Euskara irakaslea naiz, euskaltegikoa. Orain 25 urte hasi nintzen ofizio honetan eta laster amaituko dudalakoan nago. Euskaltegietako irakasleek amesten dugu egun horrekin: gure ofizioaren behar izana ez dagoen unearekin, Euskal Herria euskalduna den momentuarekin. Eta gure sektorea hiltzeko jaio bazen ere, eutanasiak hilko du edo hobeto esanda, lasai hiltzen utziko dute, uzten ari dira. (...) Euskarari dagokionez erlaxatu egin gara. Ikastolan ibilitako guraso batzuek, ikastolan Lehen Hezkuntzan dabiltzan seme-alabekin gaztelaniaz dihardute. Kezka dago ikastola batzuetan, lehen DBHn hasten ziren ikasleak gela barruan gaztelaniaz. Orain LHko 1. mailan… Euskara despolitizatu behar zela zioten, baina hori beharrean, deskontzientzatu egin gara. Lasaitu, petraldu. Jardun behar denean, tipili-topolo edonola esan, kalitatea apalduta. Eta euskaltegiak hortxe daude, zain, Euskal Herrian oraindik premia gorria dagoelako; sektorearen agonia, ordea, ondo hasita dago, utzikeriaz, nagikeriaz. Ezkorra naiz, baina gremioko asko ere hala daude, errealitatearen lekuko garelako.
Iturria: eibar.org
via @txargain: Euskaltegien heriotza https://t.co/nmsenAI0i4@eibarorg Ezkor nago, oso ezkor! Eta ezkorren nengoenean jaurti nuen hau!