Amelia Barquinen artikulua irakurri eta gero nire eskarmentua azaltzeko gogoa etorri zait. Normalean ez dut gauza hauetaz eztabaidatzen pena handia sentitzen dudalako eta ez dudalako erantzun argirik, buruari nahikotxo eragin arren.
Ikastolan ikasten hasi nintzenean klaseko euskaldun bakarra nintzen 8 urterekin. Honi zera gehitu behar zaio, etxeko euskera (Txorierriko bizkaiera) baino ez nuela hitz egiten. Orduan pil-pilean ari ziren euskara batua ikastoletan sartzen eta niri dena egiten zitzaidan berri. Arazoa ez zen hori; arazoa ikaskideak ziren. Haiek ahizparekin hitz egiten entzuten zidatenean, zera esaten zidaten: ¡Eso no es euskera! ¡Eso lo hablan los aldeanos!
Zuek badakizue zer sentitzen duen 8 urteko ume batek hori entzutean? Sekulako lotsa eta konplexua. Hain handia zen konplexua karrera ikasten hasi arte ez nuela gaztelera baino erabili, uste bainuen jende gehienak erdara baino ez zuela hitz egiten.
Karrera hastean ni bezalako jende euskalduna ezagutu nuen eta berpiztu zen nire euskaltzaletasuna eta euskararekiko maitasuna eta harrotasuna.
Barre giten zioten baserritarrei! Ba, lehen baserritarrek zenbakiak erderaz erabiltzen zituzten baina beste guztia euskaraz egiten zuten. Eta gaurko umeek zenbakiak euskaraz erabiltzen dituzte eta beste guztia erdaraz.
Dena den, duela gutxi entzun nion gizon bati Euskadi irratian sano gustatu zitzaidan esaldi bat esaten: abertzale gutxiago eta euskaltzale gehiago behar dugu herri honetan. Abertzale beste euskaltzale balira, beste historia bat kontatu genukeen gure herri sumindu honetan.
Neuk ez daukat arazo larri honen erantzuna baina klaseetan beste era batera erabili behar dogu euskera; beste era batera kontatu behar dogu gure historia eta beste era batera sentitu behar dogu gure euskera.
Ea guztion artean gai garen irtenbide bat aurkitzeko, bestela...
Clik here to view.
