Quantcast
Viewing all 9030 articles
Browse latest View live

Appa Zarautz, garapen iraunkorra lantzeko lehiaketa app bidez

APPA Zarautz aplikazio baten bidez Zarautzen martxoan garatuko den lehiaketa bat da. Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren helburuak herriko gazteengana gerturatzea du helburu Zarauzko Udalak antolatu duen lehiaketak, eta martxoaren 1etik 18ra bitartean ospatuko da. Eguneroko saria egongo da partehartzaileentzat, eta ondoren ekitaldi batean lehiaketa kolektiboa eta sari gehiago.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Arrakasta handia duen Egunean Behin aplikazio-jokoaren moldeko lehiaketa izango da APPA Zarautz-en garauko dena. Alderdi teknikoa ere enpresa berak egin du, CodeSyntax-ek, Sustatu agerkari hau egiten duenak.

Herriko gazteek martxoaren 1etik 18ra parte hartu ahal izango dute jokoan. Dinamikari dagokionez, egunero zazpi galderari erantzun beharko diote, eta gaiak askotarikoak izango dira: herriko kultura, aisia, demografia, ingurumena, kuriositateak edo euskararen ingurukoak, besteak beste. Zarautz 2030 Plan Estrategikoak garapen iraunkorreko helburuak ere markatzen ditu, urtebeteko prozesu baten bidez landu direnak, eta horiek zabaltzeko modua ere emango du aplikazioak galderen bidez. Parte hartzaileen artean sari bat zozkatuko dute egunero.

Egunero parte hartzen duten gazteen artean zozkatuko diren eguneko sariez gain, martxoaren 24ean ekitaldi berezi bat ospatuko da, Zarauzko Modelo Aretoan; bertan, sari handiak zozkatuko dira, besteak beste, bertako ostalaritza eta merkataritzan erosteko bonoak, esperientziak, abenturak eta kontsumorako produktuak. Zozketan horretarako txartela eskuratzeko, 18 partidak egin eta 14 eta 25 urte bitarte izan behar dituzte parte hartzaileek.

APPA Zarautz instalatzeko estekak, hauek:


Ikusgela proiektua TikTok-en Zortziko Txikiarekin

Ikusgela proiektuak, "mundua ulertzeko bideoak" sortzekoak (euskarazko Wikipediak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatua), bideo sorta berria ekoizteari ekin dio: Zortziko Txikia, bideo bertikalak, Tik Tok-en kontua sortuz eta bideo formatu berriena Wikipedian ere txertatuz

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Ikusgela azalpen bideo libreen proiektuak bideo-sail eta formatu berria estreinatu zuen duela egun batzuk Inauterien gaineko zortzi datu biltzen zituen bideoarekin.

Bideo bertikal laburretan oinarritzen da Zortziko Txikia izendatu duten saila, eta gai baten bueltako 8 datu jakingarri azaltzen ditu labur-labur. Lehena,  garaiak eskatuta, inauterien gainekoa izan zen. Asmoa, berariaz TikTokeko logikan ere edukiak sortzea da, baina baita beste sailetako edukiak ere bertatik zabaltzea. TikTok da gazteen artean azken urteotan erabiltzaile berri gehien pilatu dituen kanala, eta euskarazko hainbat proiektu badaude ere, oraindik lan handia dago bertan egiteko.

Gero eta baliabide multimedia gehiago eskaintzen ditu Wikipediak. Horietako bat da bideo bertikalena. Formatua boga-bogan dago, eta oso modu txukunean txertatzen dira horrelakoak entziklopedia librean. 

Baina kontua ez da bakarrik bideoak sortzea... Zortziko Txikiko bideo hauetan, datuen erreferentziak zorrotz jasotzen diren. Ikus goragoko bideo horren dokumentazioa. Sareko bideoetan ohikoak dira fake news eta erreferentzia gabeko datuak. Horri erantzuteko, Wikipediak, adibidez, indarra jartzen du bere artikulu guztietan erreferentziak jaso eta sinesgarritasuna lantzeko. Bideo hauetan ere, lantzen diren datu guztien erreferentziak eta Wikipediako artikulu gehigarriak gehitzen dira Bideoan erabilitako irudi guztien erreferentziak jasotzen dira. Esateko, Altsasuko “Momotxorroen irteera” bideoa Wikimedia Commons-en dagoenez, hori erabili da bideoan. Izan ere, bideo hauek ere, CC-BY-SA lizentzia dute.

Ikusgelatik etorkizunean estilo honetako bideo gehiago sortuko dituztela esan badigute ere, azalpen bideo gehienak 4-6 minutuko bideo horizontaletan ikusten dituzte gaur-gaurkoz. Garaiak azkar aldatzen dira, eta formatuak ere horrela moldatzen dira, baina azalpenaren patxada eta joera berriak elkarbizi daitezke.

Lehenago Sustatun Ikusgelaren inguruan:

Ikusgelaz gehiago:

“Justizia” euskarafobikoari planto egiteko deialdia Nafarroan

“Justizia” euskarafobikoari planto egiteko, eta kaleak euskaraz nahi dituztelako, elkarretaratzea antolatu du Euskararen Defentsarako Sarea izeneko taldeak otsailaren 23an (osteguna), 18:00etan, Iruñeko Konstituzioaren plazan: "Nahikoa da! Euskaldunon aurkako erabakiez nazkatuta gaude! Kaleak Euskaraz!" leloekin egiten zaio dei euskalgintzari, bereziki Nafarrokoari.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Hauxe da Euskararen Defentsarako Sareak zabaldutako agiria.

ELKARRETARATZEA: KALEAK EUSKARAZ!

UPNk, aspaldi, ele bitan jarri zuen Iruñeko Paderborn parkeko plaka: espainieraz eta alemanez. Euskararik ez, jakina. Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen plaka hura euskaraz ere errotulatzea.

Azaroaren 25aren pasealekua, Iruñeko Orfeoiaren parkea, Iruñera sartzeko kartelak eta beste hainbat gaztelania hutsean errotulatu zituen UPNk, eta Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen euskaraz ere jartzea. Zorionez, beste kasu batzuetan ez bezala, halakoetan Nafarroako Administrazio Auzitegiak euskararen aldeko ebazpenak eman ditu gehienetan, hots, euskaraz ere errotulatzearen alde, Iruñeko Euskararen ordenantza aplikatuta.

Duela urte bat Iruñeko Udalak Konstituzioaren izena jarri zion plaza bati (konstituzio horrek espainiera hizkuntza nagusi bihurtzen du, eta euskara, menpeko). Nola ez, espainiera hutsean idatzi zuen. Nafarroako Administrazio Auzitegiak ele bitan jarri behar zela ebatzi zuen, baina gero, epaile batek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, erabaki zuen Iruñeko Udala ez zegoela behartua euskaraz ere jartzera. Epaitegiaren asmoa argia da: Ez da nahikoa euskara zerbitzu publikoetatik desagerraraztea, hizkuntza paisaiatik ere desagertu behar da.

Horregatik, “justizia” euskarafobikoari planto egiteko, eta kaleak euskaraz nahi ditugulako, elkarretaratzea antolatu dugu otsailaren 23an (osteguna), 18:00etan, Iruñeko Konstituzioaren plazan: Nahikoa da! Euskaldunon aurkako erabakiez nazkatuta gaude!

15 Minutuko Hiria azaltzen

Azken aste hauetan Alt-right eskuin-muturrak eta oro har konspirazionista erreakzionarioek "gerra kulturalen" jomugan jarri duten kontzeptuetako bat 15 minutuko hiriarena da. "Autoz ibiltzeko askatasuna kendu nahi digute! Hirieta ghetto kontrolatzaileetan giltzapetu nahi gaituzte!". Gehiegikeria absurdo horien gainetik, begiratu diezaiogun ideiari, azalpentxo saiakera bat.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

15 Minutuko Hiria, ingelesez 15-Minute City, kontzeptuak adierazten du hiri bat non biztanleak libre eta gai diren behar gehienak asetzeko, hala nola dendak, parkeak, jatetxeak eta eskolak, 15 minutuko ibilian edo bizikletaz, eta beraz ez dute halabeharrez autorik behar bizitzeko. Tarte tenporala pixkat luzatzen dute batzuek 20-Minute Barrio edo 20 minutuko auzoak aipatuz.

15 Minutuko Hiria kontzeptuaren atzean dauden ideiak 1920ko hamarkadatik dabiltza bueltaka, baina esaldia bera Carlos Moreno urbanista frantziarrak sortu zuen 2016an. Moreno Bilbora gonbidatuta etorri zen 2021eko azaroan, eta hemen dago haren agerpenaren berria eta bideoa.

Ideia hauek euskaraz ekarri ditugu hona, batzuk bideo horretatik, eta beste euskarazko erreferentzia hauetatik ere: Arnasgunea.eus, Pello Aspururen artikulua Enpresabidean, Donostiako auzo elkarte bateko ordezkariaren iritzia, eta Irati Otamendi arkitektoaren artikulua.

2020an ospea lortu zuen Morenoren ideiak Annie Hidalgo Parisko alkateak hauteskunde kanpainako promesatzat hartu zuenean, Parisko kaleak berriz diseinatzeko asmoa agindu zuenk, kontzeptu honen inguruan  (Jaione Dagdrommerren artikulua Gaztezulon).

15 Minutuko Hiria "eraiki" daiteke zonifikazio arau berrituekin, aparkalekuen eraberritzeekin, etxebizitza trinkoak eta erabilera bakarrekoak eraikitzeko pizgarriekin, eta oinezkoen aldeko kaleen diseinuekin. Autoak erdigunetik kentzea ere bada metodo bat, eskuinaren paranoiaren helduleku nagusia.

Urbanista adituen esanetan, autoak erdigunetik kentzea ez da autoari aurre egitea. Kaleen segurtasuna eta produktibitatea maximizatzea da kontua. Horrela, egoiliarrek askatasun handiagoa dute zirkulatzeko autoa alde batera utzira, hala nola oinez, patinetez, bizikletaz... Horrek denei egiten die mesede, baita gidariei ere.

Ez dago politika bakar bat autoak zentrotik (erdigune fisikoa, zein erabilpeneko zentralitatea) ateratzeko. Hiri batzuek aparkatze eta zeharkatze prezioak erabiltzen dituzte, beste batzuek ibilgailuetara sartzeko garai ezberdinak izendatzen dituzte. Noski: salbuespenak daude larrialdietarako ibilgailuentzat, taxientzat, autobusentzat, ezinduentzat eta abarrentzat.

Kritikoek diote 15 minutuko hiriak ingeniaritza sozialaren eraikuntza direla, ez gauza "naturala". Baina egiazki, hiriak historikoki naturalki trinkoak eta ibiltariak izateko zeuden eginak, harik eta ingeniariek eta gobernuek automobilen inguruan birdiseinatu zituzten arte. Horrek auzoen eta tokiko aberastasuna suntsitu ditu 20. mendetik hona.

Urbanista hauek espero dute jendea ohartuko dela auzo ibiltari eta bizigarriak ekonomikoki emankorragoak eta desiragarriagoak direla auto-zentratuak baino. Lekuak pertsonentzako eraikitzen ditugunean, jarduera baten helmuga bihurtzen dira. Baina autoentzat eraikitzen ditugunean, aparkaleku bihurtzen dira. Garapen trinko honek, bestalde, garapen auto-zentratuak baino zerga-sarrera gehiago lortuko luke, era errazagoa litzateke denboran zehar mantentzea eta egokitzea. Txikizkako dendak bulego bihur daitezke, bulegoak etxe, eta abar. Horrek balio iraunkorra ematen die egoiliarrei.

Zenbait hiri-agintetan kontzeptuaren aldeko politika egiten hasi direla dirudi, hala nola, Bartzelona, Portland, Ottawa eta Paris. Baina argi dago ez dela gakoa hori bakarrik: hiri hauetako batzuetan, eta Paris edo Bartzelona etsenplu argiak dira, gentrifikazioa eta etxebizitzaren garestitzea izugarrizko arazoa dira, autoarekin ibili ala ez. Guztiarekin, 15-minutuko hiriaren alde egiteak ez du esan nahi metodologia zehatz bat aplikatzen dela han edo hemen; funtzionariek, agintariek eta inplikatutako herritarrekin nork eskura duenarekin egin dezake kontzeptuaren alde.

15 minutuko hiriek askatasuna sustatzen edo murrizten dute? Beno, gidatzeko askatasunaren alde egon gaitezke, eta lekuak modu seguruan eta erosoan gozatzeko askatasuna ere bai, etaoinez edo bizikletan ibiltzekoa ere. Beraz, pertsona bakoitzaren politikaren eta balioen araberakoa da izan daiteke "askatasun" ingurune honetan.

Irudia: Parisko 1979ko dentsitate demografikoaren mapa bat (Wikimedia Commons).

Hamaika Telebistak azpidatziak martxan jarri ditu Orai NLP-ren adimen artifiziala baliatuz

Hamaika Telebista ahotsa azpidatzi moduan ematen hasi da bere web orrian, Orai NLP Teknologiak langunearekin. Duela aste batzuk dago martxan eta frogatuta: adimen artifiziala baliatuz, bideoetan esandako hitzak azpititulu bihurtuko dira hemendik aurrera webgunean.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaika-k egoitza duen Donostiako PIA eraikinean. Bertan parte hartu dute Hamaikatik Maddi Mochales berrikuntza eta teknika arduradunak eta Iñaki Uria zuzendari nagusiak; Orai NLP-tik, Igor Leturia eta Iñigo Morcillo garatzaileak eta Josu Aztiria zuzendariak.

Hona adibideko bideoa, eman maximizatxeko pantaila osoan ikusteko:

Proiektu berri honek helburu bikoitza du bere baitan: audio bidez albistea jarraitu ezin duenari atea zabaltzea, eta euskara ikasten ari denari albistea jarraitzeko eta euskaraz trebatzeko tresna berria eskura jartzea.

Lehen urrats batean, Hamaika-ko albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak ageriko dira azpidatzita, webguneko Gurean Gaur ataleko ekoizpenetan zehazki. Nolanahi ere, aurreikusita dago sistema webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan ere aktibatzea. Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera lantzen jardungo du batetik, eta beste hizkuntzetan daudenak euskarara ekartzen ere bai bestetik.

Orai NLP Teknologiak adimen artifizialeko languneak garatu du transkribapen eta azpidatzi automatikoak egiteko soluzio teknologiko adimenduna, hizketa-ezagutza automatiko bidezkoa. Inplementazioa, berriz, KAM telekomunikazio enpresak egin du.

Hamaikaren eta Orairen ordezkariek Heraldabide eta Hiekadi proiektuen emaitza gisa aurkeztu dute egitasmoa. Euskadi–Akitania Berria–Nafarroa euroeskualdearen "Hiritartasuna" deialdiaren eta HAZITEK 2020 eta 2021 deialdien laguntza izan dute, eta, horrenbestez, Euroeskualdearen eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza eta babesa eskertu dute.

Etorkizunera begira, hainbat erronka ditu Hamaikak Orai NPL-rekin lankidetzan garatzeko. Hamaika Telebistaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta adimen artifizialeko beste hainbat teknologia aplikatzeko, bi erakundeek bide-orri teknologiko bat garatuko dute, elkarlanean jarraitzeko asmotan. Hainbat aukera jarri nahi dituzte martxan, hala nola elkarrizketak azpitituluetara ekartzea, euskalkietan egiten diren hitzartzeak azpitituluetara ekartzea, azpitituluak beste hizkuntza batzuetara itzultzea, audioa beste hizkuntza batzuetan ere sortzea, beste hizkuntza batzuetakoa euskarara automatikoki bikoiztea, testuetatik hitz-gakoak erauztea edota laburpen automatikoak egitea.

Txat adimentsuak gezurti gezurtero batzuk dira

Adimen Artifizialeko testu/txat sortzaileek naturaltasun handiz eta berehala erantzuten dizute. Baina beti egiarekin ari direnik ez dirudi. Ingelesezko adibide flagranteak dokumentatu dira ChatGPT-rekin eta beste tresna batzuekin. Joan den asteko bi adibide dakarzkigu hona, erabiltzaile euskaldunek ChatGPTri planteaturiko galderekin.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Santi Leone idazleak bere ipuin liburuaz (Liztor Mutanteak) galdetu zion ChatGPTri, euskaraz. Zuzentasunaren aldetik, erantzuna ez dago euskara guztiz txukunean, baina ulergarria da guztiz. Hori bai, sekulako gezurrak asmatzen ditu.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Liburua Iban Zalduak idatzi zuela, nobela dela, 2004koa... gezurrak edo datu okerrak. Hori bai, pozen bat ere eman dio Leoneri: "Nobela hau oso interesgarria da eta ezinbestekoa euskal literaturaren parte bat dela esan daiteke".

Alberto Barandiaranek gazteleraz ekin zion Euskaldunon Egunkariaren harira. Hizkuntza honetan hobeto erantzuten du ChatGPT-ek, baina datu zuzen batzuen ondoren, gezurrak esatera pasatu zen halaber. Bereziki, langileei 1,87 milioi euroko indemnizazioa eman zitzaiela. Ez da halakorik gertatu, noski.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Barandiaranek elkarrizketari jarraitu du, pertsona batekin argudiatuko balu bezala, eta beste zenbaki bat ere atera dio "adimen artifizialak" xisteratik, 20.000 euroko kalteordaina dela langile bakoitzak jasoa. Barandiaranen protesten aurrean, oker zegoela onartu du azkenean ChatGPT-ek.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Nola ikasiko dute zuzen (hizkuntzan) eta datu zuzenekin (okerrik edo gezurrik gabe bederen) erantzuten tresna hauek? Proiektu libre bat bada behintzat euskaraz ere trebatzen ari direna, eta joan den astean aurkeztu genizuen: OpenAssistant.

Nola erantzingo du OpenAssistant-ek? oraingoz trebatzeko aukera dugu, ez dago modurik galde-erantzun moduan testeatzeko, ChatGPTren kasuan bezala. "Garapenaren lehen etapetan gaude", diote beren FAQean. Baina hau ere agintzen dute: "Kodea eta ereduak Apache 2.0 lizentziapean lizentziatuta daude" eta entrenamendu datuak argitaratu egingo dira CC BY 4.0 lizentziapean. "Open Assistant doakoa izango da erabiltzeko eta aldatzeko" eta "Kontsumo-hardwarean exekutatu ahal izango diren bertsioak egongo dira."

Egunkariaren itxiera: duela 20 urteko Sustaturen artxiboetara begirada

Aste honetan Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urteurrena izan dugu. Kolpe traumatikoa euskal kulturarentzat eta euskararentzat. Interneteko hedabide gaztea zen Sustatu orduan, eta gure artxiboari begiratuz gogoratu dugu hura Twitcheko eta Segura Irratiko zuzeneko honetan, izan ere, 2022ko otsailean eta martxoan gai hartaz idatzi ziren dozenaka artikuluak gordetzen baitira geure biltegian.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Hona bideoa:

Mikel Martin EHGAMeko militantea hil da

Mikel Martín Conde (Errenteria, 1954) LGTBI aktibista euskalduna hil da, minbiziak jota, gaur goizean. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko (EHGAM) hastapenetako ekintzaile bat izan zen. 

Image may be NSFW.
Clik here to view.

1977an hasi zen bere militantzia EHGAM gorpuzten, beste pare bat militanterekin. Ekarrizketa honetan, Imanol Alvarez eta Antonio Kintana (aurten hila hau ere) aipatu zituen Martinek.

Bere jaioterrian, Errenterian, handik gutxira gertaturiko Vicente Vadillo Francis trabestistaren hilketak (polizia batek hil zuen 1979ko ekainean) are gehiago inplikatzera eraman zuen eta publikoki armairutik irten ere horren ondoren egin zuen. Mikel Martinek berak ere pertsonalki pairatu zuen indar armatu espainolen indarkeria: 2005ean lau militarrek Donostiako kale batean jipoitu zuten Martin. 137 egunez egon zen jasandako zaurietatik errekuperatzen. Ikusi nolako egoeran utzi zuten. Lau erasotzaileetatik bik bina urteko espetxe zigorra jaso zuten 2011n, baina horiek ere ez zuten espetxerik jasan.

2018. urtean Errenteriako jaietan bertako jaien eraberritzearen aldeko OraingozGau elkarteak omendu zuen Mikel Martin. Jaietako suziria botatzera ere gonbidatu zuten, Wikipedian dagoen argazki eder honek (Mendi Urruzunorena) harrapatu zuen unea.

Image may be NSFW.
Clik here to view.


Biltzarra, Agirre Lehendakari Centerren 10. urteurrenean

Agirre Lehendakaria Centerren (ALC) hamargarren urteurrena ospatzeko, datorren martxoaren 29an sinposio orokorra eta ekitaldi publikoa antolatu dute. Bereziki gizarte berrikuntza lantzen duen erakunde hone hamarkada honetan eraikitako nazioarteko zein bertoko kolaboratzaileen sarea gonbidatuko dute bertara, euskal gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko. Sinposioa jendearentzat zabalik (beharrezko baieztapena) izango da, Bilboko Bizkaia Aretoan, martxoaren 29an, asteazkenarekin.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Goizeko sinposioan mahai-inguru teknikoak izango ditu. Arratsaldekoak, berriz, giza garapen iraunkorrerako euskal ereduaren erronkei eta aukerei buruzko eztabaida irekia izango du, euskal akademia, politika, gizartea eta instituzioen ordezkarien eskutik. Ekitaldi publiko irekian, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohiak parte hartuko dute, besteak beste.

Ekitaldian zehar lau aldeko elkarrizketa izango dugu euskal gastronomiaren, kirolaren, enpresaren eta kulturaren ordezkarien artean. 

Sinposioaren egitaraua

  • 09:00 - 09:15 Sarrera. Gorka Espiau, Itziar Moreno, (ALC).
  • 09:15 - 10:30 Euskal identitatearen etorkizuna. Peter Loge (George Washington University), Ander Caballero, Naroa Jauregizuria (Basque Country markan aditua).
    Moderatzaileak: Itziar Moreno, Julia Martínez (ALC).
  • 10:30 - 12:00 Euskal eredua munduan: atzerriko ikuspegia. Milica Begovic (UNDP), Roger Warnock (Young Social Innovators), Filippo Addarii (PlusValue Advisory), Joshua Fisher (AC4, Columbia Unibertsitatea). Moderatzailea: Usoa Agirre, ALF-ren Patronatuko kidea.
  • 12:00 - 13:30 Eskala handiko adimen kolektiboko prozesuak. Naiara Goia (Arantzazu Lab), Marcos García (Medialab Prado), Igor Ahedo (UPV/EHU), Carlos Mataix (itdUPM), Alex Rayón (Deustuko Unibertsitatea), Berta González (Gizarte Gaietarako eta Agenda 2030rako Estatu Ministeritza). Moderatzailea: Paul Ríos, ALF-ren Patronatuko kidea.
  • 14:00 - 16:00 Bazkaria.
  • 16:00 - 17:45 Egungo euskal eredua, aztergai: elementu positiboak eta hausturak. elementu positiboak eta hausturak. Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohia (ALF), Xabier Barandiaran (Deustuko Unibertsitatea), Aritz Otxandiano (FAGOR), Jule Goikoetxea (UPV/EHU). Moderatzaileak: Lierni Ezenarro, Gorka Espiau (ALC).

Ekitaldi publikoa

18:00etatik aurrera.

  • Sarrera. Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohia, Joshua D. Fisher (AC4 - Columbia Unibertsitatea).
  • ALC. Hausnarketa eta etorkizunerako proposamenak. Gorka Espiau, Itziar Moreno, (ALC).
  • Mahai-ingurua: Euskal gizartearen etorkizuna.
    • Dani Lasa (Imago).
    • Andoni Zubizarreta (futbolari ohia eta kirol zuzendaria).
    • Mónica Oviedo (Garapen Iraunkorra eta 2030 Agenda, Iberdrolan).
    • Moderatzailea: Amaia Agirre, ALF-ren Patronatuko kidea.
  • Itxiera: Eva Ferreira (Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea), Iñigo Urkullu Lehendakaria.
  • 20:00 – 21:00 Euskal Zaporeen Narratiba, Dani Lasaren eskutik.

Eustoker: edukiak sare sozialetan eta euskaraz sortzeko ekimena

Ikasplay-k eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak "Eustoker" proiektua sortu dute, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin. Helburua? Nerabe eta gazteek gehien erabiltzen dituzten sare sozialetan (Tik Tok, Instagram eta Youtuben) euskarazko ikus-entzunezkoak gauzatzeko baliabideak eta gakoak eskaintzea eta sare sozialetan euskaraz arituko den pertsona kopurua handitzea.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Sare sozialetan euskarazko edukiak argitaratzeko gakoak ezagutu nahi? Eustoker proiektuan, ikus-entzunezko edukien sorkuntzara bideratutako bideoak eta gidak aurkituko dituzu, espreski nerabe eta gazteei zuzendutakoak.

Eustoker izeneko ekimearen edukiak bideo formatuan daude eta nerabe eta gazteen artean erabilienak diren sare sozialetan argitaratzen eta partekatzen dira: InstagramTikTok eta Youtube. Horrela, hiru sare sozial hauetan "Eustoker" izeneko kontua aurkituko duzue, eta bertan, sare sozial bakoitzera egokitutako azalpen-bideoak. Era berean, #eustoker traolaren bidez, norberak euskaraz sortutako bideoak parteka ditzake komunitatearekin. 

Sare sozial bakoitzerako sortutako bideoez gain, espreski egitasmo honetarako sortutako webgunean ere eduki guztiak eskuragarri daude. Bertan, egitasmorako sortutako 14 bideo laburrak daude, eta horiekin batera, bideo bakoitzari dagokion gida idatzia ere aurki daiteke.

Anima zaitez eta parketa itzazu zure euskarazko edukiak #eustoker traolaren bidez!

Tokikom jardunaldia eta "Tokiko komunikabideen elkarteen manifestua"

Euskarazko tokiko hedabideen Tokikom elkarteak 10 urte dituela eta, eta hori aspatzeko, jardunaldi berezia ospatuko dute datorren martxoaren 24an, Getxoko Olatua Gurutzontzien Terminalean. "Komunikabideak etorkizuna ehuntzen" izango da topaketaren leloa. Era berean, Tokikom eta Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteen artean "Tokiko komunikabideen elkarteen manifestua" aurkeztuko da bertan.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Topaketan toki komunikabideek gizarten betetzen duten paper garrantzitsuaz hausnartu, beste toki komunikabide sare batzuekin abiatutako elkarlanean sakondu, eta etorkizuneko erronkei arreta jarri nahi die Tokikomek: digitalizazioa, adimen artifiziala, aisialdia, datu kazetaritza, demokrazia soziala...

Izena-ematea hemendik.

Egitaraua

  • 8:30 Check-in
  • 9:00 Harrera. Getxoko Udalaren, Hiruka toki komunikabidearen eta TOKIKOMen ordezkarien ongi etorria.
  • 9:20 Demokrazia soziala eta toki-kazetaritza.
    • Jason Gibbins eta Peter Sherlock: hurrenez hurren, BBCko Local News Partnership eta Shared Data Unit sailetako ordezkariak.
    • Richard Gurner, Galesko Caerphylly Observerreko ordezkaria.
    • Tomas Bruvik, LLA Norvegiako toki komunikabideen elkarteko Idazkari Nagusia
    • Saretzen: Datuak eta Euskal Herria osotasunean lantzeko beharrari erantzuteko Tokikom eta EITBren arteko elkarlan proiektua.
  • 10:50 Atsedenaldia
  • 11:10 Kazetaritza eta aisia.
    • Edorta Arana eta Bea Narbaiza. EHUko IKUSIKER ikerketa taldea.
    • Primeran ikus-entzunezko plataformaren aurrerapena. EiTB
  • 11:45 Kazetaritza eta digitalizazioa
    • Avelino Amoedo, UNAV. Digital News Report, edukien kontsumo joera globalak
    • Karma Peiró, IKTetan espezializatutako kazetaria. Adimen artifizlala tokiko kazetaritzan: aukerak eta erronkak.
  • 12:30 Tokiko komunikabideen elkarteen manifestua. Herrialde katalanetako toki komunikabideen elkarteen aurkezpen laburra: Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Menorcako ellkarteak. Tokiko komunikabideen elkarteen manifestua sinatzeko ekitaldia
  • 13:00 Goizeko akta grafikoa eta ondorioak Pernan Goñi ilustratzailearen eskutik.
  • 13:15 TOKIKOMen zein erakunde publikoen ordezkarien hitz hartzea eta agurra
  • 13:45 TOKIKOM 10. urteurreneko ikuskizuna eta ospakizuna.
  • 14:30 Mokadua

 

Zuzenean katalanez jokatzen, eta zuzenean euskaraz Chat GPT adimen artifizialarekin berriketan

Zuzeneko bi ariketekin bete dugu Segura Irratiarekin eta Twitch bidez egindako saio hau. Batetik, Un Cop Al Dia aplikazioan jokatu dugu zuzeneko partida, Egunean Behin jokoaren katalanezko bertsio irten berriarekin. Bestetik, Chat GPT adimen artifizialeko sistema berritsuarekin aritu gara, demostratzeko:

  • a) euskara ondo ulertzen du
  • b) euskaraz erantzuteko gai da, guztiz zuzen egin ez arren
  • c) lotsarik gabe esaten ditu gezurrak

 

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Hemen bideoa:

Bistan da! Komunikazio parekidearen miopiak

Bistan da! lelopean, komunikazio parekidearen miopiak landu nahi du TaPuntu Kooperatibak aurtengo Nortasuna Sarean jardunaldian (Donostian, martxoaren 22an). Zein da generoaren eragina proiektuen komunikazioan? Zer egin dezakegu dauden miopiak zuzendu eta komunikazio parekideago bat lortzeko? Gai gara bistan dauden miopiak detektatzeko? Zein miopia existitzen dira jendarteko alor ezberdinetan?

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Lehenik eta behin, Maider Galardi F. de Agirre (Ikerlaria eta kazetaria) eta Assumpta Ayerdi Olaizola (Sorginlore elkartean berdintasun aholkularia) adituen bidez, gaia kokatuko dugu eta gaur egun komunikazioan dauden miopiak detektatzen saiatu. Ondoren, mahai-inguru bat osatuko dugu, non alor ezberdinetan lanean ari diren pertsonen esperientziak ezagutuko ditugun: Arritxu Iribar Egaña (kirol kazetaria Euskadi Irratian), Josu Aztiria Urtaran (Orai NLP Teknologiak), Jone Amonarriz Zubeldia (AZK komunikazio eta publizitate agentzia) eta Tania Arriaga Azkarate (EHUko Bitartez ikerketa taldea).

Jardunaldia Donostiako San Telmo Museoan ospatuko da Martxoaren 22an 18:30-20:30.

Informazio gehiago eta doan izena emateko aukera: https://www.nortasunasarean.eus 

Euskarazko Wikipedian emakumezkoen 15.000 biografia (oso aurrerapen nabarmena da)

Euskarazko Wikipediak gaur jakinarazi du, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, emakumezkoen biografien kopuruak 15.000 pertsonen langa gainditu berri duela. Duela urte eta erdi gainditu zen 10.000 emakumezkoen marka, eta hazkundea nabarmena da, baita portzentaian ere; %20tik %26ra igo baita biografietan emakumezkoen portzentia (duela 6 urte, gaurkoaren erdia zen).

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Euskal Wikilarien Elkarteak poster bat atera du 15.000 izen horiek PDF handi batean itsatsiz. PDF horren irudi puskata bat da hemen itsatsi duguna artikulua ilustratzeko (beste irudi zati batzuk hemen). 

Duela urte eta erdiko kopuruak:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Eta oraingoak, kopuruan eta grafikoki:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Portzentaitara ekarrita:

  • biografiak osotara: 57495
  • emakumeak 15052 / %26.17
  • gizonezkoak 42408 / %73.75

Wikilari euskaldunen ahalegin kontziente baten ondorioa ere badira aurrerakuntza hauek. Azken urte eta erdian, emakumezkoen biografia berri gehiago sortu dituzte, gizonezkoenak baino. Hori da bidea.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Estatistika hauen jarraipena egin daiteke Wikidata bilaketen bidez. Hemen euskarazko emakume-biografia guztiak ematen dituen esteka: https://w.wiki/6Qy4 // Eta beste honek emango dizkizue portzentaiak eta kopuruak, generoaren arabera: https://w.wiki/6R9E 

Era berean, biografien portzentaian, ondo kokatuta gaude beste wikipedia batzuekin alderatuta, Espainiako wikilari elkarteak zabaldutako taula honetan ikus daitekeen bezala:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Datu horietan izatez jada euskara aurreratuago behar luke (%26.1). Lehen postua asturierazko Wikipediari dagokio, proiektu berriago bat euskarazko Wikipedia baino, irizpide argiekin indar handiz ari dena lantzen azken urte gutxi hauetan.

Datu sorta hau beste jakingarri batzuekin hornitu Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak. Ikus hari honetan zenbait taula eta datu nabarmen. 

Euskarazko Wikipediaren ahalegin honetan bat egin dezakezu, noski: editatu Wikipedia, eta nahi baduzu izena eman Euskal Wikilarien Kultur Elkartean, urteko 5 euroko kuotarekin ez da munduko bazkidetza garestiena. 

Bideojokoen kazetaritzaren gakoak ezagutu nahi? Abian da "Gamer Kazetari" proiektua

Bideojokoen kazetaritzak zure jakinmina pizten al du? Ba al dakizu bideojokoen arloko analisi, albiste edo erreportajea sortzen? Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak "Gamer Kazetari" proiektua sortu du Ikasplay-rekin batera, 14-26 urte bitarteko gazteei bideojokoei buruzko kazetaritza multimedia euskaraz egiten erakusteko bideo eta gidalerroekin. Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du. 

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Gamer Kazetari proiektuaren xedea, bideojokoen kazetaritza mundura hurbiltzea eta bertako genero desberdinak lantzeko komunikazio-estrategiak eta gidalerroak eskaintzea da. Horretarako, bideojokoekin lotutako albisteak, erreportajeak, analisiak, elkarrizketak… sortzeko lehen urratsak biltzen dituzten bideo-tutorialak garatu dituzte Asmoz Fundazioak eta Ikasplay-ek.  

Guztira, Gamer Kazetari proiektua 8 bideoz osaturik dago, eta guztiak ikus daitezke egitasmorako sortutako Gamer Kazetari webgunean, eta baita Youtuben sortutako katean ere. Horretaz gain, aipaturiko webgunean bideo-tutorial bakoitzaren gidak ere eskuragarri daude webgunean, nahi duenak lasaitasunez ikusteko edo irakurtzeko. 

Zehazki, honakoak dira proiektuan lantzen diren gaiak: bideojokoak eta kazetaritza, edukien lanketa, baliabide teknikoak, albistea, analisia, erreportajea, elkarrizketa edo mahaingurua eta gomendio eraginkorrak. 

Anima zaitez eta eman gamer kazetari izateko lehen urratsa!  

Bisitatu https://gamerkazetari.asmoz.org/ 


Ikastetxetako gazteen lagunarteko euskara aztertuko du Arikala egitasmoak

Gazteen lagunarteko euskara aztertzeko egitasmoa aurkeztu dute Arikala zenbait erakundek. Elkarlanean bultzatuko dute egitasmoa Euskaltzaindiak, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak eta hiru ikasturtetan zehar gauzatuko da Euskal Herriko hamar ikastolatan.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Hizkera informala deritzona da gazteek ahozko komunikazioaren %80an erabiltzen dutena. Orain arte gehiegi ikertu gabeko arloa da. Arikalaren bitartez, gai honen inguruko ezagutza sakontzea espero da, euskaraz egiten bada, pentsatzekoa denez (edo erdaraz edo euskañolez egiten bada ere, hori agerira ekarriko da). Egitasmoa bi eremutan garatuko da, ikastoletako inguru formalean, eta aisialdi garaiko informalean ere.

Arikala ez da kale-neurketa soziolinguistikoak bezalako datu-bilketa demagu pasibo bat, baizik eta helburua ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak ematea da. Esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko dute Arikalarekin, ondoren tresna horien inplementazioak ikasleen hizkuntza-ohituretan izandako eragina aztertu ahal izateko.

Proiektuaren aurkezpena atzo egin zen Euskaltzaindiaren egoitzan (irudia bertakoa), eta bertan Miriam Urkiak zera esan zuen: “Euskararen normalizazioan dihardu Euskaltzaindiak, euskara batua ikertzea eta sustatzea izan du —eta du— helburu lehenetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, lagunarteko euskara ere ikertu eta sustatu beharrekoa dela uste du. Horren adibide da 2022ko urtarrilean gure gain hartu genuen Mintzola egitasmoa, eta Mintzolaren baitan kokatu behar da Arikala”.

Mintzola Bertsozale Elkarteari lotua egn zen bere garaian baina Euskaltzaindiak 2022ko urtarrilean bere baitan hartu zuen, ‘Eguneroko hizkera’ eta ahozkotasuna aztetzen jarraitzeko.

 

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa hasiko da Donostian asteartean

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi ziklo hau Elhuyarren eta Donostiako Udaleko Kultura sailaren arteko elkarlanaren emaitza da. Solasaldiak aurrez aurreko elkarrizketak izango dira, eta zenbait arlotan lan egiten duten emakume zientzialariak ezagutzeko aukera izango da. Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Hiru saio programatu dira: martxoaren 14an (datorren asteartean), apirilaren 18an eta maiatzaren 16an.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dirahiru saiotan: martxoaren 14an (datorren asteartean(, apirilaren 18an eta maiatzaren 16an., eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Itziar Cortés Etxabe, Marian Iriarte Ormazabal eta Aiora Zabala Aizpuru. Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak gidatuko ditu solasaldiak. Horrez gain, "bi kulturen" estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak) irakurgaien artean, gogokoen dituzten liburuak gomendatuko dituzte.

2023ko udaberriko solasaldi-zikloa

Lehenengo solasaldia martxoaren 14an izango da. Itziar Cortés Etxabe izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Itziar Cortés Etxabe: hizkuntzak aro digitalean.

Itziar Cortés Etxabek Ingeniaritza Informatikoko ikasketak ditu, eta hizkuntzaren prozesamenduan espezializatuta dago. Ingeniaritza-alorreko ikasketetan emakumeek duten presentziari buruz ikertzen ibili zen karrera amaitzear zela; orain, adimen artifizialaren arloan lan egiten du, zehazki hizkuntza-teknologiekin. Ikerketan eta garapenean lan egin izan du, esaterako, elia.eus itzultzaile automatikoaren proiektuan, eta, gaur egun, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko koordinatzailea da.

Marian Iriarte Ormazabal izango da bigarren elkarrizketatua. Polimeroak izango ditu hizpide, eta solasaldia apirilaren18an egingo da, Marian Iriarte Ormazabal: kimika, egunerokoan izenburupean.

Marian Iriarte Ormazabal Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da; Donostiako Kimika Fakultatean dihardu 1991z geroztik. Zientziaren dibulgazioan ere aritzen da, eta, egun, Kimika Fakultateko dekanoa da. Haren ikerketa-arloa polimeroak dira. Polimeroak ontzigintzan hain erabiliak direnez, eta bizitza hain laburra dutenez, eragin oso kaltegarriak dituzte ingurumenean. Horrenbestez, azken urteetan, polimero biodegradagarrien munduan dabil, ontzigintzan erabiltzen diren polimero edo nahaste polimeriko asko ordezkatu ahal izateko.

Azken solasaldia Aiora Zabala Aizpururekin egingo da, maiatzaren 16an. Aiora Zabala Aizpuru: natura gure esku izenburua izango du.

Aiora Zabala Aizpuru Ingurumen Zientzietan lizentziatua da, eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Unibertsitateko irakaslea da, eta Nature Sustainability zientzia-aldizkarian editore izan zen lau urtez. Dibulgazioan ere aritzen da, ingurumenari, jasangarritasunari eta giza zientziei buruz, eta iaz (2022an) Natura gure esku liburua argitaratu zuen.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira.

Euskarazko liburu baten kontrako eraso transfobo eta integrista Baionan

Puta zikinak. Sexu-langileen aldeko eskubideen borrokaliburuaren Baionako liburudenda bateko ale guztiak hondatu zituzten talde transfobo eta integrista bateko kideek otsail amaieran. Liburuaren euskarazko edizioaren argitaratzaileak, Katakrakek, egin du publiko erosoaren berri komunikatu batekin. "Ale guztiak erasotu zituen talde integrista eta transfobo batek. Ale bakar bat ere ez zen osorik eta txukun geratu."

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Sexu langileen borrokari buruzko liburua da Puta Zikinak. Juno Mac eta Molly Smith dira liburuaren egileak, prostituzioan aritutako bi emakumezko. Euskarazko itzulpena berria da, urtarrilekoa, Katakrak-ek Amaia Astobizaren itzulpenarekin kaleratu du.

Argitaletxe kooperatibo honek Iruñean du bere egoitza eta liburudenda nagusia, non erakusleioa erasotutako liburuaren alez bete duten erantzun gisa. Baina erasoa Baionan gertatu izana ere esanguratsua egin zaie, eta hala salatu dute: "Legearen bidez eta egunerokoan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermaturik ez dauden lurralde batean erasotu da euskarazko liburua. Lapurdin dauden liburu-denda gehien-gehienetan ez dago euskarazko libururik. Horregatik, euskarazko liburuei toki egiten dion liburu-denda bakarretako bateko liburuak erasotzea euskaldunoi erasotzea da."

Erasoaren motibazio eta funtsa ere argi daukate Katakrak-ekoek:  "Egun eta mundu osoan, arrakala bat sortu da feminismoaren baitan. Aldeetako batek uste du feminismoan badela jendea soberan: prostitutak, migranteak, trans pertsonak. Beste aldeak uste du ezetz, feminismoak, emakumearen askapenak, bazterreko guztiekin bat egin behar duela gizarte justuago batean. Puta zikinak bigarren alde horretatik idatzi zuten Juno Mac eta Molly Smithek eta handik argitaratu dugu geuk ere."

Puta Zikinak erosteko, hemen.

 

Nafarroako datu soziolinguistikoak: ezagutzan aurrera, baina aurkako jarrerak gorantz

Nafarroako 7. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak eman ditu jakitera Euskarabideak, Nafarroako Gobernuaren euskaera zerbitzuak. 2021ekoak dira neurketak, eta bertan jasotako datuak laburbilduz, Kike Amonarriz soziolinguistak egin duen bezala, "ezagutzan irabaziak, erabileran eutsi eta jarreretan galerak"

 

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Sarean aurki daitekeen aurkezpen honetan daude inkestaren datu nagusiak. Datuak biltzen dituzte grafiko esanguratsu batzuk erakutsiko ditugu jarraian.

Hona azterketaren datu positibo argiena, ezagutza ia Nafarroako biztanleen laurden batera iritsi dela, euskaldun hartzaileak kontuan hartuz:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

 

Adinaren arabera, azken 5 urteetako bilakaera kontuan hartuz:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

 

Hona ezagutza, eremuen arabera:

 

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Euskaldun oso kontsidera daitezkeenen eboluzioa eremu bakoitzean:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Eta esparru inportante bat, Iruñea hiriburua. Berako euskaldunen bilakaera azken hamarkadan:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

 

Erabilera

Erabileran bost urte lehenagoko argazkia errepikatzen da, eta 30 urteren buruan, goranzko igoera bat egon bazen... egon zen, eta ez zen oso handia izan.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Euskararekiko jarrerak

Jarreren bilakaera kezkatzeko motiboak. Aldekotasuna behera, eta kontrakotasuna. 10 urteko epean, alde daudenak ere igo dira, baina kontra daudenak gehiago: erdiko "ez alde ez aurka" multzoa jaitsi da gehien, polarizazio bat adieraziz beharbada.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Jarrerak Nafarroako hizkuntza zonifikazioaren arabera:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Eta adinaren arabera, non berdintasun nahiko nabarmen bat ikusten den orain (lehen baino gehixeago) adin tarte bakoitzaren jarreretan:

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Egonkortzeko prozesuek Administrazio elebakarra finkatu dute Nafarroan

Nafarroako eremu mistora berriki sartutako Udal batzuek euskara puntuatzen hasi izana positiboa bada ere, oro har, egonkortze prozesuekin administrazio gaztelaniadun elebakarra bultzatu da Nafarroan, Euskararen Ordenantza saihestu dute eremu mistoko zenbait udalek, eta eremu “ez euskaldunean”, Arartekoaren gomendioei muzin eginez, kasu askotan atzerriko hizkuntzak baloratu dira, euskara baztertzen zen bitartean.

Image may be NSFW.
Clik here to view.

Administrazio Publikoetan lanpostuak egonkortzeko prozesuak lehenengo fasea burutu du: Deialdiak argitaratzea. Hauexek dira ondorio batzuk:

LEHENENGOA.- Nafarroako Gobernuak oso lanpostu gutxi atera ditu profil elebidunarekin, Plantilla Organikoak dituen gabeziengatik. Oraindik ez da onetsi Nafarroako Administraziorako merezimenduen dekretua, baina lege baten bitartez Merezimenduen Dekretuaren proiektua aplikatu da euskara baloratzeko (edo ez baloratzeko). Hala, eremu mistoko lanpostu batzuetan baloratu da euskara jakitea, baina ez guztietan.

BIGARRENA.- Iruñeko Udalak egonkortze prozesua erabili du euskara ia erabat baztertzeko. Gizarteratzeko Goi Mailako teknikarien lanpostuak izan dira salbuespena (euskara puntuatu baitu, gutxi bazen ere). Haur Eskoletan oraingo ereduak finkatzera jo du. Euskaraz jakitea eskatu du lanpostuen % 19’44tan. Hori izanen da eskaeraren muga. Nola konponduko du egoera, eskaera handiagoa denean?

HIRUGARRENA.- Nafarroako Unibertsitate Publikoak lanpostu elebidun gutxi atera ditu, bere Plantilla Organikoaren arabera. Gehienetan euskara puntuatu du, batzuetan nahiko ongi.

LAUGARRENA.- Hasieratik eremu mistoan dauden Udaletan gabezia batzuk atzeman ditugu. Udal handietan hauxe azpimarratuko genuke:

- Lizarrako Udalak ez du bere Euskararen Ordenantza bete lanpostu gehienetan (euskarari % 6ko balioa ematea ezartzen du).

- Eguesibarko Udalak ere berdin jokatu du askotan (euskararen baloraziorako % 3 ezartzen du, eta % 6 jendaurreko lanpostuetan).

- Barañaingo Udalak ere ez du lanpostu gehienetan euskara kontuan hartu (bere Euskararen Ordenantzak, ordea, hori ahalbidetzen dio).

- Burlatako Udalak ez du euskara baloratu zenbait lanpostutan, nahiz eta bere Plantilla Organikoak agintzen zion baloratzea.

- Berriozarko Udalak ez du beti euskara puntuatu, nahiz eta Euskararen Ordenantzak hori agintzen dion.

BOSGARRENA.- Eremu mistora berriki sartutako Udal batzuek aprobetxatu dute lehenengo aldiz euskara puntuatzeko. Ez denek, ordea.

SEIGARRENA.- Eremu “ez euskaldunean” euskara ez puntuatzeaz gain, kasu askotan frantsesa, ingelesa eta alemana puntuatu dute.

ZAZPIGARRENA.- Eremu mistora berriki sartutako Udal batzuek euskara puntuatzen hasi izana positiboa bada ere, oro har, egonkortze prozesuekin Administrazio gaztelaniadun elebakarra bultzatu da, Euskararen Ordenantza saihestu dute eremu mistoko zenbait udalek, eta eremu “ez euskaldunean”, Arartekoaren gomendioei muzin eginez, kasu askotan atzerriko hizkuntzak baloratu dira, euskara baztertzen zen bitartean.

Viewing all 9030 articles
Browse latest View live