Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9041 articles
Browse latest View live

Joxe Azurmendi: Herria, hizkuntza, kultura (hitzaldia Elgoibarren)

$
0
0

Haritz Azurmendi filosofoak eta Lorea AgirreJakin aldizkariko zuzendariak jardungo dute elkarrizketan Joxe Azurmendi filosofoaren gainean, Elgoibarren irailaren 28am, asteazkenarekin. Joxe Azurmendi filosofoa Euskal Herriko saiakeragile oparoenetakoa da, oparoena ez bada. Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen eta horretan dihardu gaur egun ere

Joxe Azurmendiren pentsamendua eta obraren gainean jardungo dute elkarrizketan Haritz Azurmendik eta Lorea Agirrek. Haritz Azurmendi Arrue, filosofoa eta Joxe Azurmendiren gaineko doktore tesiaren egilea da; Lorea Agirre Dorronsoro, berriz, Jakin aldizkariko zuzendaria.

Joxe Azurmendik filosofiaren auzi eta ertz unibertsal ugari landu ditu, beti antidogmatiko eta kritiko, eta beti eraikitzaile. Baina bere ezaugarri garrantzitsuena filosofia guretik landu izana da, hau da, gaur egungo munduan euskaldun izatearen kondiziotik pentsatu izana mundua. Hori izan du urgentzia: mundua guretik pentsatzea. Nazioaren -herriaren, hizkuntzaren, kulturaren- pentsalari handiena dugu, garen GU horri edo izan nahi dugun GU horri izateko arrazoiak emateko.

Eguna: irailak 28, asteazkena

Ordua: 19:00

Tokia: Aita Agirre kulturguneko areto nagusia, Elgoibar (Aita Agirre plazan).

Joxe Azurmendi: herria, hizkuntza, kultura elkarrizketa Hasier Etxeberria zenaren oroimenez antolatzen den Biba Hasier! ekimenaren baitan antolatu du Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.


DART zundak asteroide bat jo du hura desbideratzeko asmoz

$
0
0

Bart gauez DART zundak Dimorphos asteroidea jo du espazioan. Hegaldia eta inpaktua espero bezalakoak izan dira, eta asteroidearen gertuko irudi argiak bidali ditu DARTek suntsituta geratu aurretik. Misioaren egitekoa benetan bete den ikusteko, ordea, egun batzuk itxaron beharko dira, helburu hori izan baita zunda batek asteroide baten orbita desbideratu dezakeela demostratzea.

Dart hitza dardoa da ingelesez, baina DART sigla da kasu honetan: Double Asteroid Redirection Test, asteroide desbideraketa bikoitzaren testa. Asteroide bikoitza, izan ere Dimorphos eta Didymos asteroide bikotea izan baitira helburua. Dimorphos txikiagoa da, eta elkarrekin orbitan dabil Didymosekin. NASAKO zientzialarien ustea edo helburua da Dimorphos talkarekin mugiturik, sistema bitar horren orbita aldatu dela baieztatzea. Denbora beharko da hori ikusteko.

Didymos asteroidea handia da Dimorphos bere bidelagunarekin alderatuta, baina berau ere ez da handia. Konparatiba honek erakusten ditu neurriak, tartean DART zundarena, 19 metroko sastakai moduko bat.

Beste alderaketa bat ere zabaldu du NASAk, Dimorphos Erromako Koliseoarekin alderatuta.

Bart gaueko hurbilpena eta talka espero bezala gertatu da, ia urtebeteko bidaiaren ondoren (haurtiketa 2021eko azaroan gertatu zen). DART zundatik parte bat banatu da talkaren aurretik, LiciaCube izenekoa. Hau ez da suntsitu talkan, eta bi asteroideetatik gertu geratu da. Astebete barru aski datu bilduko ditu LiciaCubek, espero denez, desbideraketarik gertatu den jakiteko.

DART zundak irudiak bidali dute gaur goizaldean talka egin aurretik. Azken irudiak erakusten duenez, harriz betetako harri handi bat da Dimorphos.

 

Wikipediako Ikusgela proiektuak bideo bat argitaratuko du astero ikasturtean

$
0
0

Maiatzean eman zuen bere buruaren berri Ikusgela proiektuak. Aurrerapen haren ondoren, gaur aurkezpen ofiziala izan du proiektuak Donostian, eta bertan iragarri dute gaurtik hasita 2022-23 ikasturtean astero bideo bat argitaratuko dela. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak koordinatzen du Ikusgela proiektua, Eusko Jaurlaritzak diruz babestu eta Hiru Damatxok ikus-entzunezkoen adarra jartzen du, Ander Bolibarren zuzendaritzarekin.

Azalpen bideoetan espezializatutako proiektua da Ikusgela. Sarean euskararen presentzia areagotzeko eta euskarazko Wikipedia osatzeko helburua du. Ikasleei zein landutako gaietan interesa dutenei erakargarria egingo zaien tonu freskoarekin, baita narratiba berrietara egokitutako lengoaia eta baliabideak erabiliz ere. Bideo guztiak, gainera, eduki libreekin osatu dira (Simone de Beauvoirren bideo honetan, adibidez, 200 pieza bisual libre konbinatu dira), eta sortutako materiala ere librea izango da, sarean aritzeko modu baten erakusgarri.

Hiru tematikako bideoekin hasi da Ikusgela, atal bakoitzean lengoaia eta edukiak modu berezituan landuz. Filosofian collage erako animazioak dira, eta hiru bideo argitaratu dira. Ekonomian, gaur eman da ezagutzera lehen bideoa, BEZ zergari buruzkoa. Ekonomiari buruzko bideoak Alazne Astorga aktoreak lehen pertsonan azalduko ditu. Euskal literaturako bideoak etorriko dira laster, eta hor marrazki bizidunetan oinarritutako bideoak ikusiko dira. Hona bideo hori ikusgai.

Atal hauetan lankidetza pegagoikoa ere egon da, filosofia bideoetan Joxe Azurmendi Katedrarena eta Agora elkartearena, eta ekonomiakoetan, Laneki eta Jakinbai ekimenena.

Hainbat bazterretan topa dezakegu Ikusgelaren produkzioa:

Hizkuntza politika berpentsatu: jardunaldia urrian

$
0
0

21. menderako hizkuntza politikaz egun osoko jardunaldia antolatu dute elkarlanean Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta Udako Euskal Unibersitateak (UEU). UEUren egoitza akademikoan, Eibarko Markeskoan izango da, urriaren 19an (asteazkena). Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena da 2022 hau, eta aurretik egindako zenbait ekitaldiren segida ere bada jardunaldi hau-

 

Egun osoko jardunaldian mahainguru eta hitzaldiak egongo dira bost ardatz nagusi hauen inguruan:

  • Euskararen egoeraren argazki azkarra.
  • Hizkuntza politikaren beharraz.
  • Gaur egungo marko legalen mugak eta zirrikituak.
  • Tokiko hizkuntza politikaren gobernantza: udalak, eskualdeak, arnasguneak.
  • Hizkuntza politika Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta EAEn: uneko egoera, aukerak eta lehentasunak.

Antolatzaileek uste dute egoera globalak zein Euskal Herrikoak behartzen gaituztela hizkuntza politikaz sakon hausnartu eta eztabaidatzera.

Batetik, "XXI. mendearen lehen laurdenean murgildurik gaudela, mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadako aldaketak ari dira gertatzen: robotizazioa, inteligentzia artifiziala, gauzen interneta, teknologia aurrerapenak, informazio joan-etorriak eta, horren guztiaren ondorioz, gizartearen eta bere balioen eraldaketa sakona. Europan batik bat, ingurunea biziki aldatzen ari da migrazio mugimenduek, mugikortasunak eta gizarte batzuen zahartzeak eraginda. Espero daitekeenez, horrek guztiak sekulako eragina izango du identitatearen erreprodukzio sistemetan oro har eta, zer esanik ez, gurea bezalako komunitate/nazio gutxiagotuetan."

Eta Euskal Herrira etorrita bestetik, "euskararen egungo normalizazio ereduak goia jo duen zantzuak nabari dira hizkuntza zeharkatzen duten arlo gehienetan: hezkuntzan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio prozesuetan, lan munduaren euskalduntzean, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan, besteak beste. Horrek guztiak eragin zuzena dauka euskararen transmisioan eta biziraupenean, kale erabilera datuek adierazten duten bezala".

Informazio gehiago eta matrikulazioa, UEUren webgunean.

Adimen artifizialeko irudigintza eta argazkilaritza, paralelismo posible bat

$
0
0

Adimen artifizialeko irudigintzan Dall-e, Parti edo Stable Diffusion bezalako tresnek erakutsi digutena aurten ikaragarria izan da. Irudigintzarako gaitasun konputazional ikaragarri bat, "sormen" hitza konjuratuz molabait. Horri bueltak emanez, pentsakizun pertsonal bat: artea dira? irudi batzuk ikusita buruak eta arimak (!) esaten dit baietz. Eta artea badira, nor da artista? Nik uste dut badagoela artista bat lan horien atzean eta, bereziki, argazkilaritzarekin paralelo bat ikusten dut hemen.

Argazkilariak klik egiten du, eta aurrean daukan errealitatea kaptatzen du. Hori artea izan daitekeela erabaki dugu. Ume bat irribarrez, argazki ederra izan daiteke; baina irribarre hori ez du argazkilariak sortu, umeak egin du, edo nahi bada, giza aurpegiaren eta sentipenen eboluzio darwindarrrak. Eta hala ere, argazkilaria artista da.

Ba nik esango dut berdintsu dela hemen, adimen artifizialari proposamen bat idatziz, deskribatuz, landuz, erantzun erakargarri bat sortzen duenak, argazkilari baten meritu bertsua baduela gutxienez. "Prompt" horien bidez lortzen denak egiletza bat duela, eta egile batzuk besteak baino artistago izango dira.

Goiko ilustrazioko irudia, adibidez; hemen Sustatun agertu zen sorta bateko bi irudi dira: Oteizaren Azken Afaria(k). Hori marraztu zuen euskal artista Beñat Erezuma deritzon teknofilo bat da. Harrituko da Beñat akaso hau irakurtzen badu, baina, bueno... idatz nezakeela pentsatu dut, idatzi dut, eta kito.

Euskara: Atzerapauso handiak Zizur Nagusiko Udalean

$
0
0

Bada, oraindik ez du errekurtsoa kendu, eta, bitartean, espediente bat abiarazi du Euskararen Ordenantza aldatzeko, euskara deialdi guztietan baloratu behar ez izateko eta balioesten denean gutxiago baloratu ahal izateko (2022ko irailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

EUSKARA: ATZERAPAUSO HANDIAK ZIZUR NAGUSIKO UDALEAN

 

Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2022ko apirilaren 25ean emandako 919. Ebazpenaren bidez, Zizur Nagusiko Udala behartu zuen euskara baloratzera atezainen deialdi batean, %10eko balorazioarekin. Horren aurrean, Zizur Nagusiko Udalak errekurtso judiziala jarri zuen, euskara baloratu behar ez izateko. Zalaparta sortu zen, alderdi politiko euskaltzale batzuek horrela jokatzeagatik (errekurtsoa jartzearen alde bozkatu zuten Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk). Sortutako iskanbilaren ondoren, Zizur Nagusiko Udalak hitzeman zuen errekurtsoa kenduko zuela.

Bada, oraindik ez du errekurtsoa kendu, eta, bitartean, espediente bat abiarazi du Euskararen Ordenantza aldatzeko, euskara deialdi guztietan baloratu behar ez izateko eta balioesten denean gutxiago baloratu ahal izateko (2022ko irailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala):

18. artikuluaren arabera, deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea. Egin nahi den aldaketarekin, euskara balioetsiko da baldin oposizio-lehiaketaren sistema erabiltzen bada. Oposizioaren sistema erabili ahal izanen da, eta euskara ez baloratu. Hala, posible izanen litzateke lanpostu guztiak oposizio bidez betetzea, eta euskara inoiz ez baloratzea.

19. artikuluaren arabera, euskararen puntuazioa puntu guztien %5ekoa izanen da oro har, eta %10 jendaurreko lanpostuetan. Egin nahi den aldaketarekin, esaten den bakarra da gehienez %10 izan daitekeela. Beraz, nahi izanez gero %0,1eko puntuazioa eman dakioke, adibidez.

Geroa Baik, EH Bilduk eta AS Zizur alderdiek bozkatu dute aldaketa honen alde. Beste alderdi batzuek are gehiago murriztu nahi dute Euskararen Ordenantza.

Uste dugu errekurtso judiziala kendu behar dela behingoan, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpena bete, eta Euskararen Ordenantza bere horretan utzi.

Leire Narbaiza blogari eta irakasleari omenaldia

$
0
0

Gaur urriak 1 larunbata, 12.00etan Leire Narbaiza (Eibar, 1968) blogari eta irakasleak, Interneteko eta euskalgintzako ekintzaile nekaezinak, omenaldia jasoko du bere herrian, Eibarren. Herriko Eta Kitto euskara elkarteak antolatzen duen Sagardo Egunaren barruan, txotx irekieraren ekitaldia (eguerdian Untzaga plazan) omenaldi hau markatzeko unea izango da: herrigintza, euskalgintza eta gintza guztien alde Leire Narbaiza @Txargain-ek egindakoak saritzeko. "Euskara-irakasle, euskalgintzako militante, hainbat hedabidetako kolaboratzaile, tartean …eta kitto! astekarikoa, egindako guztia eskertu eta errekonozituko zaio" Narbaizari gaurko egunez, Eta Kittok adierazi duenez.

Elkarrizketa egin diote Eta Kitton, eta omenaldi honek sentiarazten dizkionak kontatu ditu bertan Narbaizak, besteak beste halako batr jasotzeko gazteegi ere badela esan diotela.

Hain zuzen ere Eta Kitto elkartearen sortzaileetako bat da Leire Narbaiza, eta Interneten Eibar.org elkartea berdintsu. Elkarte horrek euskarazko blog komunitate aitzindari bat sortu zuenean, Txargain bloga ireki zuen bertan Leire Narbaizak; Kalamuatik Txargainera. Blogetik hedabideetako iritzigintzara pasatutako da Leire Narbaiza. Sustatun ere, kolaboratzaileak genituen aroan, idazten zuen Narbaizak ('Zer erantzi' atal hartako adibide bathemen). Irudirako aukeratu duguna, Marimaistra, bere beste abatar bat Youtuben aurki daitekeena, 60 atal katxondo.

Aipaturiko elkarrizketa horretan, bere ibilbidearen gako batzuk ematen ditu Narbaizak:

"Beste batzuk euskararen alde egiten ibili dira eta ez dituzte hainbeste zorakeria egin. Ia denari baietz esaten diot, erraza naiz, eta beti gustatu izan zait gauza ezberdinak egitea eta proiektuetan parte hartzea. Blogari izatea bakarkako lana da, baina beste guztia taldean egin dut. Blogari lana ere eibar.org komunitatearen barruan egiten dut. Orduan, hori ere, bakarkako lana bada ere, talde baten barruan dago. Aipatu dituzun ekimen guztiak kolektiboak dira (Badihardugu euskara elkartea aipatu beharko litzateke) eta Sagardo Egunerako deitu zidatenean pentsatzen nuen talde baten izenean jasotzeko deitzen zidatela. Hau da, …eta kitto! Euskara Elkartearen sorreran ibili ginen gazteen izenean. Azkenean, ez naiz ni, gu gara. Euskara bezala."

Zorionak Leire, ondo merezia duzu.

Erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa

$
0
0

Euskarazko ikus-entzunezkoen biltegiratzean eta zabalkundean sekulako lana egiten duen Euskal Encodings elkarteak manifestu bat kaleratu du, "Etxean erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa." Duela urte batzuk epaile espainiar batek “Gaizkile txiki bat sortzeko dekalogoa” (gaztelaiazko testua estekan) sortu zuela eta, horri buelta batzuk emanez, euskarazko edukien kontsumoa eta beste puntu batzuk aipatuz.

Hona dekalogoaren 10 puntuak:

  1. Egiozu txikitatik erdaraz; eskola arduratuko da haren euskalduntzeaz.
  2. Ez egin sekula euskaraz haren aurrean, familia euskaldunean jaio dela pentsa dezake eta!
  3. Ez aipatu euskarak historian zehar izan duen zapalkuntza. Erabaki dezala berak adinez nagusia denean.
  4. Apuntatu ezazu beti aisialdi talde erdaldunetara. Era horretan, gauza dibertigarriak erdaraz soilik egiten direla pentsatuko du.
  5. Utzi bere esku Youtubeko edozein eduki. Nahiago izango du Heidi edo Marco errumanieraz ikusi, euskaraz ikusi ordez.
  6. Ez entzun bere aurrean musika euskaldunik. Ea horrek traumaren bat eragingo dion!
  7. Ikusi harekin streaming plataformetako edukiak erdaraz. Modu horretan, ez du inoiz euskarazko ikus-entzunezkorik ikusi beharko.
  8. Egin errieta irakasleari euskara "bakarrik" suspenditu duelako. Horrela, urtez urte bere euskara maila gero eta kaskarragoa izango da.
  9. Irakur ditzala liburu guztiak erdaraz. Bere euskara mailak ez du aurrera egingo, baina lasai! Batxilergoa amaitzean B2ren baliokidea emango diote.
  10. Hamasei urte betetzen dituenean eman dezala izena euskaltegian. Urte batzuetan C1 titulua lortuko du, eta ez du gehiago euskaraz egin beharko.

Irudian, antidotoetako bat, Youtuben euskarazko playlistak, Euskal Encodings-ek hara salbatutako materialarekin (albistea, urte hasierako, hemenSustatun).


Ian urakana ulertzeko grafiko batzuk

$
0
0

Ian urakanak Florida astindu du AEBetan aste honetan. 70 lagunetik gora hil direla baieztatu da, eta baliteke gehiago izatea. Urakanak zuzenean jotako inguruneetan suntsiketa izugarria izan da. Gertaera ulertzen laguntzen duten zenbait grafiko interesgarri topatu ditugu sarean eta hona ekarri ditugu.

Batetik, hor goiko grafikoa, nola zegoen Atlantikoaren uraren tenperatura Ianek indarra hartu zuen bitartean. Venezuelako kostaldetik eta Karibe osoan zehar, oso ur beroekin egin du topo. Ohikoa uda amaitzean Karibean, baina beroketa globalarekin, are ohikoagoa, berotasun handiagoa uretan eta hurakan gogorragoak.

Kuba igaro zuenean, urakan kategoria lortu zuen:

Kuban argindar mozketa eta uholdeak izan dira, baina suntsiketa ez da hain handia izan. Handik iparraldera egin zuenean, Mexikoko Golkoa igaroz, koloreak zehazten du 4 kategoriara iritsi zela urakana, Floridako mendebaldeko Fort Myers badian lur hartuz.

Fort Myers eta inguruetan suntsiketa ikaragarria izan da itsasotik gertu. Oso terreno laua zelako:

Eta gainera, kostaldea ere sakonera gutxikoa delako itsaso aldetik. Horrek urakanaren uhina, haizeak eragindako itsasgora berezia (surge esaten dutena ingelesez) are handiagoa da, altueran 6 metrokoa izanda, sakonago iritsi daiteke kasu batzuetan beste batzuetan baino.

Goiko bi irudietan, goragoko kasua gertatu da Fort Myersen. Ingurua uhartez betea dago, eta horietako baterako bidea ere moztu zuen urakanak ostegunean:

Galdera sor dakiguke guri, nola Florida urakan eskualdea izanda, hainbeste marina eta urbanizazio egiten diren itsaso ondoan, txikituta geratu diren horiek.

Kontua da Florida handia dela, eta urakanek jotzen dute, baina lur-hartze puntuetan eragiten duten suntsiketa ez da igartzen penintsulako beste puntu batzuetan. Hauek dira, adibidez, azken hiru hamarkadetako Floridako urakanen bideak:

Florida urteen buruan urakanek joko dutela gauza jakina da, baina zein norabidetatik eta nola joko duten asmatzea zaila da. Ekaitza gertatzen denean, ordu eta egun batzuetako abisua badago, baina hurrengoa non izango den argitzen ez du laguntzen horren.

Goiko mapa horretako urakan handiena Andrew izan zen, 1992koa. Lurrean sekula neurtu diren haize bortitzenak neurtu ziren orduan.

Stadia jokoen plataforma itxiko du Googlek

$
0
0

Google-k Stadia itxi egingo duela iragarri berri du. Googleren hodeiko joko-zerbitzua, martxan hasi zenetik hiru urte pasa direnean amaitzera doa, nahiz eta konpainiak azpian dagoen teknologia bizirik mantenduko dela adierazi duen. 

Google Store-ren bidez egindako Stadia hardware-erosketa guztiak eta Stadia Store-ren bidez egindako joko eta eduki gehigarrien erosketa guztiak itzuliko dituela adierazi du Google-k. Jokalariek, berriz, jokoen liburutegirako sarbidea izaten jarraituko dute eta zerbitzua erabili ahal izango dute 2023ko urtarrilaren 18ra arte. Hardwarearen aldetik, kontsolarik gabeko sistema izan arren, norberaren ordenagailu edo telebistara lotzeko joko-mandoak eta konexio gailuak garatu izan dira Stadia markarekin, hala nola irudian jarri duguna.

Hodeiko jokoen munduan atzerapauso erabakigarria egin du Googlek, baina konpainiak Stadiaren atzean dagoen teknologiak iraungo duela ziurtatzen du. Azken hau ez da harritzekoa. Urte hasieran, garatzaileen ekitaldi batean, Immersive Stream for Games iragarri zuen Google Cloud for Enterprise-en barruan.

Zentzu honetan, Mountain View-koek Stadiaren kodea aprobetxatuko dute errealitate areagotuarekin lotutako teknologien eta lehendik dauden beste zerbitzu batzuen garapena sustatzeko, tartean Youtube eta Google Play.

Stadiaren itxierarekin, besteak beste, Sustatu ere lotsagarri geratu da, iragarri genuelako "kontsolek jai zutela Stadia gailentzen bazen". Aditu batzuen arabera, teknologiaren hutsa baino, Googleren konpromiso falta izan da gakoa porrot honetan. Proiektuak eta izenak merkatarutzaen ditu Googlek, Spaces, Circles, Hangouts... mila gauza izenez aldatzen direnak, edo funtzioz argi ez daudenak, eta edonola ere garapenean konpromisorik hartzen ez dutenak. Erabiltzaileek badakite honezkero: ez gehiegi fidatu Googleren proiektu horretaz, ze auskalo iraungo duen; eta Google ere bere joerez jakitun izanik, ba gehiegizko konpromisorik ez du eskaintzen, eta dena bilakatzen da zirkulu bat, profeziak auto-betetzaile bat.

Svante Pääbo paleogenetistari Nobel saria

$
0
0

Svante Pääbo (Stockholm, 1955) genetista suediarrari eman diote gaur fisiologia eta medikuntzako Nobel saria. Pääbo ez da zuzenean medikuntzara emaniko gizona, paleogenetista baizik, gizakien aztarna fosiletatik DNA ateratzen eta aztertzen aitzindaria izan da. 

Berak zuzendutako ikerketa taldeen lorpen handien artean daude:

  • Neandertalen genomaren lehen azterketak. 1996an DNA mitokondrialaren sekuentziazioarekin, sapiens modernoa ez den gizaki baten lehen azterketa genetikoa lortu zuen.
  • Neandertalak eta gu, ahaidetza argituta. 2006an neandertalen genomaren azterketa osoagoa argitaratu zuen, eta bi datu nabarmen bertan: batetik neandertalak ez dira sapiensen arbaso zuzenak, baina bai ahaidea. Duela 100.000-50.000 urte artean hibridazio edo gurutzaketa gertatu zen sapiens eta neandertalen artean. seguruenik, Asia Hurbilean, eta horren ondorioz, gaur egungo genomaren % 1-4 neandertalena da, proportzio handiagoan Afrikatik kanpoko populazioetan, bertakoetan baino. Giza zabalkundearen historia berridatzi zen horrela: sapiensak Afrikan sortu ziren, baina handik uirten zirenean Eurasiara, neandertalekin gurutzatutako populazioak izan ziren hedatu zirenak.
  • Espezie berri bat aurkitu zuen: Denisovako gizakia. 2010eko ikerketa batean Siberiako Denisova haitzuloko hezur batzuetan giza-genoma aurkitu zuten, baina oso desberdina neandertalengandik edo sapiensengandik. Hala ere, espezie berri horren aztarnak ere badira gaur egungo Eurasiako giza populazioetan. Lehen aldia izan zen Denisovarren aurkikuntzaren hau genetikak ahalbidetu duena hominido espezie baten identifikazioa.
  • 2018an, beste hibridazio baten berri: Denisovako beste hezur batean, ama neandertala eta aita denisovarra zuen neskato baten ebidentzia aurkitu zuen.

Ikusi MIkusi Azokaren bigarren edizioa egingo dugu

$
0
0

Urriaren 7an eta 8an, Saran, Ikusi Mikusi azokaren bigarren edizioa egingo dugu. Euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Bidasoaz beste aldean antolatzen duguna Kiribil konpainiarekin eta Pamiela argitaletxearekin batera. Aurtengo edizioaren gaia Gure xaharrak da, eta antolatu ditugun tailer eta ikuskizun batean baino gehiago agertuko da.

Iaz bezala aurtengoan ere azokaren lehen eguna, urriak 7 ostirala, Eskolen Eguna izango da. Ikasleak beren ikaskideekin eta irakasleekin batera joango dira eta jolasak, sormen-tailerrak, beren lanen aurkezpenak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Liburu-azokaz gozatzeko paradaz harago, ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izango du iaz abiatu eta aurten jarraipena emango diogun bonu-sistemari esker. 

Urriaren 7an euskarazko haur eta gazte literaturako zenbait profesional mahai-inguru baten bueltan bilduko ditugu. Gaia honakoa izango da: Haur eta gazte literaturan euskaraz sortu, ala itzuli?

Urriaren 8a, larunbata, Familien Eguna izango da. Aurreko egunean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran. Nerabeentzat berariaz sortutako programazioa ere badago. Ekintza horiez guztiez gain, erakusketak ere izango dira feriak irauten duen bi egunetan: Eskoletan egindako lanen erakusketa eta Silent Books hitzik gabeko liburuen erakusketa Galtzagorrik, OEPLI eta IBBYrekin batera sortu duena. 

Egitarau osoa hemen aurkitu dezakezu. 

Euskaldunok, pantailetan arrotz

$
0
0

Amaitu berri da aurrekontu, programazio, ikusle kopuru zein oihartzun mediatikoari erreparatzen badiogu Euskal Herriko ikus-entzunezko ekitaldirik garrantzitsuena dena: Donostia Zinemaldia. Eta aurtengo edizioan, berriz ere, euskaldunok bigarren mailako herritarrak izan gara.

Programazioaren %10a soilik ikusi ahal izan da euskaraz, elebidun, ala euskarara azpidatzita. Jaialdiaren araudiak argi dio 6. artikuluan: emanaldi guztiak eskaini behar dira gazteleraz edo gazteleraz azpidatzita. Euskarari buruz, aipamenik ez. 8M€-ko aurrekontua duen jaialdi batek (erdia baino gehiago gure poltsikoetatik), euskaldunak diskriminatzen ditu. Berdin onartuko al genuke genero edo arraza bereizkeria sustatzen duen ekitaldi bati diru publikoa ematea? Hortxe nire galdera.

Zinemaldiaren testuingurua aitzakia ezin ederragoa iruditu zait euskarak ikus-entzunezkoetan, orohar, bizi duen egoera larriaren errepasoa egin eta errealitateari aurrez aurre begiratzeko.

Zinemalditik zinema aretoetara salto egingo bagenu, euskaldunok hauetan jasaten dugun eskubide urraketa are gordinagoa dela ikusiko genuke: Euskal Herri osoko zinemetan urtean eskaintzen diren filmen %1 soilik da euskaraz (%2,3 EAE-n). Aretoetara heltzea lortzen duten euskarazko lauzpabost film, eta haurrentzat bikoizturiko beste 12 bat. Nazioarteko film arrakastatsuen artean, euskarara bikoiztu edota azpidatzitakoen arrastorik ere ez. Basamortua.

Zinema eta telesailak ikusteko bitarteko nagusia bilakatu diren streaming plataformetan, berriz, euskarazko eskaintza ez da %0,1era iristen. Egia da azken alor honetan herri ekimenak alderdi, erakunde eta enpresak mugiarazi dituela, eta aurrerapauso batzuk lortu direla merkatuan nagusi diren bi plataformetan; duela urtebete Netflixen 3 film ikus zitezkeen euskaraz edo euskarazko azpidatziekin, gaur 40. Primevideon 1etik 44ra pasa dira. Bada zer edo zer.

Dena dela, euskararen presentziak gure aisialdiaren jaun eta jabe diren pantaila eta euskarri ezberdinetan (smartphone, tablet, telebista, zinema, ordenagailu…) hutsaren hurrengoa izaten jarraitzen du, eta hau hizkuntzaren erabileran berebiziko eragina izaten ari dela esango nuke (beste faktore batzuk badaudela ukatu gabe). Azken ikerketek euskararen erabilera jangela eta jolastokietan beherantz doala erakutsi digute. Euskararen kale erabilera ere, 2006tik 2021era, puntu bat baino gehiago jeitsi da Euskal Herrian. Gainera, azken 5 urteotan beherakada hori oso nabarmena izan da herririk euskaldunenetan. Alarma guztiak pizteko moduko datuak.

Honekin loturiko pasadizo bat kontatuko dizuet. Ikasturtea hasi eta bi astera, gure 3 urteko semea logelan gazteleraz jolasten aurkitu nuen.

– Aizu potoko, zeatik ai zea erderaz? Badakizu gure etxean euskeraz iten degula…!                                                   

Haren erantzunak izoztuta utzi ninduen.

- Eske aita, jolasten ari naiz!

Larrialdia begi-bistakoa da. Ez soilik hiriguneetako familia euskaldunetan, arnasguneetan ere geroz eta ohikoagoa da guraso koadrilak plazan euskaraz aritu arren, haurrak superheroietara edo dena delakora erdaraz jolasten entzutea. Hizkuntza ordezkapenaren (Language Shift) mamua ote da?

Gaur egungo egoerara egokituriko hizkuntza politika berritu eta ausartak behar ditugu. Eremu guztietan, baina bereziki ikus-entzunezkoetan: erakundeek egoera iraultzeko irizpide, egitura eta lege berriak onartzea premiazkoa da, ez soilik hizkuntza eskubideen bermatzaile izatea dagokielako, baizik eta hizkuntzaren etorkizuna bera jokoan dagoelako. Besteak beste, Euskal Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren legeak, eta hauek landu eta betearaziko dituen Ikus-entzunezkoen kontseilua.

[ilustratzeko erabilitako argazkia, Iñaki Lopez de Luzuriaga, Wikimedia Commons]

Peertube.eus jaio da, sortzaile libreentzat bideo plataforma berria

$
0
0

Abaraska taldeak jakinarazi du aste honetan peertube.eus jaio dela, euskarazko bideoak partekatzeko webgune irekia. Orain arteko plataforma itxiek dituzten antzerako zerbitzuak eskaintzen ditu, baina oso modu ezberdinean: federatua, gertukoa, errespetuzkoa eta librea baita.

Duela lau bat urtetatik hona, hainbat mugimendu egon dira edukiak enpresa pribatu handien eskuetan utzi ordez, ingurune libre eta osasungarriago batzuetara mugitzeko pausoak emateko. Horren adibide garbia izan zen mastodon.eus 2018an, Twitterren analogoa martxan jarri zutenean. Aplikazio hau, software librea izateaz gain, federatua ere bada (hau da, zerbitzua ez dago entitate baten eskuetan soilik, komunitate txikiez osatuta dago) eta iraultza txiki bat ekarri zuen euskal komunitatera. Komunitate horien federazioari fedibertso (federatutako unibertsoa) izena jarri zitzaion sarean.

Eta mastodonen ondotik etorri dira beste hainbat zerbitzu ere euskal fedibertsora: pixelfed.eus, lemmy.eus, baleafunk.eus... eta orain peertube.eus ere bai. Hauetako proiektu askoren atzean, Abaraska taldea dago eta honela deskribatzen dute beren burua: "Pertsona librezale batzuek osatzen dugu. Gure helburua: fedibertsoa, software librea, euskara eta euskal kultura sustatzea da".

 Zer da peertube eta zergatik da ezberdina?

Alde batetik, Youtube edota beste hainbat bideo plataformek eskeintzen dituzten zerbitzuak eskeintzen ditu:

- Bideoak kalitate onean sarera igotzeko aukera

- Kanal propioak eta ikusle komunitate bat osatzeko aukera: iruzkinak, atsegiteak, harpidetzak...

- Zuzeneko streamingak egiteko aukera

- Azpitituluak txertatzeko modua

Eta beste hainbat aukera sareetan zabaldu eta zure edukia hedatzeko.

BAINA beste plataformek ez bezala, librea eta federatua denez, edukiak gordetzeko zerbitzari propio bat jarri dute Zumaian bertan. Honela, peertube zerbitzari bakoitzak bere arau propioak izan ditzake, Peertube.eus-en kasuan iragarkirik ez onartzea adibidez. Gainera, beste peertube zerbitzariekin lotuta egon daiteke edukia elkarrekin partekatzeko (peertube.euskarabildua.eus). Honela, ez da plataforma isolatu bat eta munduko beste hainbat erabiltzailerengana iristeko aukera dago.

Adibide sinple bat jartzearren, goiko irudian ikus daitekeen moduan, Untxiak, Pandak eta Txakurrak, bakoitzak bere zerbitzari propioa dauka, bere arau eta erabilera baldintzekin, baina bata bestearekin lotzeko (federatzeko) aukera daukate beraien edukiak partekatzeko. Komunitate txikiak batuz, bideo plataforma osatuago bat eraikitzeko aukera dago.

Bestalde eta azken honekin lotuta, zerbitzari bakoitzaren lan karga eta trafikoa arintzeko P2P teknologia erabiltzen du. Bideo bat bi pertsonak batera erreproduzitzen hasten badira, bideoaren erreprodukzio datuak bi ikusle eta zerbitzariaren artean partekatzen dira, trafikoa arindu eta zerbitzariari lanak kenduz.

Idatziz baino irudiz hobe deskribatzen direnez askotan kontuok, gehiago sakondu nahi baduzue honetan, hemen duzue horretarako bereziki prestatutako bideoa euskarazko azpitituluekin:

Euskarazko eduki sortzaileen komunitatea sendotzeko

Guzti honekin, euskal komunitatea orohar eta baita euskarazko bideogintzaren bueltan dagoen komunitatea bultzatu eta trinkotu nahi da. Doakoa izango da diru iturriz larri dabiltzanentzat eta gainerakoen doaintzen bidez mantenduko da. Edukien gaineko kontrol gehiago izatea ere bermatu nahi da, pertsonen gaineko inolako datuen salmenta edo antzeko trataerarik gabe eta gertuko harremana izan ostatatzen duen taldearekin.

Abaraska taldeak dioen moduan: "Plataforma berri honen balioa euskaldunok ematen diogun erabileraren eta igotzen ditugun edukien araberakoa izango da. Izena eman eta probatzera animatu nahi ditugu bazter guztietako euskaldunak"

Kinka: klima larrialdiari buruzko Berriaren ekimen berria

$
0
0

Kinka podkasta eta buletina abiatu du Berriak. "Kinka, klima eta natura krisian" goiburuarekin "Klima larrialdiari eta ingurumen gaiei xeheago erreparatzeko apustua zabalduko du" Berriak, ohar batean azaldu dutenez.

Buletinaren lehen alea urriaren 20an zabalduko da, eta hemendik harpidetzen ahal zara. Bi astean behin banatuko da aurrerantzean.

Kinka podkastari dagokionez, joan den asteburuan egindako Ekotopaketetan izan da Berria, eta bertakoak jasotzen dituen audio pueza sinatu du eta Nagore Arin kazetariak.

Irailaren 30etik urriaren 2ra, Portugaleten Ekotopaketak antolatu dira. Hiru egunetan bizi dugun krisi ekosozialari nola egin aurre eta horretarako Euskal Herrian zein motatako tresna behar den eztaibaidatu izan da egitarau zabal batekin, eta horko printzak jaso ditu podkastaren lehen aleak.,

Buletina bezala, Kinka podkasta ere hamabostean behin argitaratuko da. Beroketa globalaren eta krisi klimatikoaren kinka honi aurre egiteko aholkuak eta proposamenak plazaratuko ditu podcastak, eta ikasteko eta jakinaren gainean egoteko baliabide bat izango da, Berriak jakinarazi duenez.,


Folkloremix: sortu musika elektronikoa euskal instrumentuen grabazioekin (sariak daude)

$
0
0

18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Folkloremix musika sorkuntza bultzatzen duen lehiaketa abiatu du Asmoz fundazioak. Hala, gazteak gonbidatu dituzte musika elektronikoko pieza bat grabatzera, lehiaketarako beren beregi grabatutako euskal instrumendu tradizionalen sampleak erabiliz; sample horiek Folkloremix webgunean aurki daitezke.

 

18-30 adin horretan zaude? Bada, erronka bat dugu zuretzat: grabatutako euskal instrumentu tradizionalen sample-ak erabiliz, musika elektroniko pieza original bat sortzea proposatzen dizugu. Irabazleak, sare itzela eskuratuko du. Gazteei parte hartzeko deia egin diete, eta urriaren 28ra arteko epea dute horretarako.

Antolatzaileek jakinarazi dute parte hartzen dutenek gutxienez euren webgunean dauden lau sample erabili beharko dituztela, bakoitzak sortutako musika elektronikoko pieza original batean. Konposizioak minutu eta 30 segundotik 3 minutura arteko iraupena izan dezake, eta MP3 formatuan bidali beharko da webgunean dagoen galdetegia beteta; MP3 hori Drive, Tori edo Wetransfer bidez bidali beharko da, inprimakian bertan esteka zein den adieraziz.

Irabazleak Native Instruments Maschine Micro MK3 bat irabaziko du, “musika elektronikoa sortzeko primerako tresna”.

Epaimahaia musikariez eratuta egongo da. Hain zuzen ere, Unai Manterola musika sortzaileak eta Andoni Ezeiza musikariak baloratuko dituzte bidalitako musika sorkuntzak. Jasotakoen artean, euren originaltasuna, sampleen erabileraren berritasuna eta piezaren egitura aztertuko dituzte; zehaztu dutenez, irizpide guztiek balorazio maila bera izango dute. 

Irabazlea azaroaren 21ean jakinaraziko dute Asmoz Fundazioaren sare sozialetan eta lehiaketaren webgunean. 

Lehiaketaren webgunea: https://folkloremix.asmoz.org/ 

Zure musika bidaltzeko esteka: https://folkloremix.asmoz.org/inskripzio-orria/ 

Ttap aldizkaria berritu da, aplikazioa bera eta webgunea

$
0
0

Duela bi astetik Ttap euskarazko aldizkari multimedia berrituta dator, bai aplikazioa bera ale bakoitza deskargatzeko, eta baita web irekian ere, non hemendik aurrera artikulu, bideo eta abarrak aurkitu ahal izango diren. 

Agerkariaren zuzendari Monika Belastegi zuzendariak azaldu duenez, “interaktibitate-maila eta dinamikotasuna nabarmen areagotu dira. Bisualagoa ere bada; irudiek, esaterako, pantailaren azalera osoa hartzen dute". Forman ez ezik, edukian ere aldaketak izan ditu. Aldizkariaren atal nagusiak egokitu egin dituzte, eta berriak sortu . Elkarrizketa nagusia da egokitu den ataletako bat: Deabruaren galderak izeneko galdera-erantzun laburren ikus-entzunezko atala gehitu zaio, eta, elkarrizketatua musikaria den kasuetan, kantu bat ere abestuko du Ttap -eko erabiltzaileentzat.

Atal berriak ere estreinatuko ditu Ttap berrituak. Moda atalak, esaterako, orain arte baino leku nabarmenagoa izango du, eta, zero kilometro kontzeptua aintzat hartuta, Euskal Herriko diseinatzaileen, sortzaileen eta modaren alorrean jarduten duten euskal artisten erakusleiho izango da. Epa, Opi! atalean, bestalde, esparru askotariko aurpegi eta izen ezagunei egindako elkarrizketa laburrean, elkarrizketatuek kuttunen dituzten bost lekuak kokatuko dituzte Euskal Herriko mapa interaktiboan. Museoetako musak atalak Euskal Herriko museoetako ateak irekiko dizkio erabiltzaileari.

Berrikuntza agerkariaren azken bi aleetan, aurreko asteburuetako 177. eta 178. aleetan dago ikusgai.

Hona aplikazio berrituaren pantaila irudi parea.

Webguneari dagokionez, oso ondo dator aldaketa, lehen mugikorreko deskargarekin bakarrik ikusten ahal zen Ttap-ek sortzen zuena, eta orain web irekian ere, hortxe da.

Bisitatu, https://ttap.eus eta deskargatu aplikazioa:

Wikidataren 10. urteurrenean, euskarazko azalpen-hitzaldia

$
0
0

Wikipediaren osagarri inportante batek, Wikidatak, hamar urte bete ditu 2022ko urri honetan. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta Informatika fakultateak hitzaldia antolatu dute baliabide inportante honen funtsa azaltzeko, datorren urriaren 26an, Donostiako EHUko Informatika fakultatean. Galder Gonzalez wikipedistak emango du hitzaldia eta ez da teknikoa izango, baizik eta orotarikoa, animatu eta etorri, interesgarria izango da.

Wikipedia oro har denok kontsultatzen dugu, euskaldunok ere gehienok darabilgu euskarazko Wikipedia, baina hori egiten dugunean, askok jakin gabe, Wikidata ere konsultatzen ari gara zeharka, zer den jakin gabe ere. Ba Wikidepia guztien zehar-lerro bat da, nolabait esatearren, datubase linguistikoki neutro bat.

Esate baterako, Iñigo Urkullu. 61 urte ditu, gaur... Baina ez du inork bere urte kopurua eguneratu beharrik Wikipedian, ze haren wikidata orrian bere datu pertsonalak (jaiotza data barne) han daudenez, hortik betetzen da automatikoki wikipediako eduki parte bat, web orrietan eskuinean ikusi ohi diren infotaulak ohikoan. Eta datua ez da bakarrik euskarazko wikipedian ikusiko, baizik eta beste hizkuntzetakoetan ere bai, adibidez finlandieraz eta katalanez eta...

 

Tira, Urkullurena baino adibide interesgarriago eta hobeak emango ditu Galder Gonzalezek hitzaldi horretan. Apuntatu:

  • Noiz: urriak 26, asteazkena, 15.30 - 17.00
  • Non: Gipuzkoako EHU Ibaetako kanpusa, Informatika Fakultatea, 0.1 laborategia

Sarean Euskaraz, mila gaztetik gora teknologian murgilduko dira Iruñean

$
0
0

Nafarroako mila gazte euskaldun nerabek baino gehiagok parte hartuko dute urriaren 13an eta 14an, bihar osteguna eta etzi ostirala, Iruñeko Baluarte Jauregian, ‘Sarean Euskaraz’ programaren seigarren edizioan. Euskarazko kultura digitalaren jardunaldia leloa darama Sarean Euskarazek, eta teknologian euskaraz jarduteko aukerak azaltzen dizkie ekimenak nerabeei.

Iruñerriko hamar ikastetxetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailak gazteak hiru gune desberdinetatik igaroko dira goizean zehar.

Edukien artean, zortzi tailer esperimental emango dira, Ikas aretoa espazioan: musika-sorkuntzari buruzkoak; bideo-mappinga; Android mugikorretarako aplikazioetarako sorkuntza; errealitate birtuala, Arduino; 3D inprimagailuak; argazkigintza smartphonearekin edo jolas-tailer bat.

Berrikuntza gisa, IKTen inguruko hainbat esperientzia azalduko dira, modu ludikoan, eta Egunean Behin lehiaketaren zuzeneko partidak egingo dira. Jolas aretoa izeneko espazioan izango da hau.

Era aretoan, erabileran sakontzeko pentsatutako espazioan bi hitzaldi programatuko dituzte IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. 

  • Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa)
  • Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea)

Halanber, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten honako proiektuen aurkezpe laburrak izango dira: Lehen Hitza Euskaraz, Wikipedia euskaraz, Gazte Gara Gazte eta Gatazkarik Gabeko Teknologia.

Inkurriaren erdian gaude, marrazkilarien hilabetean

$
0
0

#Inkurria edo #Inktober da tintaren urria, portmanteau berba bat, ink = tinta ingelesez, eta urri edo october hitzetik sortutako terminoa. Marrazkilarien artean zabaldu da ohitura azken urteetan, eta inkurria termino euskaratua tarteka agertu den arren, Gorka Belasko irakasle eta marrazkilariak halako ofizialtasun bat eman dio aurten, eguneroko erronken zerrenda ere euskaratuz. Dena dela, erronka gutxi gora-beherakoa da, egunero termino bat proposatzen den arren, artistak libre dira beren proposamena egiteko, artelan xume bat egunero zabaltzea da koxka.

Inktober 2009an asmatu zuen Jake Parker marrazkilariak, eta zabalkunde txikia izan zuen, 2018an fedibertsoko erabiltzaileek bereziki Mastodon sareetan zabaldu zuten arte. Hala ere, sortzaileak berak marka erregistratu bezala gorde du Inktober marka, eta horrek ez du txalo askorik jaso beste ilustratzaileen artean. Edonola ere, erronka sinple bat da, asmo komertzialik gabe artea maite dutenen artean garatzen dena, eta euskaratuta ere zentzua duena.

Beraz, ingelesez bederen, eguneko gairako hitz bat proposatzen da, eta horren inguruan tintazko marrazkia egin. Hauxe da zerrenda, Belaskok euskaratua:

 

Baina tira, beste edozein gairekin ere... txipiroiak jan zituen lehengoan Belaskok berak, eta tinta beltzarekin ere egin zuen marrazkia.

Belaskoren ohitura denez ikuskatzen dituen hainbat esperientzia marrazkietan jartzea, hitz zerrendan egon ez arren, "bertsolariak" ere tintaz jarri zituen lehengoan.

Marrakatue da beste artista bat Inkurria egiten ari dena. Hau ere zerrendatik kanpo ari da, ordena alfabetikoari jarraitzen duen hiztegi bat osatzen ari da, ilustrazio didaktiko ederrak eginez, Wikipediarako modukoak askatuko balitu... Goiko ilustrazioa berea da, eta baita hemengo fotokopiagailu hau ere:

Jarraitu #Inkurria eta #Inktober Twitterren.

 

Viewing all 9041 articles
Browse latest View live