Denboralea dela-eta, euskal hiztunak berriz ere gazteleraz jarduten jarri ditu ETBk kameren aurrean. Protesta egin du horregatik Maialen Lujanbiok, iaz EITBk ustez hartu zuen konpromisoa hautsi delakoan: "Handik gutxira azaldu zuen EiTBk euskaldunen hitzak euskaraz emitituko zituela erdal katean ere, gauza bera elebitan esanarazi gabe." Oker dago Lujanbio. EITBk ez du sekula halako konpromisorik hartu, eta izatez, iaz argitaratutako irizpideekin jarraitzen dute.

Hauxe da, iaz, EITBk jakinarazi zuen irizpidea, hain zuzen ere ekaitz baten osteko adierazpenek sortutako protesten ondoren:
...funtsezko jarraibidea elkarrizketatuaren hizkuntza-hautua errespetatzea izango da. EiTBko kazetariek, adierazpenak eskatzeko orduan, garbi utziko dute EiTBk ez duela inposatzen euskaraz egitea, gaztelaniaz egitea edo bietara egitea.
Horixe da izenburu ponposo honekin (Adierazpenen hizkuntza tratamendua arautu du EiTBk) esan zuena EITBk, eta horixe da egiten dutena kazetariek. Hain zuzen ere, lehenago egiten zutena eta ondoren egiten dutena. Behartu, ez da inor behartzen. Eskatu egiten dute euskaraz egiteko, eta berdin eskatzen dute ondoren gaztelaniaz egiteko, eta elkarrizketatuak bale esaten badu, listo, gaztelaniaz ere egingo du.
Jendea edukazio onekoa izaten da eta, eskatzen bazaio dakien hizkuntza batean zeozer esateko, esan egiten du. Eta kazetariek hizkuntza-hautua errespetatu egiten dute. Jakina.
Irizpideak argiak dira. Eta gertatzen dena, beti gertatu dena, irizpide horien ondorioa da.