Eroskiren telefonorako app berria frogatu dugu, edo hobeto esateko bi aplikazio berriak.

Izango dira 20 urte Eroski eta beste enpresa batzuen artean Travel Club txartela sortu zutenetik. Garai hartan entzuten genuen El Corte Inglesen arrakastaren faktore garrantzitsuenetakoa izan zela beraien txartel propioa ateratzea. Ordu hartan ez zegoen tratamendu informatiko oso handirik, baina ziurrenez El Corte Inglesek zuku handia atera zion bertako txartelari. Eredu hori gogoan sortu zen Travel Club.
2015ean Eroskik estrategia aldatu du eta Travel Club-etik aldenduta bere txartel propioa sortzeari ekin dio, ziurrenez estatistika hutsetatik aparte, marka propioa indartu eta egiten dituen ekimenetan autonomia handiagoa eduki ahal izateko. Estrategia horretako pausoak dira telefonoko bi aplikazioak.
Eroski Super
Online dendan erosteko aplikazioa da. Produktu zerrendan bilaketa egin, aukeratu, eta etxera ekartzeko aukera eskaintzen du. Produktuak bilaketa bidez edo menuetan nabigatuz aurkitzen dira, eta orgatxora gehitu besterik ez dago. Gainera eskaeren historikoa gordetzen du, gure produktu eskatuenak eta norberak zerrendak zehazteko aukera.
Euskarara oso ondo moldatuta dago aplikazioa, nahiz eta hasierako unean badirudien ez dagoela euskaraz. Menuetan nabigatuz aurkitzen da euskararen aukera, aktibatu eta listo. Hori bai, Eroskiren datubaseko produktu izen guztiak gazteleraz bakarrik daudenez, ezingo dituzu produktuak euskaraz bilatu eta gazteleraz egin beharra dago.
Eroski aplikazioa
Ikuspegi zabalagoarekin egindako aplikazioa da hau, ziurrenez gure datuen azterketa eta hobekuntza buruan dutela. Online erosketarik egiten ez baduzu ere oso erabilgarria da. Eroski txartela erabiliz izena eman eta handik aurrera zure datu pertsonalak erakutsiko dizkizu. Bertan aurkituko dituzu:
- Nire sustapenak (sic): sustapenerako banatzen dituzten papertxo horien bertsio digitala.
- Erosketa zerrenda kudeatzeko aplikaziotxoa (gainera zure produktu erosienen zerrenda daukazu lagungarri). Produktuen barra kodea ere erabili daiteke produktu berriak zerrendara gehitu ahal izateko.
- Zure aurrezpenen saldoa
- Denda bilatzailea
Kasu honetan ere, euskaraz oso ondo dabil tresna, produktuen izendapenak salbu.
Faltan botatzen dugu Eroski txartelaren barra kodea erakutsiko duen tresna, telefonoa erabili ahal izateko Eroski txartelaren bila ibili beharrean (horretarako aplikazio interesgarria da Stocard eta Eroski, Decathlon, Dia, Forum edo beste edozein fidelizazio txartel telefonoan gordeta edukitzeko balio du).
Bestelakoan, erosketa zerrendak kudeatzeko aplikazioak erabili dituenak (Out of Milk bezalakoak adibidez), Eroskikoak oraindik zer hobetu baduela sentitzen du, baina datuak Eroskin datubasetik ateratzeak asko errazten du erosketa zerrenden edizioa. Ea garapenarekin jarraitzen duen Eroskik eta ez duten aplikazioa garatzeko indarra bere horretan uzten.