Zer da Oiartzuna Elkartea? Oiartzungo bizilagunek osatutako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Elkartearen helburua da Oarsoaldeko eta, bereziki, Oiartzungo landa-guneei banda zabaleko Internet zerbitzua ematea.
/cache/Logo1_content.jpg)
Zer eskaintzen du Oiartzunak?
Operadore handiek ez bezala, Oiartzunak ez du xede ahalik eta etekin handiena lortzea. Banda zabaleko Internet zerbitzua eskaintzen du, kuota finkoa (datu limiterik gabe), kostu-prezioan eta permanentziarik gabe. Deskargak egiteko aukera eskaintzen du gainera, baina trafiko normalak du lehentasuna.
Landa-guneak isolamendutik aterako ditu, hainbat supernodok (errepikagailuk) osatutako wifi sare baten bidez, eta kostu-prezioan. Zerbitzu teknikoa kontratatuz eta gastu komunak elkarbanatuta lortzen da hori. Gastu partikularrak norberak ordainduko ditu.
Arrietako ur-depositoan supernodo bat martxan dugu dagoeneko, Altziber eta Iturriotzi zerbitzua ematen diena. Pagolarrekoak, berriz, Ergoien, Aritxulegi eta Karrikari ematen die zerbitzua. Laster supernodoak jarriko ditugu Arkalen, Zarian, Arritxulon eta Urkaben.
Iturriozko Zabaltxo baserriak eta Karrikako Lekungaraiak duela hilabete batzuk dute Internet zerbitzu hori martxan, esperientzia pilotu gisa. Zabaltxon, konexioari esker, 90MBko bideo bat 15 segundutan deskarga dezakete. Telekomunikazio kontzeptuei lotuta, horrek esan nahi du segunduko 48MBkoa dela deskarga.
Behemendi Landa Garapenerako Agentziaren eta Oiartzungo Udalaren laguntzari esker hasi da proiektua bere bidea egiten.
Nola funtzionatzen du?
Konektatu ahal izateko, beharrezkoa da supernodoa ikustea gure eraikineko antena jarriko dugun tokitik. Bi antenak lotzen dituen linearen inguruak oztoporik gabeko zonaldea izan beharko du. Baldintza horiek betez gero, konexioa lortuko dugu. Konexioaren abiadura antena moten eta haien arteko distantziaren araberakoa izango da.
Oiartzunak hartuko du ardura eraikin bakoitzeko antena jartzeko, eta bertako bazkideei zerbitzua emateko beharrezkoak diren gainontzeko elementuak instalatzeko. Ezer instalatu baino lehen, konpromisorik gabeko proba eska dezakegu, konexioak nola funtzionatuko duen jakiteko. Eraikinetik bertatik konektatzeko arazoak badaude, mastil batean jar daiteke antena, hala supernodoa ikusi ahal izateko. Hori bai, eraikinaren eta mastilaren arteko distantziak 100 metro baino laburragoa izan beharko du.
Konexio ona lortzeko modurik ez badago, ez da ezer instalatuko. Izan ere, konexio txar batek gainontzeko guztiak kalte ditzake. Datu horiek eskuan, Oiartzunak instalazio gastuen aurrekontua egingo du.
Kostuak ahalik eta txikienak izateko, bazkideek hainbat gai har ditzakete haien kontu: kablea pasatu, mastila jarri... Teknikoak konektatu eta konfiguratuko du dena, ondoren. Interesa duenak eska dezake instalazio osoa, baina kontuan hartu beharko du garestiagoa dela.
Oiartzunak instalazio gastuak kobratuko ditu, bazkideen kuotak... Eta Oiartzunak ordainduko dio teknikoari.
Zenbatekoak dira gastuak?
Supernodo guztien azpiegituraren instalazioa bermatuta dago Behemendiri eta Udalari esker. Bazkideek ez dute ezer ordaindu behar horrengatik.
Internetera irteera da bazkideek ordaindu behar dutena, denen artean, baita supernodoen mantenu gastuak arazoak gehienez lau egunetan konpontzeko, gestoria...
Diru hori kuotetatik aterako da: bazkideek 10€ + BEZ ordainduko dituzte hilabetean.
Gestoria gastuak aurrezteko, ordainketa bakarra egin behar da urtean. Ordainketa Internet zerbitzua jarri eta ondorengo hilabetetik aurrera egin behar da. Hau da, Internet martxan badugu martxoan, apirilean hasiko gara ordaintzen eta bederatzi hilabete ordaindu beharko ditugu (90€ + BEZ). Hurrengo urtean zerbitzuarekin jarraitzeko 120€ + BEZ izango da prezioa, eta urtarrilaren 31 baino lehen ordaindu beharko dugu. Norbaitek baja ematen badu urtea bukatu aurretik, dirua galduko du.
Instalazio gastuak, bestalde, tokiaren araberakoak izango dira. Teknikoak aurrekontu bat egingo du. Onartzen badugu, Oiartzunari %50 ordaindu beharko diogu aurretik. Zerbitzua martxan dugunean, teknikoak lan-partea emango digu sinatzeko. Partea sinatzean, zerbitzuak ondo funtzionatzen duela onartuko dugu. Orduan, Oiartzunari gainontzeko %50 ordainduko diogu, eta urte horri dagokion kuota.
Bizilagun bat baino gehiagoko eraikinetan, ez da beharrezkoa bakoitzak antena bat jartzea. Gastuak elkarbana daitezke: denen artean antena bakarra ordaindu eta gero bakoitzak ordain dezala bere etxeraino dagokiona (kablea bota...).
Oiartzunaren azpiegitura guztia mantentzeko erabiliko dugu kuota, esan bezala. Gure eraikineko instalazioa baldintza egokietan mantentzea, ordea, gutariko bakoitzaren ardura izango da. Antena edo router-a hondatzen bada, Oiartzunari deitu beharko diogu. Honek teknikoari deituko dio eta teknikoak arazoa konpontzeagatik kobratuko digu. Behar-beharrezkoa da hori sarea segurua dela bermatzeko, baita ondo funtzionatzen duela ziurtatzeko ere.
Funtzionatzen ez duena gure gailuetako bat bada (sakelakoa, ordenagailua...), gure ohiko teknikoari eramatea besterik ez dugu. Norberak erabakiko du router-aren pasahitza nori ematen º dion, eta bere gain hartuko du ardura hori.
Eta osasuna?
Pixkanaka argi geratzen ari da uhinak kaltegarriak izan daitezkeela gure osasunarentzat. Gaztañon (Orereta-Errenteria) gaia sakon landu dute eta hainbat ondorio atera dituzte:
Gero eta azterketa gehiagok diote uhin gehiegi jasotzea kaltegarria izan daitekeela.
Salzburgo 2-ren barruan mantentzen badugu zerbitzua (10mw/m2), ez dago arazorik. Ez dago azterketarik munduan kopuru hori kaltegarria dela frogatu duenik.
Limite horien barruan gauden edo ez jakiteko, bi baldintza hartzen dira kontuan:
Potentzia garrantzitsua da. Potentzia gehiago, uhin gehiago.
Distantziak garrantzia bikoitza dauka. Antena 10 metrora badugu, metro batera egongo
balitz baino 100 aldiz erradiazio gutxiago jasoko dugu.
Ondorioa zein da? Ondoan ditugun gailu txikiek urruti dauden handiek baino kalte gehiago egiten digutela. www.emfise.com helbidean ingeles batek etxean egindako azterketa ikus dezakezue. Honako deskubrimendua egin zuen: etxean zuen ordenagailu portatilak hiru aldiz erradiazio gehiago emititzen zuen etxetik 100 metrora zuen antenak baino.
Sakelakoek lau aldiz biderka dezakete gure antenen potentzia, eta guk belarrian bertan jartzen ditugu, burutik gertu. Gure burmuina da uhinek gehien kaltetzen duten organoa. Gaiaren gainean kezkaren bat duenak, hasteko, sakelakoa erabiltzeari uko egin beharko lioke.
Nola eman izena?
Oiartzuna Elkarteko Zuzendaritza Batzordearekin jarri behar da harremanetan. Horretarako, mezu elektroniko bat bidal dezakezue hona: oiartzuna@gmail.com.
Zerbitzuaren baldintzak eta alta emateko formularioa helaraziko dizkizuegu. Izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoa jarri beharko dituzue. Baita NAren fotokopia eta ordainketak helbideratzeko baimena eman ere. Hurrengo urratsa Zuzendaritza Batzordearekin geratzea izango da, formularoia eman eta bazkideen liburua sinatzeko.