Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all articles
Browse latest Browse all 9011

Euskarazko lau irratik Jaurlaritza kritikatu dute gogor

$
0
0

EAEko irrati lizentzien lehiaketari buruz gaur Eusko Legebiltzarrean adostu den erabakiaren inguruan [bi informazio, EAJrena hau, EH Bildurena beste hau], lehiaketara aurkeztu ginen euskarazko lau irratik komunean jarri dugun balorazioa eta eskaera helarazten dizuegu.

Eusko Jaurlaritzak 2012an abiatutako 34 irrati lizentzien lehiaketan, euskaraz emititzeko erreserbetan hainbat lizentzia eskuratu zituzten 4 euskarazko  irratik  sinatzen dugu ohar hau: EUSKAL IRRATI ZERBITZUAK SL, ANTXETA IRRATIA, ARABA IRRATIA eta JUSTURI IRRATIA, hain zuzen ere.

Gaurko egunean, Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu den legez besteko proposamenaren harira, ondokoa adierazi nahi dugu:

1) Prozesu guzti honetan babesik gabe eta gutxietsiak sentitzen gara. Lehiaketa bertan behera geratzea euskarari, euskarazko irratigintzari eta dialaren aniztasunari kalte besterik egiten ez dion erabaki bat zela ulertzen genuen eta ulertzen dugu. Horregatik hartutako erabaki haren kontra helegite bana aurkeztu genuen Eusko Jaurlaritzan bertan, Gobernu berriak gure irakurketarekin bat etorriko zelakoan. Iritzi horrek babes zabala jaso zuen euskalgintzako eragile ezberdinen aldetik, martxoaren 26an Andoaingo Martin Ugalden elkarrekin egin genuen prentsaurrekoan ikusi zen bezala. Gainera, 34 lizentzia hauen judizializazioa ez emateko biderik egokiena dela uste dugu.

2) Erakunde horiek adierazi zutenez, lehiaketan aurreikusita zegoen euskararako erreserba gainditu zuen behin-behineko lizentzia banaketak eta egun nagusitik Madrildik emititzen den dial erdaldunean aniztasun handiagoa bermatzen zuen irrati modeloei dagokienez.

3) Aurreko Eusko Jaurlaritzak (Patxi Lopezen Gobernuak) lehiaketa bertan behera uzteko hartutako erabakiak, irregulartasunez beteriko prozesua erabat lokazten duela uste dugu, interes politiko partidista hutsak gailenduz  euskararen eta dialaren aniztasunaren gainetik.

Hala ere, gaur gaurkoz eta 3 hilabetetan zehar zain egon ondoren, Eusko Jaurlaritza gurekin jolasten aritu dela uste dugu. Ixiltasun administratiborik egongo ez dela adierazten duten bitartean, hilabeteak aurrera doaz inongo erantzunik jaso gabe, mota honetako helegiteak erantzuteko epeak erabat gaindituak daudelarik gaur egun.

Horren ondorioz, eta ikusita Eusko Jaurlaritzaren aldetik dagoen ardura eza, gutako batzuok epaitegietan helegitea jartzera gure burua behartuta ikusi dugula adierazi nahi dugu. Jaurlaritzak ezarri digun isiltasun administratiboaren aurrean, gure entzuleen interesak eta euskarazko esparru komunikatibo demokratikoagoa babesteko ikusi dugun neurri bakarra izan da.

Irregulartasunez betetako prozesu honetan gure babesgabetasuna agerikoa da eta hartutako erabakiak inongo oinarri juridikorik ez duela uste dugu.

Horregatik, urteak emango dituen prozesu judiziala ekiditeko, diala segurtasun ezan murgildu ez dadin eta euskarazko irratiak legalitatetik at lan egiten jarraitzen ez dezaten, lasaitasunez, Eusko Jaurlaritzari, berriz ere eskatzen diogu: Lehiaketa, irregulartasunak hasi ziren momentutik berrartu dezala. Hortik aurrerako prozesua bete dezan eta proiekturik onenei irrati frekuntziak bana diezaizkien, bermatuz, jakina, lehiaketako oinarrietan aurreikusitako euskarazko proiektuentzako erreserba.

EUSKAL IRRATI ZERBITZUAK SL, ANTXETA IRRATIA, ARABA IRRATIA eta JUSTURI IRRATIA


Viewing all articles
Browse latest Browse all 9011

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik