Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9109 articles
Browse latest View live

Jolas hezigarri berri bi, Ikastolen Elkartearen eskutik: Letrak Hitz eta Igarri Migarri

$
0
0

'Letrak hitz' eta 'Igarri migarri'. Hauexek dira urte honetan Ikastolen Elkarteak sortu dituen bi jolas didaktiko berriak. Eguberri egun hauetan oparitzeko aukera ezin hobeak

 

Oparotasun garai berri

Ikastolen Elkartetik digute igarri 

Bi jolas berri eta beste asko desiragarri.

Letrak Hitz

ta Igarri Migarri 

benetan dibertigarri.

Katalogoa ikusgarri

har ezazue gozagarri

eta zuen denbora librea

bihurtu pozgarri

LETRAK HITZ (6+)

Hiru jolas: hitza igarri, parea aurkitu, eta istoriotxoa asmatu.

Edukia: 60 karta (30 hitz)

Karta bakoitzean hitz bat “ezkutatuta” dago. Karta erdietan hitza osatzen duten silabak agertuko dira, eta, beste erdietan, hitza osatzen duten letrak (solte eta eragabe, baina lehendabiziko letra markatuta). Karta bakoitzean “ezkutatuta” dagoen hitza igarri behar da. 

Jolasteko arau zehatzak, eta  jolasteko era gehiago, kaxan bertan.

IGARRI MIGARRI (7+)

Edukia: 60 karta, dadoa, eta harea-erlojua

Kaxan dauden elementuak atera, eta guztion eskura jarri behar dira, kartak ondo nahastatuta eta ahuspez direla. Taldeak osatuko dira, eta txandaka jolastuko da, kartan agertzen den hitza zuen taldekideei adierazten, eta,  taldekideek, igarri egin beharko dute: ahoz, mimikaz edo marraztuz, egokitutako dadoaren kolorearen arabera. Arau zehatzak kaxan bertan.

Hitz bakoitza lau hizkuntzatan idatzita dago.


Burgosko Prozesuaren 50 urteak, zuzeneko kontakizunarekin

$
0
0

Gaur 50 urte, Burgosen, ETAko hamasei kideren kontrako epaiketa militarra hasi zen. Berriak, Twitterren beste zenbaitetan ikusi izan dugun teknika erabiltzea erabaki du: gaurdanik, @berria1970 kontuak duela 50 urte balego bezala, zuzeneko kontakizun kronologikoa egiten du, epaiketaren ordutegi berean (izatez, Berria duela egun batzuetatik ari da kontakizun hau egiten, kontatua du, adibidez, Beihl kontsularen bahiketahasi dela).

Garrantzi politiko handiko gertaera izan zen Burgosko Prozesua.

ETAko 1960ko hamarkadako lehen ekintzetan hildako hiru pertsonaren hilketa leporatzen zitzaien, baina erantzukizun eta partehartze pertsonalen epaiketa baino gehiago, talde eta mugimenduaren eskarmentua zen gehiago bilatzen zena, hortik, adibidez, bi apaiz egotea akusatuen artean. Ehundaka urteko espetxe zigorrak zituzten eskaera, eta sei lagunek, heriotza zigorraren eskaera ere bai.

Erregimen frankistak bere bi etsai arriskutsuenak aldi berean eskarmentatu nahi izan zituen gainera: ezkerreko langile mugimendu gero eta indartsuagoa, eta separatismo edo abertzaletasuna, sentimentu nazional ez-espainola. Burgosko prozesua egun hauetan gogoratzen duen beste elementu bat Donostian ireki den erakusketa da. Haren katalogoak dioen bezala, "erabakigarria izan zen aldarrikapen nazional eta sozialek bat egitea, hots, erregimeneko polizia eragileek “bi birusak” izendatu zutena. Horren aurka, diktadurak errepresio zuzena berraktibatu zuen berehalako gerraosteko urte gogorrenetan."

Erakusketa hau (izenburu hau du: Burgos Prozesua, Frankismoari epaiketa) ikusgai dago Donostian, Donostiako EHU Kanpuseko Karlos Santamaria Zentroan. astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:30etara, Txillardegi aretoan, urtarrilaren 26a arte.

Euskararen Eguneko leloak: Batuketatik biderketara / Euskara, aurrerabide

$
0
0

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, Jaurlaritzak ohikoan antolatu ohi duen harrera eta ekitaldiaren ordez, telebistaz emandako emanaldia izango da. Batuketatik biderketara aukeratu dute lelo gisa EAEko erakundeek (Jaurlaritzak eta Hakobak), eta ETB1en 19.00etatik aurrera emango duten programa batean ikusiko dugu.

Egunerako adierazpen instituzional ere onartu dute Jaurlaritzak eta Hakobak. (Hakoba da EAEko Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordea eta osatzen dute erakunde hauek: EUDEL, UEMA, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritza). Kasu honetan izenburua du: Euskara, aurrerabide / Gizartea euskaraz biziberritzea helburu.

Jarraian, adierazpen horren testua:

Euskara, aurrerabide

Gizartea euskaraz biziberritzea helburu

Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude.

Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz. Bai baitakigu ez dagoela beste irtenbiderik. Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun.

Euskaldunok, baina, ezin dugu ahaztu badela funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin.

Horixe da euskaldunok –neurri batean edo bestean euskaraz bizi garen munduko herritarrok, alegia– euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz giza garapenari egiten diogun ekarria. Gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun balio erantsia.

Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari. Nahitaezko zutabea baita norberaren eginahal hori edozein aurrerabidetan, oso bereziki gizarte prozesu konplexuetan, eta horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere: gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena.

Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok.

Badakigu, besteak beste, euskaldunok euskararen hiztun elkartea osatzen dugula, eta Euskaraldian norberaren erabakimenetik abiatzen dela euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzerakoan inguruan hainbatetan sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko bulkada.

Baina badakigu, era berean, ezinbestekoa dugula elkarrengana biltzen gaituen bulkada ere. Norabide biko bektorea baita euskara eta euskaldunok lotzen gaituena: euskarak herri egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta etorkizunaren hizkuntza.

Bide horretatik heldu zaizkio beti euskarari aurrerapauso behinenak: norberaren eta gizartearen konpromisoak sendo uztartzetik; unean uneko beharrizanei euskaraz erantzuteko erabaki sendotik; etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik.

Euskaraldiak eskaintzen digu aurten berriz ere zailtasunak aukera bilakatzeko abagunea, krisia aukera bihurtzeko lanabesa. Ingurumari aldrebesean dator, ezbairik gabe, aurtengoa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren konpromisoaren balioa, administrazio eta erakunde publikoena barne.

Aurtengoan, balio berezi batez apainduko da ahoa bizi, belarria prest eta bihotza kartsu dugun guztion ekimena. Aurtengoan, inoiz baino erabakigarriagoa izango da euskararekiko gertutasunezko keinu praktiko oro, euskal hiztunongandik zein euskararen zabalkundean erdaretatik lagundu nahi dutenengandik datorrela ere.

Esanahi berezi batez jantziko da aurten, ezinbestez, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ahalegina: egokitu zaigun ataka larritik ateratzeko erabakiari, euskaraz ateratzearen ezinbestekotasuna erantsiko diogu euskal hiztun nahiz euskararen lagun orok.

Izan ere, bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa.

Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea.

Euskararen ahotsa zor diogulako munduari.

Euskaraz garelako munduko herritar.

Euskara aurrerabidea delako.

Geuretik Sortua, sortzaile euskaldunentzako egonaldi programa

$
0
0

Udalbiltzak Geuretik Sortuak izeneko proiektua abian jarri du, euskarazko sorkuntza bultzatzeko zazpi lurraldeetan. Euskarazko literatura, antzerkigintza eta zinemagintza sustatzea du helburu proiektuak, sortzaileentzako egonaldiak antolatuz herriz herri.

2021 eta 2022 urteetan garatuko da Geuretik Sortuak. Une honetan, egonaldiak eskainiko dituzten "egoitzak" batzen ari da Udalbiltza. Hau da, zein herrik eskainiko duten ostatu sortzaileak bertara joan daitezen. Eskualde jakin bateko herrien arteko aliantzak ere posible dira (adibidez, Lesaka eta Bera elkarrekin doaz Bortzirietan).

Ondoren, 2021ko lehen hilabeteetan, deialdia egingo da. Kulturgileei deia, sorkuntzarako, helburu hauekin:

  • Eleberri laburra, literaturan.
  • Film laburra, zinemagintzan.
  • Antzezlana, antzerkigintzan.

Deialdiaz gain, egonaldia ere 2021eko lehen seihilekoan egitea espero da, bakoitzari tokatzen zaion herrian.

2021ko bigarren partean eta 2022an, tokian tokian sortutako proiektuekin zirkuitoa egingo. Film laburrekin film luzeago osatu nahi da, eleberri laburrak liburu mardulago batean bildu, eta antzezlanak mugitzeko, areto-teknikari batekin harat honat ibili obrak.

Informazio gehiago: Udalbiltza.

Aurkikuntza: "Ene laztan gozo ederra" olerki arkaikoa

$
0
0

"Ene laztan gozo ederra" hitzekin hasten den eskuizkribua aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. 16. mende hasierako euskarazko maitasun olerki bat da, Gipuzkoako Artxibo Historikoan, Oñatin, aurkitu dutena, eta lehen ikerketa baten ondoren aurkeztu dena. Esaldi isolatuetatik aparte, euskarazko testu arkaikoen sailkapenean, 3. edo 4. da olerkia; Nafarroatik kanpora murriztuz sailkapena, zaharrena.

Artxiboan lanean ari zen ikertzaile batek, Rosa Aierbek, aurkitu zuen testua duela hilabete batzuk. Gaztelaniazko notaritzako idazki baten ertzetan (eta gainetik) idatzita daude euskarazko hitzak. Argazkigintza eta digitalizazio lana eskatu du euskarazko hitzak isolatzeak, baina lehen irakurketa oso bat eskaini dute adituek: Arxtibo Historikoko lantaldeak, Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin, Jose Valderrey argazkilariak eta Ander Ros Cubas filologoak parte hartu dute lan horretan.

Honela hasten da maitasun olerki edo adierazpena:

Ene laztan gozo ederra
penaz penaçen naçu
Orreyn culez ninduçula
Nola amora nençaçun
ori escuan ezpata?

Idazketa motak 1508 eta 1521 artean kokatzen du testua. Garai horretako esaldi solteak besterik ez dira ezagutzen, oro har, eta horregatik testu nahiko luze honek garrantzia du, euskara arkaikoaren lekukotza gisa. Sailkapen moduko bat eginda, Ros Cubas filologoak 3. edo 4. postuan jartzen du,

Lehen hiruak testu nafarrak dira, hain zuzen ere. 66. eta 67. orriak) https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/23535/TESIS_REGUERO_LOPEZ_URTZI.pdf?sequence=1&isAllowed=y (80-82)

Oñatiko Artxiboaren webguneankalitatezko irudiak jarri dituzte, eta transkripzio oso bat, irakurketa irudiekin alderatuz.

Eskuizkribua Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko sarreran egongo da ikusgai "datozen bi asteetan". Abenduaren 17a edo 19 arte izan daiteke hori, ez baita oso prezisoa.

Covidari aurre egiteko John Snow Memoranduma euskaratu dute

$
0
0

Covid-19 gaitzaren kontrako estrategia sendo eta bateratua eskatzen duen nazioarteko ekimena da John Snow Memorandum delakoa. Urrian kaleratu zen eta milaka izenpe profesional bildu ditu. Orain, Elhuyar zientzia dibulgazioko aldizkariak euskaratu egin du.

Memorandumak "taldeko immunitatearen" aukera arbuiatzen du guztiz. "Infekzio naturalaren bidez hartutako immunitatean oinarritutako estrategia oro akastuna da COVID-19aren kudeaketan."

Pandemiak guztiei berdin jotzen ez diela onartuz, horrek erantzukizuna dakarrela dio manifestuak: "Pandemiak agerian utzi dituen desberdintasun sozioekonomikoak eta egiturazko bereizketak areagotzeko arriskua dakar estrategia horrek. Funtsezkoak dira zaurgarrienak babesteko ahalegin bereziak, baina herritar guztientzako estrategiekin konbinatu behar dira.

Gainera... nor da zaurgarria? "Konplexua da zaurgarria nor den zehaztea, baina, bakarrik kontuan hartuta gaixotasun larria izateko arriskuan daudenak ere, eskualde batzuetako populazioaren % 30 zaurgarria da." Eta arrisku handirik gabe gainditruz gero ere, Covid-19 iraunkorra deitu dena ere hor dago: "Oraindik ez dakigu nork izan dezakeen COVID-19 iraunkorra."

Memorandum euskaratuaren testua,hemen, eta originalaren kokapena, arloren bateko profesional inplikatua bazara, bertan sinatzeko: https://www.johnsnowmemo.com/

Irudian, memorandumaren webguneko pantaila. Together, elkarrekin, lelo hori da Memorandumaren aldekoek hautatu dutena.

Erosketak egin daitezke jada Durangoko Azokako dendan

$
0
0

Iraki da jada Durangoko Azokaren dendan erosketa egiteko aukera. Sustatuko editoreak egin du eskaeratxo bat, eta azkar eta arin joan da dena. Eskerrik asko Durango Azoka!

Pandemia urteko Durangoko Azokak erakusleiho bakarra du, Interneteko denda.Katalogoa osatu dute ohiko erakusleek eta 2.319 produktu daude, horien artean 852 nobedadeak. Dendak bilatzaile azkar bat dauka, produktuak ondo deskribatuta daude, eta erosketa saskia arin prozesatzen da, bidalketa gastuen kalkulu garden batekin.

Bere unean iragarri zenez, salmenten %12ko komisioa Azokak hartuko du, kudeaketa eta logistika gastuetarako. Denda birtual hau abenduaren 8 arte dago irekita.

Ondoren, abenduaren 9tik urtarrilaren 8a arte, beste salmenta ekimen batek jarraituko du: “Zu non, han DA!” izeneko ekimenarekin, jardueren egitarau hedatu bat antolatu du Azokak, eta hainbat liburudendetan ere katalogoa eskuragarri egongo da.

Gogoratu halaber, Durango edo inguruetan bizi bazara, 8a arte egitarau bat ere badagoela, eta presentzialki izan zaitezkeela ikus-entzule, tokia erreserbatuz gero.

Kantu Eskukadak, euskal kantagintza errapaso ilustratua

$
0
0

Gaztezulo aldizkariak eta Olrait Studiok ekoiztu dute Kantu Eskukadak liburua. 100 euskal talderen 100 abesti ilustratu ditu elementu bateratzaile bezala eskuak erabilita. Kantu eta taldea, haren hitzak, eta ilustrazio bana: Olrait Studioko Beñat Rodriguezek eginak dira marrazki horiek.

Eskuen sinbolismoa azaldu zuten liburuaren aurkezpenean: " Pandemia egoeran bete-betean gauden honetan, eskuaren kontzeptua oso sinbolikoa iruditu zaigu, etengabe gel hidroalkoholikoz bustirik dauden gorputzeko zati hauek geure egunerokoaren zutabe garrantzitsu bilakatu baitira. Egia da lehen eskuekin egin genitzakeen gauza garrantzitsu ugari orain pentsaezin bilakatu direla; besarkatu, eskua eman edota behin eta berriz garbitu gabe gauzak ukitu adibidez, baina aldiz, ahoak uneoro musukoaz estaliak dauzkagun honetan, eskuak, komunikatzeko tresna garrantzitsuan ere bilakatu dira. Liburuan topatuko duzuen Berri Txarrak-en Eskuak abestiak dioen moduan "Mezu hilak idazteko eskuak, elkarrekin sentitzeko eskuak, arriskua txalotzeko eskuak eta mundu hau jorratzeko eskuak."

Olrait Studio diseinu bulegoa Beñat Rodriguez diseinatzailearen marka da. Proiektu honen ernamuina Rodriguezen Instagram kontuan sortu zen, han hasi zen Olrait Studioren izena hartuta bere bi pasioak uztartzen, musika eta marrazketa.

Edizio zaindu bat da, ilustrazioak kentzeko trokel batekin datoz orriak, etxerako apaingarriak sortu ahal izateko horrela.

Hauxe kantu bana duten talde eta bakarlarien zerrenda:

Informazio gehiago: Gaztezulo.

Erosteko, gaurdanik Durangoko Azokaren dendan, edo Gaztezuloren webgunean, 25 euroan.

 


Euskaraz.com, euskarazko txat kanal bat berpizteko saioa

$
0
0

Aitor Lopez de Aberasturi ekintzaileak, Kaixo.com-en sortzaileak, euskarazko txat plataforma ireki bat (euskaraz.com) berriz ere martxan jartzeari ekin dio. 1997an sortu zen Kaixo.com, eta handik gutxira txata argitaratu zuen atariaren gehigarri gisa. Bere bidea egin zuen hark, baina tartean bere oinarri teknologikoa desagertu zen, eta akabo euskarazko txata. Gaur egunean, txat funtzioa, berriketa, Telegram edo Whatsapp aplikazioek hartu dute, komunikazio kanal gehigarri bat bezala, baina Lopez de Aberasturik uste dut merezi duela euskarazko txat-gela ireki eta kolektiboarekin berriro saiakera bat egitea, eta azpiegitura eraberritu bat prestatu du horretarako.

Kaixo.com-eko txat zaharra "Euskaraz egiten zen kanal bakarra zen, eta 200 lagun batera euskaraz idazten ikusteko aukera izan genuen. Denbora pasa zen, WhatsApp-arekin erabiltzaile kopuruak behera egin zuen, eta, hori gutxi balitz, erabiltzen nuen IRC zerbitzaria kendu zuten. Horrela bukatu zen euskarazko lehenengo txataren historia". 

2020an, pandemiarekin, halako tresna batek berriz zentzua izan zezakeela pentsatu zuen Lopez de Aberasturik eta Chatzona izeneko apziegitura batekin saiatu zen, eta iragarpen batzuk egin arren, ez zuen lortu jende bilketarik.

Orain, beste saiakera banatuago bat egiten saiatuko da KiwiIRC izeneko IRC bezero librearen bidez. Kanal anitzak sor daitezke, eta Lopez de Aberasturik #euskaraz izenekoa proposatzen du. Euskaraz.com helbidean sartu eta bertan probatu dezakezue.

Baina aldi berean, iframe bidez txataren kanala beste webgune batzuetan itsasteko modua eskaintzen da. Hortik bere izaera banatua eta partekatua. Azalpen orrian agertzen da kode hori, eta probatzeko, guk albiste honetan bertan itsatsi dugu.

 

 

Informazio gehiago, #Euskaraz txata, azalpenak.

Egunkariaren 30 urteak, Egunero simulakroaren 30 urteak

$
0
0

Gaur dira 30 urte Euskaldunon Egunkaria jaio zela. Urtemuga biribil honetan Berriak gaur artikulu sorta interesgarria dakar. Durangoko Azokaren lehen eguna 6ko hau suertatu zen 1990 hartan, eta gauzak oroitzeko eguna dugunez, Egunkaria aurkeztu zen egunean aurkeztu zen beste kontu bat ere oroitu nahi dut gaur: Egunero egunkari proiektua.

 

Egunkariaren sorrerako argazki zaharrak ere badatoz gaurko Berriaren alean. Horietako batean banago neu, Luis Fernandez, kazetari gazte bat orduan (Luistxo umetako izena geroago hasi nintzen berreskuratzen, Internetera salto egindakoan). Bezperako emozio eta parrandaren ondoren, abenduaren 6ko goiza Durangoko Azokan igaro nuela gogoratzen naiz. Pre-Landako garaiak ziren. Anedokta hau kontatu dut lehenago, baina tira, berriro ere.

1990eko abenduaren 6 hartan, Eusko Jaurlaritzak ekimen inportante bat aurkeztu zuen Durangoko Azokan. Erakusmahaia bazegoen, eta aleak banatu ziren, Egunero egunkari publiko posibklearen kontra-proiektuarenak. Euskadi Irratiak kazetari praktikante bat zeukan Durangoko Azokan, eta instrukzioak jaso zituen Irratitik galdeketa egiteko Azokako bisitariei: ea zer iruditzen zitzaien Egunero. Horixe da egia, kazetari hura agurtu nuenean lotsatuta azaldu zidana: Euskadi Irratiak zer galdetu zuen Durangoko Azokako kale-inkesta hartan, Euskaldunon Egunkaria jaio zen goizean, 1990eko abenduaren 6an; ea zer iruditzen zitzaion jendeari Egunero.

Joseba Arregi zen EJko Kultura Sailburua urte haietan eta amorru handia zion gizonak Egunkariaren egitasmoari. Harrezkero, bere amorrua baretu barik, abertzaletasun eta euskaltzaletasun osora hedatu dela iruditzen zait, eta Espainiako Erregeari bibaka ikusi dut azkenengoz bideo fantastiko batean.

Urte eta erdi gutxienez iraun zuen Arregik inposatutako boikotak, gaurko Berrian bertan irakur daitekeenez.

Irrati-inkesta zaharrera etorrita berriro... Egunero delakoa zer iruditzen zaizue? Goio Arana irakasleak ale bat gorde zuen, eta duela urte batzuk dokumentatu zuen simulakro haren edukia. Hemen duzue.

Buyan, komikia euskaraz app batean

$
0
0

2019ko argitalpena izan zen Buyan, Heriotzaren uhartea komikia, baina aurten berrikuntza batekin ber-estreinatu da: aplikazio gisa. iOS bertsioan 5 euro kostatzen da, eta Android-ekoan 6 euro. Europa eta Asiaren arteko mugan Erdiaroan kokatzen daBuyan. Herrialde zanpatzaileak (urrezko horda, zaldun teutoniarrak) eta herri indigenak topatzen dira istorian.

Atzamar zeinuekin aurrera eta atzera, glosario eta mapa batera iristeko modua (protagonisten abenturako unean uneko kokapena erakusten du), aurkibide grafiko bat...Euskarazko komikia da, baina aplikazioak hizkuntza aldaketa du orrialde batzuk partzialki ingelesez eta frantsesez baitaude. Komikia paperean izan gabe esperientzia berri bat. Uste dugunez, era honetako lehen produktua euskaraz, Igor Leturiak bere blogean azpimarratu zuen bezala, agian etorkizunekoa.

Buyan udatzi zuten Martin eta Xabier Etxeberria anaiek; marraztu zuen Aritz Truebak, eta Josu Igoak programatu du aplikazioa.

Komikia izanda, tablet edo iPad batean hobeto ikusiko da, noski. Deskargatu eta erosteko.

 

Martera pertsonak eraman nahi dituen prototipoaren lehen jauzia egingo da gaur arratsean

$
0
0

Elon Mask magnatearen SpaceX enpresa, lehendabizi Ilargira eta ondoren Martera astronautak eramango dituen espazio ontzia eraikitzen ari da une honetan. Motorren indarra eta erregaiaren deposituaren probak (kriogenizazio eta presio probak) egin ostean, gerora izango den ontziaren lehen etaparen pieza guztiak muntatuta izango dituen SN8 prototipoarekin 12,5km-ko jauzia eta lur hartzea probatu nahi dute gaur. Euskal Herriko arratsaldeko 4etatik aurrera izango da aurreneko jaurtiketa hori.

SpaceX konpainiaren Texas hegoaldeko espaziontzi instalazioetan (Boca Chica) gauzatuko da proba gaur arratsaldean. Ordua zehazteko badago ere, gure 16:00etatik gauerdi bitarteko tartean egingo dute saiakera. Orain arte probatu gabeko hainbat zati probatu beharko dituzte lehen aldiz, lur hartzeko "sabel bira" (belly flop) arriskutsua barne.

SN6 prototipoaren 150m-ko hegaldia

Probaldiak ez du luze iraungo, baina arrakastatsua izateko aukera gutxi ditu. 150m luze eta 9m zabalera dituen txipiroi erraldoi itxurako ontzi honetan, 100 bat bidaiari sartzen omen dira. Nik zalantza handiak ditut, baina hau horrela bada, proba hau arrakastatsua izanez gero, pauso handia izango da Ilargirako eta Marterako bidaiak egiten hasteko.

Esan gabe doa, gaur egungo suziri arruntekin alderatuz, guztiz berrerabilgarria izango dela. Bi etapa izango ditu eta biak behin eta berriz erabili ahal izango dira, eraikuntza kostuak murriztuz eta jaurtiketak azkartuz. Gaur egun SpaceXen Falcon9 ontziaren lehen etapa bakarrik da berrerabilgarria, baina elementu asko geratzen dira espazioan bueltaka edota atmosferan erreta. Guztiz berritzailea eta momentu honetan Nasak berak Ilargirako duen Artemis programako eraikitako SLS ontziaren guztiz ezberdina.

Starship ontziaren ilargiko bidaia baten ilustrazioa

Elon Masken esanetan, 2024rako tripulaziorik gabeko lehen ontziak bidali nahi dituzte Martera, 2026an pertsona talde bat bidaltzen dutenerako bertan bizi ahal izateko beharrezko ekipajea izan dezaten.  Zientzia fikzioa dirudi une honetan, baina, nork daki etorkizun hurbil bateko lehen pausoak ikusiko ote ditugun gaur.

Dena dela eta emaitzak emaitza, ikustekoa izango da! Hemen behean uzten dizuedan Youtube zuzenekoan ari dira ikuskizun honen jarraipena egiten:

Lemmy.eus, euskarazko foroak egiteko plataforma berria

$
0
0

Euskarazko foroak edo eztabaida / informazio hariak sortzeko webgune bat jaio da, Lemmy.eus. Euskarazko Reddit moduko bat. "Badago galdetu nahi duzun eta ausartzen ez zaren zerbait? Denbora-lerroaren tiraniaz nazkatu zara eta foro tematikoak nahiago dituzu? Probatu lemmy.eus".

Lemmy software libreko proiektua da. Euskarazko instantzia da orain sortu dutena euskal informatikari batzuek. Reddit-en bezala, komunitate edo azpitaldeak daude, eta horietako bakoitzean, hariak. Adibidez, hona bi talde:

Eta azkenengo horo horretako adibide gisa, hari bat:

Baina badago funtsezko desberdintasun bat foro honen eta beste batzuen artean. Zerbitzari federatu edo ez-zentralizatuen bitartez funtzionatzen du Lemmyk, fedibertsoa esan izan zaion zerbitzuen logika eta filosofian. Oraingoz, instantzia bakarrean dabil euskarazko proiektua, baina de-zentralizatu eta federatu daiteke gehiago sortuz gero.

Lemmy.eus-ek oinarrizko arau batzuekin funtzionatzen du (hemen detailean zehaztuta), eta horien artean euskaraz jarduteko dela zehazten da:

  • Adeitsua izan. Jendea ongietorria sentitzea, denon onurarako da.
  • Ez inor iraindu edo jazarri. Eduki eta jarrera intoleranteak debekatuta daude.
  • Publizitaterik ez.
  • Euskaraz aritu.

Informazio gehiago eta kontakturako bidea, hemen. Bisitatu Lemmy.eus

Durangoko Azokak arrakastatsutzat eman ditu salmenta digitalak

$
0
0

Durangoko Azokako arduradunek edizio halabeharrez digitalaren datuak eman dituzte hau, pozez eman ere, ontzat eman baitituzte zenbakiak, espero zituztenak baina handiagoak (oraindik gaur lanean ari ziren Landakon, banaketa biltegi bihurtuta, Gerediaga elkarteak banatutako irudian ikusten den bezala). Abenduaren 4tik 8ra arte 7.800 erosketa egin dira Azokako webguneko dendan, 400.000 euroko salmentak gaindituz. Nota onarekin gainditu du beraz azokak koronabirusaren pandemiaren urtea.

Gerediaga elkarteak emandako datuen arabera, guztira 27.758 produktu erosi dira dendak erregistratutako 7.800 erosketa saio horietan: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5145 bestelakoak. Batazbeste, erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3’5 produktu erosi ditu batazbeste.

Webguneak inoiz baino bisitari gehien izan ditu azken bost egunetan. 147.000 lagun baino gehiago sartu dira eta une jakin batzuetan, 4.000 lagun inguru aldi berean. Egitarauko ekitaldiak streaming bidez jarraitzen 43.500 lagun zenbatu dituzte.

Orain, katalogoko liburuen eskaerak egin ahal izango dira, urtarrilaren 8a bitartean, "Zu non, han DA!" egitasmora gehitu diren Euskal Herriko 141 liburudendetan.

Erakusleen aldetik, batzuen iritziak jaso ditu Berriak. Alberdania argialetxeko Jorge Gimenezek eman du, horien arte, datu zehatzik (atzo jasotako hitzak): "Datuei begiratuta, iazkoaren %48an ibili gara azokaren lehen lau egunetan, salmenta aldetik. Gaur txukun-edo eusten badiogu horri, beraz, %40-50 inguruan ibiliko gara. Niretzat, sorpresa ikaragarria da hori."

 

Martera pertsonak eraman nahi dituen prototipoaren lehen jauzia egingo da gaur asteazkenez (agian)

$
0
0

Elon Musk magnatearen SpaceX enpresa, lehendabizi Ilargira eta ondoren Martera astronautak eramango dituen espazio ontzia eraikitzen ari da une honetan. Motorren indarra eta erregaiaren deposituaren probak (kriogenizazio eta presio probak) egin ostean, gerora izango den ontziaren lehen etaparen pieza guztiak muntatuta izango dituen SN8 prototipoarekin 12,5km-ko jauzia eta lur hartzea probatu nahi dute gaur. Euskal Herriko arratsaldeko 4etatik aurrera izango da aurreneko jaurtiketa hori. Eguneraketa, asteazkena 9: ez da jaurtiketarik izan astearte gauez (artikulu hau argitaratutako lehen egunean), arazo desberdinak tarteko; baina gaur asteazkena, 21.00ak aldera espero da.

SpaceX konpainiaren Texas hegoaldeko espaziontzi instalazioetan (Boca Chica) gauzatuko da proba gaur arratsaldean. Ordua zehazteko badago ere, gure 16:00etatik gauerdi bitarteko tartean egingo dute saiakera. Orain arte probatu gabeko hainbat zati probatu beharko dituzte lehen aldiz, lur hartzeko "sabel bira" (belly flop) arriskutsua barne.

SN6 prototipoaren 150m-ko hegaldia

Probaldiak ez du luze iraungo, baina arrakastatsua izateko aukera gutxi ditu. 50m luze eta 9m zabalera dituen txipiroi erraldoi itxurako ontzi honetan, 100 bat bidaiari sartzen omen dira. Nik zalantza handiak ditut, baina hau horrela bada, proba hau arrakastatsua izanez gero, pauso handia izango da Ilargirako eta Marterako bidaiak egiten hasteko.

Esan gabe doa, gaur egungo suziri arruntekin alderatuz, guztiz berrerabilgarria izango dela. Bi etapa izango ditu eta biak behin eta berriz erabili ahal izango dira, eraikuntza kostuak murriztuz eta jaurtiketak azkartuz. Gaur egun SpaceXen Falcon9 ontziaren lehen etapa bakarrik da berrerabilgarria, baina elementu asko geratzen dira espazioan bueltaka edota atmosferan erreta. Guztiz berritzailea eta momentu honetan Nasak berak Ilargirako duen Artemis programako eraikitako SLS ontziaren guztiz ezberdina.

Starship ontziaren ilargiko bidaia baten ilustrazioa

Elon Musken esanetan, 2024rako tripulaziorik gabeko lehen ontziak bidali nahi dituzte Martera, 2026an pertsona talde bat bidaltzen dutenerako bertan bizi ahal izateko beharrezko ekipajea izan dezaten.  Zientzia fikzioa dirudi une honetan, baina, nork daki etorkizun hurbil bateko lehen pausoak ikusiko ote ditugun gaur.

Dena dela eta emaitzak emaitza, ikustekoa izango da! Hemen behean uzten dizuedan Youtube zuzenekoan ari dira ikuskizun honen jarraipena egiten:


Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30. urteurrena

$
0
0

Gaur betetzen dira 30 urte Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30. urteurrena ospatzen dela. Euskal Herrian zenbait hirik egin dute bat urteetan zehar gutunarekin, tartean Donostiak, Bilbok, Iruñeak eta Gasteizek. Gutunaren edukiak gogoratzeko aprobetxatu dugu artikulu hau.

 

Gaurko eguna bera, azaroaren 30a, hiri hezitzaileen nazioarteko eguna da, eta bereziki ospatu da Gasteizen. Adierazpen instituzionala egin da, erakusketa bat dago ikusgai hirian egunotan, eta bideo bat prestatu dute.

Hiri hezitzailea izatea zertan datzan oroitzeko, PDF eran gordetzen den Gutunaren euskarazko bertsiotik bere 20 printzipioak ekarriko ditugu testu formatura, zeinak hiru ataletan bereizten diren.

Hiri Hezitzailerako Eskubidea

1 Hiriko biztanle orok hiriak prestakuntzan, entretenimenduan eta norberaren garapenean eskainitako bitarteko eta aukerak askatasunez eta berdintasunez gozatzeko eskubidea izango du. Hiri hezitzailerako eskubidea proposatzen da pertsona guztiek hezkuntzarako duten funtsezko eskubidearen hedapen gisa. Hiri hezitzaileak konpromisoa etengabe berritzen du bere biztanleak bizitzan zehar eta era askotako arloetan prestatzeko. Eta hori ahalbidetzeko, talde guztiak eta bakoitzaren beharrak hartu beharko ditu kontuan.

Hiriaren plangintzan eta gobernuan, behar diren neurriak hartuko dira edonolako oztopoak kentzeko, hesi fisikoak barne, berdintasunerako eskubidea eragozten badute. Udal-administrazioa eta hirian eragiten duten beste administrazio batzuk izango dira horren erantzule; eta biztanleak beraiek ere zeregin horretan konprometiturik egongo dira, hala gizabanako bakoitzaren mailan nola pertsonak partaide diren elkarteen bidez.

2 Hiriak aniztasunean oinarritutako hezkuntza sustatuko du, betiere ulergarritasuna, nazioarteko lankidetza solidarioa eta munduko bakea helburu. Bazterkeria-mota orori aurre egingo dion hezkuntza izango da. Adierazpen-askatasuna eta kultura-aniztasuna sustatuko ditu, bai eta berdintasunean oinarritutako elkarrizketa ere. Halaber, abangoardiako nahiz herri-kulturako ekimenak onartuko ditu, beren jatorria edozein izanik ere. Merkatu hutseko irizpideek kulturaren sustapenean sortutako desberdintasunak zuzentzen lagunduko du.

3 Hiri hezitzaileak belaunaldien arteko elkarrizketa sustatuko du, ez soilik bizikidetza baketsurako formula gisa, baizik eta hainbat adinetako pertsona-taldeen arteko proiektu bateratuak eta partekatuak bilatzeko. Proiektuok bideratu beharko lirateke gizalegezko ekimenak eta ekintzak gauzatzera, eta baliagarriak izango dira belaunaldien arteko izaera duten heinean eta adin guztietako gaitasunak eta balioak aintzat hartzen dituzten neurrian.

4 Hezkuntza-izaerako udal-politika guztiek testuinguru zabalagoa izan behar dute xede, betiere justizia sozialean, gizalege demokratikoan, bizi-kalitatean eta beren biztanleen sustapenean oinarriturik.

5 Udalerriek eraginkortasunez erabiliko dituzte hezkuntzan dagozkien eskumenak. Eskumen horren irismena edozein izanik ere, hezkuntza-politika zabala egin beharko dute, zeharrekoa eta berritzailea, bere barnean hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren molde guztiak hartuko dituena, bai eta hirian sortzen diren kultura-adierazpen, informazio-iturri eta errealitatea ezagutzeko bideak ere.Egingarritzat jotzen diren politikak ezartzea eta haien eraginkortasuna ebaluatzea dira udaladministrazioaren politika; horrez gain, estatu edo erregio mailako beste administrazio batzuen lege-erabaki egokiak lortzea ere bai.

6 Jarduketa egokia egiteko, hiriko udal-politikaren arduradunek beren biztanleen egoerari eta beharrei buruzko argibide zehatza izan beharko dute. Alde horretatik, azterlanak egin eta behar bezala eguneratuko dituzte, bai eta jendaurrean jarri ere. Halaber, gizabanakoei eta taldeei irekitako bide iraunkorrak ezarriko dituzte proposamen zehatzak eta politika orokorrekoak egiteko aukera izan dezaten.

Era berean, bere ardurapeko arlo orotan erabakiak hartzeko prozesuetan, udalerriak kontuan hartuko du erabakiek hezkuntzan eta prestakuntzan izango duten eragina.

Hiriaren konpromisoa

7 Hiriak bere nortasuna, nortasun konplexua, aurkitzen, babesten eta aurkezten jakin beharko du. Horrexek egingo du hiria paregabe, eta elkarrizketa emankorraren oinarria izango da bai bere barnera, bai beste hiriekin. Hiriaren ohiturak eta jatorriak bateragarri izan behar dira nazioarteko bizimoduekin. Horrela, irudi erakargarria eskaintzeko aukera izango du bere naturaeta gizarte-ingurunea galarazi gabe.

Aldi berean, hirian mintzatzen diren hizkuntzen ezagutza, irakaskuntza eta erabilera sustatuko ditu, pertsonen arteko lokarria eta uztarketa-bide delakoan.

8 Hiriaren eraldakuntza eta hazkunderako, oreka aurkitu beharko da: premia berriak kontuan hartu bai, baina iraganaren nahiz izatearen eraikuntza eta ikur adierazgarri nabarmenek iraun egin beharko dute. Hiri-planifikazioak kontuan hartu beharko du hiri-inguruneak jende guztiaren garapenean eta jendearen xede pertsonalak eta sozialak integratzeko duen eragin handia, eta belaunaldiak nahiz kultura desberdineko pertsonak bereiztearen aurka jardun beharko du, denek baitute elkarrengandik zer ikasi handia.

Esparru fisikoa antolatuko da irisgarritasun, topaketa, harreman, jolas eta olgeta arloko beharrei jarraiki, eta naturara gehiago hurbiltzea hartuko da kontuan. Hiri hezitzaileak arretaz zainduko ditu mendetasuna duten pertsonen beharrak hirigintza, ekipamendu eta zerbitzuen planifikazioan, haiei ingurune atsegina bermatzeko eta izan ditzaketen mugaketak errespetatzeko, ahalik eta autonomia handienari uko egin behar izan gabe.

9 Hiri hezitzaileak herritarren parte-hartzea sustatuko du ikuspegi kritikotik eta erantzunkidetik. Horretarako, toki-gobernuak behar den argibidea eman eta, zeharkakotasunetik, balio etikoetan eta gizalegezkoetan hezteko orientabideak eta jarduerak sustatuko ditu.

Aldi berean, herritarrak guztien proiektuan parte hartzeko jarrera bultzatuko du erakundeetatik eta talde zibiletatik nahiz sozialetatik abiatuta, eta aintzat hartuko ditu bai ekimen pribatuak, bai eta berezko parte-hartze formak ere.

10 Udal-gobernuak biztanle guztien –eta, bereziki, haur eta gazteen– garapen pertsonal, sozial, moral eta kulturalarekin bat datozen esparru, ekipamendu eta zerbitzu publiko egokiez hornitu beharko du hiria.

11 Hiriak bere biztanle guztien bizi-kalitatea bermatu beharko du. Horrek berekin dakar natur ingurunearekiko oreka, ingurumen osasuntsurako eskubidea eta, horrez gain, etxe, lan, aisia eta garraiorako eskubidea ere, besteak beste. Aldi berean, aktiboki sustatuko du osasunerako hezkuntza eta biztanle guztien parte-hartzea garapen iraunkorreko jokabide egokietan.

12 Hezkuntza-proiektu esplizitua, edo hiriaren egituran eta erregimenean inplizitua dagoen hezkuntza-proiektua, hiriak sustatzen dituen balioak, eskaintzen duen bizi-kalitatea, antolatzen dituen ekitaldiak, prestatzen dituen edonolako kanpainak edo proiektuak gogoeta gai eta partaidetza xede izango dira, behar diren lanabesak erabilita, pertsonei –gizabanako gisa eta talde gisa– hazten laguntzeko.

Pertsonen zerbitzu osoan

13 Udalerriak ebaluatuko du haur eta gazteek inolako bitartekaritzarik gabe jasotzen dituzten kultur, josteta, informazio, publizitate edo beste era bateko proposamenen eta errealitateen eragina. Hala gertatzekotan, udalerriak zentzuzko azalpenak edo interpretazioak emango ditu inoren gogoa makurrarazi nahi izan gabe. Era berean, oreka jartzen ahaleginduko da babesbeharraren eta ezagutzarako autonomiaren artean. Halaber, prestakuntza eta eztabaidarako esparruak eratuko ditu, hirien arteko trukaketa barne, hiriek sortzen dituzten berritasunak biztanle guztiek beren gain erabat har ditzaten.

14 Hiria familiei behar bezalako prestakuntza ematen ahaleginduko da, haien seme-alabei hazten laguntzeko, haien seme-alabei hiriaren funtsa barneratzen laguntzeko, elkarrekiko begirunearekin bat. Alde horretatik, oro har, hezitzaileentzako prestakuntza-proposamenak garatuko ditu, bai eta hirian, nahiz eta maiz ohartu gabe, hezkuntza-eginkizunak betetzen dituzten pertsonentzat ere (gizabanakoak edo zerbitzu publikoetako langileak izan). Era berean, arduratuko da zuzenean udalerriaren mendean dauden segurtasuneko eta babes zibileko kidegoek proposamen horiekin bat jardun dezaten.

15 Hiriak beren biztanleei gizartean tokia betetzeko aukera eskaini beharko die; behar bezalako aholkularitza emango die beren orientazio pertsonalerako eta beren lan-bokazioa lantzeko, eta gizarte-jardueretan parte hartzeko aukera emango die. Hezkuntza eta lanaren arloari dagokionez, garrantzitsua da esatea harreman estua egon beharko duela hezkuntzaren planifikazioaren eta lan-merkatuaren beharren artean.

Alde horretatik, hiriek gizartearen eskaria kontuan hartuko dituen prestakuntzarako estrategiak definituko dituzte eta, aldi berean, sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin elkarlanean arituko dira lanpostuak sortzeko eta izaera formaleko zein ez-formaleko prestakuntza-jarduerak bizitzan zehar antolatzeko.

16 Hiriak ohartu beharko zaizkie beren barnean dauden esklusio- eta bazterkeria-mekanismo eta -mota guztiei, eta behar diren politikak egingo dituzte halakoak zuzentzeko. Bereziki, iritsi berri diren pertsonei egingo diete harrera, etorkinak edo errefuxiatuak izan, hiria beraiena balitz bezala askatasunez sentitzeko eskubidea dutelako. Halaber, ahaleginak egingo dituzte auzoen eta haietako izaera guztietako biztanleen artean kohesioa sustatzeko.

17 Era askotakoak izan daitezke desberdintasunak zuzentzea helburu duten esku-hartzeak, baina guztiek pertsonaren ikuspegi osoa izan beharko dute abiapuntu, bakoitzaren interesek eta guztiei dagozkien eskubideek osatutako ikuspegi osoa, alegia. Esku-hartze esanguratsu orok koordinazioa bermatu beharko du tartean sarturik dauden administrazioen eta beren zerbitzuen artean. Halaber, administrazioen eta libreki eta demokratikoki antolatutako gizarte zibilaren arteko lankidetza sustatuko da. Izan daitezke hirugarren sektorea esaten zaion horretako erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak eta antzeko erakundeak.

18 Hiriak elkartegintza sustatuko du herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta gizalegezko erantzunkidetasunari erantzuteko, dela komunitatearen zerbitzuko jarduketak bideratzeko, dela pertsonen garapen sozial, moral eta kulturalerako informazioa, materialak eta ideiak lortzeko. Aldi berean, prestakuntzan lagunduko du elkartegintzak berekin dakartzan erabakietan, planifikazioan eta kudeaketan parte hartzeko.

19 Udalerriak behar hainbateko informazio ulergarria bermatu beharko du eta, aldi berean, bere biztanleak informa daitezen sustatuko du. Aintzat hartuta gaur egun eskura dagoen informazio-jario handia aukeratu, ulertu eta tratatzearen balioa, hiri hezitzaileak guztien esku dauden baliabideak jarriko ditu. Udalerriak harrera berezia behar duten taldeak identifikatuko ditu, eta informazio, orientazio eta laguntzarako puntu espezializatuak jarriko ditu haien eskura.

Aldi berean, informazioaren eta komunikazioen teknologietan ikasteko programak ezarriko ditu, adin eta gizarte talde guztientzako ezarri ere, esklusio molde berriei aurre egiteko.

20 Komunitatearentzako gero eta beharrezkoagoa den helburua den aldetik, hiri hezitzaileak balioetan prestatu eta herritartasun demokratikoa lantzeko praktikak eskaini beharko dizkie biztanle guztiei: errespetua, tolerantzia, parte-hartzea, erantzukizuna eta gauza publikoaren aldeko interesa, bai eta bere programen, beren ondasunen eta bere zerbitzuen aldeko interesa ere.

Bideo-jokoei buruzko euskarazko lehenengo argitalpena

$
0
0

Asteburuan izan da Jokoteknia jardunaldi, gamer komunitate euskaldunaren urteko topaketa. Jardunaldiak berarekin ekarri zuenaz aparte (bereziki 3000 Twitz kanpainaren abiatzea), lehen aurrerapen bat ere aurkeztu zuten, Bideo-jokoei buruzko euskarazko lehenengo argitalpena izango denarena.

Jokoteknia jardunaldietan bildutako txosten eta lanak dira liburuxkaren oinarria. Liburuxkak Jokoteknia 2018, 2019 eta 2020ko hamalau hitzaldietan oinarritutako artikuluak bilduko ditu.

Hiru urte horietan hainbat profesionalen ekarpenak jaso dira Jokoteknian, eta ondorioz, liburuxkak askotariko gaiak landuko ditu, besteak beste, euskal bideo-jokoen historia, ekoizpena, diseinua, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa.

Game Erauntsiko kide Maitane Junguitu Komunikazio Doktorea da lan honen editorea. «Jadanik hiru artikulu amaituta daude eta gainontzekoak lantzen lanean ari gara autoreekin. Gure asmoa liburuxka PDF formatuan gure webgunean argitaratzea da 2020 urtea amaitu baino lehen. Hau Creative Commons lizentziapean zabaldu nahi dugu, edonork eskura izan dezan. Horretaz gain, euskal kulturaren hainbat eragileri proposatu diogu paperezko bertsio bat argitaratzea. Hau lantzen ari garen aukera bat da, baina paperean argitaratzea ez da gure lehentasuna”, azaldu du Junguituk.

EAEko Ondarearen webgunea berritu da, ondare ukiezinaren gehikuntzaz (dantzak, oraingoz)

$
0
0

Euskal Kultura Ondarearen Zentroak, Eusko Jaurlaritzaren baitako erakundeak, bere webgunea berrantolatu du. Lehendik zeuden ondare fitxez gain, atal oso berri bat osatzen hasi dira, ondare ukiezin edo inmaterialari dagokion atala, zeina dantzen inguruko informazioarekin osatzen hasi dira.

Ondare ukiezinari buruzko atal horretan, orraingoz euskal dantzei buruzko 443 erregistro dira, arlo horretako adituen lanari esker egindakoak, eta irudiak eta bideoak biltzen dituzte. Zatak elkartea, herri ondarea ikertzeko taldea, ari da lan hori egiten. Hona dantzen atala, eta adibide gisa, Eskuernagako makil-dantza baten berri.

Hurrengo egiten ari diren lana, erlazionatutakoa: landa-inguruneko inauteriei buruzko erregistroak ikusiko ditugu laster.

Tamala, EAEko informazioa dela, hiru probintziatakoa eta ez Euskal Herri osokoa.

Beste gehikuntza batzuk:

  • Industria-ondarearen atalean, Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko informazioa eta gordailu horretan gordetzen diren pieza batzuei buruzko interes handiko beste xehetasun extrak jarri dituzte.
  • EAEko paisaiarik bereizgarrienak izeneko atala, baliabide naturalen ustiapenaren ondoriozko paisaiak edo Vasco-Navarro trenbidekoak tartean, adibidez. 
  • Unescok Munduko ondare deklaratutako ondasunak: Bizkaia zubia, Iparraldeko Donejakue Bidea eta labar-artea duten leizeak.
  • Aurrekoarekion lotuta, Done Jakue Bideari dagokionez, ehun sarrera berri baino gehiago egin dira 8 etapatan zehar (Kostaldeko bidea dokumentatuta oraingoz). Atal horren mapa-bisualizazioari atera diogu pantaila-irudia artikulu hau ilustratzeko.

Bisitatu webgune berritua: https://www.euskadi.eus/app/ondarea-euskal-kultura-ondarea/

 

SN8 espaziontziaren lur-hartze zaila

$
0
0

Bi arratsaldez jarraian iragarri genuen atzo eta herenegun Spacex enpresaren SN8 prototipoak bere probako hegaldi inportantea egin behar zuela... atzerapenak atzerapen, bart izan zen hegaldia. Aireratu eta 12.5 kilometroko altuerara iritsi zen, baita jaitsi eta lur-hartzeko tokia aurkitu, posizio bertikala erdietsi, eta... lur hartzean, eztanda egin zuen. Lortu nahi denaren zailtasuna nabarmentzeko, pentsa dezagun ze tamaina duen SN8ak.

 

Bideo honetan ikusten da lur hartzean izandako istripua eta eztanda.

Ingenieritzaren aldetik, ontzi horrek bertikalki lur hartzeko behar den zehaztasun eta indarraz pentsa dezagun une batez. Ikus gorago nolako altuera eta tamaina duen SN8 koheteak (122 metro), alderatuta Bizkaiko eta Gipuzkoako eraikin garaienekin, Iberdrola dorrearekin eta Eibarko Untzagako dorrearekin.

Itxura batean, ontziari aireratzen lagundu zioten Raptor izeneko hiru motorrek ez zuten aski indar edo fuel gorde lurreratzean ontzia balaztatzeko. Abiadura handiegia izan da lur hartzeko unean, eta horrela ez dago egiturari osorik eusterik. Hegaldia, dena dela, arrakastatsutzat jo dute aditu askok, beste helburu tekniko batzuk bete direlakoan. Dena dela, Spacex enpresak ez du argitu ea 12.5 kilometroko altuera erdietsi zen. Hegaldiaren iraupena 6 minutu pasakoa izan zen.

 

 

 

 

Disney Plus-en euskara egoteko eskaera

$
0
0

Disney Plus plataformak euskara integratu dezan kanpaina bat abiatu zen hilabete hasieran. Guraso talde bat omen dago atzean. "Filmak, telesailak, marrazki-bizidunak oso garrantzitsuak dira gaur egungo haur eta gaztetxoen aisialdian. Euskaraz izan ditzaten sinatu eta zabaldu!", diote. Izenpe bilketa egiten ari dira plataforma honetan.

Hauxe da eskaera, hain zuzen:

2020ko martxoaren 24an, Disney + iritsi zen Espainiar Estatura, Disney konpainiak berak eta bere filialek, hala nola Pixarrek, ekoiztutako edukiak biltzen dituen sareko bideo plataforma. Plataforma berri honekin, euskal hiztun garen ikusleok berriro ikusi ditugu gure hizkuntza eskubideak urratuta, izan ere, Disneyk aukeratu du konpainiaren filmen bertsio digitalek ere, zinemakoen moduan, euskal bertsiorik ez izatea.

Eusko Jaurlaritzak berriki kazetari baten galderari erantzun zionez, duela urte batzuk Disney-ri hemen estreinatzen ziren filmak euskaraz ere estreinatzea iradoki zitzaionean, multinazional estatubatuarrak “ez zuen inolako interesik” agertu. Halabaina, ez da interes kontua, eskubide kontua baizik.

Jaurlaritzaren informazio hori bilatu dugu, baina ez dugu aurkitu. Xabi Paya kultura eragilearen adierazpen batzuk horri buruz bai, ordea, hemen. Nolanahi ere, horrela jarraitzen du eskaerak:

Marrazki bizidunak ikusteko adinean dauden bi haur euskaldunen guraso bezala, uste dut EAEko ekoiztetxeei haurrei zuzenduriko marrazki bizidunen zinema estreinaldiak euskaraz izatea eskatzen zaien bezala, kanpoko enpresei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekela.

Hau dela eta, eskaera bikoitza egin nahi dut: alde batetik, Disney-ri eskatzen diot bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala bai euskal herriko zinema aretoetan bai Disney+ plataforman, eta utz diezaiola euskaldunak diskriminatzeari. Bestetik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Euskal Elkargoari, Disney-rekin harremanetan jar daitezela haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen.

Sinatu nahi bazenu, hemen.

Viewing all 9109 articles
Browse latest View live