Aste honetan ikerketa zientifiko azpimarragarri bat zabaldu da: datazio eta irudi-analisi berriak Altxerri leizezuloko alde batean. Ikertzaileen arabera, 39.000 urteko antzinatasuna izan dezakete, Europako zaharrenen artean leudeke, zaharrenak ez badira. Prentsan zabaldutako irudia ederra zen, baina milurteen poderioz eta animaliak elkarren gainean marraztuta zeudenez, hartan zer ikusten zen igartzea zaila zitzaigun. Ikerlarien idatzi diegu, eta grafikoak bidali dizkigute e-postaz. Hor dituzue, adibidez, Altxerriko lehoinabarra, hartza eta zaldi-burua.

Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu da aurkikuntzaren berri ematen duen artikulu zientifikoa, eta laburpen bat argitaratu dute sarean; horren ondotik etorri dira prentsako hainbat artikulu. Ikerketaren egileak dira Aitor Ruiz, Cesar Gonzalez (Kantabriako Unibertsitateko IIIPC institutukoak) Diego Garate (Toulouse II Le Mirail Unibertsitatea) eta Eneko Iriarte (Burgosko Unibertsitatea). Irudiak Diego Garatek eginak dira, eta berak bidali dizkigu, IIIPC-n Aitor Ruiz-ekin kontaktatu ondoren. Eskerrik asko guztiei.
Altxerriko leizea 1962an deskubritu zuten, Aian (Gipuzkoa), eta Joxe Migel Barandiarenek ikertu zuen lehenbizi. Ondoren, Jesus Altunak eta Juan Mari Apellanizek osoago ikertu zuten (1976an) eta bertan duela 14.500/11.700 urte arteko margoak zirela argitaratu zuten. Hala ere, 1966ak ezagunak ziren leizeko beste margo gorri batzuk ez ziren izan bereziki aztertuak edo datatuak. Horietan egin du lan IIIPC institituak, eta aste honetan argitaratu dituzten ondorioetara iritsi dira: animalia batzuk identifikatu, eta oso datazio zaharra eman margoei, duela 39.000 urtekoak dira. Europako beste leize margotu zahar batzuekin konparazio grafikoa jarri dute artikuluan:
IIIPC ikerketa
Denbora eskala izugarria da: Ekaingo zaldietatik Guggenheim museora 12.000 urte inguru daude; atzeraka, ordea, Ekaindik Altxerriko margo hauetara, bi aldiz hori, eta gehiago. Gertuago gaude gu Ekaingo zaldizaleengandik, Ekaingoak Altxerriko margolari hauengandik baino.
Beheko mapan, leize horietako batzuen kokapena. Hauen artean nabarmenena, eta zaharrena orain arte margoen alorrean, Chauvet leizea da. Dokumental eder batean (euskarazko azpidatziekin) jakin daiteke haren berri. 32/35.000 urte artekoak dira Chauveteko multzo ikusgarrieneteko batzuk.
IIIPC ikerketa
Altxerriko datazio berria ez da zuzenean margoen gainean egin (Chauveten ez bezala), baizik eta haien ondoan aurkitutako hezur eta okre aztarna batzuetan. Lauki gorrian, aztarnak non zauden, panelaren ondoan:
IIIPC ikerketa / Diego Garate (irudiak)
Ikerlariek uste dute okre hori zuzenean dagoela erlazionatua margoekin, eta zeharkako datazio honi sinesgarritasuna ematen diote, beste aurrekari batzuk arrazoituz. Jesus Altunak balekotzat eman du ikerlarien datazioa, gaur prentsan argitaratu denez. Beste batzuk, ordea, zuhurrago ageri dira.
Panel gorrian, animaliak elkarren gainean zeuden, eta herenegungo prentsa-oharretan felido bat, bisontea eta beste batzuk aipatzen ziren. Irudian begiratu dugu eta...
IIIPC ikerketa / Diego Garate (irudiak)
Chauvet leizezuloko animaliekin konparatu, eta iruditu zaigu panelean alde batean eta bestean hartz eta lehoi aurpegiak ikustea... Ikusi Chauveteko irudi hauek hemen azpian. Chauvet leizean dago antzinateko margo multzo harrigarriena.
(goiko hauek Chauveteko lehoiak dira)
Baina egia esan, gure begien konparazioak ez zuen askotarako balio, eta ikerketaren egileei eskatu diegu laguntza, eta bidali digute materiala. Horra, felidoa, hartza eta zaldi-burua izan daitekeena.
IIIPC ikerketa / Diego Garate (irudiak)
Felidoari geuk deitu diogu lehoinabarra, ikerlariek ez diote espezie izen zehatzik eman. Hona konparazioa, irudia alderantziz jarrita, Chauvet-eko lehoinabarrarekin.
IIIPC ikerketa / Diego Garate (irudiak)
Hartza, berriz, beste leize batzuetako elementuekin konparatu dute. Goikoa, Altxerrikoa; erdikoa Chauvetekoa, eta azpian Arcy-sur-Cure-koa, antzinatasun handiko beste leize batekoa.
IIIPC ikerketa / Diego Garate (irudiak)
Estilistikoki, egileek ez dituzte irudiak askoz berriagoak diren Ekain edo Lascaux edo Altamira edo Santimamiñe bezalako tokietako irudiekin konparatu, 30.000 urte baino zaharragoak diren irudi multzoekin baizik.
Animalia hauen gainetik, bisonte handiago bat:
IIIPC ikerketa / Diego Garate (irudiak)
Eta beste irudi batzuk ere bai.
IIIPC ikerketa / Diego Garate (irudiak)
Grafiko honetan, 3, 4, 5 eta 6, hatzamar-markak dira. 15 eta 16 hiru hatzamarrekin aldi berean egindako markak. Multzo osoa nahaspila bat irudituko zaie batzuei, baina, ondo begiratuta eta pentsatuta, zirrara sortzeko modukoa da.