Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9017 articles
Browse latest View live

Biko-Teka 2023, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonsoren eskutik

$
0
0

Biko-teka delako ekimena duela urte batzuk abaitu zen: Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrak egitea da koxka, idazle-narratzaileak batetik eta ilustratzaile-irudigileak bestetik elkarrekin jarri eta trebatzea. Irakasle gisa, Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak koordinatuko duten 2023ko tallerra, zeinarentzat izen-ematea irekia dagoen jada.

Biko-Tekaren zazpigarren edizioa da 2023koa, eta tailer honetara Garazi Arrula editorea eta Asun Agiriano bibliotekaria  gonbidatu dituzte halaber. Bi aditu hauen eskutik euskal album ilustratuen edizioa eta  euskarazko albumen irakurleen esperientzia ezagutuko ditugu bertatik bertara.

Tailerraren xede nagusia euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak  sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin  liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, tailer honen  emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua  abiatuko du. Tailerra bukatu eta hiru hilabetez, irakasleek segimendua eskainiko diete  e-postaz hala nahi duten ikasleei, garatzen ari diren album proiektuaren inguruan.  

Tailerra garatuko da 2023ko urtarrilaren 23tik 27ra, Iruñeko Kondestable Jauregian. Lehenengo lau egunetan, egun osoz: 9:00etatik 14:00etara (ordu erdiko  atsedenarekin); arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Azken egunean, ostiralean, goizez bakarrik: 9:00etatik 14:00etara.

Izena emateko epea, abenduaren 2a arte. Hemen informazio zehatza.


Twitzlariak: Twitcheko euskarazko jardunaren berri ematen duen zerbitzu berria

$
0
0

Ion Lizarazu programatzaile eta twitch-lariak sortu du Twitzlariak webgune aplikazioa, euskaraz Twitchen dagoen edukiaren berri ematen duena, eta bereziki une jakin batean gure hizkuntza zuzenekorik baden abisatzen dizuna. Kanpaina egon zen (3000 Twitz) euskarazko streaming ekintzak aurkitu ahal izateko Twitch-ek gure hizkuntza kodea onar zezan, baina Twitchek edo Amazon jabeak ez dute kasurik egin. Horren ordez, garatzaile batek asmatu du modu bat eta hortxe dago.

Webgunean sartzen bazara, inor euskaraz ari bada, hortxe abisatuko dizu. Ez dagoenean ezer... irudi honekin:

Baina ezer ez dagoenean ere, euskarazko zein streamer dauden eta ze bideo sortzen duten, hori esploratzeko aukera dago. Sarbide irudi horren azpian Euskal komunitatean sortu diren eta sortzen diren klip guztiak zerrendatzen ditu webguneak, iragazteko eta ordenatzeko aukerarekin: streamerraren arabera (ordena alfabetikoak gora eta behera), dataren arabera, eta ikusienak lehenetsiz ere bai.

Horren azpian berriz, ikusleak ikustarazi asmoz edo, eta pike sanoa sortzeko, klip gehien nork sortu duen zerrendatzen dira, ranking antzeko batekin. Oraingoz APIak itzultzen dituen guztiak zenbatzen ditu webguneak, baina posible da azken 30 egunetakoetara mugatzea.

Portadaz aparte, "Gutarrak" atala zerrendatzen ditu webgune honek jarraitzen dituen streamer euskaldunak eta kanalak. Hor nor agertzen den? Webguneak Github biltegian du kodea eta han berrikuntza/gehikuntza proposatu daiteke (programatzaileen esku), edo bestela Ion Lizarazu garatzailearekin kontaktatu dezakezu eduki sortzaile bat bazara, edo beste kanal batzuen berri badaukazu.

Streamer zerrenda horretan, sortzaile-kanalak afiliatu eta arrunten artean daude banatuta, afiliazioaz baliatzen diren kanal jarraituagoek aukera bereziak eskaintzen dituztelarik sortzaileentzat edo ikusleentzat. Gutarrak ataletik, halaber, klikatu daiteke profil jakin batean, hala nola Sustatuk duenean edo geurea baino jende saiatuagoenetan, hala nola Iruñe Astiz Arkkuso edo Eneko Oroz Ekintaekin.

Guri dagokionez, ostegunetan egiten dugun Segura Urratiko irratsaioa denean (zeina Twitch bidez eman ohi dugun zuzenean), ostegunean 10:40etan, ikusiko dugu ea gure zuzenekoaren berri ematen duen tresnak. Funtzionatuko du, seguru.

Probatu https://ionlizarazu.github.io/twitzlariak/  | Eta gordetzeko errazago, agian, laburduraz: https://labur.eus/twitzlariak 

Kanal gehiago proposatzeko, kontaktatu Ion Lizarazurekin: Twiterren @ionliz | Twichen: @ionliz | Github-en: @ionlizarazu

Saretzen: EITB eta Tokikom elkarlanean kazetaritza lanean

$
0
0

Azken hilabeteetan Saretzen proiektua lantzen egon dira EITB eta Tokikom tokiko hedabideen sarea. Akordio bat sinatu zen, eta hori lantzen jardun ondoren, gaur ikusi du argia lehen emaitzak, Hego Euskal Herriko joera demografikoen azterketa bat. EITBren webgunean dago albiste bilduma nagusia, eta txosten bat ere osatu da PDF eran. Aldi berean, Tokikom-eko agerkari bakoitzean ere isla du gaur demografiari buruzko albiste honek, tokian tokiko informazioarekin, hala nola Durangaldekoa Anboton, edo Debagoienekoa Goienan, adibide bi estekatzeagatik.

BBCk hedabide lokalekin zuen elkarlan eredu baten azterketa batetik abiatu zen hausnarketa Saretzen sortzekoa, Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak kontatu duen bezala.

Hitzarmen bidez zehaztu zituzten helburu batzuk EITBk eta Tokikomek: euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea, biztanleriaren informazio beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazio esparruko komunikabideen arteko elkarlan eredu bat lantzea. Beste helburu batzuk dira, ohar honek jasotzen duen bezala:

  • Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea.
  • Eraginkorrak izateko aldaketa teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta baliatzea, besteak beste, honako alorretan: formazioa, Internet bidezko telebista, datu kazetaritzaren lanketa eta dataren ustiapen egokia eta bateratu.
  • Etorkizuneko ikus-entzunezko ereduaren inguruko hausnarketa.

Miel Anjel Elustondo eta Enpresabidea, 2022ko Rikardo Arregi saridunak

$
0
0

Enpresabidea.eus gai ekonomikoen gaineko webguneak irabazi du Komunikazio alorreko 2022ko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Eta Kazetaritza titulua duena, aldiz, Miel Anjel Elustondok, Berria egunkarian argitaratutako "Tonban ehortzirik" erreportaje sortagatik, hildako euskaldun ezagunekin asmaturiko elkarrizketa sorta bat. Iaz ere sari bererako hautagai izan zen Elustondo RAKS sarietan, Berrian argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik orduan.

Elustondoren lanean, zera apreziatu zuen epaimahaiak hautatu zutenean finalista izateko: "Dokumentazio lana, pertsonaiarekiko hurbilketa eta egiantzekotasun formala nabarmentzen dira fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak hausten dituen sail honetan".

Aipamenarekin geratu da Kazetaritza saileko beste hautagaiak, honako finalistak hain zuzen:

Komunikazio alorrean, Enpresabidea.eus izan da saria eraman duena. agerkari ekonomiko digital berria da, aurten bertan apirilean jaio zena, "bertako informazio ekonomiko eta enpresarialean espezialializatuta, euskaraz egina eta lurraldean errotua" emateko asmoarekin. Viaempresa.cat proiektu katalanaren euskarazko ispilua da Enpresabidea, eta Bilbon eta Donostian bi erredakzio ditu, eta enpresa gisa eratua da, egoitza Donostian edukiz. Agerkariaren koordinatzailea Nico Cuenca Beristain komunikatzailea da.

Komunikazio alorrean aipamenarekin geratu dira beste finalistak:

Era berean, gaur Andoainen izan den ekitaldia Ohorezko Mugarri sariak eman dizkiete Elixabete Garmendia kazetariari eta Patxi Baztarrikari, euskararen normalizazioko langile hainbat urtean eta RAKS sari hauen sustatziale baita ere.

Euskarazko Kultura Digitalaren III. Jardunaldiak Donostian datorren astean

$
0
0

Zortzi tailer praktiko, bi hitzaldi interaktibo eta Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida bat dakartza III. Xare Jardunaldiak Donostiara, Ibaetako EHUren kanpusera. 527 ikasle, 3 gune eta euskarazko IKTen eta kultura digitalaren erreferentziazko plaza honetan. Abenduaren 5ean eta 9an izango dira topaketak, datorren astean.

Antolatzaileek diotenez, "Adimen artifizialaren esparruan, 3D inprimagailuekin, Appinventor erabiliz, bideo-mappinga aplikatuz edota errealitate birtualaz gozatuz, zure gaitasun digitalak trebatzeko lantegiak izango dituzte ikasleek eskura Xaren. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) Amaraunean eta sare sozialetan baliatzen ditugunean erabiltzaileok uzten dugun arrastoaz ere hausnartzeko gakoak jarriko ditugu mahai gainean, eta like, chat, stories eta tiktoken aroko harreman afektibo-sexualetan arriskuak gutxitzeko baliabideak aipatuko ditugu."

"Bideo-joko zalea al zara? Eta halako zenbat ezagutzen dituzu euskaraz? Musika entzungo duzu ziur... baina smartphoneko aplikazioekin doinuak sortzen ere saiatu al zara inoiz? Eta telefonoaz ari garela, argazki kamerari zuku handiagoa ateratzen ikasi nahi duzu? Eta irudi horiek gero partekatzeko ohitura baduzu, ezagutzen al dituzu ondorio guztiak? Nola aritu beharko genuke sare sozialetan inor ez mintzeko eta guk geuk ere minik ez hartzeko? Hori guztia eta askoz gehiago dakar Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak!"

Egitarau zehatza, hemen.

Hiru jardunaldi tematiko Kabi@ egitarauan Durangoko Azokan

$
0
0

Durangoko Azokako alderdi digitala da azken urteetan Kabi@ delako gunea, eta aurten ere egongo da alor digitalaren inguruko ardatz horren inguruan antolatuta. Hiru saio-multzo tematiko izango dira, areto nagusian gertatuko direnak, bi abenduaren 7an eta bestea abenduaren 9an zehar.

Batetik, abenduaren 7an (asteazkena), ikasle-irakasleen goizean, areto nagusian "Hezkuntzarako baliabide digital libreak" jardunaldia egingo da, 10.30etan hasita, honako edukiekin:

  • 10:30: Zer dira hezkuntzarako baliabide libreak, eta zergatik hartu behar ditugu kontutan hezkuntzan // Miren Berasategi irakaslearekin.
  • 10.45: Sistema Eragilea. Ordenagailua pizten duzunetik euskaraz ikasi, sortu, garatu, gozatu! Donostiako Luberri institutuko esperientzia, Txikilinux ekimena, eta Etxepare lizeoko ikasleak, sistema eragile libre eta euskarazkoekin nola ari diren.
  • 11:15: Hezkuntzarako tokiko hodeia. Hezkuntza komunitatearen pribatutasuna zaintzen duen hezkuntzaren digitalizazioa // TEKS sarearen eskutik.
  • 11:30: Munduko ezagutza gure baitan. Ezagutza librearekin sortutako hezkuntzarako baliagarriak diren baliabide digital euskaldunak. Fedibertso euskalduna antolatzen ari den Abaraska taldearen eskutik.
  • 11.45: Ikusgelan eduki eta baliabide libreak txertatzen. Lanketa ezberdinak proposarzen dituzten egitasmoak. Ikusgela (euskarazko Wikipediaren proiektua) eta Digitalizazioaren Hariak ekimenak izango dira hau azalduko dutenak.

Abenduaren 7an, bestalde, arratsaldez, "Euskal plataformak" eta "Sortzaile digitalak" goiburu bikoitzarekin, honako aurkezpenak:

Abenduaren 9an ostiralarekin, bideojokoen zaletu euskaldunen tartea, goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin. Egun honetan, jolasteko gune irekia edo "gamer gela" irekiko da goizez 11.00ak eta 14.00ak bitartean, eta arratsaldez, 16.00etatik 19.30ak arte. Gela horiez aparte, honako ekitaldiak ere bai:

  • 10:30 - 11:00. Ibai Aizpurua, Barraka bideojokoa, hain zuzen ere Durangoko Azokako IV. Sormen Beka irabazi zuen proiektua.
  • 11:30 - 12:00. Game Erauntsiaren eskutik, Euskal bideojoko sortzaileak ezagutzen.
  • 17:00 - 18:00. Rolariak taldearen eskutik. Rol jokoak euskaraz: zer? nola? zergatik?.

Kantu Eskukadak II: berrehun kantu ilustraturatu zabaldu da bilduma

$
0
0

Gaztezulo agerkariaren eta Olrait Studioren'Kantu Eskukadak II' proiektua aurkeztu zuten atzo Donostian. 100 euskal talde, 100 abesti, 100 ilustrazio, liburu bakarrean (lehen edizikoei gehituta, 200). Sustatzaileek honela aurkeztu zuten proiektua: "Ereserki txiki hauek izan daitezela biharamun goxoago baten hazi xume hori, bilduma moduan borobildutako geltoki, aurrera jarraitzeko, haurren eran".

Lehen alea duela bi urte aurkeztu zuten, eta Sustatun jaso genuen hura ere. Oraingoan, honela azaldu dute egileek bigarren alearen zioa:

"Bi urte geroago, bigarren liburua argitaratzeko beharra eta nahia sentitu dugu: (...) egoera zorionez asko aldatu den arren –besteak beste, zuzeneko kontzertuak itzuli direlako–, pandemian azaleratu ziren –eta lehenagotik existitzen ziren– arazo eta gabezietako askok hor jarraitzen dute oraindik: musikarien prekarietatea, zuzenekoak lortzeko zailtasuna, talde txikien ikusgarritasun ezdeusa, areto txikien zailtasunak eta, bereziki, euskal letragintzari eta lan horren atzean dauden euskal sortzaileei eskaintzen zaien arreta eta errekonozimendu eskasa; oztopoak oztopo, enbatan zein zeru argian, lemari beti sendo eusteko prest daudenak."

Gartxot Unsain musikariak idatzitako hitzaurrea du liburuak. Eta kantuak entzuteko, gehigarritxo bat, QR inprimatua du liburuak hura eskaneatuz prestatu duten playlist-era sar zaitezen. Playlist hori Badok musika atariaren eskutik egin dute, Berriarekin elkarlanean. 

Kantu Eskukadak II osatzen duten kantu-egileen zerrenda honakoa da. Horietako bat, Delirium Tremensena, agertzen da ilustraziorako aukeratu dugun argazkian.

 

2022ko Open Datako datu irekien lehiaketako saridunak

$
0
0

Duela egun batzuetako albistea da, baina bego hemen ere atzerapentxoarekin bada ere: Azaroaren 18an Open Data Euskadik antolatutako 2022ko Euskadiko Datu Irekien lehiaketen sariak eman zituzten Euskadiko Artxibo Historikoan (Bilbo). Ekitaldian bertan bi lehiaketetan, ideiak eta aplikazioak, irabazleek aurkeztutako proiektuak azaltzeko aukera izan zuten.

Aplikazio lehiaketan, honako hauek izan dira sarituak:

  • Lehena; "enEKO: energia aurrezpenerako laguntza-agente adimentsua"Unai Anterorena: erabiltzaileari energia aurrezten laguntzeko aplikazio bat da. EnEKO laguntzaile birtuala da, eta bere funtzio nagusia energiaren prezio onena ezagutuz energia modu arrazionalagoan erabiltzeko beharrezkoa den informaziorako sarbide erraza eskaintzea da.
  • Bigarrena: "iApparca: adimen artifizialarekin auerkitu non aparkatu"Ander Fernández Jauregirena: Donostiako Udalaren datu irekietan oinarritutako web-aplikazio bat da, turistei beren bidaiak planifikatzen laguntzen diena, eta, 14 eguneko aurrerapenarekin, helmugatik gertuen dagoen plaza libreak dituen aparkalekua zein den adierazten duena. (aplikazio hau tamalez gaztelaniaz bakarrik dago, bere pantaila irudiarekin ilustratu dugu artikulu hau).

Ideia lehiaketan, honako bi hautagaitza hauek saritu dira:

Proiektu hauen sustatzaileek honako irabazi dute:

  • Ideia lehiaketan: Lehen saria: 5000 € / bigarren saria: 3000 €.
  • Aplikazio lehiaketan: Lehen saria: 10000 € / bigarren saria: 8000 €.

Itzuliplus nabigatzaileko luzapena oso aukera aberatsekin berriztu dute

$
0
0

Euskarazko itzultzaile neuronalen artean, Itzuli izenekoa da Jaurlaritzaren Euskadi.eus webgunean integratua dagoena. Lehendik ere bazuen Itzuli+ edo Itzuliplus izeneko luzapen bat, baina orain berriztu egin dute Chrome eta Firefox nabigatzaileentzako eta, probatu ondoren, sekulakoa dela esan dezakegu. Itzulpen aukerez gain, hiztegietarako duen sarbideak oso tresna praktikoa bilakatu dute.

Itzuli + tresna-barra deskargatzeko esteka: 

Behin instalatuta duzula, luzapenen aukeretatik aukera dezakezu Itzuliplus aktibatzea, edo nabigatzen ari zarela, testu puska bat edo hitz bat aukeratu, eta saguaren eskuin aldeko klikarekin, Itzuliplus aukeratu. Aukera mordoxka hor irekitzen dira.

Euskalterm, Euskaltzaindiaren hiztegia definizioetarako, baita Wikipediako aukera, eta hizkuntza desberdinen arteko hiztegiak, horietxek irekitzen dira hitz jakin bat kontsultatzeko orduan.

Irudian, Euskalterm-eko kontsulta bat, ondo dabilena (Euskalbar bitartez huts egiten du sarri).

Gainerakoan, testu luzeagoak itzultzeko leiho bikoitza ere bai, sareko hiztegietan ohi den bezala.

Baina irudian ikusten den bezala, audio aukerak ere bai, entzuteko testua bi aldeetan, edo mikro bidez zerbait esan eta hori sartzeko.

Irudietan berdearen gainean ikusten denari buruz... euskarazko esamolde aleatorio bat agertzeko funtzioa gehitu diote, arrazoi esoterikoren bat tarteko.

OpenAI Chatbot-ak eta Elia.eus-ek idatzi dute albiste hau

$
0
0

OpenAIk Assistant izeneko txatbot berria merkaturatu du berriki. Chatbot-ek artearen egoerari buruzko hizkuntza naturala prozesatzeko teknologia erabiltzen du, erabiltzaileei elkarrizketa esperientzia bat eskaintzeko, intuitiboa nahiz adimenduna. Morroia gai da galdera eta baieztapen sorta zabal bat ulertu eta erantzuteko, eta, beraz, tresna erabilgarria da ordenagailu batekin elkarrizketa erakargarriagoa eta emankorragoa izan nahi duen edonorentzat.

[Albiste hau adimen artifizialeko tresna berri eta berehalakoan ospetsu bihurtu denak idatzi du: agindua eskatu diogu, ingelesez, "idatz iezaizkidazu ahapaldi parea OpenAI Chatbot-en inguruan agerkari baterako"; eta emaitza Elia itzultzailetik pasatuta, hona ekarri dugu, beste ezer ukitzeke, salbu eta kortxete arteko esaldi hau, eta jarri diogun izenburua]

Assistant-en funtsezko ezaugarrietako bat aurreko elkarrizketetatik ikasteko eta erantzunak horren arabera egokitzeko gaitasuna da. Horri esker, chatbot-a hobetu egiten da denborarekin, eta erabiltzaileentzat are erabilgarriagoa bihurtzen da. Chatbot-a ere gai ugari lantzeko gai da, eta hainbat gairi buruzko informazio erabilgarria eman dezake. Gainera, morroia oso pertsonaliza daiteke, eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara eta lehentasunetara egoki daiteke.

Oro har, Assistant etorkizun handiko txatbot berria da, eta konputagailuekin elkarreraginean jarduteko modua aldatzeko ahalmena du. Erabiltzaileei elkarrizketako esperientzia naturalagoa eta intuitiboagoa ematen dienez, Assistantek teknologiarekin ditugun elkarreraginak eraginkorrago eta atseginago egiteko ahalmena du.

Appa Hi aplikazioarekin euskara batuko hitanoa praktikatu daiteke orain

$
0
0

Appa Hi! aplikazioa duela urtebete kaleratu zen, Badihardugu elkarteak eta Oñatiko Udalak bultzatuta, Oñatiko hitanozko formak praktikatzen laguntzeko. Eguneraketa izan du aplikazioak oraintsu, eta erabiltzaileak bi trebakuntza-bide aukeratu ditzake: Oñatiko euskalkikoaz gain, euskara batuko hitanoa integratu da aplikazioan. Badiharduguk gaur abenduak 7, Durangoko Azokan, aurkeztuko du aplikazioa 18:30etan.

Honela funtzionatzen du Appa Hi aplikazioak: 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera dauka erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du noka eta toka egitea.

Hauek dira helbideak eskuratzeko, doan:

Instalatu ondoren, aukera irekia, modu batean edo bestean ekiteko ikasketari:

 

Egun aukera horiek agertzen diren bezala, aplikazioa prestatu dute garatzaileek (CodeSyntax-ek, Sustatu eta Egunean Behin-en egileak), beste hitano molde batzuk ere gehitu ahal izateko, aplikazioaren irismena handitzeko.

Zero eta bat: podkast 'artifiziala'

$
0
0

Adimen artifizialak sortutako testuekin osatu daiteke podkast bat? Galdera horren erantzuna da Zero eta bat podkast artifiziala, Beñat Erezumaren azken (edo azken aurreko) sorkuntza.

Erezumaren kontrol gizatiarraren azpian... baina eduki makinek sortua guztiz.

Zero eta bateko testuak GPT-3 adimen artifizialak sortu ditu, hari eskatutako baldintzei erantzunez. Gero, testuok moldaketa txikiren bat izan dute Erezumaren aldetik. Hirugarren atala osatzeko GPT-3n oinarritutako novelAI.net teknologia erabili du, beren-beregi istorioak sortzekoa dena.

Orain arte hiru atal argitaratu dira, "Terapeutari bisita", "Etxera" eta "Etzanda". Hiru istorio, hiru protagonista desberdin eta hainbat gai esku artean: depresioa, mendekua, MDMA, zahartzaroa... 

iVooxSpotify, Amazon Music eta Pocketcasts plataformetan entzun ahal izango duzu podcasta, baita Youtuben ere; azken horretan, zortzi hizkuntzatan azpititulatua aurkituko duzu.

Atalak laguntzen dituzten irudiak ere, Stable Diffusion izeneko adimen artifizialak sortu ditu, espresuki proiektu honentzat. Goiko ilustrazioan, Terapeutari bisita irudi bilakatuta, eta hemen azpian, Etxera eta Etzanda atalenak.

 

 

Ezagutu eta jarraitu: Zero eta bat.

Atxagaren Xola, munduko haur literatura onenaren bilduma-kutxa japoniar batean

$
0
0

Bernardo Atxagaren lana haur-literaturaren liburu onenen bilduma batean sartu dute, Xolaren abenturak, euskaraz irten ziren lau liburuak batean bilduta, japonierara itzulita daude orain, eta 125 haur-libururekin osatutako kaxa berezi batean sartu du Shogakukan argitaletxeak.

Itzulpen japoniarrean, ingelesez egin zen bezala, Xolaren lau liburuen bateratze bat egin da. Horixe integratu dute kutxa erako edizio berezi honetan.

Liburu/kaxa/bilduma delako hau esperientzia bat da, 125 ale aukeratuen azalak eta informazioa aurkitzen da bertan, eta erosleak aukera du kutxa bakoitzean dagoen kode bereziarekin, online erregistratu eta 125 aleak formatu elektronikoan irakurtzeko.

Irakurketa eta deskargen aldetik harrera ona dutenek paperezko edizioak ere ikusiko dituzte.

Japonierazko produktua eros daiteke argitaletxearen dendan (japonieraz jakin behar, dena den). Shogakukanek orri honetan (japonieraz) azaltzen ditu liburuaren nondik norakoak.

Hauxe da edizioaren kutxaren tapa, eta azal nagusia:

Kontrazalean, hainbat libururen irudiak:

Xola eta basurdeak, eskuinean, beste bi libururen ondoan (El oro de los sueños, José María Merino; Platero y yo, Juan Ramón Jiménez):

Atxagaren liburuari dagozkion azalpen orriak:

Liburu/kutxak sustapeneko bideo hau ere badu:

Gehiago jakiteko: https://www.atxaga.eus/ 

Urteko 10 aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenak (Irulegiko Eskua barne, noski)

$
0
0

2022 amaitzera doa eta ohikoa den bezala, "urteko zerrendak" egin, argitaratu eta errepasatzeko garaia da. Horietako bat egin aurkikuntza historikoen jarraipena egiten duen Heritage Daily agerkariak, "Urteko 10 aurkikuntza arkeologiko nagusien" zerrenda, eta horien artean jarri dute (ez gaitu asko harritu): Irulegiko Eskua.

Hamar elementuko zerrenda ordena honetan dago, ez dakigu garrantziarekin bat sailkatu duten, edo 10eko multzoaren agerpen soila den. Baina lehen postukoa, izatez, urteko entzutetsuenetako bat izan da:

  • San Casciano dei Bagnin, Toskanan, terma zahar batzuen lokatatzan, hainbat estatua etrusko.
  • Ernest Shackelton britainiarraren 1915eko espedizio antartikoko Endurance ontzia aurkitu dute, 9 km sakoneran, hotzagatik kontserbazio oso onean. 
  • Irulegiko Eskua. Zerrendan, bederen, hirugarren agertzen da. "Euskaraz idatzitako testu zaharrena" dela dio Heritage Dailyk, baina idazkun baskonikoa euskararekin zuzen identifikatzeko lana egiteko dago oraindik. Informazioa gehitzeagatik, eta aurkikuntzaren garrantzi linguistikoa kokatzeko, Asier Gabikagojeazkoa hizkuntzalariaren testu hau Alea agerkarian.
  • Egurrezko milaka objektu azteka, Mexiko hirian, Tenochtitlan hiria izan zeneko tenplu nagusiaren hondarren artean.
  • Willendorfeko Venusaren jatorria argitu da. Austrian aurkitu zuten venus hau Danubio ibaiaren ondoan 1908an, baina harriaren ezaugarr mikroskopikoak aztertuz, determinatu da materiala Garda laku ingurukoa da, Italiako alpeetakoa; eta duela 30.000 urteko datazioa ere zehaztu da.
  • Turkiako eskualde batean, neolitikoa baino lehenagoko aurkikuntzak identifikatzen ari dira urte batzuetatik hona, Göbekli Tepe izenarekin oro har identifikatzen ari diren kultura; horrekin lotutako Sayburç izeneko tokiko eskulturak aurten deskribatu dituzte.
  • Fayoum, Egipto. Ptolemaitarren garaiko aurkikuntza multzo aberatsa aurkitu da aurten.
  • Kanaaniten hizkuntzan idatzitako idazkun zaharrena; esaldi bat bolizko orrazi batean: Irulegikoa baino 1.600 urte zaharragoa, baina irakurgarria nonbait, zera eman dio esaldiak: "Hortz honek ken ditzala ile eta bizarreko bartz guztiak". Ilustraziorako, orrazi hau jarri dugu goian.
  • Northamptoneko lepokoa. Ingalaterran topatua, eta 7. mendean datatua, baina bere edukietako batzuk zaharragoak dira, txanpon erromatarrak eta material heterogeneoekin egindako pieza bat baita.
  • Tenplu budistak oihanean, Indiako Bandhavgarh erreserban.

 

Artxipelagoa: 2. denboraldia, eta KomikiAPP aplikazio berrian integrazioa

$
0
0

Aste honetan hasi da EITBren Podkast atarian "Artxipelagoa" fikziozko podkast apokaliptikoaren bigarren denboraldia (9. atalean abiatzen dena, lehen denboraldiko 8 atalen ondoren). Aldi berean, transmedia proiektu gisa, Artxipelagoak online-komiki gisako bertsio interkatiboa ere estreinatu du, EITBk kaleratutako KomikiAPP aplikazio berriaren bitartez.

Komiki interaktiboko bertsio hau Artxipelagoaren lehen denboraldian oinarrituta egin da. Xabier Etxeberria izan da gidoilaria eta Alex San Vicente ilustratzaileak lagundu dio. Komikiapp hemendik instalatu daiteke:

EITBren komiki aplikazio honen lehen bertsio bat martxoan argitaratu zen, Irabazi Arte web-sailaren komiki bertsio gisa. Orain kontzeptua hedatu da: KomikiApp oinarrizko app gisa garatu da, eta bere bidez komiki interaktibo desberdinak deskargatu ahal izango dira, Artxipelagoaren komikia eta lehendik garatutako Irabazi Arterena direlarik lehen aukerak; proiektu gehigarriak gehitu ahal izango dira aurrerantzean. Teknika aldetik, aplikazioa CodeSyntax-ek garatu du, Sustatu eta Egunean Behin-en egileak.

"Artxipelagoa"ren bigarren denboraldiari dagokionez, ordena geopolitiko orokorraren inguruan garatu da trama. 2103garren urtea da, lehen denboraldian bezala aldaketa klimatikoak munduko itsaso guztien maila igo du, eta mundu-politika ere aldatu da ondorioz. EITBk honela azaldu du: "Gure inguruan, Ipar Afrikako Lida da boteretsuena, Alpeetan gotortuta dagoen germaniar konfederazioarekin lehia estuan. Euskal Artxipelagoak neutral jokatu nahi izan du, merkatu harremanak indartuz, burujabe izaten jarraitzeko. Ipar Afrikako Ligak, Barra setiatuz, Euskal Artxipelagoa bere mendean hartu nahi du ordea. Piratek Jare bahitu dute eta beste europar potentziari, germaniarrei, saldu nahi diote".

Artxipelagoaren bigarren denboraldiko lantaldea leheneko bertsua da. Oier Aranzabal eta Juan G. Andres dira ekoizpenaren zuzendariak, eta Xabier eta Martin Etxeberriak idatzi dituzte gidoiak. Grabazioak Xanti Salvador eta Koldo Corellaren estudioan egin dira eta Ulu Mediaren estudioan amaitu. Irudiak Xabier Sagastarenak dira eta Rafa Ruedarena soinu banda originala. Aitziber Garmendia eta Eneko Sagardoy aktoreek jarri diete ahotsa bi pertsonaia nagusiei: Jare eta Iker. Partaidetza berrien artean, Itziar Ituñoren ahotsak gorpuztu du Olatz pertsonaia berria. Beste aktore batzuk dira Iñaki Beraetxe eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kide Sara Cozar eta Klara Badiola. Anartz Zuazuak gidatu du aktoreen lana. 

Aurrerantzean, astero atal bat argitaratuko da trama osatu arte, EITB Podkasten.

 


Lujanbio y Arzallus: los más consultados por los bertsozales euskaldunes en Wikipedia

$
0
0

Euskarazko Wikipediak datu bitxiak argitaratu ditu Twitter eta Mastodonen, azalduz Wikipediako kontsulten arabera, zein bertsolarik erakarri duen interes handiena, igande honetako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu direnen artean. Sailkapen edo rankinga harrigarria suerta daiteke. Lehen hiru postuetan, adibidez:

  1. Nerea Ibarzabal, 3.153 bisitaldi
  2. Maialen Lujanbio, 1,699
  3. Amets Arzallus, 1.677 

Baina gako ezkutu bat dago hemen. Bilaketak egiteko orduan, gure gailuen konfigurazio erdaldunak eramaten gaitu izen bat bilatzera, eta Googlek edo dena delakoak Wikipediako erdarazko orriak ematen dizkigu erantzunetan. Ondorioz, Maialen Lujanbio txapeldunaren eta beste batzuen kasuan, euskarazko Wikipedian kontsulta bat duen bakoitzeko, bi halako ditu gazteleraz. Era berean, Euskarazko Wikipediako sailkapen honetan Ibarzabal nagusi ageri bada, gaztelerazko orririk ez daukalako da.

Hilabete bateko bisitak kontatu dituzte Wikipedian. Twitterreko hari honetan ikus daitezke datuak, eta esteka honek erakusten digu bilaketa adibide bat, Alaia Martinen datuekin, zeinean ikusten den Martinek dituen bi Wikipedia orrietan (euskaraz eta gaztelaniaz) jasotako bisitak.

Amets Arzallusen kasuan, Wikipedia-hizkuntza gehiagotan ere baditu orriak (bere idazle jarduera eta Miñan liburuak izan dituen itzulpenak tarteko, seguruenik), eta hortaz batuketa handiagoa ematen diote datuek. 

Guztira, Wikipedia guztietan lortutako interesaren araberako rankinga hau izango litzateke zortzi finalistentzat: 

  1. Amets Arzallus:  5542 ikustaldi guztira, 3468 (es, gazteleraz); 1677 (eu, euskaraz).
  2. Maialen Lujanbio: 5480 ikustaldi, 3495 (es), 1699 (eu).
  3. Alaia Martin: 4212 ikustaldi, 2806 (es), 1406 (eu)
  4. Nerea Ibarzabal: 3153 ikustaldi, denak euskaraz.
  5. Sustrai Colina: 1828 ikustaldi; 1209 (es), 619 (eu).
  6. Joanes Illarregi: 1654 ikustaldi (eu).
  7. Aitor Mendiluze: 1507 ikustaldi (eu).
  8. Beñat Gaztelumendi: 1103 ikustaldi (eu).

Ikustaldi edo kontsulten sailkapen honek ez du, noski, faboritismo edo holakoekin zerikusirik, ez da postura bat nork irabaziko duen, euskaldunon interes orokorraren isla bat baizik.

Bestalde, goiko datuetan ikusten da argi, gaztelerazko orria badutenen kasuan, euskarazko ikustaldi bakoitzeko, eskuarki, bi halako lortzen dituztela gaztelerazko Wikipedian. Arrazoia argia da; ez da gazteleradunen interesagatik finalean, baizik eta euskaldunok bilaketa egitean, gure gailuetan dugun konfigurazioa erdalduna delako, eta horregatik, gaztelerazko Wikipedia orria ematen dute bilaketen erantzun nagusi eta errelebante gisa.

Egoera tristea da. Euskaldunok informazioa bilatzen dugu finalistei buruz, eta orrialde bisitatuenak espainolezkoak dira. Más euskaldunes y bertsozales han leído sobre Lujanbio y Arzallus en español en Wikipedia, que sobre cualquier otro finalista en euskara; es triste describirlo así, pero es la verdad.

Dena dela hone badu konponbidea: Lehenhitza.eus webgunea bisitatu, zure konfigurazioa euskaraz ezartzeko. Eta norbanakoon ardura da hau.

Hasierakora itzuliz, euskarazko Wikipediako sailkapen hutsera begiratuta, ikusi ze desberdina den rankinga, Ibarzabal buru dela.

  1. Nerea Ibarzabal, 3.153 ikustaldi
  2. Maialen Lujanbio, 1,699 ikustaldi
  3. Amets Arzallus, 1.677 ikustaldi
  4. Joanes Illarregi: 1.654 ikustaldi 
  5. Aitor Mendiluze: 1.507 ikustaldi 
  6. Alaia Martin, 1.406 ikustaldi
  7. Beñat Gaztelumendi: 1.103 ikustaldi 
  8. Sustrai Colina: 619 ikustaldi

 

Hedatutako datuekin:

Animakom animazio jaialdia Bilbon egun hauetan

$
0
0

Animakom Fest, Bilboko Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren seigarren edizioa, bihar hasiko da, Joanna Quinn zinemagileak eskeiniko duen master-classarekin hasiera emango dio. Oscar sarietako 2022ko edizioan izendatu zuten Quinnen lana, “Affairs of the Art” film laburra (estekan trailerra). 

­Joanna Quinnen agerpena izango da ostegunean hilak 15, goizeko 10:30etik aurrera DigiPen Institutuan.

Ostegunez baita, 22:00etan Bilborocken, munduko animaziozko bi zinemaldi garrantzitsuenetako ordezkariak egongo dira: Daniel Suljic, Animafest Zagreb jaialdiko zuzendaria; eta Yves Nougarede Annecyko jaialdiko hautaketa batzordeko kidea: Bien artean aurtengo film labur onenen proiekzioa aurkeztuko dute, bi jaialdi horietako irabazleak barne. Bi gonbidatu hauek parte hartuko dute, halaber, EPE-APV euskal ekoizleen elkarteak babestutako animazio-proiektuetarako mentoring-saioen lehen edizioan. Saio horietarako, euskal egileen hiru proiektu aukeratu dituzte hautatutako seien artean.

Eta hilaren 16an, ostirala, 17:00etatik aurrera, Fermin Muguruzarekin topaketa bikoitza Bilborocken: lehenik “Black Is Beltza II: Ainhoa” (Goya sarirako izendatu berria) bere film luzearen errealizazioari buruzko hitzaldia, eta ondoren 19:00etan filmaren erakustaldia, sarrera doan eta eserlekuak agortu arte.

ANIMAKOM FESTek txikienentzako lekua ere badu Jostailuen Animazio Tailerrarekin. Tailer hori larunbat goizean, hilak 17, Bilborocken ospatuko da, eta izena ematea ere doakoa da beheko helbidera idatziz: info@animakom.com

Gehiago jakiteko: https://animakom.com/ 

Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

$
0
0

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira: Haz tu pedido en Amazon, recógelo aquí. Egizu zure eskaera Amazonen eta jaso ezazu hemen. Kontua da esaldia luzatu diotela tipografia eta koloreak kopiatuz: ...y ayúdanos a destruir el comercio local.Eta lagun iezaguzu tokiko merkataritza suntsitzen.

Hauxe da Amazoneko kutxatila tipiko horietako bat. Horiak eta urdinak ikusi izan ditugu Hego Euskal Herrian. Batzuei hub esaten diete eta besteei locker, egongo da ñabarduraren bat funtzionamenduan, baina gaztelera hutsezko mezuarekin aurkezten dira:

Etxeko jasoketarako ordutegi arazoak dituztenentzat dira, zehazten ahal duzu halako locker edo jasoketa puntu bat, eta Amazonek bertan uzten duenean zure eskaria, kode batekin zoaz delako kutxatila-biltegira, makinan sartu kodea eta dagokizun kutxatila irekiko da.

Norbaitek manipulatu duen honetan, jasoketaz gain Amazonek tokiko merkataritzari egiten dion kalteaz ere gogorakizuna jasoko duzu. Esan diezaiokegu hacking soziala edo troll-gintza. 

Twitterrek Mastodon.eus-eko estekak partekatzea debekatu du

$
0
0

Twitterrek Mastodon instantzia ugaritako estekak partekatzea debekatu du, tartean Mastodon.eus-ekoak. Saio batzuk egin ditugu txiokatzeko esteka parea, eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzuko bat pasatu da, baina Mastodon.eus beste zerbitzukoak (hau adibidez) itxura batean ez dira igarotzen. Ikus irudian jasotzen dugun mezua. Hainbat Mastodon instantziarekin ari da hau gertatzen, baita mastodon hitza aipatzen ez duten zerbitzuekin, hemen irakurri dugunez. Elon Muskek pertsonalki Twitterren jabetza eta kontrola hartu duenetik ezarritako neurri erradikalena dirudi, Mastodon estekak debekatzeaz gain, bart gauez Twitterretik desagertu baitira kazetari ezagun kritikoen hainbat kontu, zentsuratutako beste zenbait konturen artean.

Hara zer dioen Twiterrek Mastodoneko esteka bat partekatzen saiatu garenean:

"Ezin dugu eragiketa bururatu, esteka hau potentzialki gaiztotzat jo dutelako Twiterrek edo bere partaideek."

Mastodoneko estekak debekatu ondoren, kazetari kritiko anglofonoen kontuak ixteari ekin dio Twitterrek. Hemen zenbaiten berri, tartean CNN, The New York Times edo The Washington Post agerkarietakoak. Baneatutako kazetarietako Keith Olbermann da, eta txiokatu zuen azken mezua hain zuzen Mastodoneko esteken desagerpenari buruzkoa izan zen, hemen irakurri dugunez.

Azken orduetan itxitako beste kontu bat, Elon Musk-en jet pribatuaren bidaiak trakeatzen zituen Twitter kontuarena. Duela aste batzuk Muskek berak esan zuen adierazpen askatasunaren hain-hain aldekoa zela, non kontu hori ere baimenduta zegoen Twitterren. Arauak aldatu dituzte ordea eta orain jada itxita dago.

Mezu laburren trukerako sistema bat da Mastodon, Twitterren antzekoa baina federatua edo elkarlotu daitezkeen hainbat instantziatan antolatua. Euskaraz jardureko bi instantzia daude, Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus, eta bata edo bestea erabili nahi baduzu, irakurri batzuen eta besteen arauak, eman izena, eta, akaso, Sustatuk eman zituen aholku/pilula hauek errepasatu.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Nafarroako Legean, euskal hiztunak desagertuak

$
0
0

Ikusezinak, entzun ezinak gara. Euskararen Foru Legea zonifikazioan oinarritzen da. Sistema konplikatuegia da beti kontuan hartzeko. Beraz, hobe praktikan euskaltzaleen aspaldiko aldarrikapena onartzea: Zonifikazioa desagertzea. Beste behin Nafarroa osoa eskualde “ez euskalduna” bihurtu dute.

KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEN NAFARROAKO LEGEAN, EUSKAL HIZTUNAK DESAGERTUAK

 

Nafarroako Parlamentuak onartu du Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutua arautzen duen Foru Legea.

Eusko Legebiltzarrak onartutako 6/2003 Legearekin ezberdintasun garrantzitsua dauka: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak.

6/2003 Legeak honako hauek arautzen ditu: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak (euskarazko eta gaztelaniazko hiztunei dagozkienak), eskubide hauei dagozkien erakunde publikoen betebeharrak, diruz lagundutako erakundeen eta interes orokorreko sektoreen betebeharrak, bezeroentzako arreta, ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko hizkuntza, eta sustapen-jarduketa publikoa.

Nafarroako Legeak, ordea, hizkuntza-eskubideen inguruko aipamenik txikiena ere ez du egiten. Beraz, euskal hiztunok Nafarroan eskubiderik gabe geratuko gara, kontsumitzaile eta erabiltzaile garen aldetik.

Ikusezinak, entzun ezinak gara. Euskararen Foru Legea zonifikazioan oinarritzen da. Sistema konplikatuegia da beti kontuan hartzeko. Beraz, hobe praktikan euskaltzaleen aspaldiko aldarrikapena onartzea: Zonifikazioa desagertzea. Beste behin Nafarroa osoa eskualde “ez euskalduna” bihurtu dute.

Viewing all 9017 articles
Browse latest View live