Autu zirraragarria da zinez euskalduntze edo baskonizazio berantiarrarena. Alabaina, eztabaida zientifikoa izanik, banago ez ote duen jendartera goizegi jauzi egin. Herri gartsu honetan mundua polarizatzeko seta oso barneraturik daukagu eta ortodoxian eta manikeismoan errazegi erortzen gara.

Euskalduntze berantiarraren gaia oso interesekoa dudan arren, bestelako ikerketek kendu didate azken bolada luzean hau hurbiletik jarraitzeko beharko nukeen denbora. Prentsako artikuluren bat da gehienez irakurri dudana eta hori ere azaletik. Eztabaidaren azken deriba eta zenbait adierazpen, ordea, oso kezkagarriak iruditu zaizkit. Manikeismoa ekarri didate gogora.
Orain ez asko, honekin batere zerikusirik ez duen gai bati buruz eman nuen hitzaldia Galdakaon. Euskalduntze berantiarraz galdetuko zidatela esana zidan antolatzaileen inguruko batek. Horrela izan zen, galderarik egiteko kasik denborarik ez zegoen arren, gai honetaz izan ziren galdera bakarrak, galderak baino gehiago teoriaren kontrako aldarrikapen itsuak. Holakoak heltzen zaizkit lagunengandik, zenbat eta lagun abertzalagoa izan, iritzi sutsuagoa.
Nik ere eman nezakeen neure iritzia gaiaz, baina kontu serioegia iruditzen zait horretaz arinkeriaz solastatzeko. Haatik, prentsan iritzi eta sinadura emandako gehienek zuhurtzia hori izan ez dutelakoan nago; ezta ere, segurki, ETBeko saio polemikoa programatu zutenek. Eztabaidak unibertsitatean egon beharko luke eta goizegi atera da bertatik. On beharrez, ETBeko saioan bi hipotesiak aurrez aurre jarri beharko zituzten. Nolanahi ere, telebista saio horri zer eskertua ere badago, hots: ia lozorroan zetzan eta arreta biziagoa merezi zuen eztabaida zirraragarria iratzartzea.
Zernahi gisaz, saioaren kontrako salaketa ideologiko hutsa egin da, euskalduntze berantiarraren teoriaren alde daudenak euskararen etsai gisa aurkeztuz, Sanchéz Albornozen parean jarrita. Hipotesiaren kontra egiten dutenek ez dituzte argudio zientifikoak baliatzen, argudio horiek gordinegi baitaude oraingoz. Horiek benetako berezilariei utzi beharko litzaizkieke momentu honetan. Gai sakon eta katramilatsua da, besteak beste arkeologia eta hizkuntzalaritza historikoaren elkarlanik finena eskatzen duena. Benetako berezilariek beharko lukete orain hitza hartu. Besteoi itxarotea dagokigu, errespetuz, erraietako sen eta konbikzioak zientziak erabaki behar ez dituen autuetara aplikatuaz, ortodoxia eta manikeismoaren kontra, kasu.
Euskararen aurrean ezer izatekotan, zaindari eta maitalea nauzue, euskararen etsaien etsaia, euskalduntze berantiarraren teoriaren alde zein aurka dauden beste hainbat bezalaxe. Euskara bezainbeste, alabaina, zientzia maite dut, hori baita ortodoxia, manikeismo eta erlijio ororen kontrako arma bakarra. Neure burua errukizko gezurrez engainatzea ez dut laket, are gutxiago besteak amarruz limurtzea. Euskalduntze berantiarraren teoria biziki interesatzen zait eta horretan sakondu nahiko nuke, arkeologoen eta diakronisten argudio zientifiko huts eta hotzak irakurrita, neure arrazoiak aldekoak ala kontrakoak diren erabaki ahal izateko. Bien bitartean, zain eta begira nago, ideia berriei zein zaharberrituei burua egarriz eta jakinminez irekirik eta ideologia zaharkituei arbuioz eta aiherrez itxirik.