Josemari Lasa Barakaldoko Udal Euskaltegiko langile bat da, eta Twitterren ohitura zehatz bat dauka. Aforismo itxurakoak botatzen ditu, #haika traolarekin goizero. Galdera egin nion, ea bere traola besteok ere erabil genezakeen, guk ere gure #haika traketsak txiokatzen ausartzekotan, eta baietz berak, ohorea izango dela besteok ere honelakoak idazten hastea :-)

Bide batez, Josemariri eskatu diot egiten duena definitzea, eta honako lerro hauek bidali dizkit e-postaz:
***
#haika-k definitzea ez zait erraza egiten. Nik, egia esan, Arantzazukoa bezalako egutegiak nituen gogoan, egunean egunean orriak aletuz urtea arintzen zuten haien tankerakoa. Gogoan neukan, halaber, horrelakoak atera zituztela bere garaian Akademia Sekretuak eta Idazleen Elkarteak eta oso gustuko izan nituela. Twitterren, eguna hasteko, jendeak ametsak kontatzen zituen, abestiak eta argazkiak partekatu... Egunari ekiteko era gozo horri ekarpentxo xumea egite aldera hasi nintzen #haika-k idazten.
#haika izena ipintzeko orduan, hitz-jolas errazera jo nuen haikuak #haika bihurtuta; #haika hauek, ostera, ez dute egitura finkorik, mikroipuinak dira batzuetan, hitz-jokoak bestetan, epitafioak ere bai zenbaitetan. Finean, egunero lanean hasi aurretik, sareratzen dudan entretenimendu modu bat, egutegi-orritxo bat.
Hasiera twitterren izan zuten, formatu polita iruditu zitzaidan, iragankorra izateak eta ideia bat hain arropa gutxirekin jantzi beharrak enkantu handia baitu.
Lehengo batean @luistxo -k galdetu zidan ea edonork idatz zezakeen #haika traola erabiliz, ilusio handia egingo lidakeela erantzun nion, jakina. Beraz, ideiatxo polit edo itsusiren bat, ipuintxoren bat, aho-korapiloren bat baduzu, prest gaituzu zure #haika txioa adi-adi entzuteko txori urdinen erresuma honetan.
***
Ideia bat izateko, zer diren aforismo hauek horra Josemari Lasaren #haika batzuk:
Ezertxo ere ez zuten aurkitu galaxia urruneko planeta hartan. Luma bat soil-soilik. #haika
Igorri Igorri eta horri orri hori hori. #haika
Bere ametsetako gizona topatuko zuelakoan, ezpainak margotu eta soineko dotoreena jantzi zuen oheratu baino lehen. #haika
Etsipenak jota hitzak zpldu, erdi bitu eta ba rre i zituen a tu olerkariak. #haika
Bere adorea saritzeko hainbat domina jasotako soldadua beldur zen ezpainak gorriz margotzeko. #haika
Tontoak lapikoa galdu zuen. Itsuak aurkitu, eta berba piloa gorde zuen bertan. #haika
Ausartuko ote gara besteok ere halakoak egiten? Nik xaxatu dudanean, beharko zerbait bota! Baina ez nazazue bakarrik utzi Josemarirekin, animatu beste norbait ere, bale?