketan, UEUko uda ikastaroen barruan, joan den uztailaren 2an Eibarren. "Eleaniztasunak baditu hamaika aurpegi" zen topaketaren aztergai nagusia, eta horren barruan, hitzaldi hau eskaini zuen Lakak: Hizkuntza eta elebitasuna geure buruetan. Kronika hau Mugikarian azaldu zen lehenbizi, eta egun batzuen buruan, hemen duzue.

Zenbait ikerketa-talderekin, batzuetan Unibertsitate desberdinen arteko elkarlanetan, burmuinean hizkuntza prozesatzeak eta, bereziki, hori kontestu eleanitz batean nola gertatzen den, horixe ari da ikertzen Itziar Laka.

Bereziki, hemen, Euskal Herrian, horrelako ikerketetarako lehengai ona daukagu: bi hizkuntza tipologikoki oso desberdinen artean elebidun nahiko aurreratuak diren pertsonak bizi gara, eta horrelaxe, euskaldun elebidunen burmuinetan neurketa elektrikoak eginez egin ditu ikerketak Itziar Lakak.

TIPOLOGIA ETA ORDENA, ZEIN DELA ERE, DENAK EFIKAZAK

Hain zuzen ere, hizkuntzen tipologia da bere ikergai kutunetako bat. Euskararen hitz eta esaldi ordena "pentsamendu konplexurako oztopo" izan ote daitekeen planteatu izan da tarteka Euskal Herrian. Hiztunen burmuineran funtzionamenduak demostratzen du hori ez dela horrela inolaz ere. "Eztabaida zientifikotik at utzi behar ditugu sasi-teoria horiek", esan zuen Lakak. Jomugan, Jesus Rubiok sutsuki defenditu du euskararen erreforma dago, dudarik gabe; ez dakit horrenbeste Joxe Aranzabalek eta beste batzuek defenditu duten euskara ez-esklerotikoa egiteko bideak (Irakur Sustatuko hau).

Funtsean, euskararen egitura-ordena ND erakoa da, non eta gaztelaniazkoa DN den, D delarik determinatzailea eta N izena, horregatik euskaraz Hitz-a, Izen-Determinatzailea DN dugu, eta gaztelaniaz La Palabra, Determinatzailea-Izena, DN. Maila bat gorago, esaldiaren ordena kanonikoa SOV dela esan ohi dugu euskaraz (subjektua, objektua, aditza), eta gaztelerazkoa SVO da nagusiki (subjektua, aditza, objektua).



Ordena/egitura bat edo bestea izan hizkuntza batek, linguistikoki inportantea da ze gramatikan eta hizkuntzaren sintaxian desberdintasun handiak daude. Ikerlari batzuek pentsatu izan dute, izatez, DN edo ND ordenaren arabera, hizkuntzaren prozesamendu mentala ere desberdina izan daitekeela, burmuinaren kapa desberdinak erabiltzen dituztela batzuek edo besteek.

Ba hori ez da egia: DN ala ND, hizkuntzaren ulermena prozesatzeko orduan, hiztun batzuek zein besteek erabiltzen dituzten burmuin-areak berdinak dira, eta efikazia berdinarekin prozesatzeko behar diren milisegunduetan.

SOV ORDENA, SUBJEKTUA-OBJEKTUA-ADITZA

Euskararen SOV ordena kanonikoarena ere eztabaidagai izan dugu euskaldunon artean aspalditik. Seber Altube izan zen beti esaldiak horrela osatu beharreko idazkera baten aldeko pertsona ezagunena, baina idazkera hori behartua ere badela diote batzuek, sarri ulertzen zaila, eta izatez, euskarak derrigor eskatzen ez duena: elementuen ordena nahiko librea da euskaraz.

Hala ere, Itziar Laka eta lankideek egindako ikerketek deskubritu dute SOV ordenak baduela euskaldunaren burmuinean halako konexio berezi bat. Hainbat esaldi, ordena desberdineko elementuekin eman zitzaizkien zenbait euskaldun elebiduni, eta SOV ordenakoak azkarrago eta zalantza gutixagorekin detektatzen zituzten hiztunek. Beste ordena posibleek (OSV, SVO, OVS) antzekoak ziren hiztunentzat, ez dago bereizketarik ordena bat bestearen aurretik. Lakak gehitu zuen espero zutela, 2. posizio batean, gaztelaniazko SVO ordenak izango zuela aldeko joera bat, baina horren arrastorik ez dute aurkitu. Era berean, euskara bigarren hizkuntza gisa zutenen kasuan (elebidun aurreratuak, dena den), emaitzak antzekoak ziren: SOV ordena hobeto prozesatzen da, baina milisegunduetako alderatze bat bazegoen, prozesua inkontzienteki zailagoa balitzaie bezala. Hau da, hitz egiteko orduan ezer igartzeko ez, baina neurologikoki bazegoen alde bat, euskaldun ez-natibo hauen kasuan.

SOV preferentzia hau gertatzen da, gainera, esaldi guztiz anbiguoetan ere:

"emakumeak gizonak ikusi ditu"

Burmuinak lehenesten duen analisia da emakume singularrak, ergatiboz, ikusi duela gizon multzo bat. Datuek erakusten dute hori (edo esan beharko genuke, "datuek hori erakusten dute"? karkar, barka txantxa). Nahiz eta kontrako analisia ere posiblea den, gizon batek ikusi dituela andrazko batzuk.

ESPERIMENTUETAN, GAIZTAKERIA

Ikerketek deskubritu duten beste kontu bat da ND edo DN ordenaren konexioa bene-benetan sartua dugula buruan, eta asmatutako hizkuntza bat prozesatzeko eskatzen zaigunean ere azaleratzen dena.

Horretarako esperimentu bitxi bat egin zuten. Asmatutako hizkuntza silaba zopa kaotiko bat zen, baina zenbait silaba errepikatzeko joera sartuta nahita. Silaba errepikakorrak, ondoren modu batean edo bestean interpretatzeko aukera ematen zitzaien hiztunei: pre-posizioak balira bezala, edo pos-posizioak balira bezala. Euskaldunen kasuan, pos-posizio gisa aurkeztutakoan, asmatutako hizkuntza prozesatzeko joera erakusten zuten hiztunek, ez ezer ulertzen zutelako, baizik eta burmuineko seinaleek adierazten zutelako egiturak igartzeko gauza zirela.



Hala ere, beste gaiztakeria bat egin zuten testetan. Euskaldun natibo batzuei (lehen hizkuntzaz euskaldunak, alegia) harrera euskaraz egiten zitzaien, esperimentua esplikatzeko, eta beste batzuei, gaztelaniaz. Bigarren azpimultzo honetan, testua pre-posizionalki ulertzeko joera handiagoa igarri zen. Hau da, euskaldunek joera zuten hizkuntza artifiziala euskararen parametro post-posizionalekin ulertzeko, baina gaztelerazko ingurune batean egiten bazuten, berez "txipa" aldatu egiten zitzaien, eta gazteleraren logikarekin sartzen ziren esperimentura.

Bitxia bada ere, desberdintasun hau bakarrik gertatu da lehen hizkuntza euskara zuten elebidunen kasuan. Gaztelera ama-hizkuntza zutenen kasuan, euskaldun elebidun osoak izanik ere subjektuak, berdin zioen esperimentuko harrera euskaraz edo gazteleraz egiteak.

Honen esanahiaz gehiago hausnartuko beharko dela gehitu zuen Itziar Lakak. Baina datu gehigarri bat ere eman zuen: Lehen hizkuntza prozesatzeko, burmuinaren esparru eta aktibitate multzo nahiko txikia erabiltzen dugu. Bigarren hizkuntza prozesatzeak, espazio eta lan gehiago eskatzen du burmuinean.

POZTU DAITEKE MITXELENA XVI.A, ERGATIBOAREN FUNTSEZKOTASUNA FROGATUA!

Euskara bigarren hizkuntza gisa erabiltzen duten horien artean, are froga gehiago egin dituzte Laka eta lagunek. Horien bidez jakin dute, adibidez, ergatiboa gauza zaila dela, baduela zerbait berezia hizkuntzaren funtzionamendu mentalean

Batetik, Lakak argi utzi zigun munduko hizkuntzen multzoan euskarak ez duela tipologikoki beste munduko ezer. DN/ND ordenaren kontuan, munduan erdi-eta-erdi izango dira hizkuntzak, nahiz eta gure inguruko gehienak euskararen alderantzizkoak izan; eta ergatibotasunaren kontuan ere, egitura ergatiboa duten hizkuntzak gutxiago dira besteak baino, baina hala ere, hainbat tokitan daude, eta ez dira gutxi.

Hala ere, euskararen ezaugarri tipologiko desberdinak neurtu dituztenean proba mental hauetan, zerbait berezia ageri da ergatiboarekin, euskara 2. hizkuntza gisa menderatzen dutenen kasuan. Ergatiboa menderatzen duten euskaldunak izanagatik ere, prozesamenduaren neurketan lan gehiago hartzen dio honek euskaldun ez natiboei. Beste parametro guztietan, aldiz, dela hitzen ordena edo komunztadura kontuak, ez dago desberdintasunik: prozesatzen dituzte euskarazko esaldi anbiguoak euskaldun natiboek bezala.



Esanguratsua da hau aditz-sistemaren kasuan: Nor-Nori-Nork eta abarrekin, hiru pertsona aditz forma bakarrean konbinatzeko sistema (hori da komunztadura), ustez zailtzat jo izan da, baina ez du arazo berezirik planteatzen hiztunaren burmuinarentzat. Ergatiboarekin ez da berdina, ordea (Zaldieroari mezua bidali zion Itziar Lakak topaketatik, Mitxelena XVI.a pozik egon daitekeela).

Hara ba, zenbat ikasi dugun euskarari buruz burmuinak aztertuz:

1. Berdin dio sintaxiaren ordenak, hizkuntzaren egiturak: guztiak prozesatzen ditugu efikazia berdinarekin.

2. Euskararen hitz ordena libre samarra da, baina hiztunaren inkontzientean, duda barik SOV da, Seber Altubek zioen bezala.

3. Esperimentu batera sartzean, harrera euskaraz ala gaztelaniaz egin, euskaldun natibook desberdin jokatzen dugu.

4. Ergatiboa zaila da benetan. Euskararen aditz sistema ez.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 9116