Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9039 articles
Browse latest View live

#IzanBirala lehiaketa: memeak eta abestien euskaraketak egitea proposatu dute

$
0
0

Gozatu Sarean Euskaraz ekimenari lotuta, #IzanBirala izeneko kanpaina abiatu da. Helburua da gazteek sareetan euskarazko edukiak sortzea, kontsumitzea eta partekatzea. 13-25 urte bitarteko gazteentzat aurreikusitako lehiaketa da. Bakarka edo taldeka hartu daiteke parte. Talde bakoitzeko parte-hartzaile kopuruak eta aurkez daitekeen lan kopuruak ez du mugarik izango. Lehen fasea urriaren 27a arte dago irekita jada.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Politika Sailburuordetzaren (HPS) kanpaina da hau, erakunde honena baita Gozatu Sarean Euskaraz ekimena.

Bi fase ditu lehiaketa, eta lehenbizikoan bi erronka planteatzen dira:

  • Euskaraz ez den abesti baten euskarazko bertsioa egitea. Parte hartzaileek beraien bertsioa sortu eta beraien TikTok kontura igo beharko dute #izanbirala eta #JarriErritmoa traolak erabiliz.
  • Memearen erronka. Parte hartzaileek beraien memea posta elektroniko bidez bidali beharko dute gozatusareaneuskaraz (a bildua) gmail.com helbidera, erronka (meme lehiaketa) eta izena adieraziz. Ondoren, epaimahaiak aukeraketa bat egingo du eta horiek Gozatu Sarean Euskaraz instagram kontura igoko dira.

Urriaren 27a arte dago epeak, eta irabazleak iragarriko dira azaroaren 7an. Erronka bakoitzeko bi sari emango dira. Sariak emateko orduan baloratuko da batetik originaltasuna, umorea eta edukiaren kalitate teknikoa; eta bestetik, irisgarritasuna, hau da, zenbat jenderengana heldu den.

Informazio gehiago: Gozatu Sarean Euskaraz, Izan Birala.

Jarraitu Izan Biralaren profilak sare sozial hauetan:

Lehiaketaren oinarriak, zehatz, PDF honetan


'Pantailaldia' deitu dute azarorako, pantailetan ikus-entzunezko euskarazkoak erreibindikatzeko

$
0
0

Euskaraldia bezalatsu, baina ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzeko konpromiso tarte bat; eta ezin badira kontsumitu, zailtasun horien berri ematekoa. Horrela defini daiteke agian Pantailaldia, azaroaren 11tik 18ra egiteko Pantailak Euskaraz ekimenak proposatu duen erreibindikazio-ekintza. "Ikus entzunez ekiteko garaia" da kanpainari laguntzen dion leloa.

Ekimenarekin bat egin dute euskalgintzako eragile hauek: Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaleen Topagunea, UEMA, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Euskal Encodings eta Game Erauntsia.

Zera proposatzen da PANTAILALDIA egiteko azaroaren 11tik 18ra.

  • Batetik, izena ematea aldez aurretik, hemendik.
  • Azaroaren 11tik 18ra, egunero, ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean edo sortzean izandako bizipenak eta zailtasunak partekatzea.
  • Sareetan, pantailaldiko egunetan, nork bere profilean irudi hau jartzea ere proposatu dute:

Informazio gehiago PantailakEuskaraz webgunean, eta Berriak argitaratutako albiste honetan.

Loa eta Laia: marrazki bizidunak, musika, balioak

$
0
0

Loa eta Laia marrazki bizidun euskaldun berri batzuetako protagonista musikariak dira. Josu Bergara musikariak izandako ideia batetik, zenbait lagun elkartu dira (ikus elenkoa) klip sail berri egiteko. Paul Caballero da ilustratzaile nagusia, eta Bergaraz gain beste zenbait musikari ere elkartu dira marrazki bizidunen pieza musikatuak hauek egiteko Lehen alea, laster datorren Gau Beltzari buruzkoa.

Bergarak eta Caballerok Paraxut Produkzioak sortu dute proiektua bultzatzeko. Burutü publizitate eta komunikazio agentziaren eta CMYK ilustrazio digitaleko eskolakoek ere lagundu diete. Hiru helburu nagusi ditu ekimenak, beraien azalpenekin hona kopiatuak:

  • Euskarazko eduki digitala sortzea eta hedatzea. Gaur egungo gizartean, ikus-entzunezko edukiek garrantzi ukaezina dute. Hartara, haur eta familiei zuzendutako edukietan, euskararen presentzia areagotu eta sustatzeko asmoarekin sortu dugu proiektu hau.
  • Musikarekiko zaletasuna garatzea. Proiektu honen bitartez, musikaren esparru ezberdinak landuko dira, modu atsegin, ulergarri eta dibertigarrian. Txiki-txikitatik musika maitatzen ikastea ezinbestekoa iruditzen zaigu.
  • Balore unibertsalak zaintzea eta zabaltzea. Gizarte hobe baten aldeko balore unibertsalak landu eta jorratu nahi ditugu: berdintasuna, aniztasuna, ekitatea, elkarlana, natura zaintzea, elkartasuna, besteak beste.


Loa eta Laia pertsonaiak musika taldea sortu duten protagonista nagusiak dira, baina beste bi lagun ere bildu zaizkie taldera, Niko eta Qiang. Lehen alea, Gau Beltza, Halloween ber-euskaldundua da gaia. Hona klipa:

Hurrengoak harrapatzeko, Loa eta Laiaren Youtubeko kanala jarraitu.

Eta webgunea ere: https://loaetalaia.eus/ 

Penpot diseinuko tresna librea, euskaratuta

$
0
0

Penpot software libreko tresna da, web/internet/mugikor diseinuan lan egiteko balio duena batik bat, eta orain euskaraz dagoena. Euskaraketa ia osoa egina dago, eta jada erabilgarri dago instala daitezkeen bertsioetan, eta baita, ez bazara teknikoa, online erabiltzen ahal den sareko bertsioan.

Penpot.app webguneko online bertsioa euskaraz erabiltzeko, nabigatzailea euskaraz konfiguratuta edukitzea da koxka, ez gehiago. Honelako sarbide orri batera iritsiko zara:

Eta gero, lanean hasiz gero, tresna eta abarrak ere euskaraz daudela ikusiko duzu:

Adobe erraldoi teknologikoak berriki erosi zuen Figma bezalaxer, Penpot online erabiltzen den diseinu-tresna bat da, webguneak edo aplikazioak diseinatu eta kodetzeko erabil daiteke, baina baita diseinu hutseko elementuak ere bai, hala nola logotipoak. Diseinu grafikotik haratago, erabiltzailearen interfazea eta esperientzia modelatzeko ere erabiltzen da, funtsezkoa garapen interaktiboen kasuan, hau da, Interneten erabiltzaile batek erabil dezakeen edozein elementutan, interakzioa baita web/mugikor munduaren gakoa.

Izatez, hala nola GIMP den alternatiba librea Adoberen Photoshopena, berdina esan dezakegu Penpotez, Adoberen Figmari dagokionez. Gainera, orain Figmatik Penpotera proiektuak inportatzeko plugina garatu da, eta horrek asko erraz dezake tresnaren zabalkundea.

Eta gainera euskaraz dago, aitzakiarik ez. Eta pusketak falta badira euskaratzeko, denon esku hemendik laguntzea

Ikus Penpot.app eta bere software biltegia (ekarpenak egiteko-eta) Github-en.

 

Elkarretaratzea: STOP Nafarroako Administrazio Auzitegiaren euskarafobiari!

$
0
0

Zuri ere onartezina iruditzen bazaizu, zatoz azaroaren 4an (ostirala), 18:30ean, protesta egitera NAAren egoitzara (Ezkirotz karrikan, Iturrama karrikarekin elkartzen den tokian). STOP Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Euskarafobiari!

ELKARRETARATZEA: STOP NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAREN EUSKARAFOBIARI!

 

Eskandalua da: Nafarroako Administrazio Auzitegiak lanpostu elebidunak debekatu ditu edo euskararen merezimendua kendu du Antsoainen, Atarrabian, Berriobeitin, Berriozarren, Lizarran, Orkoienen, Zizurren... Erasoa etengabea da. Hori justifikatzeko, Euskararen Legea aipatu du, besteak beste. Ba hona hemen zer dioen Euskararen Legeak eremu mistoko administrazioez:

“Erabilera eremu mistoan. Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko. Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea” (17. artikulua).

Euskararen Legea oso mugatzailea izan arren, sinestezina bada ere Nafarroako Administrazio Auzitegiak lege hori behin eta berriz urratzen du.

NAAren euskarafobiaren beste adibide garbi bat:

Herritar batek salatu zuen Iruñeko Udalaren sozietate publiko batek ez zuela Euskararen Ordenantza betetzen, eta NAAk, 2020ko martxoaren 10ean, 569. Ebazpenaren bidez, esan zuen ez zuela eskumenik sozietate publikoen gainean. Sei orrialdetan argudiatu zuen eskumen eza.

Bada, 2021ean, Navarra Sumak salatu zuen Berriozarko Berrikilan sozietate publikoak baztertu egiten zituela euskaraz ez zekitenak, eta NAAk besterik gabe eman zion arrazoia, 2021eko ekainaren 30ean, 1118. Ebazpenaren bidez.

Eta bi kasuetan, 3 mahaikidetatik 2 berberak ziren: Gabriel Casajús eta Raúl-Antonio Cruzado. Memoria arazoak al zituzten? (Oharra: NAAn ez dago epailerik, mahaikideek ematen dituzte ebazpenak).

Zuri ere onartezina iruditzen bazaizu, zatoz azaroaren 4an (ostirala), 18:30ean, protesta egitera NAAren egoitzara (Ezkirotz karrikan, Iturrama karrikarekin elkartzen den tokian). STOP Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Euskarafobiari!

EUSKARAREN DEFENTSARAKO SAREA.

EITBren Primeran streaming plataforma 2023ko uztailean hasiko da probetan

$
0
0

EITB 2030 Estrategia delako txosten estrategikoaren berri (hemen euskarazko PDF bertsioa) ematen ari da Andoni Aldekoa EITBko zuzendaria egunetan zenbait forotan. EITBren Administrazio Kontseiluan egindako agerpenaz berri eman zuen Berriak hemen, eta beste agerpen batem berri dakargu hemen, aste honetan EAEko Euskararen Aholku Batzordearen aurrean emandakoa Gasteizen. Bertakoa da irudia eta hona dakarguna: 2023ko udan probetan hasiko den Primeran streaming plataforma berria.

Aldekoak esan zuenez, Primeran-en edukien %75 euskarazkoak izango dira. Ikusteko materialaz gain, audioa ere integratuta izango du, eta alde horretatik podkastetan are eduki gehiago euskaraz, %80a helburu. Podkasten atal edo plataforma paraleloaz gain, Ikusi Makusi izeneko bertsio paralelo bat ere izango du Primeranek: eduki filtratuak, haurrentzako aproposak, eta euskaraz osoki kasu honetan.

Primeran 2023ko uztailean hasiko da aprobetan, 2.000 orduko eduki multzo batekin. Edukiak euskaraz plataformarako edukitzea neurri handi batean eskubide kontua dela esan zuen Aldekoak. Hemendik aurrerako zinema-ekoizpeneko finantziazio eskemetan inportantea izango da, baldin eta euskal produktu bat nagusiki streaming plataforma batek babesten badu (hala nola gertatu zen, adibidez, Erremintari edo Handia euskarazko filmekin Netflix-en aldetik), hizkuntza-banaketako eskubideetan salbuespen edo baldintza jartzea, euskarazko emanaldietarako eskubideak Primeran-en (edo Primeranen ere) egongo direla ziurtatzea. Era honetako lehen akordioak gertatzen ari direla esan zuen Aldekoak.

Beste akordio bati esker, Eskandinaviako Viaplay eduki sarearekin lortua, herrialde haietako 300 ordu urtean integratuko dira Primeranen, bertako hizkuntzetakoak audioz, baina azpidatziak euskaraz izango direlarik.

Bestalde, Primeran garatzen, 2023an, EITBk 3.5 milioi euro inbertituko dituela argitaratu du Berriak. Andoni Aldekoak EABren aurrean esan zuenez, inbertsioetarako gaitasun areagotua izango du EITBk datozen urteetan, Jaurlaritzarekin duen hitzarmen markoak inbertsio kopurua 52 milioi eurokoa aurreikusi baita hurrengo 5 urteetarako.

Zinuema; euskarazko ikus-entzunezkoen emanaldiak sustatzeko ekimena

$
0
0

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza egonkor bat sustatzeko Zinuema egitasmoa abiatuko dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lau herritan, azarotik hasita. 12 filmeko katalogo batekin, lau herritan emanaldiak antolatu dira; eta haietara joateko sistema bat antolatu dute: bono erosketa, aldez aurretik txartela ziurtatzeko edo trukatzeko. Zinuema.eus webgunea prestatu dute eskaintza azalduz. Euskarazko bikoizketa eta zine emanaldiak sustatzen dituen Tinko elkartearekin batera garatu du ekimenak UEMAk.

Azaro amaieran izango dira lehen ekitaldiak, hemen egutegia. Eta eskaintzari dagokionez, haurrentzako edo familako filmak nagusiki, baina nagusientzako dokumentalen batzuk ere bai. Eta ekimen berezi bat: Bertsolaritza Txapelketako finala (abenduaren 18an), zuzenean herrietako aretoetatik jarraitzeko esperientzia kolektiboa.

UEMAko lau herritan eskainiko da programazio hori: Igorre (Bizkaia), Etxarri-Aranatz (Nafarroa Garaia), Azpeitia eta Ataun (Gipuzkoa).

Emanaldi bakoitzaren ondorengorako inkesta batzuk antolatu ditu ekimenak (sariekin), ebaluatzeko nolakoa den esperientzia eta materiala, eta gauzak ondo bidean, ekimenak jarraipena izan dezan 2023an.

Ekimenaren aurkezpenean, hala izan zuen Iraitz Lazkano UEMAko presidenteak: “Administrazioen ardura da euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea eta programazioetan lan horiek txertatzearen aldeko apustua egitea. Horregatik abiatu dugu ekimen hau; guri toki-administrazio gisa dagokiguna kontuan hartuta, gure esku dagoena egiteko; borondatea izanez gero bidea egin daitekeela erakusteko, baina baita gai honetan guk baino eskumen zabalagoa dutenei gure bidelagun izan daitezen eskatzeko ere”.

 

DA! Pro, profesionalen topaketa Durangoko Azokan

$
0
0

Pandemia egoerarik gabe azkenean, Durangoko Azoka berriz normaltasunean aurtengo abenduan, eta ekitaldien barruan, DA! Pro jardunaldi profesionala: sortzaileei eta programatzaileei zuzendutako topaketak. Aurrez aurreko bi topaketa izango dira, biak abenduaren 5ean. Arlo bi landuko dira: familia ikuskizunen aurkezpen laburrak eta musikarien proposamen aurkezpenak. Sortzaile bakoitzak 10 minutu izango ditu bere proiektua aurkezteko, eta aldez aurretik izena eman beharko du, azaroaren 10a arteko epean.

Familia ikuskizunen aurkezpen laburrak Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan egingo dira, eta musikarien proposamenen aurkezpenak, Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Parte-hartzea doakoa da.

Musikari eta familia ikusikizunen sortzailea bazara izen ematea Durangoko Azokako webgunean egin behar duzu azaroaren 10a baino lehen. Kategoria bakoitzeko informazioa, eta izen emateko formularioak, hemen:

Antolatzaileek ohartarazi dute sortzaileen eta programatzaileen arteko lan saioetan aukeraketa bat egingo dela, jasotzen diren proposamen guztientzako lekurik ez baita izango seguruenik. 

Programatzaileek ere, interesa badute, goiko esteka horietan dute izena emateko beste formulario bana, baina beraien kasuan azaroaren 30a bitarteko epea dago. Aldi berean, katalogo bat ere sortuko da izena ematen duten sortzaile guztiekin tekniariei bidaltzeko.

Informazio gehiago: https://www.durangokoazoka.eus/eu/dapro 


Youtube Kids moldatu, haur bati beti euskarazko edukiak emateko

$
0
0

Youtube Kids da Youtuberen garapen gehigarri bat haurrentzako edukiak bakarrik emango dituen konfigurazio bat sortzeko etxeko txikientzat. Euskal Encodings-ek ikerketa eta dokumentazio lan ikaragarria egin du horren inguruan: nola konfiguratu haur baten kontua, euskara hutsezko edukiekin hornitzeko. Bideotutorial bikain batean azaldu dute.

Bideotutorialean ederki azaltzen da urratsez urrats, baina aukera nagusiak hemen laburbilduko ditugu.

Batetik, Youtube Kidsen egin beharrekoa: Gmail/Google kontu batekin sortu behar du kontua Youtube Kids-en tutore nagusi edo guraso batek. Haur baten profila sortu behar du bertan, proposatzen diren adin tarteen artean, eta gero profil horrentzako lehen eduki balekoa gehitu behar du. Urrats horretan, ez dago modurik "gehitu euskarazko edukia" aukeratzeko, ezta zuk ezagutzen duzun euskarazko kanal bateko edukia ere; adibidez, Euskal Encodings kanala ezin daiteke gehitu une horretan ze ez ditu Kids-eko baldintza zehatzak betetzen. Bai betetzen ditu, ordea, Ene Kantak kanalak, eta tutorialak gomendatzen du hori gehitzeko. Lasai, gero gehitu ahal izango duzu Encodings-eko edukia, sareratu dituzten Heidiren edo Lazkao Txikiren euskarazko atal guztiak...

Bigarren urratsa; Youtuben bertan, berriz ere aurretik pertsona nagusiak erabili duen Gmail/Google kontu berbera erabiliz. Kasu horretan, nagusi-tutoreak nabigatu dezake eduki desberdinen artean, eta kanalak gehitu, edo banakako bideoak. Orain bai, Euskal Encodings kanala, Hiru Kluba delakoa, Pottokiak Euskaraz bideo sorta, edo bestela, banan banako bideoak ere gehitzen ahal dituzu. Aukeratu kanal edo bideo zehatza, partekatzeko aukera aurkitu, "Haurrekin" aukera berri bat agertuko da, eta han, Youtube Kids-en bidez sortu dugun txikitxoaren profila agertuko da. Baietz eman, eta aurrera. Partekatzeko aukera horiek kanal edo bideoetara murrizten dira, tamalez ez dirudi posible denik kanal bateko zerrenda zehatzak aukeratu.

Haurrak edukiok ikusteko, Youtube Kids ireki beza gurasoak berriro, eta han jada ikono batekin haurraren profila sortua egongo da. Bertan sakatu, pasatu hori haurrari, eta han jada interfaze sinple-sinple batean guraso/tutoreak aukeratutako edukiak ikusi ahal izango ditu, ez bilaketa aukerarekin, baina bai interfaze sinple batekin.

Goiko urrats horiek Android mugikorretako Youtube eta Youtube Kids aplikazioak erabiliz egin dituzte Euskal Encodings-ekoek. Lehen parteko urratsa, Kids kontua sortzearena, badirudi web bidez ere egin daitekeela nabigatzailean; baina ez dugu lortu bigarren partea, Youtubeko bideoak Kids kontura bidaltzearena, web bidezko interfazetik, bai ordea mugikorreko aplikazioarekin.

Kids zein Youtube nagusia, bestalde, web bidez zein aplikazioetan (tutorialean ikus dezakezue, edo esteka honetan), euskaratuta ia osorik.

Euskarazko jokoen bilaketa erraztu du Steam plataformak

$
0
0

Bideojokoen denda edo biltegi handi bat da Steam, ordenagailu bidez joka daitezkeen jokoen esparrukoa (sistema eragile nagusietan: Linux, Windows, MacOS), eta orain abantailatxo bat dakar erabiltzaile euskaldunentzat: euskaraz dauden jokoen bilaketa egin daiteke, Game Erauntsiak jakinarazi duenez. 

Steam bera ez dago euskaraz, baina bere bilaketa interfazetik iritsi gaitezke euskaraz (ere) funtzionatzen duten jokoetara.

Steameko bilaketa orrian, berez, "hizkuntza-murrizketa" edo Narrow by language aukeran ez da euskara agertzen, baina hizkuntza bilaketa gehigarria eginez ('basque'), topatuko duzu. Bestalde, ohiko erabiltzailea bazara zure kontuaren ezarpenetan egin dezakezu euskara ageri dadin. 

 

Are errazago, Steameko hizkuntzen lehenespenetara sartuta. “Additional Game Content Languages” atalera joanda eta bertan euskara aukeratuta, saltokiak lehentasuna emango dio, eta bilatzaileko orri nagusian azalduko da euskara. Orain bai, euskara bilaketetan nabarmen:

Ezarpenetan euskara jarriz gero, gainera, bideojokoen fitxetan lehenetsitako hizkuntza hori hasieran agertuko da. Adibidez, Super Woden GP-ren orrialdera sartu eta hizkuntzen atala begiratzen badugu, euskara ingelesarekin batera agertzen dela ikus dezakegu. Horrez gain, Steameko aurkikuntzetara sartuz gero euskaratuta dauden joko berriak ezagutzeko aukerak areagotuko dira.

Euskarazko jokoak aurkitzeko, beraz,

Euskaraldia berotzen hasteko, laster dator eta

$
0
0

Aurtengo Euskaraldia laster da hemen, azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, eta tarte hori prestatze aldera aholku eta argibideak eman ditu Euskaraldiaren koordinazio bulegoak. Zer egin beharko genuke hemendik eta Euskaraldia hasi bitartean? Zertan jarri beharko genuke fokua?

Batetik, ariguneak antolatu dituzten entitateei dagokienez, horietako entitate bakoitzean partaide/kide bakoitza Euskaraldian izena ematera gonbidatu dute. Baina tira, ez bakarrik ariguneetakoak, beste edozein ere. Arigune batzuek izen-emateko URL propioa izango dute, eta haietan eman daiteke izena, bestela, izena emateko esteka orokorra proposatu dute:

Euskaraldia ariketa praktiko bat dela kontuan harturik, zabaldu ariketa egiteko lagungarri diren baliabideak ariguneko gure kideen artean. Esate baterako, ahobizi / belarriprest izatea erabakitzeko ibilbide hau:

Edo bideo batzuk hemen: Bideoak.

Ordainpeko prestakuntza saioak ere aukeran daude, inork bere erakundean behar badu. 

Komunikazioa

Alde honetatik proposatzen da Euskaraldiaren baitan izandako lorpen eta erronken bideoak zabaldu sareetan. Galdera hauetako bati (edo biei) erantzuten dioten bideoak lirateke:

  • Zer lortu dugu entitate bezala edo entitate kide bezala Euskaraldiaren bitartez?
  • Zein izango da gure erronka entitate bezala edo entitateko kide bezala aurtengo Euskaraldian?

@euskaraldia edo/eta #HitzezEkiteko traola erabili sareetan jakinarazteko (estekak Twitterrekoak jarri ditugu, baina parekoak erabil daitezke beste sareetan noski).

Kaleak ere janzteko eskatu dute. Euskaraldia ikusgarriago egiteko, eta, bide batez, euskaltzaleen mugimendua baliabidez indartzeko, gure etxe, elkarte, eraikin publiko eta lantegietako leiho eta balkoietan banderak jartzeko proposamena luzatu dute, 

Banderatxoak eskuratzeko moduak: Online dendan eskaera egin, edo 10etik gora eskatzeko, inprimaki hau beteta.

Henrike Knörr euskaltzain zenari omenaldia Gasteizen

$
0
0

Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak Henrike Knörr irakasle eta euskaltzain zenaren omenezko ekitaldi bat egingo dute, eta, besteak beste, haren artikuluez osatutako liburu bat aurkeztuko dute.

Azaroaren 11, astelehenarekin, da hitzordua, goizeko jardunaldi batean, Gasteizko Etxezarra eraikinean. Hauxe da egitaraua:

9:00-9:15 Irekiera-ekitaldia

  • Roberto González de Viñaspre, Euskaltzain osoa eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria
  • Lexuri Ugarte Aretxaga, Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria

9:15-10:45 Toponomasticom Hispaniae topaketa.

  • Toponomasticom Hispaniae: toponimia hispaniarrean ikerketarako proiektu bateratzailea. Ana Boullón Agrelo - Toponomasticon Hispaniae proiektuko koordinatzaile orokorra.
  • Euskal Herriko leku izenak: ToponHisp ikerketa proiektuak dakarkigukeena. Patxi Salaberri - Euskaltzain osoa eta ToponHisp proiektuko Euskal Herriko lantaldearen ikertzaile nagusia.

10:45 Atsedenaldia

11:00-11:30 Henrike Knörr Borrasen omenezko ekitaldia.

Sarrera:

  • Andres Urrutia - Euskaltzainburua
  • Ramiro González - Arabako diputatu nagusia
  • Gorka Urtaran - Gasteizko alkatea

Henrike Knörr  (1947-2008) Idazlan hautatuak. Liburuaren aurkezpena

  • Garikoitz Knörr Santiago
  • Roberto González de Viñaspre

11:45-12:15 Henrike Knörr Bekak

Aurkezle:

  • Lexuri Ugarte Aretxaga - Arabako Foru Aldundia
  • Eider Goñi Palacios - EHUko Arabako Campuseko euskararen, ikasleen eta mugikortasunaren zuzendaria

Bekadunak, 2021ekoak:

  • Mikel Perez Gonzalez
  • Iker Ondartza Padierna

12:15-12:45 Henrike Knörren ekarria Arabako onomastikara

• Roberto González de Viñaspre

13.00 amaiera

«Haurrentzat itzultzea eta gazteengana itzultzea» solasaldia

$
0
0

«Haurrentzat itzultzea eta gazteengana itzultzea» solasaldia izango da Bilbon,  azaroaren 16an.  Aiora Jakak, Miren Agur Meabek eta Patxi Zubizarretak parte hartuko dute Haur eta Gazte Literaturaren itzulpenaren inguruko solasaldi honetan,

 

Irati Jimenez idazleak dio irakurleak galtzen ari garela eta adituek diote haurrak eta gazteak izango direla geroko irakurleak –eta sortzaileak. Haurrek plazerez irakurtzen dute; gazteek mesfidantzaz.

Euskaraz sortutako originalez gain, argi dago irakurle gazteak erakarri beharra daukagula, mundu berrietara zabaldu. Klis-Klasikoak bildumarekin batera –Pinotxo, Tom Sawyer…– Printze Txikia edo Harry Potter bezalako lanak euskaratuak ditugu, baina ordua da galdera egiteko: zer itzuli hemendik aurrera?, nola itzuli? –jasotzaileen hizkuntza maila, itzulpenak oraindik ere eragin dezakeen ustezko ahalegin handiagoa…

Parte-hartzaileak:Aiora Jaka eta Miren Agur Meabe, Patxi Zubizarretak gidaturik.

Miren Agur Meabe itzultzailea da, baina editorea ere izana da, baita sortzailea ere: itzulpen lanak zertan eragiten dio bere sorlanari, zer eragiten dio, zein egoeratan dago? Zer nolako esperientzia izan du Aiora Jakak orain artekoan, nabaritu al du alderik helduentzako eta haur-gazteentzako lanen artean?

Biek ala biek jaso dute Vitoria-Gasteiz itzulpen saria, baita Patxi Zubizarreta moderatzaileak ere, eta aukera paregabea dugu eten bat egiteko eta hausnarketa egiteko. Argi dago ezinbestekoa dela irakurleak erakartzeko eta sortzaileak bideratzeko.

Noiz: Azaroak 16 (asteazkena)

Non: Bilbo, Euskaltzaindiaren egoitza (Plaza Barria, 15)

Ordua: 18:00 - 19:30

Jauzirako Prest: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaz jarduteko topaketa

$
0
0

Jauzirako Prest izenpean, 2022ko azaroaren 10 eta 11an "Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa" hizpide izango dituen jardunaldiak egingo dira Gasteizko San Prudencio Fundazioan. Ezagutzaren unibertsalizazio kontzeptuarekin esan nahi da normalizazioaren azken helburua, euskararen ezagutza euskararen lurraldean %100ean helburuan ezartzea. Azaroaren 9a arte dago izena emateko epea.

2020an egin ziren ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko lehen jardunaldiak, eta "Euskararen herria euskal hiztun" izenburua izan zuten. Orduan hasitako bideari segida emanez, aurten bigarren jardunaldiak egin dituzte. 2020koaren edukia hauxe izan zen, eta jardunaldia bideoan grabatuta geratu zen. 2020koa bezala, aurtengoa ere Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak lankidetzan antolatu dute.

Lehen jardunaldietan bezalaxe hiru ardatz nagusitan banatuko ditugu jardunaldiak, herritarrak euskalduntzeko hiru bide nagusietan:

  • Hezkuntza arautua
  • Hizkuntzaren transmisioa eta sozializazioa
  • Helduen euskalduntzea

Oraingoan ere, izango dira hausnarketa orokorrerako aukerak eskainiko dituzten hitzaldiak. Are gehiago, hitzaldi nagusi batzuk horri begira jarri nahi ditugu. Eta ardatz edo eremu bakoitzaren egiturari dagokionez, marko teorikoak ezartzeaz gain, ikuspegi praktikoak garrantzia hartuko du, eta ekimen edo jardun zehatzen parte hartzea sustatuko dugu.

Izena emateko (azaroaren 9a arte), eta egitaraua ezagutzeko, ikus hemen, Kontseiluaren webgunean.

Zapla!: podkast soziolinguistikoa Euskaraldiaren harira

$
0
0

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak, Euskaraldiaren 2022ko leloaaren haritik ("Hitzez ekiteko garaia da").

Lehen atala argitaratu da jada eta bertan, portaerak baldintzatzen dituzten egoeren inguruan aritu dira, Gemma Sangines psikologo bilbotarrarekin, estres linguistikoa zer den eta nola eragiten duen aztertzen. Sumisio linguistikoa eta hizkuntza asertibitatea ere aztertu dituzte, eta elkarrizketa egin Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore izandakoari, bere bizitzan zehar egindako hizkuntza hautuez.

Monika Belastegi eta Juankruz Lakasta kazetariek gidatzen dute Zapla!, Iker Martinez de Lagos Topaguneko komunikazio arduraduna da podcastaren ekoizlea; On Time ekoiztetxeak egin du produkzioa, eta soinu arduraduna izan da Iñaki Beraetxe.

Podkastaren sortzaileek espero dute Euskaraldia igarotakoan ere praktikoa izango dela podkasterako egindako lana, euskaldunen ahalduntze eskoletan, euskaltegietan eta ikastetxeetan, eta TELP tailerretan. Katalanei hartutako kontzeptua da TELP, Taller d'Espai Lingüistic Personal, norberaren hizkuntza hautuak eroso egiteko formakuntza, estres linguistikoa txikitzeko laguntza.

Entzun Zapla! hemen.


Wolfram Bergara topaketak eman zuena

$
0
0

Informatu genuen urrian nola MetaBergara edo Bergara birtual bat eraikitzen ari ziren. Emaitzak eta prozesuaren azken txanpa joan den larunbatean Bergaran egindako Wolfram Encounter delakoan aurkeztu zituzten.

Urtero egiten den topaketa da Wolfram Encounter, eta kontua hasi zen urtero bezala, goizean, League of Legends txapelketa batekin. Arratsaldean, berriz, euskarazko bideojokoak probatzeko espazioa zabaldu zen, eta horretan Minecraft jokoa izan zen protagonista. Game Erauntsia elkartearen eskutik, Bergara bloketan eraikizeko proiektua abiatu dute eta horretan kolaboratu zuten.

Lan hau bideratu ahal izateko, datu libreekin lagundu dira. Adibidez, Bergarako mendien altuera sortzeko, Copernicus zerbitzu europarraren mapa erabili zuten.



Ondoren, bero mapa horrekin eta beste programa bat erabilita, Bergarako lurrak blokeetara bihurtu zuten. Hala ere, kaleak eta errekak margotzeko, eskuzko lan dezente egon zen. Hona irudi sorta:

 

Azalpen teknikoa Twitch-erako gorde zen, hemen.

Jokoteknia larunbatean: euskal bideojoko garatzaileen lana ezagutzeko topaketa

$
0
0

Euskal bideojokoen Jokoteknia jardunaldien 5. edizioa egingo da datorren larunbatean, azaroak 12, Bilboko Harrobia Ikastolan. Aurreko urteetan bezala, Azkue Fundazioak eta Game Erauntsiak elkarlanean antolatzen dute topaketa hau. ardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da EITBren webgunetik.

Aurtengo edizioan Euskal Herriko industriari zuzenduko zaio begirada Jokoteknian. Bideojokoen arlo desberdinetan jarduten duten profesionalak izango dira gonbidatuak. Baita, aurreko urteetan bezala, bideojoko eskoletan dabiltzan ikasleen mahaingurua.

Aurtengo beste berritasun bat izango da arratsaldean euskal bideojoko garatzaileen lana ezagutzeko topaketa egiongo dela, SPRI - Enpresa digitalak babestea. Bertan, Ibai Aizpuruak, Eneko Zubiaurrek eta Harrobia Ikastolak bideojoko bana aurkeztuko dituzte. Gainera, euskarazko bideojokoak probatzeko aukera egongo da; beraz, haurrei, familiei eta gazteei zuzendutako ekitaldia izango da.

Egitaraua:

  • 9:45 Aurkezpena
  • 10:00 Ibai Aizpurua: Zer da Game Jam bat?
  • 10:30 Anize Amestoy: Soinuekin Jostetan – Bideojokoetako soinu sorkuntzaren aurkezpen bat
  • 11:00 Atsedenaldia
  • 11:30 Josu Cobelo: Bideojokoak, hezkuntza, industria eta euskara
  • 12:00 Game Erauntsia Elkartea Euskara eta bideojokoak uztartzearen inguruko gogoeta
  • 12:30 Mahai ingurua Digipen, Harrobia eta Tartangako ikasleekin
  • 13:00 Bazkaria
  • 17:30 Gamer Gela eta bideojoko garatzaileekin topaketa
  • 19:00 Itxiera

Oinarrizko Mastodon pilulak txiolari euskaldunarentzat

$
0
0

Elon Muskek Twitter erosi eta ekaitz-giroa sare sozial ezagunean: alternatiba Mastodon dela irakurriko zuten txiolari askok, eta bertara migratzeko unea izan daitekeela. Izatez, badira urte batzuk Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzu euskaldunak martxan direla, eta lagun dexente aritzen da horietan, horietako batzuk Twitterren ere egon badaudenak. Mastodon alternatiba izango den, jarraipena edo gauza paralelo bat, geroak esango du, baina puntu praktiko batzuk azalduko ditugu hemen, migrazioan edo erabilpen paraleloan pentsatzen ari den txiolari euskaldunarentzat.

Oinarrizko mekanika

Txiokatzea eta Mastodon erabiltzea, mekanikaren aldetik, antzekoa da baina badaude ñabardurak:

  • Txio batek 280 karaktere arte izan ditzake. Mastodon toot edo tut batek (bietara agertzen da euskaraketan), 500 karaktere arte.
  • Like edo bihotzaren ordez, Fav egiten da Mastodonen, eta RT edo bertsio baten antzekoa ere badago: Boost deritzo.
  • Mastodonen ez dago Txio Aipatuaren edo Quote Tweet figura.
  • Mastodonen ez dago metrika zenbaketarik ez bada zure tutentzat. Zure tut bakoitzak zenbat boost izan dituen jakingo duzu, baina besteenak irakurtzean, ez duzu informazio hori izango.
  • Blokeo, isilarazpen eta mezu zuzenak; antzeko mekanikarekin esistitzen dira.

Lokala eta globala

Mastodon ez da Twitter bezala webgune edo zerbitzu zentralizatu bat. Federazio bat da (fedibertso esaten denaren parte), eta sare horretan badaaude euskarazko bi adar: Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus. Baina euskal adar horretako batean izena ematearekin batera, parte hartu dezakezu elkarrizketa globalean ere, eta beste Mastodon euskaldunean ere bai, noski. Interes komuneko instantzia ezberdinak daude sortuta interes edo politiken arabera antolatuta. Hau da, badaude kazetariak biltzen dituzten instantziak, idazle-irakurzale komunitateak edo arte plastikoetako eta argazkilaritzaren ingurukoak.

Lokal/global konfigurazio horren ondorioz, Mastodoneko zure kontuak ez du timeline nagusi bat, Twitterren izan dezakezuna bezala, baizik eta hiru timeline. Behintzat web interfazean, aplikazi mugikorra murritzagoa baita alderdi honetan.

Horra menu nagusiko aukeretan, hiru aukera bereziki, hiru timeline horiek definitzen dituztenak.

  • Hasiera da Twitterrekoaren antzekoena: zuk jarraitzea erabaki duzun jendearen timelinea. Hor egongo dira beste euskaldun batzuk Mastodon.eus-en dabiltzanak, baina baita federatutako beste zerbitzu batzuetan aurkitu duzun jendea, eta jarraitzea erabaki duzuna. 
  • Lokala da Mastodon.eus-en bertan bertakoek argitaratu duten guztia.
  • Federatua da Mastodon euskaldunekoek beste zerbitzarietan jarraitzen dituzten kontuetako edukia.

Datu inportantea, hiru aukera horiek agertzen dira kronologikoki ordenatuak. Hau da, Twitterreko konfigurazio originala ere hori zen, eta orain ere aukeratu daiteke, baina txoritxoaren zerbitzuak bere "garrantziaren araberako" ordenatze txepel bat ere badauka.

Bilaketa

Bilaketa leihoak zenbait aukera ematen ditu, baina ez testu-hutsezkoa. #EuskaraldiaMastodonen edo #Elonmusk bilatu daitezke, eta ematen dute emaitza lokala (kasu batean), eta federatutako zenbait mastodonetakoak besteak.

Pertsonak bilatu, jarraitzeko

Jendea jarraitzeko Mastodonen, ingurune lokal euskaldunean (batean zein bestean) sartu eta bertako jendeari jarraipena egiten ahal diozu. Baina beste toki batzuetako jendea? Twitterren ohikoan mundu zabaleko jendea jarraitzen ahal duzu... Teorian hori egin daiteke Mastodonen, jendearen @erabiltzaile izen eta @mastodon_sare zehatzak ezagutzea da kontua.

Esate baterako, Twitterreko pantaila-irudi honetan ikus dezakegu bi lagunek euren Mastodon kontu berriak aipatzen dituztela. 

Aproba egin dugu @ashtonpittman@mastodon.social izenarekin bilaketan, eta aurkitu dugu. Ondo. Jarraitzen ahal dugu.

Beste erabiltzailearekin, @jenniferreitman@journo.host, aldiz, kale lehenbizikoan.

Izango da, beharbada Journo.host Mastodon zerbitzu berria, kazetari anglofonoen artean antolatu dena, ez dagoela oraindik federatua euskaraz bilaketa egin dugun Mastodon.eus-etik? Edozein modutan, erabiltzaile izen horrekin URL bat berregin daiteke, https://journa.host/@jenniferreitman eta orduan bai, hori bilatuz bai, gehitu dezakegula ematen du.

 

Arauak eta abusuen aurreko defentsa

Mastodoneko instantzia bakoitzak bere arauak ditu, eta euskaldunek ere. Hemen batzuen eta besteen arauak. Oro har, bata zein bestea euskaraz aritzeko dira, eta beste hizkuntza batean idaztea onartzen da, ez bada beti-beti batek horrela jokatzen duela. Batean aipatzen da espreski belarriprest jarrera babesten dela. Bi zerbitzu euskaldunetan arrazakeria, sexismoa, xenofobia, transfobia eta hauen defentsa debekatua dago. Eta zerbitzu bakoitza bere arduradun eta kudeatzaileak dituenez, arauak hausten dituena kanporatu egiten da eta kito.

Trans eskubideen kontuan, ohartxo gehigarri bat, ez bakarrik dira transfobiaren kontrakoak instantzia euskaldunak, baita Mastodon.social gune zentralena, Mastodonen sortzaile Eugen Rochkoren politika ofiziala (artikulu honetan Argian jaso zuten bezala).

Mastodon software librea da, eta teknologia dakienak sor dezake bere zerbitzarian bere arauen araberako foro bat. Nazien mastodonak? egongo dira. Baina ez daude federatuta edo elkarlotuta euskal zerbitzuetatik.

Hasteko

Onena, probatzea:

Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa kalean da: Cwis Bob Dydd

$
0
0

Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa irten berri da merkatura, 12 asteko denboraldi batekin eta Cwis Bob Dydd izenarekin. Jokoa CodeSyntax euskal enpresak garatu du, Tinopolis ekoiztetxe galestarrarekin batera, bertako S4C galesezko telebista publikoaren enkarguz, eta S4C eta Galesko Gobernuaren finantziazioarekin.

Gales eta Euskal Herria ia berdinak dira azaleran (20.000 km2 pasatxo) eta biztanlerian (3.1 milioi biztanle pasatxo), baina haien herria egitura autonomiko bakar bat da Erresuma Batuan, nazio izen ezagutuarekin gainera. Galeserazko hiztunak 750.000 dira, euskaraz mintzo direnak baino gutxixeago estatistiken arabera, baina egoera soziolinguistiko eta diglosiko bertsuan. Ingelesetik distantzia linguistiko handia duen hizkuntza da gainera, ulermenerako opakoa, ez katalanaren eta gaztelaniaren artean gertatzen den bezala.

Kontestu horretan, euskaraz Egunean Behinek arrakasta izan duela ikusirik, amua bota genuen Gales aldera egoera bertsuan jokoak han ere arrakasta eduki dezakeelakoan. Hipotesia frogatu gabe dago, noski, baina S4C telebistaren babesa lortu du ideiak, eta hala garatu da, azken hilabeteetan, Cwis Bob Dydd joko/aplikazioa.

Duela 10 egun kaleratu zen aplikazioa eta jokoa, radarraren azpiko erdi isilpean, eta gaur atera du prentsa oharra S4C telebistak. Galeserazko telebistako eduki digitaleko arduradun Rhodri ap Dyfrigek esan du: "Espero dugu euskaraz aplikazioak izan duen arrakastatik ikastea, eta eragin bera edukitzea hemen Galesen". Jeremy Miles gobernu erregionaleko Hezkuntza eta Hizkuntza ministroak esan du, bere aldetik: "Galeseraren erabilera areagotu nahi dugun denen artean, egunero; Cwis Bob Dyff aukera atsegina da horretarako; harronago proiektu hau bultzatzearekin eta jendea gonbidatzen dut parte hartzera". Iragarpeneko txio batek Galesko lehen ministro Mark Drakeforden atsegitea ere jaso du.

Mekanika eta itxuran, Egunean Behinekin alderatuta berdina da Cwis Bob Dydd. Edukietan dagoenez muina, galdera sorta batzuk egokitzapen/lokalizazio erraz samar batekin igaro dira bertsio batetik bestera: eragiketa eta segida matematikoak, adibidez, edo munduko banderak, non estatuen izenen itzulpena egitea izan den koxka; edo kontaketa kontuak (hala nola hor goiko irudikoa, non galderen formulazioa itzuli behar izan den). Beste eduki batzuek egokitzapen gehiago eduki dute, baina parekideak dituzte euskaraz: anagramak (letra nahasietatik hitza asmatu) edo letra-zopak kasu.

Eta noski, Galesko pertsonak, bazterrak eta historiako, kulturako edo hizkuntzako datuak biltzen dituzten galdera sorta espezifikoak daude. Adibidez, asma ezazu zein den errugbilari hau:

Lokalizazio lanean, hizkuntza zeltiko honek ekarri ditu aldaketa batzuk. Euskaraz aski da galdetzea "nor da?" edo "nor da kirolari hau?" baina generoa duen hizkuntza da galesa, eta bereizketa egin behar da galderetan.

  • Pwy yw'r chwaraewr yma? (gizonezko kirolariez galdetzekotan)
  • Pwy yw'r chwaraewraig yma? (emakumezko kirolariak)
  • Pwy yw hi? (Nor da, emakumezkoa)
  • Pwy yw e? (Nor da, gizonezkoa)

Galesezko alfabetoak ere eman dizkigu buruhauste batzuk, digrafo batzuk letra bakartzat hartzen baitira eta ondorioz letra zopak pixkat bereziak... hau bezalako proposamenekin:

Gainerakoan, edukiaz gain, aplikazioaren interfazea eta azalpenak ere galesez daude.

Eta izena bera, noski, Cwis Bob Dydd, kasu honetan oso antzeko zentzarekin: Quiz bat egunean (Cwis galesez, ingelesezko Quiz da, galde-erantzunen jokoa alegia).

Juan San Martinen mendeurrenean, haren lanaren digitalizazioa

$
0
0

Juan San Martin (Eibar 1922 - 2005) idazle, euskaltzain, etnografo, politikari eta mendizalearen jaiotazaren mendeurrena da aurten (1922-2022), eta motibo horrekin bere lan osoak digitalizatu ditu Jakinek, euskal pentsamenduaren digitalizazioari eskainitako webgunean. Era berean, erakusketa ireki da San Martinen jaioterrian, Eibarren, bertako udal liburutegian (haren izena darama) hainbat irudi eta argitalpenekin (abenduaren 18a arte irekita). Erakusketako argazki horietako asko, San Martinen fondoak, lehendik ere digitalizatuta zeudela gogora daiteke, eta familiaren ekimenez, sarean eduki libre bezala gordeta: Juan San Martin argazki bilduma.

Prestaturiko webgunean, 1.314 lan daude eskuragarri: horien artean, 25 liburu, 79 liburu atal eta ia berrogei agerkaritan argitaratutako 1.179 artikulu, poemez eta itzulpenez gain. Osatzen doan proiektua da gainera, gauza gehiago digitalizatuko dira, 1.935 idazlen eta dokumentu bildu arte, horietarik 1.833 San Martinek berak idatziak. Berariaz sortutako bilatzaile eta aurkibide propioa dute webgune horrek.

Asteon aurkeztu zen digitalizazio lan hau Eibarren, Jakineko arduradunak, agintariak eta San Martinen senideak bertan zirela. Prestaturiko aretoan, San Martinek idatzitako esaldi bat irakur zitekeen hormatik: «damu bakarra dut bizitza honetatik alde egiteko: nahi nituzkeen liburuak irakurri gabe eta idatzi nahi nukeena idatzi gabe joan beharra...». Jakinen webgunean irakur daiteke aurkezpen horren kronika. 

Ikus beraz:

Viewing all 9039 articles
Browse latest View live