Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9026 articles
Browse latest View live

EmariAPP, emakumezko erreferenteen inguruko galdera-jokoa

$
0
0

Ezagutzen al dituzu emakume erreferenteak? Zientzialariak, erizainak, margolariak, astronautak, matematikariak, medikuak, idazleak, zaintzaileak, kirolariak, borrokalariak...? Ezagutzen badituzu, ondo, EmariAPP aplikazioan jokatu ahal izango duzu eta puntuazio onak atera. Eta bestela, ikasteko balioko dizu.

Jola/aplikazio honen bitartez, egunero, emakume erreferente baten bizitzaren inguruko pistak irakurrita nor den asmatu beharko duzu. 5 pista eta minutu eta erdi gehienez du jokalariak, emakume nor den asmatu behar da. Erantzunetan 4 emakumeren izen-abizenak eskaintzen dira aukeran.

Jolas arina da, baina hilabeteko sailkapena duenez, epe luzeko dedikazioa eskatzen du. Hala ere, egun batean ez bada partida bat jokatzen, hurrengoan aukera dago aurreko egunekoak jokatzeko. Hilean behin ere hileko partida guztiak jokatzeko aukera dago baina, adi, aurreko asteetako partidek 20 puntu gutxiagotik abiatzen dira. Egunean Behin jokoan bezala, jokalari bakoitzak erronka desberdina jasotzen du egunero; eta beste antzekotasun bat joko horrekin da taldeak antolatu daitezkeela, taldekako sailkapenak ikusteko.

Kalaka aholkularitza bulegoak sortu du EmariAPP. 2018an Emariak izeneko liburua egin zuten, emakumezko erreferenteen berri emanez, eta gero, Emariak karta-jokoa etorri zen, gai berarekin. Jarraipen gisa garatu dute EmariAPP, ildo horretan.

Deskargatzeko:

 

 

Etorkizuneko Gorputzak eta transhumanismoa: eztabaida sorta Bilbon

$
0
0

Otsailak 4, larunbata, 17:00etan Etorkizuneko Gorputzak programari hasiera emateko Kafe Filosofiko baten inguruan elkarketa antolatu dute La Perrera espazioan, Sabino Arana 50, Bilbo.

Bertan, promesa transhumanistak baieztatzen dituen hipotesietatik abiatuko gara gure pentsamendua martxan jartzeko: Nola eragiten du teknologiak gure gorputzean? Beraien buruaren existentziaren berri al dute makinek? Jakinmin Elkarteak, saio elebidun honetan, hausnartzeko eta praktika filosofikoa lantzeko gune bat elkarrekin sortzeko aukera emango digu.

Kafe baten inguruan filosofatzeko gogoz al zaude? Sarrera irekia da, erreserbatu zure plaza hemen.

«Etorkizuneko gorputzak» programak jarraituko du gero apirilaren 1a arte, teknologiaren eta gizadiaren arteko harremanaz hausnartzeko. Jakinmin Elkarteak jardun filosofikorako gunea eskainiko du, eta, ekimena osatzeko, eztabaidak eta tailerrak egingo dituzte, eta artea eta teknologia uztartzen dituzten gailuak sortu. Asmoa da sakontzea giza gorputzaren gaitasunak hobetu edo handitzeko teknologia erabiltzeak dituen ondorioetan. 30 urtera arteko adin nagusikoei zuzenduta dago, elebiduna izango da, eta tailer bakoitzak 5 euroko prezioa izango du. Parte hartzeko, IZENA EMAN BEHAR DA AURRETIAZ HEMEN.

 

Bueltan da '31 eskutik', euskararen erabilerari buruzko bloga

$
0
0

Loaldi luze baten ondoren, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak31 eskutik bloga berrabiarazi du. Euskararen erabilerari buruz aritzeko talde-bloga aktobo egon zen 2012tik 2016ra bitarte. Pantaila testu jakingarri bezain gustagarriz bete zituen ekimenaren bigarren etapari helduko dio orain EIZIEk. Berrikuntza batzuk ere badakartza: webgunearen itxura, artikuluen maiztasuna, kolaboratzaileak…

 

 

Estitxu Irisarrik estreinatu du etapa berri hau, «Ze suma, sobra ere» artikuluarekin. Estixu Irisarri lehendik ere aritu zen esku bat da. "Eskuak" esaten diete kolaboratzaile multzoari, zerrenda luzea ikus daitekeen bezala.

EIZIEk iragarri duenez, "astean hiru testu argitaratuko ditugula erabaki dugu, gure artikulugileentzat lana eramangarriagoa izan dadin eta irakurleok ere patxadaz hartzeko abagunea izan dezazuen". Sarrera bakoitzean erantzunak uztea irekita dago, erregistratuz gero. 

Berri pozgarria, inondik ere, blog hau sarera itzuli izana.

Maroofy, musika gomendioak adimen artifizialak eskainiak

$
0
0

Adimen Artifizialaren inguruan irudigintzan eta testu-sorkuntzan aurrerapenak egin dira azken hilabeteotan. Bilaketaren alorrean, iragarpenak bai, baina oraindik ikusi behar ditugu horiek. Bitartean, pentsa dezakegu musika alorrean ere ikustekoak izango dira laster zelako ekarpen iraultzaileak datozen. Aurrerapen gisa,Maroofy tresna dakargu hona.

Maroofy.com  bilatzaile-gomendatzaile bat da. Bere sortzaile Subhash Ramesh ingeniariak dioenez, 120 milioi kanturen doinuak entzunez entrenatu du modeloa, eta horretan oinarrituta egiten ditu gomendioak.

Eta horixe da kontua. Abesti izenburu bat bilatu, euskaraz ere bai adibidez, Bizkaia Maite, eta ea zer

Euskal abesti berriagoak ere ezagutzen ditu, hala nola Sumendiak, En Tol Sarmiento taldearena.

Baina era berean, artista ezagun batzuen katalogoak guztiz daude desagertuta: Prince zenaren kanturik ez da ageri, Edith Piaf beste adibide bat (haren abestien bertsioak topatu ditugu, ez bere ahots urratua).

Bilaketa emaitzak lotuta daude Appleren iTunes dendarekin: deskargaren bat ordainduz gero, komisio bat hartuko du Maroofyren sortzaileak, uste dugunez. Kontua erregistratu dezakezu, eta aurkitutakoak onak badira, gogokoen zerrenda batean gorde geroagoko erreferentziarako.

Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak irakasleentzat

$
0
0

Ireki dugu Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak irakasleentzat egitasmoan izena emateko epea. Irakasleak, bitartekariak diren heinean, trebatzea da lantegien helburu nagusia; hartara irakasleek haurren eta gaztetxoen euskaraz irakurtzeko gogoan eragiteko erremintak izan ditzaten. Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 10era arte.

Egitasmo honen baitan EAEko 72 eskolei aholkularitza eskainiko diegu 2023. urtean zehar. Saioak lurralde bakoitzak duen eskola kopuruaren arabera banatuko dira. Saioen erdia DBHko irakasleentzat izatea aurreikusten dugu eta gainontzeko erdia HH eta LH-ko irakasleentzat. Saioak doakoak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker.

Galtzagorri Elkarteko profesionalak arituko dira gehienez ere bi ordu iraungo duten saio praktikoak eskaintzen, eskolan bertan. Edukiei dagokienez, lantegiak lehenengo aldiz egiten dituzten eskoletan euskarazko haur eta gazte literaturaren nobedadeak erakutsi eta liburu horien gaineko azalpenak emango dizkie gidariak, baita haiekin landu daitezkeen estrategien berri eman ere. Lantegiak ezagunak dituzten eskoletan nobedadeak erakusteaz gain, jarraipen edota sakontze saioak eskainiko zaizkie. Denetan banatuko dira liburu-gidak.

Udalerri bakoitzean udal liburutegiko langileak gonbidatuko ditugu lantegietara.

Izena emateko hemen.

Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat? (solasaldia)

$
0
0

Solasaldi bat antolatu du EIZIEk, Donostian: martxoak 9 (osteguna): Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat? Solasaldian izango dira: Amaia Astobiza Uriarte, Ana Morales Carro eta Danele Sarriugarte Mochales.

Azkenaldian feminismoaren alorreko testu asko ekartzen ari gara euskarara, eta, apurka, bagoaz corpus txukun bat osatzen. Edukiei dagokienez, testu horiek erdiguneko zein bazterretako gogoeta eta eztabaida feministak elikatzen dituzte; terminologiari eta diskurtsoari dagokienez, berriz, nola eragiten diote elkarri bi alderdi horiek, hau da, gogoetak eta praktikak, batetik, eta testu-sorkuntzak, bestetik? Itzultzaile gisa, zer baliabide dugu testu idatzietako terminologia bateratzeko? Lortzen dugu mugimendu feministaren hizkuntza-ohiturak jasotzea eta haren gabeziak betetzea?

Parte-hartzaileak: Amaia Astobiza Uriarte, Ana Morales Carro, Danele Sarriugarte Mochales.

Noiz: 2023ko martxoak 9 (osteguna)

Non:Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera, 4. solairua)

Ordua: 18:00 - 19:30

Solasaldia streaming bidez ere ikusi ahal izango da.

Elhuyarrek sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoak (TTS) sortu ditu

$
0
0

Elhuyarrek pauso bat aurrera eman du, beste behin ere, hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan, digitalizazioaren eremuan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzeko helburuarekin. Oraingo honetan, testua ahots bihurtzeko sistema neuronalak sortu ditu, eta haiek gizartearen esku jarri. Elhuyarrek eskaintzen dituen ahots automatikoak (TTS) gizartearen eta bezeroen eskura daude jada.

TTS ahotsek egiazkoak diruditen arren, sare neuronaletan oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Gainera, Elhuyarrek bere TTS ahots propioak eskuragarri jartzeaz gain, TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskainiko die bezeroei.

Benetakoak diruditen ahots sintetikoen sorta bat jarri du erabiltzaileen eskura Elhuyarrek, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, webguneen irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, barra irakurle bat sortu du.

Barra irakurlea webgune batean txertatuz gero, bertako edukiak ahots sintetikoen bidez entzun ahal izango dituzte erabiltzaileek. Nahikoa da play botoiari ematea webgunea entzuten hasteko; gainera, aldi berean, TTS ahotsa irakurtzen ari den testu-zatia nabarmenduta erakusten da. Barra irakurlea oso erraz txerta daiteke bezeroen webguneetan; adibide gisa, Elhuyarrek bi webgune hauetan jarri du: aldizkaria.elhuyar.eus eta zientzia.eus.

Elhuyarren TTS ahotsak edozein aplikaziotan txertatzeko prestatuta daude, bezeroentzat eskuragarri jarritako REST APIaren bidez. Horrela integratu dira ahotsak hiztegiak.elhuyar.eus webgunean.

TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen du Elhuyarrek. Hain zuzen ere, pertsona baten ahotsa oinarri hartu eta hura imitatzen duen sistema bat sortzeko aukera eskaintzen du. Ahotsak pertsonalizatuak dira, eta bakarrak. Horrelako TTS ahots pertsonalizatuekin, enpresek beren marka-izaera eta branding-estrategia indartuko duten ahots propioak sor ditzakete, eta, ez hori bakarrik, beste hainbat aukera ere badaude. Besteak beste, enpresek TTS ahots pertsonalizatu hori erabil dezakete bezeroekiko komunikazio digitalean: erantzungailu automatikoan, ikus-entzunezkoetan... Pribatutasunari eta esklusibotasunari dagokionez, ahots pertsonalizatu hauek pribatutasuna zainduko dute, eta bezeroak berak soilik erabili ahal izango ditu. Informazio gehiago: ttsneuronala.elhuyar.eus

 Orairen eskutik garatu da teknologia

Testutik ahotserako bihurketa egiteko teknologia hauek Orai adimen artifizialeko langunean sortutakoak dira, eta ahotsaren sintesiaren ikerketan egindako lanen aurrerapenaren erakusgarri da zerbitzu hau. Horrez gain, ikerketa-ildo hauek ere lantzen ditu: genero-markarik gabeko hizketaren sintesia, emoziodun hizketaren sintesia eta langin txikiak erabiliz ahotsak imitatzeko sistemak, besteak beste. Orai NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializatuta dagoen langunea da, eta goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzen dizkie enpresa eta erakundeei.

“Justizia” euskarafobikoari planto egiteko deialdia Nafarroan

$
0
0

“Justizia” euskarafobikoari planto egiteko, eta kaleak euskaraz nahi ditugulako, elkarretaratzea antolatu dugu otsailaren 23an (osteguna), 18:00etan, Iruñeko Konstituzioaren plazan: Nahikoa da! Euskaldunon aurkako erabakiez nazkatuta gaude! "Kaleak Euskaraz!" leloarekin egiten zaio dei euskalgintzari, bereziki Nafarrokoari.

ELKARRETARATZEA: KALEAK EUSKARAZ!

 

UPNk, aspaldi, ele bitan jarri zuen Iruñeko Paderborn parkeko plaka: espainieraz eta alemanez. Euskararik ez, jakina. Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen plaka hura euskaraz ere errotulatzea.

Azaroaren 25aren pasealekua, Iruñeko Orfeoiaren parkea, Iruñera sartzeko kartelak eta beste hainbat gaztelania hutsean errotulatu zituen UPNk, eta Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen euskaraz ere jartzea. Zorionez, beste kasu batzuetan ez bezala, halakoetan Nafarroako Administrazio Auzitegiak euskararen aldeko ebazpenak eman ditu gehienetan, hots, euskaraz ere errotulatzearen alde, Iruñeko Euskararen ordenantza aplikatuta.

Duela urte bat Iruñeko Udalak Konstituzioaren izena jarri zion plaza bati (konstituzio horrek espainiera hizkuntza nagusi bihurtzen du, eta euskara, menpeko). Nola ez, espainiera hutsean idatzi zuen. Nafarroako Administrazio Auzitegiak ele bitan jarri behar zela ebatzi zuen, baina gero, epaile batek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, erabaki zuen Iruñeko Udala ez zegoela behartua euskaraz ere jartzera. Epaitegiaren asmoa argia da: Ez da nahikoa euskara zerbitzu publikoetatik desagerraraztea, hizkuntza paisaiatik ere desagertu behar da.

Horregatik, “justizia” euskarafobikoari planto egiteko, eta kaleak euskaraz nahi ditugulako, elkarretaratzea antolatu dugu otsailaren 23an (osteguna), 18:00etan, Iruñeko Konstituzioaren plazan: Nahikoa da! Euskaldunon aurkako erabakiez nazkatuta gaude!

2023-02-15.

EUSKARAREN DEFENTSARAKO SAREA.


'Egunero behar genuen', eta eguneroko sostengua behar du Berriak

$
0
0

Berria egunkariak zabaldu du oharra, gaurko Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urteurren honetan, "oroitzeko eta salatzeko eguna" dela gaurkoa. Baina haria ez dela eten, eta horrela izaten jarraitzeko, funtsezkoa dela komunitatearen sostengua Berriarentzat, konpromisoa ekarpen ekonomiko bilakatu, eta Berria diruz sostengatu. Eta alde horretatik, aste honetan, kanpaina berezia: otsailaren 26a bitartean gehitzen direnek Berrialaguna ekimenera, jasoko dute ipari Imanol Murua Uriaren liburu berria, 'Egunero behar genuen'.

Hona Berriak zabaldutako oharra:

Euskal prentsa Euskal Herriari

Oroitzeko eta salatzeko eguna dugu gaurkoa. Isilarazi nahi izan gintuztela oroitu eta salatzeko eguna; eta, beste behin ere, herri ekimenaren bidez euskarazko prentsa nahi eta behar genuela ozen aldarrikatu genuen eguna. Aldarrikatu eta egin. Egin eta iraun. Itxia izan baitzen, baina ez isildua.

Haria ez da eten. 20 urte beranduago, egunero informatzeko BERRIA hautatzen duzuen irakurle guztiei esker ekarri dugu euskarazko egunkari nazionala gaurdaino. Eta, etorkizunean eutsiko badio, ezinbestean beharko du komunitatearen sostengua, irakurle zahar eta berriena, BERRIA funtsezkoa dela sinesten duten eta babesten duten horiena. Irakurleek bermatuko baituzue BERRIAren independentzia ekonomiko eta editoriala.

Horregatik guztiagatik, irakurle, eskakizun bat egin nahi dizugu: zure konpromisoa, ahal eta nahi duzun eran, ekarpen ekonomiko bilakatzea; BERRIA diruz sostengatuz aurrera egiten laguntzea. Otsailaren 26a bitarte egiten baduzu hori, opari gisa, Imanol Muruaren liburua eskuratuko duzu, ‘Egunero’ kazetaren ibilbidea biltzen duena; hain zuzen, ‘Egunkaria’ itxi eta BERRIA sortu artean, euskarazko egunkari bat kioskoetan etenik gabe egoteko modua eman zuen kazeta horrek.

Itxia izan baitzen, baina ez isildua.

Bide luzea baitugu oraindik egiteko, amets asko betetzeko. Atzo eta gaur bezala bihar ere euskarazko informazioa jaso dezagun egunero, babestu BERRIA.

Egin Berrialaguna

**********

Bestalde:

Oscarretako nominazioetan dauden zazpi film, euskaraz

$
0
0

Martxoaren 12an izango den 2023ko Oscarretarako nominazio-zerrendan dauden zenbait film (zazpi) euskaraz daude gure katalogoan, Azpituluak Euskaraz webgunean. Batetik dago aurten nominazio gehien jaso dituen filma, 11rekin: Everything Everywhere All at Once. Komedia eta zientzia fikzioa uztartuz, akzio frenetikoa ere bai zeren eta, izenburuak dioen bezala, dena edonon aldi berean batera gertatzen da film honetan. Eta beste sei film ere bai gero.

Eta  beste sei film horiek ez dira, egia esanda, nominazio askokoak... bakarrekoak, baina dozenerdi film interesgarri benetan:

Animazioko film onenaren kategorian, The Sea Beast / Itsasoko piztia eta Guillermo del Tororen Pinocchio / Pinotxo.

Ingelesa ez besteko hizkuntzen kategorian, beste bi. Batetik, irlandera gaelikozko filma, lehena hizkuntza gutxitua honetan nominatua izan dena, An Cailín Ciúin / Neska Isila / The Quiet Girl. (dialogo bateko irudia behean, eta kartela gorago). Eta Poloniako ekoizpen bat, 'Eo', non asto bat den protagonista, paralelismoak eginez Jerzy Skolimowskik urte batzuk lehenago egindako Essential Killing filmarekin (baina hartan gizaki batena zen rol nagusia).

Eta plataformetako beste bi film entzutetsu, baina nominazioetan bakarrik izendapen bana jaso dutenak: Blonde (Marilyn Monroeren gaineko biopic bat, Ana de Armas aktorea izendatua dagoelatik), eta Glass Onion, thriller komedikoa. 

Nor da Nor: Euskal itzulpengintzaren datu-basea, berritua

$
0
0

Zortzi urte pasatxo dira Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu-basea jendaurrean aurkeztu genuenetik, eta harrezkero asko handitu zaigu umea. Beraz,2023 honetan berritu egin dugu. Abiaorriari itxura berria eman diogu, datuak sailkatzeko eta erakusteko modua ere aldatu da, eta etengabe ari gara edukiz hornitzen.

 

Helduentzat eta liburu formatuan 1975etik aurrera argitaratutako literatura itzuliaren erreferentziekin hasi ginen Nor da Nor egiten. Apurka-apurka, euskaratik edo euskarara itzuli eta argitaratu den literatura guztia jasotzera heldu gara (hutsuneak hutsune, betiere): helduentzat zein haur eta gazteentzat, liburu formatuan, aldizkarietan, webguneetan... 12.000 erreferentzia baino gehiago!

Itzulitako lanak ez ezik, horien atzean dauden profesionalak ikusarazi nahi izan ditugu hasiera-hasieratik. Hala, 30 bat itzultzaile aitzindariren berri ematen hasi ginen, eta gaur egun, 200etik gora profesionalen bio-bibliografiak kontsulta daitezke, eta EIZIEko bazkideekin zuzenean kontaktatu daiteke Nor da Nor-en bidez.

Garatze eta handitze prozesu horretan, gure helburua beti izan da datu-basea herritar guztientzat baliagarria izatea eta haien behar eta interesei ahalik eta ondoen erantzutea, eta horrexek eraman gaitu webguneararen itxura berritzera eta eskaintzen dugun informazioa beste modu batera antolatzera, erabiltzaileentzat erosoagoa gerta dadin.

Berrikuntzak abiaorrian bertan ikus daitekezke

Bilaketarako eremuak ez ezik, euskal itzulpengintzaren hemeroteka bat ere eskaintzen dugu orain, hala nola itzultzaile baten aipamena edo itzulpen batena (itzulpenen atalean).

NdN_itzulpenbat.png

Bilaketen emaitzak aurkezteko modua ere aldatu dugu

Orain bereizita erakusten ditugu liburuak, bestelako testuak eta audioak. Eta liburuen barruan banatuta azaltzen dira literatura, haur eta gazteentzako literatura eta ez-literatura.

sailkapena.png

Horra berrikuntzetako batzuk. Gehiago jakiteko, sartu datu-basera eta ibili batetik bestera, etxean bezala, zurea ere bai baita Nor da Nor.

Eta zerbait galdetu, iradoki, jakinarazi... nahi baduzu, bisitatu https://nordanor.eus/ eta klikatu webgunearen goialdean dagoen kontaktuan. Gustura hartuko ditugu zure hitzak.

OpenAssistant txat adimentsua euskaraz trebatzeko aukera

$
0
0

ChatGPT delako sistema adimentsu ezagunak duen alternatiba libre nagusia izan nahi du OpenAssistant delakoak. Txatetan oinarritutako laguntzaile bat da OpenAssistant, atazak ulertzen ditu eta bestelako sistemekin elkarreragin dezake. Erraz hedatu eta pertsonalizatu daiteke eta doako eta kode irekiko software gisa garatu da; eta euskarak ere badu tokia proiektuan.

Adimen artifizialaren ebanjelari Beñat Erezumak uste du (Sustatuk egindako galdera pareari jator erantzun digu) euskaldunok kolaboratu beharko genukeela proiektu honetan. "Euskara momentu honetan 10. hizkuntzarik entrenatuena da, baina urrun dago lehen hizkuntzetatik". Eta gehitzen du Erezumak: "Laguntzaile honen kalitatea hobetzeko, beharrezkoa da gizakiok harekin lan egitea, eredua hobetze aldera." 

Nola lagundu dezakegu laguntzailearen euskara maila hobetzen? Bada bost ataza ditugu egiteko, Erezumaren arabera:

  • Laguntzailearen erantzuna sailkatzea.
  • Erabiltzailearen erantzunaren hasierako gonbita sailkatzea.
  • Laguntzaileari erantzuna ematea.
  • Hasierako gonbita edo erabiltzailearen erantzuna ematea.
  • Laguntzailearen erantzunak sailkatzea.

Ariketa horietan parte hartzeko, izena eman OpenAssistant-en hemendik. Discord-eko kontua edo e-posta erabiliz. Login egin ondoren, euskara aukeratu hizkuntza aukera eta goikon zeregin edo aukera horiek agertuko zaizkizu (irudi partzialak, beste hiru aukera ere badaude interfaz osoan):



Ez dakigu OpenAssistant-i lotua dagoen baina Twitterreko beste kontu ere sortu da, Adimen Artifiziala Euskaraz @aaeuskaraz laguntzaile horren jardunean parte hartzeko eskatuz, eta oro har informazioa emanez alor teknologiko berri eta interesgarri honetaz.

Egunean Behin jokoaren katalanezko bertsioa (Un Cop Al Dia) astelehenean hasiko da martxan

$
0
0

Egunean Behin jokoak bere hirugarren hizkuntza-bertsioa estreinatuko du datorren astelehenean, otsailak 27, Un Cop Al Dia katalanezko aplikazioa. Azken hilabeteetan Cwis Bob Dydd galesezko bertsioak izandako harrera onaren ondoren, beste urrats bat CodeSyntax-ek sortutako joko honen nazioartekotzean.

Hamar asteko probako denboraldi bat izango da Un Cop Al Dia-rena, asteko sari xumeekin, baina zenbait iragarle eta erakunde/elkarteren sustapenarekin, denboraldi babesle gisa sari interesgarriak jarri dituelarik Donostia Turismoa bulegoak: bi eguneko egonaldiak eta esperientzia pack osagarriak (katalanentzat ere erakargarria izan daiteke Donostiara etortzea!).

Katalanezko bertsioa CodeSyntax-ek garatu du osoki. Aritz Galarraga Bartzelonan kokatutako idazle eta itzultzailea dugu kolaboratzaile, eta baita aproba gisa babesle lanera gerturatu zaizkigun lehen elkarte eta enpresak. Kataluniako jokoaren berri izateko, @uncopaldia Twitter kontua ere sortu dugu.

Egunean Behin-en mekanika bera du bertsio katalanak, eta izena ere itzulpen nahiko zehatza da, baina kolorez itxuraldatua dator Un Cop Al Dia. Edukia, %50 inguruan, Herri Katalanetako kultura eta hizkuntzara lotua dago nagusiki.

Lagunik baduzue Katalunian, zabaldu Un Cop Al Dia, eskerrik asko. Hemendik instala daiteke:

Galesezko bertsioaren arrakasta

Katalanezko joko bertsioa baino lehenago, 2022ko urrian galesezko Cwis Bob Dydd delakoa ere garatu denuen. Hain justu, bere lehen denboraldia joan den igandean amaitu da. Cwis delakoa 12 asterako programatua hasieran, baina martxa hartua zegoela ikusirik, bertako S4C telebistak luzapena enkargatu zuen lau astekoa, eta orain, eten baten ondoren, litekeena da beste denboraldi bat hastea ere. Tinint ekoiztetxe galesarekin lanean ari da jada CodeSyntax horretara begira. Cwis Bob Dydd-en lehen denboraldia 7.000 lagunek hartu dute parte, eta Galesko arduradunek oso positiboki baloratu dute lortutakoa (ikus albistea).

Kaleak euskaraz errotulatzeko aldarrikapena, euripean

$
0
0

Euskarazko izenaren aldeko elkarretaratzea antolatu du gaur EDS-k eta euriari aurre eginez hainbat lagun batu gara. Euskara hizkuntz paisaiatik desagertzerik nahi ez dugulako. Epailearen oinarririk gabeko erabakiaren aurka.

KALEAK EUSKARAZ ERROTULATZEKO ALDARRIKAPENA, EURIPEAN

 

Eguraldi euritsuak egun desatsegina sortuta ere, Euskararen Defentsarako Sareari jarraituta, hainbat lagun elkarretaratu dira gaur Iruñeko Konstituzio Plazan, horko plaka euskaraz ere jartzearen alde.

Epaile batek erabaki du Iruñeko Udalak ez duela zertan ele bitan jarri behar plaka hori (euskaraz/gaztelaniaz), plazaren izena “Plaza de la Constitución” delako, eta izen propioak ez direlako itzultzen.

Hau da, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide guztiak bilduta hartutako ebazpena atzera bota du, Euskararen Ordenantzaren aurka.

Euskarazko izenaren aldeko elkarretaratzea antolatu du gaur EDS-k eta euriari aurre eginez hainbat lagun batu gara. Euskara hizkuntz paisaiatik desagertzerik nahi ez dugulako. Epailearen oinarririk gabeko erabakiaren aurka.

2023-02-23.

EUSKARAREN DEFENTSARAKO SAREA.

Roald Dahl-en harira, haur eta gazte literatura libre baten aldeko manifestua

$
0
0

Polemika izan da literaturaren munduan azken asteetan, Roald Dahl idazlearen umeentzako ingelesezko edizio berrietan “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu direlako. “Hizkera iraingarria saihestu” eta “askotariko sentsibilitateak” aintzat hartzeko egin du hau Puffin argitaletxeak, esan dutenez (Argiak kontatu du hemen, adibidez). Orain, Espainiako OEPLI-IBBY elkarteak (Espainiako Haur eta Gazte Liburuaren erakundea, non Galtzagorri elkarte euskalduna dagoen), manifestua atera du kezka adieraziz "haur eta gazte literaturan zabaltzen ari den politikoki zuzenarekiko joerarekiko".

Hemen Galtzagorri elkartearen oharra, eta aukera, bertatik, atxikimendua agertzeko dokumentuari. Hona testua, izenbururik ez duena, eta lau konpromisorekin amaitzen dena:

****

OEPLI – IBBY Espainiatik (Haur eta Gazte Liburuetarako Espainiako Erakundea) eta bere lau ataletatik GURE KEZKA ADIERAZI nahi dugu, haur eta gazte literaturan zabaltzen ari den politikoki zuzenarekiko joerarekiko.

Roald Dahlen lanak irakurle berriei egokitzeko berridatzi izanaren albisteak sortutako polemikak arazo bat azaleratu du, baina arazo hori ez da berria. Arazo horrek klasikoen berrargitalpenari eragiteaz gain, egungo produkzioan ere ondorioak ditu. Izan ere, sortzaile, editore, irakasle eta bitartekari askok, autozentsurak baldintzatuta, irakurgaiak deseroso gerta ez daitezen, gatazkak edota ustezko irainak saihesten dituzte.

Zentsura eta autozuzenketa praktika horiek, batzuetan bogan dauden gaiak desagerrarazi edo ezkutatu eta beste kasu batzuetan gaiok integratzera dakar, baina literatura instrumentalizatzen dute betiere eta, nolanahi den, argitalpen-eskaintza pobretzen dute arriskuak, aniztasuna, askatasun artistikoa eta espiritu kritikoa kaltetzen dituzten heinean.

Asmo oneko heldu horiek duten haurrak babesteko eta onartzen eta desio dugun mundua bakarrik erakusteko xedeak ondorio gehiago ditu. Haurrek kontraesanak, bidegabekeriak eta egoera konplexuak bizi baitituzte, eta ez erakutsita ez dira desagertuko. Gainera, haurrek historia luze baten testuinguruan kokatzeko beharra dute, tradizio baten oinordeko direla jakin behar dute, harekin aurrez aurre jarri eta iraultzeko modu propioak aurkitzeko.

Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu haur eta gazte literaturarekiko honako konpromiso kolektiboa ALDARRIKATZEA: 

  • Haurrek obrak eta mundua irakurtzeko eta interpretatzeko dituzten gaitasunak errespetatuko dituena, konplexutasunetik, ironiatik, lotsagabekeriatik, sinbolismotik eta irudimenetik abiatuta. 
  • Gizarteak esleitzen dion hezkuntza-xedeak mugatuko ez duen haur eta gazte literatura.
  • Sormen-askatasuna errespetatuko duena.
  • Artea den adierazpide eta berrikuntza baliabidearekin konprometitua, arriskuak hartu, galderak erantzunak baino gehiago estimulatu eta erronkak proposatuko dituen haur eta gazte literatura.

****

Irudia, Charlie eta txokolate-lantegia liburuaren azala, Begiko argitaletxearen eskutik euskaratua.


EAEko Udalmap udal informazio sistema API batekin berritu dute

$
0
0

Open Data Euskadik martxan jarritako sistema da Udalmap, Udal Informazio Sistema, non erabilera publikoko hainbat datu argitaratzen diren. Datuetara sarbide errazago bat emateko, API atzipena berritu dute.

Udalmapeko datuak oso interesgarriak dira berrerabiltzen duen komunitatearentzat. Agerian geratu da hori Open Datako datu irekien lehiaketen lau edizioetan. Erabilpen hori ikusirik Open Data Euskadin API Rest multzo bat eraikitzen joan dira, eta oraintsu aurkeztu dute, katalogoan eskari handiena duten dataseten datuak eskaintzeko.

Udalmapek biltzen dituen datutegi eta adierazleak estatistika ofizial eta kontsolidatuetatik datoz. Besteak beste, honako alorretako datuak daude:

  • 200 sostengarritasun-adierazle baino gehiago
  • Ekonomia eta lehiakortasuna
  • Gizarte-kohesioa eta bizi-kalitatea
  • Ingurumena eta mugikortasuna

Open Datatik adierazi digutenez, "Helburua zerbitzu publikoa ematea da, EAEko 251 udalerrien errealitate sozioekonomikoa hobeto ezagutu ahal izateko, eta, horrela, guztion artean erabakiak hartzea errazteko."

Probatu Udalmap API berria hemen.

Akelarre: ETB2n euskaldunak bitxo arrotz horiek garen programa

$
0
0

Azken egunetako polemika da. Zappingzalea izeneko Twitterreko kontuak ETB2ko Akelarre saioko pasarte bilduma zabaldu ondoren, zabaldu dira kritikak programa honek iseka egiten digula euskaldunei, ETB2tik euskara eta euskal kultura arroztasun eta ezjakintasunetik tratatzen dutela. 

Urtarrilean hasi ziren Akelarre emititzen ETB2 gaztelerazko katean. El Terrat ekoiztetxeak produzitzen du (Madrilen dituzte bulego nagusiak), eta Valeria Ros aurkezle getxoztarrak aurkezten du (ez daki euskaraz nonbait).

Zappingzaleak izeneko Twitterreko kontuak honako bideoa zaladu du pasarte batzuk bilduz:

Txioak erreakzioak eragin ditu eta EITBko LAB sindikatuak agiria ere kaleratu du. Bertatik lerro batzuk:

“¡Eres pelotari!… ¡Harrijasotzaile!….” gonbidatuak extralurtarrak balitz bezala tratatzea, euskara hizkuntza gisa erridikulizatzea, irritziaz barre egitea, Unai Elorriaga 2002 Espainiako Narratiba Saria euskaraz idatzita irabazi zuen idazlea gutxiestea…. Norbere buruari barre egitea gauza bat da eta burla egitea beste bat. Saio honek iraindu egiten gaitu euskaldunok astero-astero, erridikulizatu, gure herrian “arrotz”, “exotikoak” bagina bezala, erakutsi. Ados al dago Euskal Irrati Telebistako zuzendaritza “Akelarre” saioak euskaldunoi egiten digun burlarekin?

EITBren sorrera legeak argi eta garbi uzten du EITBren egiteko nagusia euskara eta euskal kultura bultzatzea dela. Hau dela bidea uste al du zuzendaritzak? Hau al da diru publikoz ordainduta, ETBk euskal herriari eskaintzeko duen entretenimendua?

2017ko otsailean “Euskalduna naiz, eta zu?” umorezko saioan espainiarrei buruz emandako iritziak “iraingarriak” zirela eta, azkar asko erabaki zuen EITBk komunitate horri barkamena eskatu eta atal hori webgunetik kentzea. Zer neurri hartu behar ditu saio honekiko, euskaldunen artean sortu duen samina ikusita?

“Euskalduna naiz, eta zu?” programari gertatu zitzaiona gogoratzea merezu du, kontesturako. Eusko Legebiltzarreak alderdi ez-abertzaleekprotesta azaldu zuten, eta UPNk eta Poliziaren SUP sindikatuak salaketak jarri zituzten (ez zuten aurrera egin).

Berlinalen '20.000 erle espezie' euskal filma, eta berritasun bat, telesail onenari saria

$
0
0

Gaur amaitzen den Berlinale 2023ko Berlingo Zinemaldian berritasun nabarmen bat: A kategoriako zinemaldi baten kasuan (Donostiakoa ere hala da), lehen aldiz telesail batek saria eramango du. Hori jakinarazi da jada, eta zeremonia jarraian da iluntze honetan. Zuzenean ikusteko aukera, oraintxe hemen, gogoratu '20.000 erle espezie' Estibaliz Urresolarena Urrezko Hartzaren lehian dagoela. Eguneraketa, 21:00. Bai, euskal film horretako aktore gazteak, Sofia Oterok, irabazi du sari bat, aktore onenarentzako Zilarrezko Hartza!

Izenburu zehatza gaztelaniaz du film honek, ‘20.000 especies de abejas’, baina euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta. Izango ote du zorterik? Berlinaleko sari-zeremonia Youtubetik ematen dute zuzenean, ikus dezagun iluntze honetan:

Telesail Onenari Saria, estreinakoz

Berlinale Series Award delakoari dagokionez, telesailen aipu eta agerpenak egon dira zinemaldi honetan eta beste batzuetan lehenago ere, baina palmares ofizialari dagokionez, lehen aldia da halakoa ematen dela.

Irabazlea izan da The Good Mothers telesail italiar-britainiarra. Aipu berezia jaso du epaimahaiarenaArkitekten telesail norvegiarrak.

Beste bost telesail ere egon dira selekzioan etaemanaldiak izan dituzte: Spy/Master; Why Try to Change Me Now (Txinakoa), Dahaad (Indiakoa), Bad Behaviour, eta Agent.

 

2022ko Nafarroako beste eskua: Pompeloko Togatusarena

$
0
0

2022ko Nafarroako esku ezagun bat badakizue zein den. Baina ez da Irulegiko eskua artikulu hau ilustratzen duena. La2 telebistako dokumental batean zeharka aipatu zuten objketu baten eskuin-eskua da, Pompeloko Totagusarena.

Ez da Irulegiko eskua bezain baskoia, itxura batean. Baina harengandik gertuago dago, gugaindik baino. Irulegikoa baino 200 urte berriagoa da bakarrik. Iruñean aurkitutako Pompeloko Togatus-aren eskuina da.

Eta zergatik diot '2022koa' dela. Ba 1895ean aurkitu zuten arren, segituan Nafarroatik kanpora saldu zuten, eta han segitu du, bueltaka 2022an Nafarroako Museora etorri zen arte. Baina adi, bi urtez bakarrik: gero berriro joango da. Ez omen da geurea.

1896an aurkitu zuten Nabarrareria kaleko obra batzuetan Iruñean. errenoaren jabearen jabetza pribatu legala izanik orduan, 1906an atzerrira saldu zen, eta hortik ibili da, bilduma pribatutik bilduma pribatura, Galiakoa zelakoan, 2015eko biltzar batean aditu batek argazki zahar bat gogoratuz identifikatu zuen arte.

John Kluge Bilduma delakoa omen da jabe legitimoa... eta etorri bada Nafarroara, izan da bi urterako akordio bat egin delako. Halaxe dira gauzak, nahiz eta Nafarroako Gobernuak esan duen lanean ari dela betiko geurean gera dadin.

Baina adi berriro eskuari. Zer da hori? zeri eusten dio? Hegazti baten hanka? animalia baten erpeak? (neuri hori iruditu zait...)

Ez, ni oker omen nago. Litekeena da galburuen azao bat izatea, ohikoa eskultura erromatarretan Zeres jainkosaren irudietan. Baina togak biltzen duen irudia gizonezkoarena omen, eta ez litzateke ohikoa. (Hala ere, txibatu dit Martxelo Sotesek, San Ferminen segizioan gaur egun laborarien ermandadeak ere holatsu parte hartzen du: galburu azaoa eskutan!).

Aditu baten iritzi serioagoaren arabera, togaren luzapen edo 'sinus' luzearen azken tolesturen ertza litzateke, apaindurez hornitua.

Eta horixe bada, Pompeloko Togatusa eta bere eskua, objektu ezezagun bitxi bati eusten. 2024 arte Iruñean, oroit, gero eraman egingo dute berriro, ez badute Gobernuaren negoziazio horiek fruitu ematen. Joandakoan ere, artikulua geratuko da Wikipedian behintzat.

Euskararen sailkapena Frantziako munduko hizkuntzen barometroan

$
0
0

Frantziako Kultura ministerioak egiten duen Munduko Hizkuntzen Barometroak 38. posizioa ematen dio euskarari. Metodologia bitxi eta seguruenik kritikagarria duen sailkapena dela azpimarratu dute batzuek, bere helburua delarik, itxura batean, frantsesa posizio onean uztea: bigarren, ingelesaren ondoren.

Hor goiko irudian sailkapeneko lehen postuak, katalanaren posizio harrigarriarekin ere: 12. Txineraren aurretik katalana? barometroaren arabera...

Eta beheragoko posizioetan euskararen 38. postua, Indiako hindiera hizkuntza nagusiaren aurretik.

2017an hasi ziren barometro hau argitaratzen Frantzian, eta harrezkero euskarak aurrera egin du sailkapenean, 24 postutan. 13 faktoreko irizpideetan oinarritzen da sailkapena, eta horietako bat da Wikipedia (non ezaguna den euskarak posizio ona duela bere hiztun kopuruaren gainetik). Beste faktore bitxi bat eztabaidagarriagoa izan daiteke: "entropia", itxura batean estatu desberdinetan mintzatzea edo. Hau bereziki frantsesaren aldekoa da, kolonialismoaren eragin historikoa medio.

Konparatzeko, gure artxibotik, euskararen sailkapena beste irizpide batzuetan:

eta tarteka agertzen den sailkapen faltsu horietako bat,

* Euskara dela munduko hizkuntza zailena (gezurra da, eta sailkapena bera ere asmatua eta gezurrezkoa). Aldiz, beste sailkapen honetan euskara hizkuntza objetiboki arrunta zela aurkitu zuen metodologia jakin batek.

 

 

Viewing all 9026 articles
Browse latest View live