New Yorken ezagutu genuen Joxan Lizarribar, duela ia hamabost urte. Ezagutu orduko bere ezagunak aurkeztu eta agendan baliagarri ziren ateak ireki zizkigun, geroztik hain sarritan ikusiko genion eskuzabaltasunarekin. Washingtonera gonbidatu gintuen sosik ez genuen garaian, «dirua, zertarako zagok ba». Haren eskutik ezagutu genituen Arlingtoneko hilerria eta Lincoln memoriala, besteak beste. Lehenbiziko oroitzapenetako bat: jatetxe bateko ardoen karta irakurtzen ari da, arreta handiz. Chardonnay hitza entzun nuen estreinako aldia, agian. Zerbitzariak zer moduz ginen galdetu ondotik, «we expect to be much better now» erantzun zuen irribarrez. Ederki gaude, baina hobeto egotea espero dugu ardoa eskatu ondoren. Huraxe zen bere jarrera. Ondo gaude eta egon gaitezke hobeto. Eta egongo gara. Gauzak erraztu zalea zen.
↧