Ana Cabanillas kazetariak euskararen zailtasunaren inguruko topikoz beteriko zutabea (Un Chino Vaskito) argitaratu zuen asteburuan Diario de Navarra egunkarian. Atzo zabalkundea lortu zuen Twitterren artikuluak, eta makina bat iruzkin jaso zituen (hemen batzuk, askoz gehiago ere izan ziren). Interesgarrienetakoak, beharbada, Arkaitz Zubiaga informatikariak ateratako datuak: Cabanillasek euskarari leporatzen dizkion zailtasun estatistikoak ez dira benetakoak.

Txiste txar eta aurreritzien bilduma bat da zutabea. Iraingarritzat hartu dute euskaldun askok, eta andaluziarrek ere hala hartzeko modukoa da (zer esanik ez jatorri andaluziarreko euskaldunek), hizkuntza ikasteko ustezko zailtasun bat leporatzen baitie Cabanillasek bere herrikideei (Andaluzian sortua da kazetaria, baina Iruñean ikasi zuen eta han egiten du lan gaztelaniazko egunkari horretan, Diario de Navarran).
Cabanillasen ustez, txinatar batek edo andaluziar batek euskara ikastea ezinezkoa da. Bigarren hizkuntza gisa ikastea, laburbilduz, ezinezkoa. Eta zaila da bereziki, bokal gutxi omen dituelako, eta kontsonanteak pilatzen direlako.
Datu horiei erreparatu die Arkaitz Zubiagak, eta gezurra dela frogatu. Goiko irudian lehen datua: "Bokal gutxiegi hainbeste letra artean", dio Cabanillasek. Gezurra: bokal/letra ratioa handiagoa da euskaraz, gaztelaniaz baino.
Elkarren ondoan pilatutako kontsonanteen inguruan, berriz, gaztelaniaz baino pilaketa gehixeago euskaraz, baina duda barik ingelesez baino gutxiago.
Arkaitz Zubiagak ondorio zuzena atera du honetatik: Ana Cabanillasen teoriaren arabera, ezinezkoa izango zen inork ingelesa ikastea.
Zubiagak honela egin du azterketa: Wikipediako 30.000 artikuluko lagina hartu (euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz; hizkuntza bakoitzean 10.000), eta konputoak berak idatzitako programa batekin atera ditu. Ondo egina, Arkaitz!