Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9114 articles
Browse latest View live

Horrela dabiltza 'fleet-ak', Twitterren aukera berria

$
0
0

Twitterrek Instagrameko istorioak kopiatu ditu: Fleets izeneko funtzio berria da. Twitterreko aplikazio mugikorraren erabiltzaileek Fleets izeneko aukeraren agerpen nabarmena igarri dute gaur, aplikazioa berritu bazaie telefonoetan. Txioen errenkada baino lehenago, Twitterrek Fleets delakoak erakusten ditu lehen lerroan. Instagram-eko Stories kontzeptuaren kopia bat dira, eta ikusiko da arrakastarik ote duten. 

24 orduan desagertuko diren mezu grafikoak dira Fleet direlakoak. Bat sortzeko orduan, lehen kolpean zure mugikorreko irudi galeria agertuko zaizu eta bertako irudi bat birziklatu edo birbidaltzeko aukera emango dizu sistemak. Testua ere sar dezakezu, baina irudian txertatzen da. Erantzun aukera ematen dute fleet-ek, baina mezu zuzen bidezkoak dira.

Twitterreko berezko funtzioaren kontrako kontzeptua dirudi, gure aburuz:

  • Twitter ohikoa: Iritzi edo informazio bat testuz eman nagusiki, eta iritzi horrek zentzua eraikitzen du, batetik aktualitateko ildo jarraituan, eta bestetik norberaren timelinean utzi, norberaren ildo editoriala sortuz; eta aktualitateko ildoan zein norberaren zirkuluan erantzunak eta eztabaidak eraginez.
  • Twitter fleets: Irudi eta mezu iragankor bat partekatu, eta erantzunik bada, mezu zuzenekoak dira.

Irudi batekin bildu ditugu funtzio hauen deskribapena.

Funtzio hauek, itxura batean, bakarrik erabil eta ikus daitezke aplikazioetan, ez web interfazean. Erantzunak mezu zuzenak direlarik, norbaitek bihotz batekin erantzuten badizu fleet bati, web interfazean bihotza bakarrik ikusiko duzu, jakin barik zeri lotzen zaion; aldiz, aplikazioko mezu zuzenean interfazean fleet-ari lotua agertzen da mezua:

Kontzeptuak kopia dirudi Instragram Stories funtzioarena. Era berean, Instagramek hura ezarri zuen AEBetan lehia bizia egiten ziolako Snapchat sareak, snap iragankorren mezu efimeroekin. Azken asteetan, halaber, Instagram bideo biralentzako beste formula berri batekin saiatzen ari da: Reels. Kasu honetan, TikTok-ek egiten dion lehiari aurre egiteko da.

Twitterren espazioa beste nonbait zegoela zirudien, baina tira, hemen daude Fleetak:


INGUMA datu-baseak 20 urte bete ditu!

$
0
0

UEUk kudeatzen duen INGUMA euskal komunitate zientifikoaren datu-baseak 20 urte bete ditu. Une honetan 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia topatu daitezke bertan, klik batera. Urteurrena ospatzeko inguma.eus webgunea berritu dute. Hedapena, kalitate-adierazleen lanketa eta produkzioa digitalizatzea izango ditu aurrera begirako erronkak.

 

2000. urtean sortu zuen UEUk INGUMA euskal komunitate zientifikoaren datu-basea, azken 50 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa jaso eta komunitate zientifikoa biltzeko asmoz. Proiektu honen helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz), eta gizartearen esku jartzea. Une honetan 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia topatu ditzakegu bertan. Urteurrena ospatzeko INGUMAren webgunea berritu dugu eta bilaketak errazteaz gain, datu-basera igotako azken sarrerak ikusi daitezke, bilaketak inprimatu eta hainbat estatistika eskuratu ditzakegu, besteak beste.

PRINTZAK:

  • Kepa Sarasola, UEUko Zuzendaria: “UEUren helburuen artean komunitate zientifiko-tekniko bizigarri bat sortzea da egon da beti, bere kideen arteko elkar ezagutza sustatzea  eta unibertsitate mailako produkzioa bultzatzea eta gizarteratzea”.
  • Karmele Artetxe, UEUko Zuzendari ohia: “INGUMA tresna bat da eta zentzua du komunitatea badago, bestela ez”.
  • Iñaki Alegria, UEUko Zuzendari ohia: “Hedapenean sakondu behar dugu INGUMAk eskaintzen dituen aukerak komunitatean ezagunagoak izan daitezen”.
  • Pruden Gartzia, INGUMAren sortzaileetako bat: “INGUMAk berez ez dauka balio berezirik, ez bada euskalgintzaren barruan, ez bada proiektu historiko baten barruan; eta proiektu hori da, euskararen salbamendua”.
  • Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia: “Garai hartan zentzurik bazuen honelako ekimen bati babesa emateak, gaur egun are zentzu handiagoa du. Izan ere, sortu zen ekimen hura produktu helduago bat da orain”.

UEUren blogean ikusi ditzakezu INGUMAri buruz egiten ari garen elkarrizketak eta #Inguma20 traolaren bidez ere urteurrena jarraitu dezakezu.

Euskaraldiko Wikierronka zazpi egunetarako

$
0
0

Euskaraldia hasi da gaur, eta horrekin lotuta antolatu diren hainbat kontuetan, Euskarazko Wikipediak planteatu duena datorren asterako: Wikierronka. Zazpi egunez Wikipedian barneratzeko gonbitea, Euskaraldiaren helburuekin bat eginez, "hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala" egitea.

Horra, zazpi eguneko erronka:

Astelehena, azaroak 23: Wikipedian murgiltzeko eguna

Wikipediako erabiltzaile kontua sortu eta pixka bat kuxkuxeatu (Laguntza orria begiratu, Proba orrian proba batzuk egin…).

Asteartea, azaroak 24: Kuriositatez betetako txokoa

“Ba al zenekien...” atalean (portadan agertzen da) agertzen den kuriositatea irakurri eta zure inguruko norbaiti kontatu.

Asteazkena, azaroak 25: Zure ingurua hobeto ezagutu

Zure herri edo eskualdeko pertsona ezagun baten artikuluan parrafotxo bat gehitu. Izan daiteke idazlea, kirolaria, politikaria…

Osteguna, azaroak 26: Argazki eta irudien garrantzia

Argazki bat gehitu artikulu bati. Jadanik existitzen det argazki bat gehitzea izan daiteke, edo zuk zeuk argazki bat atera, Commonsera igo eta txertatzea.

Ostirala, azaroak 27: Zer dakizu honi buruz?

Ausazko orria” botoia sakatu eta agertzen zaizun artikuluari informazioa gehitu. Lehenengo saiakeran ateratzen zaizun artikulua zailegia bada, saiatu berriz. Gogoratu, gehitu duzun informazioa zein iturritatik atera duzun jarri behar duzu.

Larunbata, azaroak 28: Emakumeak Wikipediara

Gizarteko beste sektore askotan bezala, Wikipedian genero-arrakala gauza nabaria da. Euskarazko Wikipedian dauden biografia guztien artean %17 baino gutxiago dira emakumeen biografiak. Beraz, gaurko erronka, emakume bati buruzko artikulu berri bat sortzea da. (ikus Wikiemakumeok proiektua)

Igandea, azaroak 29: Txikipedia, txikitasunean handi

Txikipediarenberri eman zure ustez interesatuta egon daitekeen norbaiti: irakasle bat, guraso den norbait… Eta, astea amaitzeko, idatzi zerbait Txikipedian: artikulu berri bat sortu edo existitzen den batean zerbait gehitu.

***

Proposamen/erronka hau planteatzen dizue Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak.

Areciboko irrati-teleskopioaren heriotza

$
0
0

Areciboko irrati-teleskopioak berea egin du. 1963tik funtzionatu izan duen Puerto Ricoko teleskopio erraldoia desegin beharra dagoela jakinarazi du bere kudeatzaileak, AEBetako Zientzia Fundazio Nazionalak.

Krater baten forma duen mendi arteko sakonera natural bat aprobetxatu zuten zientzialariek Areciboko irrati-teleskopioa eraikitzeko. Plater edo disko birakariaren forma duen antena baten eran, kasu honetan kraterraren sakonak egiten du plater forma, eta haren gainean zintzilik dago errezeptorea, hiru zutoin eta kable luzez eutsitako egitura.

Dibulgazio lanetan eta fikziokoetan, sarri agertu den egitura bat da, adibidez Contact filmean (Carl Sagan dibulgatzailearen eleberrian oinarritua). Hain zuzen ere, Carl Saganen Cosmos telesail dokumental mitikoan ere agertu zen Arecibo, eta nola bertatik irrati-seinale bat bidali zen 1974an, Areciboko mezua, 1679 bitetan antolatutako mezu bat (Carl Saganek berak hartu zuen parte haren idazketan). Bi zenbaki lehenen biderketa da zenbaki hori, eta zenbaki lehen horiek bi ardatzetan antolaturik, irudi grafiko/matematiko bat agertzen da.

Hain zuzen ere, irrati-astronomiaren esperantza izan da urteetan irrati seinaleen analisia inteligentzia estralurtarren zantzuak aurkitzea. Hain zuzen ere, estralurtarren seinaleen bilaketarako SETI programak bazuen Seti@Home izeneko ekimen banatu bat, milaka ordenagailu pertsonal erabiliz seinaleak dekodetu edo aurkitzeko, eta horren oinarrian Arecibok jasotzen zituen irrati-seinaleen banaketa zegoen. Tamalez, aurtengo martxoan itxi zuten Seti@Home, estralurtarren mezuen zantzurik aurkitu gabe.

SETI programari ekarpenik egin gabe, beraz, tristeki hiltzen da orain Areciboko teleskopioa. Azken urteetan naturaren kolpeak pairatu ditu, urakan bat 2017an, eta bi lurrikara ondoren. Aurtengo abuztuan, erdiko errezeptoreari eusten zion kable bat jausi zen, eta beste bat jausi denean azaroan, ikusi dute konponketa oso zaila duela egiturak, eta desegin egin beharko dela.

Agur, Areciboko ametsari.

Gazteentzat lantegi tutorialak, Durangoko Azokaren aurtengo eskaintza berezian

$
0
0

Durangoko Azokak aurten izango duen formarekin bat eginez, Ikasleen Egunak (Azoka irekitzen duena ohikoan), Kabia Durango ekimen tekno-zibernetikoak, eta Saguganbara haurrentzako sorkuntza espazioak, izaera telematikoa izango dute aurten. Gazteenei begira, Azokaren ohiko atal horien edukiekin, bost lantegi edo tutorial prestatu dituzte DA Azokaren Youtube kanalean.

 

 

Hauek dira lantegiak:

Eta Saguganbara ekimenaren ekarpen gisa:

Aurtengo Durangoko Azoka, jakina den bezala, berezia izango da. Salmenta puntu bakarra izango den denda digitalaren inguruan, eta doakoa izango da bertan salmenta puntua eta produktuak izatea ohiko erakusleentzat. Hori bai, salmenten %12ko komisioa hartuko du Azokak, kudeaketa eta logistika gastuei aurre egin ahal izateko. Azokazaleek bertan erosi ahal izango dituzte produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra arte.

Atzo jakinarazi zenez, gainera, online dendako katalogo hori Euskal Herriko hainbat liburudendatan ere kontsultagai egongo da, abenduaren 9tik 2021eko urtarrilaren 8ra bitartean, Azokaren eraginaren luzapen gisa. Katalogo horren bidez egindako eskariak Azokaren antolatzaile Gerediagak kudeatuko ditu eta Elkar izango da banaketaz arduratuko dena.

Tele-biltzarra: "Hizkuntzen ikasketa eta irakaskuntza pandemia garaian"

$
0
0

Datorren asteartean, azaroak 24, online mintegia egingo da Eskozia, Gales eta Euskal Herriko partaidatzerakin, gai honen inguruan: "Hizkuntzen ikasketa eta irakaskuntza pandemia garaian".

Pandemiaren itxialdiak eskola-sistemetan izan duen eragina nabarmena da, eta Europan, hizkuntza gutxituen kasuan, hezkuntza sistema funtsezkoa da superbibentzia eta normalkuntzarako. Hortaz, nola eragin die pandemiak eta itxialdiak gure hizkuntza txikien egoerari?

Gaiaz hitz egingo dute webinar delako honetan honako hauek:

  • Estibaliz Alkorta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritza.
  • Enlli Thomas, Bangorreko Unibertsitatea (Gales).
  • Iain Caimbeul, Highlands and Islands Unibertsitatea (Eskozia).
  • Moderatzaile: Julie Duval, Coppieters Fundazioa.

Antolatzaileak dira Network to Promote Linguistic Diversity (NPLD) erakunde europarra eta Coppieters Fundazioa. Facebook-eko orri honetatik emango du zuzeneko streaming saioa, azaroaren 24an, goizeko 11.00etatik aurrera. Informazio gehiagarria, hemen.

 

Star Wars: bederatzi filmeko saga, euskaratua

$
0
0

Asteburu honetan Star Wars saga filmiko ezaguneko azken bi atalak, 8. eta 9. episodioak, igo ditu Azpitituluak.eus-era boluntario batek, Josu Etxarrik: Azken Jedia eta Skywalkerren Igoera.

Egin ziren ordenean eta titulu originalekin ikustekotan, honela:

Saga geratu den forma kanonikoan, berriz honela:

  1. Star Wars Episode I: The Phantom Menace.
  2. Star Wars Episode II: Attack of the Clones.
  3. Star Wars Episode III : Revenge of the Sith.
  4. Star Wars. IV. A New Hope.
  5. Star Wars Episode V - The Empire Strikes Back.
  6. Star Wars Episode VI - Return of the Jedi.
  7. Star Wars: Episode VII - The Force Awakens,
  8. Star Wars VIII: The last Jedi.
  9. Star Wars IX: The Rise of Skywalker.

Euskaraldiko Solasguneak hasten dira gaur

$
0
0

Euskaraldiaren egun hauetan, Solasaldiak izeneko eztabaida/mahainguru irekiak antolatu dituzte, eta streaming bidez emango dituzte zuzenean. Gaur da lehena, 19.00etan, Eitb.eus eta Euskaraldia.eus helbideen bitartez ikusi ahal izango dira.

Gaurko hitzaldia (astelehena, azaroak 23): Hizkuntza hautua sare sozialen garaian. Partaideak,

  • Aiora Mujika youtuberra.
  • Iruñe Astiz, diziplina anitzeko artista.
  • Alex Padilla, Gaztea irratiko (EITB) sare sozialen arduraduna.
  • Moderatzailea: Gaizka Izagirre, Gaztezuloko zuzendaria.

Hurrengoa, azaroak 25, asteazkena.‘Musikariak euskaraz kantatzeko erabakiaz mintzo’, hiru musikariren esperientziarekin:

  • Rafa Rueda.
  • Alex Sardui. ‘Arlo sozioekonomikoaren hizkuntza (k)’ 
  • Maria Rivero.
  • Moderatzailea: Leire Palacios, PuntuEus-eko proiektu arduraduna.

Hirugarrena eta azkena abenduaren 1ean izango da (datorren asteko asteartea):‘Arlo sozioekonomikoaren hizkuntza (k)’aztertuko dute. Partaide hauekin:

  • Ander Aizpurua, Kutxako zuzendari orokorra.
  • Naiara Goia, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko Zuzendaria.
  • Mari Jose Aranguren, Orkestra institutuko zuzendaria.
  • Moderatzailea: Maite Artola kazetaria.

Hiru saioak 19.00etan streaming bidez Eitb.eus eta Euskaraldia.eus-en, eta presentzialki aukerarik ere izan liteke aforo mugatuan (Donostian bazara, Tabakaleratik emango baitituzte ekitaldiak), hemendik izena emanez gero.


Bi sari emanalditan Egunean Behin finalista ostegunean

$
0
0

Etzi emango dituzten bi sari emanalditan izendatua dago gure joko aplikazioa, Egunean Behin, finalisten artean. Gaztea Sarietan egongo gara eta baita, iaz bezala, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan. Azaroaren 26ko sari emanaldi biak telebistaz zuzenean emango ditu ETBk.

Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan, komunikazio alorreko finalisten artean gaude:

2019ko edizioan ere izan zen finalista gure aplikazioa, beste ekimen batek eroan zuen saria etxera azkenean (Ttap aldizkariak).

Rikardo Arregi sarietan, bestalde, kazetaritza sari tradizionala ere egongo da aurten ere, noski, eta hauek dira finalistak:

  • Arantxa Arza eta Felix Zubia, “Osasun Etxea” irratsaioagatik (Euskadi Irratia)
  • Miel Anjel Elustondo, “Tonban ehortzirik” testu sortagatik (Berrian argitaratuak)
  • Albiste Faktoriako lantaldea (Euskadi Irratia) , 2019ko irailetik 2020ko iraila bitartean egindako saioengatik
  • “Koronabirusaren azken datuak” atala egin duen Berria egunkariko lantaldea.

Gaztea Sarietan, berriz, urteko ekimen edo fenomenoaren kategorian gaude nominatuta. Hauek dira finalistak:

Beste zortzi ataletan ere banatuko ditu sariak Gaztea irratiak:

  • Talde edo bakarlari onena: Belako, Izaro, Zetak eta Gatibu.
  • Kantu onena: Hegan (Zetak), Aukera (En Tol Sarmiento), Ezpainetan odola (Skakeitan) eta Libre (Izaro).
  • Disko onena: Belako (Plastic drama), Skakeitan (Nola galdu denbora), Zea Mays (Atera) eta Willis Drummond (Zugzwang ).
  • Zuzeneko onena: Zetak, Xabi Bandini, Belako eta Eñaut Elorrieta.
  • Bideoklip onena: Izaroren (Invierno a la vista), Sua (You don't care), Zetak (Pater noster) eta Belako (Tie me up).
  • Urteko pertsonaia: Itziar Ituño; Twin Melody (Aitana eta Paula Etxeberria ordiziarrak); Orioko nesken arraun taldea eta "El Conquis" saioko aurtengo irabazle Mikel Perez.
  • Covid-19 pandemiaren baitan, atal eta sari berezia ere bada aurten, Konfinamenduko abesti edo bideo onena: Zeinen ederra izango den (Zetak); Zurekin batera (ETS); Tiempo ausente (Izaro), eta Harbide zilar bat (Eñaut Elorrieta).

Bi ekitaldiak telebistaz zuzenean

Ekitaldi biak ostegunean izango dira, azaroaren 26an.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Andoaingo Bastero kulturunean emango dituzte, 19.00etatik aurrera, eta ekitaldia ETB4 katean zuzenean ikusiko da.

Gaztea Sariak Donostiako Kursaal Kuboan emango dituzte, eta 22.00etatik aurrera ETB1ek gala emango du zuzenean.

Zorte on finalista guztiei.

 

Tesla da nabigazio pantailetan katalana sartu duen lehen automobil marka

$
0
0

Udazken honetan egindako software berrikuntza baten bidez, Tesla auto markak katalana sartu du bere pantailetako softwarean. Eguneraketa ez da publiko egin, baina kazetari katalan batek deskubritu du (Albert Cuesta). Katalana agertu arren, euskararen arrastorik ez da oraindik. Tesla auto elektrikoak egiten dituen Kaliforniako marka da. Enpresaren fundatzailea Elon Musk ezaguna da.

Lehen aldia da autoetan katalana agertzen dena. Gaur egunean, ukipeneko edo antzeko pantailak auto askotan datoz, eta horietako hizkuntza frantsesa edo espainola da gure inguruan. Katalanezko adibiderik ere ez da izan orain artea, ezta Bartzelonan egiten diren Seat espainoletan ere. Instrukzioen eskuliburuak egin dituzte katalanez Toyotak (Toyota eta Lexus autoentzat) eta Seat-ek, hori bai.

Katalanaren agerpena pantailako interfazeetan da bakarrik. Ahots bidezko informazioa eman eta jasotzeko gaitasuna ez da katalanera hedatu oraingoz.

Eguneraketa software berrikuntza baten bidez etorri da. Teslak ohikoan Internetera konektatuta daude, eta beraien nabigazio sistema automatikoak eta beste zenbait elementu software bidez zuzentzen dira: software horren eguneraketa integratuta dago autoan behin erosten duzularik, eta horrela autoaren hainbat prestazio berez hobetuz doaz, lantegitik igaro gabe. Horrela agertu da katalana erabiltzaile batzuen interfaze aukeretan, 10.2 deritzon software eguneraketarekin.

Albert Cuesta kazetariak ezin izan du baieztatu zein modelotan ezarri den eguneraketa: Model 3 eta Model X direlakoetan gertatu dela jakinarazi diote gidari batzuek. Jakina da auto guztiz elektrikoak direla Tesla hauek, baimendutako tokietan auto-gidatze automatikoarekin ibil daitezkeenak, baina ez dira merkeak. Katalanez erabil daitezkeen horiek, 3 eta X, 50.000 eta 90.000 euro inguruko modeloak dira.

Informazio gehiago, Albert Cuestaren blogean.

Mycroft.eus euskarazko bozgarailu adimentsua abian

$
0
0

Teknologiarekin diharduten hiru euskal enpresak Mycroft.eus proiektua aurkeztu dute gaur. Euskarazko bozgorailu adimendun funtzional bat garatzea da koxka. Alexa edo Google Home gailuen antzeko zerbait, euskarazko aginduak ulertu eta martxan jartzeko gauza izango dena, baita erantzutea tokatzen zaionean euskaraz egingo duena.

Elhuyar Fundazioa, Skura Mobile etaTalaios kooperatibak garatuko duteMycroft.eus. Ahots-laguntzaile adimentsua egiteko dagoeneko martxan dagoen azpiegitura bat erabiliko dute Mycroft software irekia hor dago, eta horren euskarazko adarra izango da hemen egingo dena. Mycroft pertsonaia izena da: Sherlock Holmesen anaia, Arthur Conan Doyleren errelatoetan.

Proiektuaren aurkezpena egin dute hiru enpresetako ordezkariek gaur, eta erakustaldi txiki hau grabatu dute, egunaz eta orduaz galdetzen sistemari. Ahotsezko interakzioaz gain, pantailak erakusten du nola prozesatzen diren aginduak.

Gailuari arreta deitzeko "Hai Mycroft" esaten dioten arren, euskarazko agindu arruntago bat izango du aparailuak proiektua amaitzean.

Aurkezpen hau Errenteriako Torrekua gunean egin dute, teknologia eta ekintzailetza ekimenetarako herri horretan sortu den gune berrian. Mycroft-eko garapen "bulegoak" bertan hartuko dum tokia nolabait. Proiektuak erakundeen bultzada du: Eusko Jaurlaritzako Hazitek programaren laguntza, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etokrizuna Eraikiz ekimenarena. Europatik ere badu laguntzarik ekimenak, European Language Grid sarean integratuko den teknologietako bat delarik Mycroft euskaratua.

Ainhoa Gonzalez eta Eider Urkola dira #Txiotesia5 lehiaketako irabazleak!

$
0
0

UEUk kudeatzen duen Unibertsitatea.net atariak antolatu duen "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketako bosgarren edizioko irabazleak nortzuk diren jakin dugu. Lehen saria Ainhoa Gonzalez Pujana gasteiztarra izan da "Zelula estromal mesenkimalen eragin immunomodulatzailea sustatzeko bioinspiraturiko hiru dimentsiotako sistema funtzio anizdunak" tesia era ulergarrienean laburtzeagatik, eta bigarren saria Eider Urkola Ezeiza billabonatarra izan da "Andrei Zvyagintsev: hausnarketa morala eta politikoa” zine zuzendariari buruzko lana modu originalenean laburtzeagatik.

Lehiaketako datu batzuk:

• 74 ikertzailek hartu dute parte.
• 37 emakume eta 37 gizon.
• Parte-hartzaileen %34a doktorea izan da, gehiengoa beraz, doktoregaia.
• Tesia unibertsitate desberdinetan eginda edo egiten ari dira, besteak beste: UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitatea, UPNA/NUP, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Université Bordeaux-Montaigne, Newcastle University, Txileko Andrés Bello Unibertsitatea, Lyongo Unibertsitatea, Trinity College-en, Paris Nanterre-ko Unibertsitatea eta Alcalako Unibertsitatea.
• Parte hartu duten ikertaldeak izan dira besteak beste: IK4-Ikerlan, IXATaldea, DREAM, BCMaterials, CIDETEC, QUTIS, ELEBILAB, MAC (Mutaciones Audiovisuales Contemporáneas), Photothermal Techniques Laboratory...
• Tesien jakintza esparrua zabala izan da. Besteak beste: Polimeroak, Memoria, Geologia, Baserria, Artea, Klima aldaketa, Dopinga, Hiria, Literatura, Feminismoa, Psikologia, Ingeniaritza, Kimika, Hezkuntza, Hizkuntzalaritza, Zuzenbidea, Zoologia, Arkeologia, Genetika, Zinea, Eleaniztasuna...
• Parte-hartzaileen %73ak erabili du informazio atxikia txioetan: irudiak, bideoak GIFak....
• Parte-hartzaileen %15ak Twitter kontua zabaldu du txiokatzeko.
• Parte hartzaileen %90a berria izan da lehiaketan.
• Umap-en egun osoan izan zen joera nagusia #txiotesia5 traola.

 

Eta epaimahaiaren arabera, hauek dira #txiotesia5 lehiaketako irabazleak:

Lehenengo saria, txiolari ulergarriena, 500 eurotakoa Ainhoa Gonzalez Pujanarentzat izan da, "Zelula estromal mesenkimalen eragin immunomodulatzailea sustatzeko bioinspiratutako hiru dimentsiotako sistema funtzio anizdunak" tesia 6 txiotan laburtzeagatik.

Ainhoa González Pujana (Gasteiz, 1991) Farmazian lizentziatu zen UPV/EHUn 2014an. Jarraian, Farmakologia eta Medikamenduen Garapena Masterra ikasi eta ikerkuntzan hasi zen EHUko NanoBioCel taldean, CIBER-BBN-ek eskaini zion ikerketa-iniziazio beka     bati esker. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren (EJ) beka jasota, tesia hasi zuen zelula amen efektu terapeutikoa bultzatzen duten matrizeen diseinuaren inguruan. 2018an, Egonlabur beka batekin (EJ) Harvard Unibertsitatean egin zuen 6 hilabeteko doktoretza aurreko         egonaldia. 2019an tesia defendatu zuen eta hortik aurrera talde berean ikertzaile doktore bezala lanean ari da.

 

Bigarren saria, txiolari originalena, 300 eurotakoa Eider Urkola Ezeizarentzat izan da, "Andrei Zvyagintsev: hausnarketa eta politika" tesia 6 txiotan laburtzeagatik.

Eider Urkola Eceiza (Billabona, 1994). Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua (UPV/EHU) eta orain tesia egiten ari da Andrei Zvyagintsev zine zuzendariaren lanaren inguruan.

 

Hau ohorea, Rikardo Arregi Komunikazio Saria irabazi dugu

$
0
0

2020ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatu zituzten atzo, eta Komunikazioaren alorrean, geure aplikazioak, Egunean Behin jokoak, irabazi zuen. Argazkianezkerretik, Maider Lainez Andoaingo alkatea, CodeSyntaxeko Eneko Astigarraga eta Bittor Poza, Euskadi Irratiko Arantxa Artza eta Felix Zubia (kazetaritza alorreko sarituak), eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

 

Andoaingo Udalak antolatzen ditu sari hauek, Rikardo Arregi gazterik hil zen kazetariaren omenetan. 32. edizioa izan da aurtengoa, eta iaz bezala, bi kategoria egon dira (urteetan zehar sari formato desberdinak izan dira), Komunikazioarena, eta Kazetaritzarena.

Komunikazioko alorrean nominaturik, horixe irabazi zuen Egunean Behinek, eta jokoaren egile CodeSyntax enpresako Eneko Astigarraga kudeatzailea eta Bittor Poza Android programatzailea igo ziren oholtzara saria jasotzera. Hona Astigarragaren eskertza, Aiurrik grabatua:

Kazetaritza saria, berriz, Euskadi Irratiko Osasun Etxea programak irabazi zuen, aurten Arantxa Artza kazetariak eta Felix Zubia medikuak zuzendu izan dutena. Igandetan goizeko 9.30etan izaten da saio hau, eta aurten eragin eta garrantzi berezia hartu du pandemiagatik, epaimahaiak azpimarratu zuenez. 

Ekitaldian Xabier Leteren musika eta olerkiak oroitu ziren, haren heriotzaren 10. urteurrenean.

Saririk izan ez zuten proiektuei dagokienez, besarkada gure partetik; lan eta ekimen nabarmenak baitziren denak. Komunikazioaren alorrean; “Ene kantak!” gaztetxoentzako musika ekimena; Arteman orain sustatzen ari diren “Lur eta Amets” filmaren komunikazioagatik; eta Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus Orkestra, Urmuga proiektuaren spotagatik. Kazetaritza sarietan gogoz geratu ziren, Miel Anjel Elustondo“Tonban ehortzirik” testu sortagatik;Faktoria albistegiko lantaldea (Euskadi Irratia), eta Berria egunkariaren “Koronabirusaren azken datuak” atala.

Durangoko Azokak denda aurre-ireki eta ekitaldien erreserba antolatu du

$
0
0

Durangoko Azokak ireki du jada beredenda: katalogoa has zaitezkete errepasatzen, Azokaren egunetan erosketak egin nahi badituzue (erosketa prozesua abenduaren 4an aktibatuko baita, gaur zortzi, datorren asteko ostiralean). Katalogo horretan 2.319 produktu daude, 852 dira nobedadeak. Era berean, Azoka hutsik egotetik urrun egongo da azkenean: 100 ekitalditako egutegi bat prestatu da, eta presentzialki zein urrutitik jarraitzeko bideak aurkeztu dituzte.

Era berean, Azokak iragarri du Durango bera ez dela hutsik eta mutu izango: Landako Gunea bera eta Plateruena Kafe Antzokia gune aktiboak izango dira. 100 kultura ekitaldi inguru, guztira. Plateruenan izango dira aurten disko aurkezpenei lotutako zuzenekoak. Guztira 37 musika-talde igoko dira taula gainera, estilo guztietakoak. Landako Gunean, aldiz, gainontzeko jarduerak antolatuko dira: solasaldi literarioak, proiekzioak, ipuin kontalariak, ikuskizunak.

Ekitaldi guztiak aurrez aurre ikusteko aukera izango dute Durango eta mugakideak diren herrietako biztanleek, baina aforoa mugatua denez beharrezkoa izango da aurrez webgunean erreserba egitea: kontsultatu egitaraua, hautatu ekitaldi bat, eta gorde tokia. Esate baterako, Mikel Urdangarinen disko aurkezpena, abenduaren 6an. Leku erreserbari emanez gero, tiket-plataforma batera zoaz, eta "erosketa" egin behar duzu (zero euroko prezioan), sarrera batekoa edo bikoa (gehienez).

Jarduera hauek guztiak doakoak izango dira, eta, adierazi bezala, Durangoko eta inguruko herrietan bizi direnentzat bakarrik. Erreserba edukita, ekitaldira aurretiaz joateko eskatzen da; eta mugikorrean edo inprimatuta erreserbaren agiria eraman beharko duzu. Plateruenan edo Landakon, distantzia eta beste neurriak bete beharko dira (maskara derrigorrezkoa 6 urtetik gorakoentzat).

Bertakoak ez direnentzat, bi streaming kanal irekiko dira, eta hortaz Landakon edo Plateruenan gertatzen den guztia zuzenean jarraitu ahal izango da bideoz. Beraz, Azokako egunetan (abenduaren 4tik 8ra) 10:30etatik 21.00ak arte martxan izango diren bi telebista seinale izango dira.

Gaztea Sarietan, Zetak eta Izaro garaile nagusiak

$
0
0

Rikardo Arregi sariez gain, atzo Gaztea Sariak ere eman zituzten, eta bertan Zetak taldea (hiru sari) etaIzaro Andres kantaria (bi sari) izan ziren garaile nagusiak. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiak aurkeztutako gala batean, bederatzi ataletan banatu zituzten satiak Donostiako Kursaal aretoko ekitaldi batean. Gala EITB Nahieranen ikusgai dago jada.

Atalez atal hauek izan ziren garaileak:

  • Urteko fenomeno edo ekimena: Berri Txarrak taldea, "Ikusi Arte" agur-birari esker. Finalistak izan ziren Zaporeak proiektu solidarioa, El hoyo filma eta Egunean Behin joko/aplikazioa.
  • Urteko talde edo bakarlaria: Zetak. Finalistak izan ziren Belako, Izaro,  eta Gatibu.
  • 2020 urteko kantu onena:Libre (Izaro). Finalistak: Hegan (Zetak), Aukera (En Tol Sarmiento), Ezpainetan odola (Skakeitan).
  • Disko onena: Skakeitan (Nola galdu denbora). Finalistak:Belako (Plastic drama), Zea Mays (Atera) eta Willis Drummond (Zugzwang).
  • Zuzeneko onena: Zetak garaile. Finalistak: Xabi Bandini, Belako eta Eñaut Elorrieta.
  • Bideoklip onena: Izaro (Invierno a la vista). Finalistak: Sua (You don't care), Zetak (Pater noster) eta Belako (Tie me up).
  • 2020. urteko pertsonaia: Itziar Ituño aktorea. Finslistak Twin Melody (Aitana eta Paula Etxeberria ordiziarrak); Orioko nesken arraun taldea eta "El Conquis" saioko aurtengo irabazle Mikel Perez.
  • Covid-19 pandemiaren baitan, konfinamenduko abesti edo bideo onena: Zeinen ederra izango den (Zetak). Finalistak: Zurekin batera (ETS); Tiempo ausente (Izaro), eta Harbide zilar bat (Eñaut Elorrieta).

Azkenengo klip hori itsatsiko dugu, Izaroren Libre atera baikenuen bere garaian, eta aurtengo klip onena gazteleraz izan delarik... ba beste hau, Zetakena:


3000 Twitz, euskal jokalarien kanpaina

$
0
0

Gaur Jokoteknia jardunaldia da, gamer komunitate euskaldunaren urteko topaketa (ikus webgunea, eta albistea Sustatun). Jardunaldiak berarekin dakarrenaz aparte, astebeteko kanpaina baten hasiera da euskal gamer edo jokalarien komunitatearentzat: #3000Twitz kanpaina hasten da, Twitchen euskara sar dadin erreibindikatzeko, eta plataforma honen inguruko sortzaile eta erabiltzaileen erakusleiho gisa ere bai.

Duela hilabete parea abiatu zen lehenbizi Twitchen euskara jartzeko kanpaina, baina asteburu honetan izandako Jokoteknia biltzarretik aurrera, bultzada jaso du berriro Game Erauntsiaren ekimen honek, Naiz Irratiaren kolaborazioarekin kasu honetan.

Twitch gamer edo jokalarien ikus-entzunezko plataforma erabiliena da, zuzenekoak egin edo gameplayak gordetzeko (eta jokoen mundutik aparte ere, beste ikus-entzunezko batzuetarako ere gero eta erabiliagoa). Kontua da Twitchen euskaraz erretrasmititu dezakezula, noski, ez dago horren debekurik; baina plataformak ez du emankizuna euskarazkoa dela etiketatzeko aukera ematen. Guztira 34 hizkuntza daude aukera hau dutenak (tartean katalana ere bai) baina gainerakoak "beste hizkuntza bat" zakuaren barnean etiketatuta geratzen dira. Hori aldatu nahi dute zaletu euskaldunek.

Horretan ekiteko, euskara sartzeko Twitchen, bozkatzeko sistema bat dago ezarrita, eta Twitch kontua badaukazu esteka honetan sartu eta bertatik eman baietz euskarari.

Eta eskaera hori indartzera dator aste honetan #3000Twitz kanpaina. Azaroaren 28tik abenduaren 5era bitartatean Twichen zuzeneko emanaldi ugari bultzatuko dira. Euskal bideo-joko komunitateko streamerretaz gain hainbat kultur eta gizarte eragileek beraien edukiak gehituko dituzte.

Hona egitaraua, zeinean elementu bakoitza Twitch kanal desberdinetan joango den (Jarraitu Twitterren @3000Twitz kontua).

Egun hauetan, bi nabarmenduko dira. Batetik, abenduaren 3an euskararen eguna ospatzeko elkarrizketa saio bat izango da, 3000 Twitz Showa, iluntzean, besteak beste elkarrizketau hauekin: Kai Nakai, Dylan Inglish, Aitziber Garmendia eta Odei Jainaga.

Eta abenduaren 5ean, 24 orduko maratoia (hau da, 4ko gauerdian hasita), emanaldi hauekin:

Informazio gehiago, Game Erauntsian. Gaurko Jokoteknia jardunaldiari dagokionez, adi, laster hasiko da eta; 9:45etan. Jarraitu zuzenean:



Aurkikuntza bitxi hori, Utahko monolitoa, desagertu egin da

$
0
0

AEBetako Utah estatuko basamortuan metalezko egitura distiratsu bat aurkitu dute parke-zaindari batzuek. Eta aurkitu bezala, badirudi, azken orduetan desagertu egin dela dirudi. Metalezkoa izanik ez da teknikoki monolitoa (harri bakana), baina asoziazio artistikoagatik izen hori eman dio mundu guztiak eta hala ageri da Wikipedian jada. Objektuak sortu duen liluraren zergatia argia da: Space Odyssey liburu eta filmeko monolito beltza da askori datorkogun erreferentzia, zeina Stanley Kubricken filmaren hasieran, oso ingurune bertsuan ageri den.

Utahko monolitoa

Azken orduko albistea da, Utahko Bureau of Land Management delakoak iragarri duenez, monolitoa desagertu egin dela. Eta Bureau delakoak dio eurak ez direla izan...

Basamortuan egon den bitartean, harrizko zoruan zuzen eta gogor sartuta egon da, 2.9 metro garai zen eta hiru alde zituen. Altzairu herdolgaitza da materiala eta egikera gizatiar eta industriala du argi eta garbi. Misterioa da nork eraman duen puntu horretaraino eta zergatik.

Utahko eremu babestu batean agertu zen, eta ez dute ofizialki zein den izan, ez delako komeni turistarik bertara joatea: galdu egin daitezke, eta inguruko aztarna natural eta kulturalak kaltetu. Hala ere, bere kokapena publiko egin da eta batzuek ikusi dute 2016ko satelite irudi batzuetan jada han zegoela. Kokapen horri jarraituz eraman du orain norbaitek, auskalo monolitoaren egileak ala lapurrak.

Artista pare baten izenak aipatu dira egile posible gisa. Batek gezurtatu du, eta beste bat hila da 2011tik. Utahko naturparkeen arduradunek gogorarazi dute debekatua dagoela artelanak ezartzea gune babestuetan.

 

Space Odysseyko monolitoa

Arthur C. Clarkek idatzitako zientzia fikziozko lanean, gizakien aurretiko zibilizazio estralurtar baten oroigarri edo objektuak dira monolitoak. Nolabaiteko teknologiaren bidez eragin egiten dute inguruko izakiengan eta naturan, eta aurrerakuntza teknologikoa edo eboluzioa eragin. Kubricken filmaren hasieran, monolitoa ageri da hominidio batzuen artean. Nolabait, haren eraginez adimena pizten zaie (eta indarkeriarako joera!), eta gizaki bihurtzerainoko eboluzioa azkartzen da.

Monolito hau ez da Utahkoa bezalakoa: beltza da. 1:4:9 proportzioko taula lauki baten formakoak (lehen hiru zenbaki naturalen karratuak), eta materiala ez da analisagarria.

Film hasierakoaren ondoren, ilargian agertzen da beste monolito bat, astronauta batzuek aurkitua. Seinale bat igortzen duelarik monolito horiek Jupiter planetarantz, harantz zuzentzen da espazio esplorazioko ontzi bat.

Jupiterreko orbitan, proportzio bera duen beste monolito bat ageri da, baina tamainaz kilometrikoa. Arthur C. Clarkeren jarraipeneko eleberrian, 2010: Odyssey Two, monolito espazial hori biderkatzen hasten da, handitu eta zatitu partenogenesiz, eta miliokika monolito sortzen dira horrela zeinak Jupiter planetarantz zuzentzen diren. Helburu adimentsu bat du operazioak: Jupiterren masa biderkatzen doa harik eta fisikoki izar bat bilakatzen den, eta horrekin, bere orbitako satelite batean, Europan, bizitza eboluzionaturako aukera pizten da.

Markos Gimeno, dokumental labur hunkigarria

$
0
0

Laster beteko dira bi urte Markos Gimeno Vesga (1974-2018) artista ermuarra hil zela, buruaz beste eginda. #Hitzokei jokoaren asmatzailea, Sustatuko kolaboratzailea, hitzen jokalari, musikari eta sortzaile zoragarria. Haren memoria ekarri berri digu Azpeitiko Dinamoa ekimenaren DAPA ikus-entzunezkoen sortak.

12 minutuko dokumental hunkigarri bat da. Markos bera ageri da klip pertsonaletan zein agerpen publikoetan, eta haren gertukoak ere.

Dokumentalaren ardatza 2020 hasieran Ermuan egin zen “404 egun Markus barik” erakusketa da, nolabait. Markosen senide eta lagunek haren ordenagailuan aurkitutako harribitxien sorta minimo bat baliatu zuten erakusketa hori egiteko, eta hitzezko eta irudizko artelan horien parte bat ikusten da dokumentalean. Azaleko arakatzea besterik ez da; Markosen ordenagailuko %90a dokumentatzeke dago oraindik.

Dokumentalean agertzen direnen artean, Begoña Vesga, Markosen ama. Markosi egindako azken agurrean gaixotasun mentalaz eta suizidioaz hitz egin zuen adorez emakume honek; eta dokumentalerako ere une hunkigarriak utzi ditu.

Hementxe duzue dokunentala, ikustekoa da:

Kaixomaitia.eus berriro ere EguneanBehin Jokoaren babeslea

$
0
0

Otsailean izan ginen lehenengoz jokoaren babesle Kaixomaitia.eus, 4. denboraldiarekin eta izandako arrakasta ikusirik, aste honetan errepikatzea erabaki dugu.

Otsaileko kanpainak, alde batetik, harremanetarako webgunean bertan izen emateko deia egin genuen eta bestetik “Euskal Herritarron harreman afektibo eta sexualen inguruko ikerketa [aka Sexuinkesta]” sustatu genuen, ikerketan parte hartzeko deia eginez. 2 banner jarri genituen eta galdera sorta bat ere prestatu genuen.

EguneanBehin_1

EguneanBehin_2

Aurrez halakorik susmatzen bagenuen ere, arrakasta itzela izan zen. Aste horretan ia 8.000 bisita berri izan genituen webgunean gehienak Sexuinkesta betetzera sartu zirelarik, 8.000 lagunek bete bait zuten galdetegia, aste horretan eta hurrengoetan, hilabetea osatu arte.

Harpidedun mordo bat ere jaso zituen webguneak, 406 guztira otsailaren 10etik otsaila amaiera bitarte.

Bere garaian esan genuen, EguneanBehin izan dela Kaixomaitia.eus en ia 14 urteko ibilbidean, zalantzarik gabe eta alde handiz, sustapen kanpaina arrakastatsuena. Gure xede taldearekin bat egiten du hein handi batean aplikazioak, otsaila parte horretan ia 80.000 euskaldunek jokatzen bait zuten galdera jokoa. Ez da bestelako kanpainarik egon, irrati, Facebook, Twitter, Google edo beste, hain denbora gutxian horrenbeste trafiko erakarri duenik webgunera.

Datu hau, gure ustez, oso kontutan hartzekoa beharko luke euskalgintzan aritzen diren edo xede talde euskaduna duten marka, elkarte eta abarrentzat. EguneanBehin bezalako jokoak, tresna digitalak eta bestelako euskarriak behar ditugu euskaraz bizitzeko baina baita ere euskarazko komunikazioa egiteko ere. Bai, baita publizitatea ere. Kaixomaitia.eus sendoagoa izan da aurten iaz baino eta hobeto amaituko du urtea eta hau besteak beste, EguneanBehin aplikazioan egindako kanpainari esker izan da.

Gauzak honela, zergatik ez errepikatu?

Ba bai, gaur azaroak 30arekin hasita, aste osoko babeslea izango gara eta berriro ere bi mezu helarazioko ditugu aste honetan jokoan ariko diren 60.000 lagun horiei. Gainera, Donostiako Pandora Tabernaren laguntzari esker, asteko saridunek bertan otordua egiteko aukera izango dute 8 lagunentzako; 4 irabazlearentzat eta beste 4 zozketa bidez.

Alde batetik azaroaren 16an elkar argitaletxearen babesarekin abian jarri genuen Kontaketa Erotikoen Lehiaketaren berri emango dugu eta bestetik, berriro ere, izen emate kanpaina, umore ikuitu txiki batekin. Bi mezuek, banner eta xede-orri propioak izango dituzte. Izen emate kanpainaren bannerrak berriak izango dira:

Bannerrak izen emate kanpaina

Banner_Egunean Behin_Maria_Ona

Banner_Egunean Behin_Urko_Ona

Xede orria izen emate kanpaina

EguneanBehin_blog

Eta Lehiaketari dagokionez, banner berria eta xede orri berriak. Hauek:

Bannerra Kontaketa Erotikoen Lehiaketa

EguneanBehin_Banner_Lehiaketa

Xede orria Kontaketa Erotikoen Lehiaketa

EguneanBehin_blog_lehiaketa

Espero dezagun, aste honetakoa ere otsailekoa bezain kanpaina arrakastatsua izatea eta luzez EguneanBehin jokoa ere gure artean izatea.

Zorte on aste honetako partehartzaile guztiei, bide batez!

Sormene, sorkuntzen plaza Galdakaon

$
0
0

Galdakaoko Udalak antolatua Dijitalidadearekin eta Alboka kooperatibarekin, Sormene ekimena aurkeztu da. Sormene ekitaldi sorta bat izango da (benduaren 14tik 20ra bitartean), euskal sortzaileek sustatua, Galdakaon fisikoki Torrezabal etxean egingo dena, baina aldi berean sormene.eus webgunearen bidez streaming bidez emango dena.

Aste horretan euskarazko hainbat kultura adierazpide ikusiko dira Sormenen: literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak... Proiektuaren bereizgarria izango da, emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmentzea, gaur egun dagoen hutsunea betetzen laguntzea.

Bost helburu nagusi hauek ditu ekimenak, antolatzaileen arabera:

  • Sormene plazara gonbidatzea Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak.
  • Euskarazko kulturara erakartzea herrialde guztietako euskaldunak.
  • Kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea.
  • Sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea.
  • Euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.

Egunez eguneko egitaraua, eta sortzaile zerrenda webgunean duzue. Sortzaile horien artean daude Maite Larburu, Ningra, Eñaut Elorrieta, Amancay Gaztañaga, Imanol Epelde, La Basu, Yolanda Arrieta, Miren Amuriza eta beste hainbat.

Viewing all 9114 articles
Browse latest View live