Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9039 articles
Browse latest View live

"Teknologia burujabea herritik eta herrira", jardunaldia Donostian

$
0
0

Urtero iAmetza taldeak antolatzen duen Euskarabildua topaketa teknologikoak goiburu eta gai izango du 2022ko edizioan: Teknologia burujabea herritik eta herrira. "Utopia existitzen da" leloarekin urriaren 27an egingo da Euskarabildua 2022, Donostiako San Telmo Museoan, goizeko egitarau batekin. Euskarabildua topaketaren 12. edizioa izango da aurtengoa.

onela azaltzen dute antolatzaileek utopia egingarriaren eta teknologia burujabearen gaia: "Asko dira menpekotasun teknologikoa murrizteko teknologia berrien garapenean, ekoizpenean eta eskuragarritasunean borrokan ari diren herrialde zein herritar taldeak. Teknologia libre, deszentralizatu eta federatuen aldeko apustua eginez. Garrantzitsua da gizarteak egoera eta arazoa ulertzea, ezagutzatik abiatuta, herritarrek teknologiari buruzko erabaki aktiboak har ditzaten."

Besteak beste, hardunaldian lan-mahaiak antolatu dira galdera baten inguruan, "nola erabili teknologia libreak herri burujabeak lortzeko", lau enfokerekin:

  • Hezkuntza
  • Telekomunikazioak
  • Informazioa eta komunikabideak
  • Gobernantza

Egitaraua eta izen ematea, hemendik: https://euskarabildua.eus/ 


XXI. menderako Hizkuntza Politikaz hausnartzeko zita

$
0
0

Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrenean, Telesforo Monzon laborategikoTxillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatu dute XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia, XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitu eta eztabaidatzeko helburuarekin. Urriaren 19an egingo dute Eibarren eta izena emateko aukera zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

Euskararen egungo normalizazio ereduak goia jo duen zantzuak nabari dirahizkuntza zeharkatzen duten arlo gehienetan: hezkuntzan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio prozesuetan, lan munduaren euskalduntzean, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan, besteak beste. Horrek guztiak eragin zuzena dauka euskararen transmisioan eta biziraupenean, kale erabilera datuek adierazten duten bezala.

XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitzeko eztabaidatu beharra dago. Ez asko edo gutxi egin dugun aztertzeko baizik eta zer behar dugunaren inguruan eztabaidatu eta akordioetara heltzeko. Jardunaldi hauen asmoa herri honetan abiatu beharreko eztabaida horri bere ekarpena egitea da.

2022-10-19 Eibarren, UEUren egoitza akademikoan eta Armeria Eskolan 

 

09:00-09:15 

Harrera eta dokumentazio banaketa.

 

09:15-09:30 

Sarrera eta ongi etorria.

  • Kepa Sarasola (UEU) 
  • Haritz Azurmendi (Jakin) 
  • Malen Dominguez (TMeLab) 
 

09:30-10:00 

HITZALDIA: Euskararen egoeraren argazki azkarra.

  • Asier Etxenike (soziologoa, Aztiker) 

Moderatzailea: Malen Dominguez (TMeLab)

 

10:00-10:30 

HITZALDIA: Hizkuntza politikaren beharraz.

  • Paul Bilbao (Kontseilua) 

Moderatzailea: Malen Dominguez (TMeLab)

 

10:30-11:00 

Atsedenaldia.

 

11:00-12:30 

MAHAI-INGURUA: Gaur egungo marko legalen mugak eta zirrikituak.

  • Eva Pons (UB) 
  • Iñigo Urrutia (UPV-EHU) 

Moderatzailea: Zelai Nikolas (abokatua)

 

12:30-14:00 

MAHAI-INGURUA: Tokiko hizkuntza politikaren gobernantza: udalak, eskualdeak, arnasguneak.

  • Iraitz Lazkano (UEMA) 

Moderatzailea: Aize Otaño (Txillardegi Gogoeta Gunea)

 

14:00-15:00 

Bazkalordua.

 

15:00-16:30 

MAHAI-INGURUA: Hizkuntza politika Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta EAEn: uneko egoera, aukerak eta lehentasunak.

  • Iker Salaberria (Txillardegi Gogoeta Gunea) 
  • Dabid Anaut (udal teknikaria) 
  • Eneko Gorri (Plazara) 

Moderatzailea: Malen Dominguez (TMeLab)

 

16:30-16:45 

Ondorioak eta aurrera begirakoak.

  • Asier Basurto eta Miren Segurola (Txillardegi Gogoeta Gunea) 
 

 

Euskal kulturari buruzko doako online ikastaroak: dantzak, musika klasikoa, kastellogia, euskal zinema

$
0
0

UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, euskal kulturaren arloan doako hainbat  ikastaro eskaintzen ditu, guztiak urri bukaera eta azaro hasiera bitartean hastekoak. Ikastaroak Asmoz Fundazioak koordinatuko ditu eta guztiz online izango dira.

UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak hainbat doako online ikastaro eskaintzen ditu euskal kulturaren eremuan. Era berean, pertsona bakoitzak nahi adina ikastarotan matrikulatzeko aukera du. Hona hemen ikastaroen zerrenda:


- Euskal dantzak, atzo eta gaur: euskal eszena tradizionalaren bilakaera XIX-XXI. mendeetan zehar.

Hasiera: urriak 24.

Informazio gehiago: https://euskaldantzak.asmoz.org/eu/informazioa/

Izena emateko orria: https://euskaldantzak.asmoz.org/eu/izen-ematea/

 
- Musika klasikoaren historia, emakume eta gizonezko konpositoreen bidez

Hasiera: azaroak 3

Informazioa: https://musikaklasikoa.asmoz.org/informacion/

Izena emateko orria: https://musikaklasikoa.asmoz.org/eu/izen-ematea/


- Euskal zinemaren aztarnen atzetik: jatorrietatik gaur egun arte.

Hasiera: azaroak 7

Informazioa: https://euskalzinema.asmoz.org/eu/informazioa/

Izena emateko orria: https://euskalzinema.asmoz.org/eu/izen-ematea/


- Erdi Aroko kastellologiaren hurbilketa: Nafarroako Erresuma eta Europako testuingurua.

Hasiera: azaroak 9

Informazioa: https://gazteluak.asmoz.org/eu/informazioa/

Izena emateko orria: https://gazteluak.asmoz.org/eu/izen-ematea/

 

Enpresarean Azokarako izen-ematea zabalik

$
0
0

"Etorkizuneko lan munduari begirada partekatua. Pertsonen ongizatea eta industria adimenduna aztergai". Horixe izango da aurtengo azokan hizpide izango dugun gaia. Ezegonkortasun eta eraldaketa garai honetan lan munduan abiatu diren estrategia, adibideak eta ikasitakoak partekatuko ditugu. Dagoeneko prest dugu egitarauaAzaroaren 3an izango da azoka, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin. Ohi bezala, hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango dugu: Arin-arin lehiaketa.

??️Azaroak 3, osteguna

?Orona Ideo (Hernani)

EMAN IZENA

Eraldaketa garaia

Garai aldakorra bizi dugu. Ezegonkortasuna dago, oro har, gure egunerokoan, enpresetan eta merkatu globalean. Etorkizuna nolakoa izango den asmatzen ez da sekula erraza izan, baina gero eta zailagoa dirudi ezegonkortasun egoera honetan. Globalizazioa, digitalizazioa, klima aldaketa, gizarte egituren aldaketa… Dena ari da aldatzen, eta eraldaketa horrek lan munduari ere eragiten dio, ezinbestean. 

Aurtengo Enpresarean Azokan, euskal profesionalekin eta enpresekin batera, etorkizunera begira jarri nahi dugu, ezegonkortasun eta eraldaketa egoera honen aurrean abiatu diren estrategiak, adibideak eta ikasitakoak partekatzeko asmoz. 

Instituzioetatik zein enpresetatik eraldaketa garai honen eta etorkizunean etorriko denaren inguruko hausnarketak egin eta neurriak hartzen ari dira. Zentzu honetan, digitalizazioak eta teknologiak garrantzi handia dute, baina ezegonkortasun garai honetan pertsonen ongizatea ere jarri nahi dugu erdigunean. Zein da gai honen inguruan euskal enpresen estrategia? Nola uztartu pertsonen ongizatea eta garapen ekonomikoa? Zein aurrerapen daude industria adimendunean? Nola eragingo dute pertsonen ongizatean?

Galdera horiei erantzuten saiatuko gara profesional ugariz inguratuta.

IKUSI EGITARAUA

 

Oi, Baldorba! Arartekoak Orbaibarko Batasunari

$
0
0

“Orbaibarko Zerbitzuen Batasunari gomendatzea har ditzala herritarrek Administraziora euskaraz zuzentzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak”. Horixe gomendatu zion Arartekoak 2022ko irailaren 2an.

OI, BALDORBA! ARARTEKOAK ORBAIBARKO BATASUNARI

 

“Orbaibarko Zerbitzuen Batasunari gomendatzea har ditzala herritarrek Administraziora euskaraz zuzentzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak”. Horixe gomendatu zion Arartekoak 2022ko irailaren 2an.

6 lanpostu daude Orbaibarko Zerbitzuen Batasuneko plantilla organikoan, eta bakar batek ere ez du profil elebidunik, eta bakar batean ere ez da aipatzen euskara jakitea merezimendu denik. 2017an Batasun horretako partaide diren Garinoain, Puiu eta Untzue eremu mistoan sartu ziren. Hala ere, Batasunak ez zuen neurririk hartu arlo horretan. Hala, kexa jarri genuen. Orbaibarko Batasunari entzun ondoren, aipatutako gomendioa eman dio Arartekoak. Orain, espero dugu Arartekoaren gomendioa betetzea.

Desira-ren estreinaldia, Geruzak proiektuko lehen dokumentala

$
0
0

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, Elkar argitaletxeak eta Jakin pentsamendu aldizkariak Geruzak proiektua garatu dute azken hilabeteotan: gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta pizteko webgunea. Gogoeta-gai bakoitzak dokumental bat izango du lagungarri, "kaiera tematiko propioa" eta kultur diziplina desberdinetako erreferentziak ere material osagarri gisa. Egindako dokumentaletan lehen emanaldi publikoak, Desira izenekoa (trailerra estekan), bihar asteazkena (urriak 19) estreinatuko da publikoki Donostian, San Telmo Museoan, 19.00etan; eta ondorengo solasaldiarekin osatuko da emanaldia.

Dokumental emanaldiaren ondoren, solasaldia egongo da, eta Ziztada & Rlantz-en musika emanaldiarekin amaituko da ekitaldia. Sarrera doan da San Telmorako 19rako, baina izena eman mesedez kaixo [a bildua] geruzak.eus helbidean edo webgunearen bidez

Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, euskaraz eta euskaratik, feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzea helburu duen ikus-entzunezko proiektua da Geruzak, gazteekin gazteentzat egina. Lander Garrok zuzendu ditu ikus-entzunezkoak non gazteak dira protagonista.

Horrela azaldu zuen proiektuaren aurkezpenean Lorea Agirre Jakineko zuzendariak: «gai eta auzi jakinen bueltan, gazteen hitza, gazteen bizipenak, pentsamenduak, kezkak, usteak eta hipotesiak jaso nahi izan ditugu eta dokumentaletara ekarri». Horrela, gazteak libre ikusiko ditugu euren ideiak partekatzen, harilkatzen, osatzen «elkarren aurrean biluztuz eta elkar jantziz». Dokumental horiek ikusiz, denok jantzi ahalko gara eta gogoeta gehiagoren sorburu izatea da helburua. Gainera, sortutako hausnarketarako espazio honek "euskaratik pasarazi" ditu euren kezka eta interesak, eta euskarari esparru hori ematea ere bada xedea.

ZAZPI, kontakizun bat, tontorrez tontor

$
0
0

Badira lau urte "Medikuak esan dit esklerosi anizkoitza dudala" posta argitaratu nuela nire blogean. Ez nuen taburik hautsi, nire historia nahi nuen kontatu, ez gehiago, nahi nuen moduan eta nire estiloan. ZAZPI proiektuarekin horixe bilatzen dut, nire historia kontatzea, bideoan eta audioan.

Mila lagunetik batek daukagu esklerosi anizkoitza. Ez da gutxi. Estatistikoki baten bat ezagutu behar duzu eta gutxi gora-behera jakin beharko genuke zer demontre diren mielina, orbanak, erasoak, ... Nik artean ezer gutxi nekien gaitzari buruz eta diagnostikoak hotzean harrapatu ninduen.

Gaitzari buruz publikoan hitz eginda beronen ezagutza apur bat gehiago zabaldu nahiko nuke. Hurrengoan diagnostikatu berria den batek ez dezala izan nik izan nuen beldur eta ezinegon bera, edo pixka bat gutxiago.

Kirol-erronka batzuk egin nituen gaitzaren inguruko ezagutza handitzeko asmoz, eta nire gozamenerako, noski. Batzuk ulertuko ez duten arren, sufrikarioan gozamena aurkitzen delako baita ere.

Iaz "Nire erreferenteak" elkarrizketa-sortarekin beste pertsona batzuen esperientziak ezagutu nahi izan nituen, modu berekoian, ikasteko. 12+1 esperientzia izan ziren eta denengandik jaso nituen lezioak.

ZAZPI proiektuarekin nire historia kontatuko dut. Baina kamera aurrean, geldi-geldi, ez dakidanez egoten, mugimenduan egingo dut kontakizuna.

Hiru fase dauzka ZAZPI proiektuak:

  1. Kontakizuna
  2. Bidaia
  3. Dokumentala

Orain lehenarekin hasi berria naiz, kontakizunarekin: aurrerapen bat, zer den proiektua, gaitza nola antzeman nuen aurrena, ...

Youtubeko kanal honetan daude ikusgai bideoak eta zenbait audio-plataformatan entzungai. Sare sozialetan partekatzeaz gain, ZAZPI.eus webgunean publikatzen noa kapitulu berriak eta e-postaz harpidetu daiteke jakinaren gainean egoteko. Astelehen eta ostegunetan argitaratuko ditut kapitulu berriak.

Bidaia zein izango den ez dut oraingoz kontatuko. Sekreturen bat mantentzen utziko didazue, ezta? Honen inguruan esango dudana da Pello Osoro bidelagun izango dudala, eta berak grabaturiko irudiekin osatuko dugula dokumentala. Pelloren irudiekin eta Maite Arroitajauregi Mursegoren musikarekin. Ah, eta Euskal Herrian barrena egingo dudala bidaia ;-)

ZAZPI proiektuan sortuko ditugun edukiek lizentzia librea daukate. Berrerabili edukiak, aitortuz eta berdin partekatuz.

Zatoz nirekin, ederra izango da eta.

Euskarazko Wikipedia 400.000 artikulutara iritsi da

$
0
0

Bart gauez Euskarazko Wikipediak 400.000 artikuluen langa gainditu zuen. Mugarrirako azken egunetan prestaturiko Justizia klimatikoa artikulua prestatu zen; zenbait wikilarik landu dutena, eta estatistiketan une zehatzean argitaratzeko prestatu zena. Hizkuntza bertsioen artean, 34. wikipedia gara (zerrendari azken eguneraketa falta zaio gaur gaurkoz). Baina ez da bakarrik kantitate kontua, Wikipediaren kalitatea neurtzeko zenbait parametrotan ere goraka ari da euskarazkoa.

Kalitatearen neurketan, Wikipediek izan beharko lituzketen "10.000 artikulu inportanteenen zerrenda" dago, eta hor ez bakarrik neurtzen da artikulua eduki daukagun ala ez, baita ere bere luzera, erreferentzia eta irudi kopurua, osotasuna neurtzeko. Zerrenda horretan, katalaknek ospatu berri dute 10. posiziora iritsi direla, eta euskararena ere ez da txarra: 25. gara une honetan, non eta 30etik behera geunden iaz.

Koadro honek erakusten du Hamar Mila horietan nola joan den gure eboluzioa, artikulu labur, luze eta inexisteen arteko erlazioa... eta marra beltza, nola gure puntuazioa joan den Wikipediako kalitate kalkuluan.

Hamar Milakoa osatzeko, "soilik" 557 artikulu falta zitzaizkigun joan den asteko datuen arabera. Eta horien artean lana osatu nahi izanez gero, hemen falta direnen artean 200 inportanteenak.

400.000. artikuluari dagokionez, justizia klimatikoa apropos aukeratu zen, ez da izan kasualitatea. Kontzeptu inportantea da orain, eta beroketa globalaren eta krisi klimatikoaren garaian, etorkizunean ere hala izango da. 300.000 artikulura hurbildu ginenean ere, 2018ko uztailean, artikulu berezi bat prestatu zen, Euskararen jatorriarena. Horrela jaso genuen Sustatun orduan.

Kalkulu hau ere zabaldu du Wikipediak: "Zenbat okupatzen dute gure 400.000 artikuluek? Lur Entziklopediaren 13 liburuek duten formatu berberean inprimatuta, 274 liburu izango lirateke." Lur Entziklopediaren edukiak, izatez, integratu ziren Wikipedian duela urte batzuk lankidetza ekimen bati esker.

Eta 400.000.a gaindituta, aurrera goaz: estatistika orri honek erakusten du kontaketa zuzenean. 400k orriak dira edukidunak, baina 800k-tik gora dira desbideraketak, eztabaida-orri, erabiltzaile-testak eta abarrak kontuan hartuta. Eta beste datu bat, banakako edizioena: duela gutxi 9 milioi edizio gainditu ziren. 10 milioitara iristean, beste mugarri bat.

Lagundu Wikipedia editatzen eta zenbaki hauek are hobetzen, eta inplikatu zuzenean Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin bat eginez.


Beldurrola, euskarazko rol jokoen maratoi edo jaialdia Donostian

$
0
0

Gaurdanik urriaen 23a bitartean euskarazko rol jokoen Beldurrola jaialdia egingo da Donostia. Bi egunez Donostiko Egia auzoko Kultura Etxean, eta gero berezitutako Ebla liburudendan, euskarazko partidak jokatzeko aukera. Antolarzailea: Rolariak, euskal rol-jokoen zaletuen taldea.

Hiru eta bost jokalari artean biltzea da koska, 2 eta 3 ordu artean iraun dezaketen partida desberdinak jokatu ahal izatreo. Hor behean rol jokoen izenak eta egitarau zehatzak. Partida batzuk jokalariz beteak daude, baina beste batzuetan eman daiteke izena oraindik, hemendik.

GAUR URRIAK 20, OSTEGUNA
Egiako Kultur Etxean (Baztan Hiribidea 21, Donostia)

– 18:00: DEATH NOTE (Gure azken uda)

– 18:00: IGEL (Fragmentos)

URRIAK 21, OSTIRALA
Egiako Kultur Etxean 

– 18:00: PASABIDEA – 5 galdera mugaz bestalde dudan kontaktu bakarrari (Trueque)

– 19:00: EUSKALDUNA NAIZ ETA ARRARO NAGO (Atopia) 

URRIAK 22, LARUNBATA
Ebla liburudendan (Karmengo ama 28, Donostia)

– 11:30: ARGIAK, KAMERA, EKIN

– 11:30: ABENTURAK ERDIALDEKO LURRETAN (Savage Worlds)

– 11:30: BBK EZ OSO LIVE (Makina Maixu RPG)

– 17:00: HASTUR AIPAEZINAREN TENPLU GALDUA (Antzinako eskola)

– 18:00: ILUNTASUNAREN ATARIA (Ktuluren deia)

URRIAK 23, IGANDEA
Ebla liburudendan 

– 11:30: ABENTURAK ERDIALDEKO LURRETAN (Savage Worlds) 

– 11:30: MUNDUAREN ERTZEAN (Degenesis)

 

Ikus https://rolariak.eus/beldurrola

 

Ion Paroten kartzelaldiaz Maddalen Arzallusek egindako bertsoen polemika

$
0
0

Joan den ostiralean, hilak 14, Euskadi Irratiko Faktoria saioan bertso musikatuak kantatu zituen Maddalen Arzallusek: Ion Parot presoaren kartzelaldi luzea aipatuz. Espetxetik irten berria da Parot, bertan 32 urte eta erdi egin ondoren. Bertsoak EITBren webguneko artxiboetatik desagertu egin dira gero, eta horri zentsura iritzi izan diote. Era berean, Argiak azpimarratu duenez Faktoria saioko Twitter kontua ere “aldi baterako mugatu du” sare sozial horrek. Adierazpen askatasunaren aurkakotzat jo dute beste zenbait erabiltzailek, bai Twitterren partetik bai EITB hedabide publikoaren partetik. Halaber, Argiak Peertube sarean gorde du bertsoen bideoa.

Hona bideoa:

Bertsoek lehenbizi sortu zuten erabiltzaile batzuen protesta Twitterren, «terrorismoari gorazarre» egiten ziotela bertsoek. Halako salaketa batzuetatik etor zitekeen Faktoriaren Twitter kontuaren indargabetzea.

Beste polemika eta kritika uholde bat izan da gero EITBk bideoa bere webgunetik kendu duenean.

Berriak argitaratu duenez, Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak jakinarazi du «EITBko zuzendaritzako kide batek» agindu duela bideoa saretik kentzeko. Gehitu du Urruzunok EH Bilduk azalpenak eskatuko dituela urriaren 25ean egingo den EITBko administrazio kontseiluaren bileran.

Gasteiztar eta arabarrentzako bertso mingarriak salatu dituzte

$
0
0

Haritz Mujika bertsolari gipuzkoarrak Gasteizko Bertsolari Txapelketa Nagusiko urriaren 2ko saioan egindako lehen agurreko bertsoa kritikatu du irakurle batek Alea aldizkari arabarrera bidalitako guitunean. Manolo Martinez Fernandez saioan izan zen, eta minduta idatzi du ondoren: "Bertso absurdo baten harira".

Hemen da agurra Bertsoa.eus-en, eta hitzak Martinezen gutunean bertan jaso dira, Alearen webgunean.

Esaldi hau komentatzen du Martinezek: "Gasteizen dena da Mercedes Vito, ta Alaves Baskonia, kanpokoaren gorazarrea (?) ta euskararen afonia". Horren aurrean dio:

"Bistan da bertsoa ez dela oso egokia, eta, "betikoa, berriro" pentsatu genuen barruan geunden askok, hamaika aldiz entzun dugulako edo, hobeto esanda, entzun behar izan dugulako beste lurraldeetatik erdeinuzko komentarioak gure hizkuntza-egoera dela eta".

Martinezen ustez,

"...Diskurtso aspergarri horrek kaltea baino ez digu egiten, eta euskararen kontra jotzen du zuzenean: dugun egoerarekin, aurkitzen ditugun oztopoekin, egiten ari garen ahaleginarekin... Gure artean txorakerietan ibiltzea ez zaigu komeni eta are gutxiago lurralde bateko edo besteko nagusitasuna edo gutxiagotasuna aireratzea. (...) Hemen, "Arabako lurretan", euskaldun asko gara, asko, gero eta gehiago, euskaldun berriak gehienok, euskaraz bizi garenok naturaltasunarekin, euskaldunen komunitatearen parte sentitzen garenok, ez gehiago, ez gutxiago. Ahaztu dezagun, mesedez, zazpigarren alabaren kontu agoniko hori".

Bertsoak desegokiak izan zirela beste askok ere ondorioztatu dute Twitterren, baina Mujika bertsolaria erruz ez kargatzeko eskaerarik ere izan da. Ekhi Erremundegik esan du, adibidez: "Bertsolariak beti ez du asmatzen. Adibide asko eman litezke, eta hau da horietako bat. Zentrotik periferiara doan edonork irakurtzekoa.
Bide batez, ez baliatu Haritz Mujika egurtzeko. Ez da bera arazoa; ez da bakarra."

Haritz Mujikak, bide batez, Gasteizko saio hura irabazi zuen beste bertsolarien aurretik, eta Donibane Garaziko urriaren 29ko finalaurrekoan parte hartuko du. 

Argazkia: Bertsozale.eus (Mujika mikrofonoan saioko beste une batean)

MetaBergara bat eraikitzen Minecraften

$
0
0

Bergarako Udalak euskal jokozaleen Game Erauntsia elkartearekin ekimena hasi du, urri amaiera bitartean Bergara birtual bat Minecraften sortzeko. Izen hau jarri diote abentura honi: "Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektua". Dagoeneko ari dira han jokalariak eta badoaz Bergara eraikitzen. Emaitza herrian aurkeztuko da azaroan, eta parte-hartzaileen artean sariak emango dituzte.

Hona Bergarako zentroaren ikuspegia gaur gaurkoz, kale nagusiak marraztuta daudelarik:

Izan ere, Minecraften sartu edo jokatu gabe ikus daiteke esperientzia, bergaraminecraft.gamerauntsia.eus zerbitzarian sartuz. Lehen ikuspegia mapa batena da, baina eskuineko aukeretan 3D ikuspegi isometriko batera pasa gaitezke. Ikus urrutiko bistan, eskuineko aldea agerrarazita.

Eta 3D bista horretan, udaletxe inguruko eraikintzan fijatu gara.

Goragoko irudi horietako batean ikusten denez, Bergara amaitzen da... itsasoan! Uhartea egin dute udalerriaren mugekin. Metabertso oso bat eraikitzea zaila da eta, euskalduna egitekotan, herririk herri pixkanaka.

Eraikuntza kolektiboa (edo banakakoa, pertsona batek elementu zehatz bati ekin baiteizaioke) urriaren 30ean itxiko da, eta ondoren aurkezpen publiko bat egingo da Bergaran azaroaren 5ean. Bertan sariak ere emango dira zozketan. Horretarako parte hartzen dutenek beren eraikuntzen argazkiak bidal ditzakete Game Erauntsiare Discord zerbitzariko Minecraft atalera edo helbide elektroniko honetara.

Bisitatu https://bergaraminecraft.gamerauntsia.eus/ 

Informazio gehiago, Game Erauntsiaren webgunean.

Digilab: teknologia digitalen laborategi berria Arrasaten

$
0
0

Digilab izeneko teknologia digitalen lantegia inauguratu dute gaur Arrasaten. Ikerlan zentro teknologikoak kudeatuko du 2.000 m2-ko eremua, eta Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren laguntza tartean dela, 1.5 milioi euroko inbertsioa suposatu du irekierarako.

Ikerlanek zabaldutako oharraren arabera, abangoardiako hainbat teknologia ikertzeko azken belaunaldiko azpiegitura aurki daitezke Digilab berrian, hala nola robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa. Era honetako laborategi aurreratuena izango omen da Espainiako Estatuan, Ikerlanen arabera.

Digilab izango da, bereziki, Europako Batasuneko UNE 17025 arauarekin bat akreditatutako Espainiako zibersegurtasun industrialeko lehen laborategia. Bertan, produktu elektronikoaren adostasuna ebaluatzeko saiakuntzak egin ahalko dira.

Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiaren hitzetan, "Digilabi esker, ezagutza berriak erakarri eta sortu ahal izango ditugu ingurune ia industrial batean, enpresei teknologia transferitzen dugun posizionamendu ona indartuz eta industriaren erronka errealei konponbide errealak eskainiz. Teknologia digitalen ekosistema berri horrek, gainera, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako egokia den lankidetza-ingurunea sustatuko du”.

Informazio gehiago, Mondragon taldeko Tulankide agerkarian (irudia bertatik hartua halaber). 

Booktegi: 5 urte, kultur elkartea, eta jaialdia

$
0
0

Booktegi euskarazko liburu elektronikoen inguruko ekimenak 5 urte ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko jaialdia antolatu dute. Urriak 22, bihar larunbatez, izango da Booktegi Jaialdia Usurbilen, egun osoko egitarauarekin. Itxaro Borda izango da jaialdiko anfitrioia.

Booktegi 2017ko apirilean sortu zen, liburu elektronikoak deskargatzeko. Geroago, atal eta ekimen berriak sortu zituzten, hala nola egileen arteko elkarrizketak, adibidez.

Aurten, 5, urteurrena bete ondoren, Booktegi Kultur Elkartea osatu da ofizialki Booktegi kudeatzeko. Bazkidetza kanpainan daude abuztutik. 

Booktegi Kultur elkartearen helburua euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea da, formatu elektronikoak ahalik eta modu eraginkorrenean aprobetxatzen. Booktegin dauden liburu elektroniko, audio-liburu eta ahozko poiezak, eta bideo guztiak guztiontzat daude eskuragai, doan, sortzaileen eskuzabaltasunari esker.

Booktegi jaialdiari dagokionez, hona egitaraua:

  • 10:00 Poesia-itzulera. NOAUA/Usurbilgo liburutegia.
  • 11:30 Solasaldia. Maialen Alozi, Oihana Arana Cardenal, Ibon Larrrazabal, Amaia Arakistain.
  • 16:00 Emanaldia: “Habiak”. Anari eta gonbidatuak. 
  • 17:00 Solasaldia. Mikel Soto, Maite Darceles, Danele Sarriugarte, Bakartxo Iguaran.
  • 18:00 Emanaldia. “Azken aurreko manifestua” Iraia Elias, Hatxe. 
  • 19:00 Solasaldia. Axel Luzarraga, Irati Majuelo, Aitziber Etxeberria Garro, Ana Galarraga.
  • 20:00 Emanaldia. “Meza Nagusia”. Uxue Alberdi, Amorante.

Emanaldi gisa markatutako ekint<ak doan dira, baina sarrerak eskuratu behar dira jarri ditugun esteketan.

Bertsolari Txapelketako finalaurrekoekin, ikus-entzunezkoen aukera zabal bat

$
0
0

Bertsolari Txapelketa Nagusia (BTN) finalaurrekoen atarian da, eta ikus-entzunezkoak biderkatu dira azken txanpa honekin batera. Agian inportanteena: finalaurrekoak zuzenean telebistaz emango dituztela ETB4n larunbatetan, biharkotik hasita (Elizondotik, 17.00etatik aurrera). Horrez gain, EITBk10garrena izeneko podkastari ekin dio (fikiozkoa), BerriakTxapelpekoa podkasta dauka (informatiboa, iritzia), eta datorren astean ArgiakBerezkoa Ta Naturala bideo sorta hasiko du.

ETB4ko emanaldiei dagokienez, telebista tradizionalez emango dira, eta ETB4 ez dagoenez online, lastima da EITB Basque Youtubeko kanalak edo beste online plataforma batek ez ematea zuzeneko seinalea Interneten.

EITBren beste ekimena, 10garrena podkasta da. Fikziozko lana da, Bertso Txapelketa bateko final distopikoak proposatzen dituena. Aktore-ahotsekin, Iñaki Beraetxek zuzendu du podkast saila Xabi Paia eta Aitzol Barandiaranen gidoiekin. Abenduko finala bitartean, astero ale bat argitaratuko da; lehena astelehenetik dago sarean. Hona EITBk nola aurkeztu zuen ekoizpen hau.

Berriak ere podkasta hasi du, Txapelpekoak. Formatua iritzi-emaileen mahainguruak eta elkarrizke-analisiak izango dira, Miren Mujika Telleria kazetariak zuzenduak. Lehen alea jada argitaratu da, eta asteroko jarraipena izango du.

Argiaren ekarpena, berriz, bideo-sorta bat izango da, urriaren 25etik aurrera argitaratzen hasiko direna: Berezkoa Ta Naturala, BTN siglarekin jolas eginez. Haien azalpenaren arabera, "atero Txapelketako saioen liseriketa kolektiboa egiten lagunduko digute Aner Peritz, Leire Vargas eta Oihana eta Haizea Arana bertsolariek".

Saioen egutegiari dagokionez, hemen dituzue:


PloneConf nazioarteko software biltzarra Euskal Herrian egingo da 2023an

$
0
0

CodeSyntax euskal enpresak darabilen azpiegituretako bat da Plone, eta CMS honen 2022ko urteko biltzarra (PloneConf) joan den astean izan zen Namurren (Belgika). Bertan iragarpen inportante bat egin ahal izan genue: datorren urteko PloneConf 2023 Euskal Herrian izango da, PloneConf Basque Country antolatuko dugu. Software libreko teknologia inportante baten mundu osoko garatzaileen biltzarra geurean, Euskal Herrian.

Software librearen arloan erreferentziazko CMS bat da Plone, web edukiak kudeatzeko sistema bat da CMS bat, eta teknologia alor honetan Python programazio hizkuntzan oinarrituta dagoen CMS ezagunen Plone da. PloneConf teknologia honen garatzaileen munduko bilera da. Pandemiaren ondorioz bi urtez online egin ondoren, 2022an berriro egin da Namurren, Belgikan. 

2000. urtean sortu zen CodeSyntax eta hasieratik bertatik garapenak batez ere Python lengoaia librean egiten ditugu, honetan oinarrituriko azpiagituretan, Plone CMS gisa, Volto frontend azpiegitura aurreratua, eta Django, ad-hoc garapenetarako framework indartsua.

Plone CMS sendoa da mota guztietako erakundeentzat. Edukia, katalogoa eta informazioa zuzenean webgunean argitaratu nahi izanez gero, Plonek webgune eleanitz eta sendoak hezurmamitu ditzake. CMSk 20 urte bete ditu, eta 2003az geroztik PloneConf izeneko biltzarrak ditu urtero. Lehenengoa New Orleansen (AEB) egin zen 2003an, eta 20 urteren buruan Euskal Herrian izango da tartean Viena, Washington DC, Berlin, Napoli, San Francisco, Tokyo edo Brasilia bezalako hiriak bisitatu dituen biltzarrak. CodeSyntax urtero izan da horietan 2007ik aurrera. 2020 eta 2021 urteetan konferentziak telematikoak izan dira, pandemiagatik, baina 2022ko urrian Namurren (Belgikan) 200 profesional bildu ziren berriro, aurrez aurre.

CodeSyntaxek sei garatzaileko ordezkaritza bidali zuen Namur PloneConf 2022ra, hori dira irudian, lehen lerroan Nagore Ruiz de Escudero eta Mikel Larreategi (Ploneko internazionalizazio arduraduna, nazioartean); eta atzean ezkerretik Unai Etxaburu, Ion Lizarazu, Lur Ibargutxi eta Gorka Fernandez. Bertan, garapen-saioetan parte hartzeaz gain, albistea iragarri zuten: PloneConf 2023 Euskal Herrian izango da. Behin betiko egoitza zehazteke dagoen arren, oraingoz PloneConf Basque Country deitzen diogu, eta data ere zehaztu gabe dago: urrian edo azaroan izango da.

Datu horiek urtea amaitu baino lehen argituko dira, eta 2023an CodeSyntaxek ekitaldia antolatzeko bideari ekingo dio. Bertan, dozena bat enpresa baino gehiagoko 200 profesional eta freelancer biltzea espero da, Euskal Herrian software librearen esparruko lehen mailako ekitaldi bat edukitzeko aukera bikainean.

Topaketa: Amatasunak (eta ez-amatasunak) ikuspegi feministatik

$
0
0

Amatasunak ikuspegi feministatik, "(ez)amatasunak" ere kontuan hartuz lelo nagusiak azpimarratzen duen bezala, Donostian antolatu den bi eguneko biltzarra da. Azaroaren 11n eta 12an izango da topaketa Tabakaleran.

Antolatzailea da Emagin, formakuntza eta ikerketa feministako taldea, eta honela azaltzen dute jardunaldiaren zioa: "Azken sasoian, bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte eredu justuago bat aldarrikatzen gabiltza eta horri lotuta gure zaintza sistema jarri dugu jomugan. Bada, bizitzaz eta zaintzaz ari garen honetan, ezinbestekoa da amatasunak gizarte erakunde gisa duen papera aztertzea. Halaber, XXI. mendeak bere dituen ezaugarriekin batera aztertu behar da (ez)amatasunen afera. Aldatu egin baita emakumeok lan merkatuan dugun presentzia, arlo produktibo-publikoak gure bizitzetan duen lehentasuna, harremanak eraikitzeko erak, sare sozialak… Horrek guztiak begirada eguneratzea eskatzen du."

Hauxe da egitaraua:

AZAROAK 11, OSTIRALA

9:30 Ate irekiera.
10:00 Ongi etorria. Egin, desegin, berregin.
10:30 Mahai ingurua: (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik: desioak, kontrolak eta denborak. Marina Sagastizabal, Anna Molas eta Diana Oliver.12:30 Atsedena
13:00 Erakusketa eta solasaldia. "Amor de madre" ikusentzunezko proiektuaren zine foruma. Maria Romero Garcia.14:30 Atsedena
16:30 Musika: Anari.17:00: Amatasuna ez da irla bat. Nola (ez)egin ama?

  • Bizipenak partekatzeko tartea.
  • Bertsolariak: Uxue Alberdi eta Ane Labaka.
  • Estolda intimo-politikoak: (ez)amen ahotsak.

20:30 Hystérie performancea. La Fêlure konpañia.

AZAROAK 12, LARUNBATA

10:00 Mahai ingurua: Amatasunen arrastoak: ibilbide demografiko, historiko eta feministak.

  • Marta Luxan, Lore Lujanbio, losune Fernandez Centeno eta Metxi Bogino.
  • Parean Elkartea, Estitxu Fernandez, Erika Lagoma eta June Fernandez.

12:00 Atsedena
12:30 Taldekako eztabaida: Amatasunen korapiloak askatzeko estrategia feministak.

14:00 "Nik uste dut...". Beatriz Egizabal.

14:30 Bazkaria: guztiontzako luntxa

16:00 (Ez)amatasunen inbentario bat: Helduentzako ahozko narrazioa. Mireia Delgado.

17:00 Amatasunaren itzal literarioak. Uxue Apaolaza, Iratxe Retolaza, Danele Sarriugarte, Arantxa Urretabizkaia.
19:00 Artefaktu feministen berrirakurketa. Mursego.

Informazio gehiago: https://amatasunakfeminismotik.emagin.eus 

Izena emateko, hemendik.

'Agerraldia' Azkoienen, Ager Vasconum hegoaldekoan topaketa bat

$
0
0

Azaroaren 5ean ekitaldi interesgarria antolatu du Nafarroako hegoaldeko euskalgintzak: Ager topaketek edo Agerraldiakager vasconum terminoari erreferentzia egiten diote. Ager horretako euskaltzaleen mugimendua izan nahi du Agerraldiak eta abiapuntuko hitzordua, azaroaren 5eko hori, Azkoienen izango da. Latinezko erromatarren garaiko terminoak dira ager vasconum eta saltus vasconum, baskoien lurraldea banatzen zenean nekazaritza zonalde zibilizatu hegoaldekoan (ager edo landa zen hori), eta iparralde menditar basatiagoan.

Besteak beste, tailerrak, ikuskizunak eta herri bazkaria antolatu dira. Tailerretan hainbat gai landuko dira, eta izena eman beharr dago horretarako, hemendik. Hona gaiak tailer horietan:

  • Gazteak. Gazteen artean euskararen egoera ez dago inondik inora normalizatua, euskararen garapenerako behar beharrezkoak duten kulturak etenaldia izan du, baita euskararen aldeko hamaika herri ekimenek ere. Ager eremuan gazteriak euskarari egiten ahal dion ekarpenaren inguruan hausnartuko dugu eta aldi berean gazteen beste problematika eta egitasmoetan euskarak izan dezakeen tokiaz. Zein proiektu martxan jar dezakegu? Nola artikulatu?
  • Hezkuntza ez formala eta euskara. Ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikas-eredu orokortua behar dugu, baina hortik kanpo zer? Erabilera erosorako espazioak bermatzea ezinbesteko ardatza izanen da, baita motibazioan eragitea ere. Hezkuntzaren baitan, hezkuntza formala (eskolak, ikastolak, haur eskolak…) dauzkagu. Era berean hezkuntza ez formalean (euskaltegiak, ludotekak, kanpaldiak, mintzakide bezalako proiektuak…). Azken honetan sakonduko dugu. Zein proiektu gara dezakegu hezkuntza ez formalaren baitan?
  • Kirola ere garrantzitsua izan daiteke euskarak bere lekua berreskuratzeko zonaldean. Zein proiketu edo egitasmo martxan jar dezakegu? Kirol jarduera horietan euskaraz sortutako jarduerak bermatzeko sistema abian jarri beharko da eta nola ez, euskara hutsezko kirol jarduerak babesteko estrategiak.
  • Kultura. Euskara ardatz duen kultur ekosistemaz ari gara, kultur eragile anitzez osatuta dagoena. Euskarazko sortzaileak erdigunean izanen ditu eta funtsezkoa izanen da haien lana errekonozitzea eta babestea. Finean, euskal kultura-sistema osatuko duten ekimenaz ari gara, eta egitura horren garapenaz eta horretarako ezarriko diren baliabideen kudeaketaz. Baina zer behar dugu Ager eremuan? Nola gauzatu hau guztia? Euskara bultzatzeko kultur jarduerek bere pisua daukate. Eremu honetan jarduera dexente garatzen dira zonaldean euskera egunetatik hasita, jarduera konkretu eta iraunkorrak arte. Zein kultur egitasmo garatu dezakegu zonaldean?
  • Erakunde publikoen jarduerak eta euskara. Administrazio publikoek (udaletxeak, makomunitateak, Nafar gobernuak…) bere egitekoa dute zonaldean euskara bultzatzeko. Besteak beste bermatu beharko dute enpreseak dagozkien betekizunak behar bezala garatzen dituztela, eta enpresa barruko eraldaketa prozesuak egiteko beharrezko laguntza eta babesa eskaini beharko diete aurrekontu edo baliabide propioekin. Nola inplikatu hauek? Zer egin dezakete? Nola garatu dezakegu elkarlana?
  • Komunikabideak. Euskarazko hedabide-sistema egonkorra izatea oinarria da. Plan estrategikoa osatu beharko da eta euskarazko hedabide baten etorkizuneko erronkak identifikatzea ezinbestekoa izanen da. Horrelako hedabide batek euskal kulturaren erakuslehio izan beharko du baita euskaldunontzat erreferentziazko ere. Hori bermatzeko baliabideez eta tresnez hausnartu beharko da. Komunikabide eta proiektu komunikatiboak sekulako garrantzia daukate zonaldean. “Kontatzen ez dena, ez da gertatzen” Nola ematen ahal diegu ahotsa zonaldeko euskaltzaleei?

Agerraldiak honela aurkeztu du beren burua: Ez dute "inor ordezkatzeko asmorik, ezta beste inori dagokion lekua hartzeko xederik ere. Agerreko euskararen aldeko indarrak batu eta biderkatzea da gure nahia; orain arteko euskalgintzaren ahaleginak sendotu eta ahalegin berriei bide egin nahi diegu, bi eta bi lau baino gehiago izan daitezkeela sinetsita gaudelako.(...) Agerreko euskaldun eta euskaltzaleok bat egiteko garaia dela uste dugu. Ez, noski, denok berdin aritzeko, baizik eta nork bere eremuan eta bere tresnen bidez sokaren mutur beretik tira egiteko. Izan ere, gure eremu zabalean euskarak dituen erronka erraldoiei eusteko ezinbestekoa izanen zaigu euskalgintzaren lehentasunak adostea eta norabidea bateratzea.

Webgunea, hauxe: https://agerraldia.eus 

Eta azaroaren 5eko Azkoiengo topaketen egitarau zehatza eta beste zenbait argipen, PDF honetan.

Basoak.eus, baliabide didaktiko interesgarria

$
0
0

Gure Basoak edo Basoak.eus webgunea Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak prestatu duen webgune interesgarria da, "Gure basoak" izenburuko liburuaren sustapenerako ere balio duena. Gipuzkoako basoak dira ardatz nagusia, baina informazio orokorra baliagarria da Euskal Herriko basozale guztientzat.

Besteak beste, webguneak eduki hauek ditu:

Gure Basoak liburuari dagokionez, hemendik eros daiteke 20 euroan.

Liburu/gida honek Gipuzkoako basoen eta basoko landareen informazio ugari du. Mendiko gidetan ohikoa ez den arren, garrantzia bera emaren die liburuak landareei eta basoei; izan ere, landareak ez dira era isolatuan hazten, eta beraz, landare horien testuinguruan (basoan) jarri dute azpimarra autoreek. Horrela, irakurleak Gipuzkoako landareak identifikatzen ikasteaz gain, bertako baso-paisaiak interpretatzen ere ikasiko du.

Bide batez, zorionak Aranzadi Elkarteari bere berri duen bere 75. urtemugan.

Abian da CAF-Elhuyar sariketa, ikusmira urrunean jarrita

$
0
0

Martxan da CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria, 2023koa. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu sariketak. Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. "Begiratu urrunera" da 2023ko edizioaren leloa eta lanak aurkezteko epea 2023ko otsailaren 6ra arte egongo da zabalik.

Oraingo honetan, "Begiratu urrunera" leloaren mezua Isaac Newtonen esaldi honi lotuta dago: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”. Hain zuzen ere, hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko. Eta horretara gonbidatu nahi ditu zientzialariak eta zientziazaleak aurtengo CAF-Elhuyar sariketak, lelo horren bidez kultura zientifikoa hedatzera, gaur egungo talaiatik abiatuta, eta urrunera begiratuz. Lanak kategoria hauetan aurkezteko aukera izango dute:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoria ditu: dibulgazio-artikulu orokorra eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.
  • Zientzia-kazetaritza arloko lanak. Irabazleak 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu.
  • Sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura garatzeko, baita eskultura ere.

Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta bateragarria da beste sariekin.

Lanak 2023ko otsailaren 6ra bitartean aurkez daitezke, helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus

Viewing all 9039 articles
Browse latest View live