Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 9026 articles
Browse latest View live

Googlek esan die katalanei bilaketa-emaitzen diskriminazioa aztertuko duela

$
0
0

Abenduan salatu genuen, Euskarazko Wikipediak eta Kataluniako teknofiloek ikusi eta salatutakoa, Googleren bilaketa-emaitzetan gure hizkuntzetako estekak atzerago agertzen hasi direla, espainolezkoen azpitik, euskarazko edo katalanezko konfigurazioa ondo edukita ere. Azken egunetan, kezka honen inguruan eskaera zuzenagoak egin zaizkio Googleri, Katalunian eta Euskal Herrian, eta erantzun minimo bat iritsi zaie behintzat katalanei, ikertuko dutela.

Googleren erantzun batzuetan, arazorik ez balego bezala eta gaia saihesteko ohiko taktikak ikusi dira: "kontsulta ezazu gure informazio orriak" (ez dago hizkuntza gutxituei buruzko ezer bertan), "emaitza onenak ematen saiatzen gara" (gezurra: euskalduna banaiz, euskarazko konfigurazioa badut eta JFK bilatzen badut, zergatik ematen dizkit irudi honetako emaitzak Googlek? non eta Wikipediako bi orri horiek, filmarenak eta pertsonaiarenak, euskarazko bertsioak ere badituzten).

Azkenean, Katalunian wikipedista nabarmenek egindako eskaeren aurrean (eta prentsako erreportaiak eta editorialak tarteko) Google Search Liaison, bilaketa kontuez arduratzen den Twitterreko kontuak, erreakzionatu du, zera esanez katalanei:

Alegia, katalanez idatzita, hizkuntza bakoitzarentzat emaitza errelebanteak ematen saiatzen direla, eta ikertuko durela. Baina ondo funtzionatzekotan ere denbora beharko duela...

Euskaraz egindako eskaeren artean, hemen bilduma bat. Bereziki adierazgarria eta larria da Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak ematen duen datua Googleri zuzendu zaionean:

Duela urtebeteko ohiko datuetatik hona, %30eko bisita jaitsiera eguneroko datuetan euskarazko Wikipedian. Zergatik? Edukia, terminoak, bilatuz gero euskarazko emaitzak beherago agertzen direlako Googlen orain, erdarazkoen azpian; horixe da azalpenik logikoena.


Elhuyar Hiztegiko bisita-kopuruak % 50 egin du gora

$
0
0

Elhuyar Hiztegiaren bisita-kopuruak gora egin du 2022. urtean: webguneko bisitak % 50 igo dira (6 milioi bisita baino gehiago izan ditu), eta erabiltzaileek 50 milioi kontsultatik gora egin dituzte. Datuok argi erakusten dute Hiztegia gero eta gehiago erabiltzen dela. Hiztegia etengabe eguneratzen da, eta hizkuntza berdinzalea erabiltzen dela bermatzen da. Elhuyar Hiztegia ordenagailuan instalatzeko aukera dago orain.

Hiztegia etengabe eguneratzen den baliabidea da, eta 2022an, esaterako, 966 sarrera berri gehitu dira (antiespezista, autozainketa, heteronormatibo…), eta beste 1.003 unitatetan aldaketak egin dira (liburu-euskarri, ahogozagarri…). Eguneratze-lan horietarako, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza jaso du hiztegiak.

Eguneratze horiez gain, Elhuyar Hiztegiak hizkuntza berdinzalea erabiltzea du helburu, eta, hori horrela dela ziurtatzeko, 2022an ere hiztegiko zenbait lagin aztertu dira: edukiak genero-ikuspegiarekin aztertu eta lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera baztertzaile oro berrikusi eta moldatu da, desberdinkeria eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatuko duen hiztegi bateranzko pausoak emateko. Berrikusketa-lan hori bi mailatan egin da: batetik, lexiko baztertzailetzat har daitezkeen sarrerak dagokien gutxiesgarri markaz hornitu dira (ematxar, maritxu); bestetik, hiztegiko adibideen gaineko errepaso sakona egin da, genero-ikuspegiarekin loturiko estereotipoak saihesteko (haragikoi) eta emakumearen ikusgarritasuna bermatzeko ("sarrailagile gisa lan egin nuen: trabajé como cerrajera”). Lan-ildo horretarako, Laboral Kutxaren laguntza jaso du Elhuyarrek.

Aldaketa horiek guztiak egiteko, hainbat iturri erabiltzen ditu Elhuyar Hiztegiak: corpusak, beste zenbait baliabidetatik erauzitako edukia, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta erabiltzaileen iruzkin eta proposamenak.

Elhuyar Hiztegiaren mahaigaineko aplikazio berria

Urte berriarekin batera, Elhuyar Hiztegia ordenagailuan instalatzeko aukera gehitu da. Hiztegia norberaren mahaigainean instalatu eta handik erabiltzeko aplikazio bat jarri da erabilgarri. Aplikazio horren bidez, ordenagailuko edozein programatatik kontsultatu daitezke euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko hitzak Elhuyar Hiztegian. Horretarako, kurtsorearekin hitza hautatu, eta bi agindu hauek segidan sakatu behar dira: [Ctrl + C] eta [Ctrl + zuriune-barra]. Hala, hitz horrekin lotuta Elhuyar Hiztegian dagoen informazioa azalduko da leiho berri batean.

Aplikazioa Windows, Linux eta Mac sistema eragileetarako dago erabilgarri, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren finantziazioarekin garatu da.

Hiztegi aplikazio horre eskuliburua hemen dago. Instalatzeko PC ordenagailuan ireki https://hiztegiak.elhuyar.eus/ eta irekitzen den pop-up leihoan, hemen irudian agertzen den bezala, dituzu estekak Windows, Linux eta MacOS aplikazio gehigarriak instalatzeko.

Egunean Behin, astelehenean hasiko da 11. denboraldia, Guuk-ek babestua

$
0
0

Datorren astelehenean, urtarrilaren 30ean, hasiko da Egunean Behin jokoaren denboraldi berria, jokoaren 11.a denboraldia 2019an abiatu zenetik. Denboraldi honetako babeslea Guuk telekomunikazio-enpresa izango da, aurreko denboraldiren batean ere babesle izan duguna. Denboraldi honetan laugarren urteurrena ere beteko dugu eta, hori dela-eta, areto batean zuzeneko final fisiko bat antolatzeko asmoa dugu Aste Santu aurretik, denboraldia bukatzearekin batera.

Denboraldi honek izango dituen zortzi asteak urtarrilaren 30ean hasiko dira eta apirilaren 2an amaituko. Ondorengo asteburuan, zuzeneko final hori egin nahi dugu, 2019ko abenduan Azpeitiko San Agustin aretoan egin genuen haren estilora edo. Martxoan hain zuzen lau urte beteko ditu joko eta aplikazio honek eta elkarketa batekin ospatzea merezi duela pentsatu dugu.

Aste hauetan Guuk-ek berak bi aste babestuko ditu sariekin eta beste sei babesleak izango dira:

Sarietan, Guuk-en eskutik bereziki banatuko diren telefono mugikor euskaragarriak eta haririk gabeko aurikular modeloak azpimarratu daitezke. Baina egongo da horien berri emateko aukera astez aste aurreratzen dugunean...

Eman abisu zuen taldeetan, hasi erepasatzen Wikipedia, badator eta lehia.

Mastodon komunitate euskaldunak irabazi du 2023ko Interneteko Argia Saria

$
0
0

Mastodon sareko komunitate euskaldunak, bi zerbitzutan antolatuak, irabazi du Interneteko 2023ko Argia SariaMastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzu euskaldunetako ordezkariak jaso dute saria gaur Argiak antolatutako ekitaldian.

Aplikazio libre eta ez zentralizatuen sarea esaten zaion Fedibertso horretako mezu laburren sare sozialen tresna da Mastodon, eta instantzia elkarlotuetan funtzionatzen du. Twitterrek Elon Musk-en jabetzaren pean 2022tik bizi dituen une korapilatsuetan, erabiltzaile asko Mastodonera igarotzen ari dira. Tresna honek nola funtzionatzen duen, tutorial txiki batean azaldu zuen Sustatuk azaroan.

Hemen Argiak sari hau emateko argudioen testua.. Pasarte bat horik: "Sare sozialek sekulako iraultza ekarri dute komunikazioaren mundura. Herritarrak komunikatzaile bihurtu dituzte, eta horri esker, berehala jakin dezakegu protagonisten eta zuzeneko lekukoen eskutik zer gertatu den munduko edozein txokotan (...) [Mastodon] sare sozial hau deszentralizatua da, publizitaterik gabekoa, eta badira bi komunitate euskarazkoak, urte osoan euskara hutsean bizitzeko aukera ematen digutenak. Eta harrigarria bezain txalotzekoa da sare sozial honetako euskarazko bi komunitate horien artean ez dagoela borrokarik, giro ona dago eta elkarren artean federatuta daude".

https://mastodon.jalgi.eus sortu zuen Izarkom telekomunikazioetako kooperatibak eta https://mastodon.eus  elkarlanean sortu zuten eragile hauek: PuntuEUS, Azkue FundazioaIametzaTalaios eta Laborategia.eus ekimenak.

Hona aurreko urteetan Interneteko Argia Saria jaso duten ekimenen zerrenda: 

2012a arte, Sareko Argia saria esaten zitzaion ohore honi. Hauetxek jaso zuten izen horrekin:

Argia Sariak 2023, zerrenda osoa

$
0
0

Atzo berri eman genuen euskarazko Mastodon komunitateak Interneteko Argia Saria irabazi zuela, baina sarietako gainerako irabazleek ere aipua merezi dute jakina: Karpeta Urdinak dokumentala, Zugazart marrazki/iritzi-tira, (Min)bizi podkasta, Azterketak Euskaraz kanpaina, eta ohorezko sariduna, Oihana Goiriena (Pablo Gonzalez Polonian atxilo duten kazetariaren emaztea).

2023ko edizio hau sarien 34.a izan da. Hona saridunak;

Ikus-entzunezko Argia SariaKarpeta Urdinak torturari buruzko dokumentala. Ander Iriarte eta Katti Pochelu zuzendariek jaso zutensaria.

Entzunezko Argia Saria (irratikoa izan dena hainbat urtetan): Min(bizi) podkasta (bideo bezala ere banatua), Iñurri elkarteak minbiziari buruz egiten duena, "Feminismotik eta elkartasunetik, deserosoak diren tabuei naturaltasunez heltzen dietelako eman diegu saria, besteak beste".

Prentsako Argia SariaZugazart iritzi-tira, Gara egunkarian eta Naiz.eus-en argitaratzen dena egunero, Unai Iturriagak marraztu eta idatzia.

Urteko kanpaina onenaren Argia Saria, marketin edo publizitare sari gisa banatu izan dena beste urtre batzuetan, Azterketak Euskaraz kanpaina, Brebeta eta Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde Ipar Euskal Herriko ikasle eta irakasle euskaldunek antolatua.

Merezimenduzko sariaOihana Goirienak jaso zuen bere senar Pablo Gonzalez kazetariaren kartzelaratze injustua salatzeko eta kazetaritza askea defendatzeko egiten ari den lanagatik, eta auzia lau haizetara zabaltzeagatik,

Eta azkenik, atzo aipatu bezala, Interneteko Argia Saria,Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzuek gorpuzten duten Mastodoneko komunitate euskaldunari.

Irudian, sari-jasotzaileak Usurbilgo Atxega Jauregian, atzo ekitaldia izan zen tokian.

Irati Santiago, bideo-ekoizle Los Angelesen

$
0
0

Irati Santiago (Amasa-Villabona, 1991) da gipuzkoar profesional gazte bat, Kaliforniako Los Angelesen kokatua, bideoak ekoizten lan egiten duena. Wikipediako ohartxo batetik fijatu gara berarengan, eta egin dituen lanetako batzuk ekarri ditugu artikuklu honetara. Argazkian (Ataria webgunekoa) ezkerrean ageri da Sanriago.

Ekoizpen enpresa desberdinetan egin du lan Irati Santiago, eta bere emaitza nagusiak bideoklip eta labur ekoizpenak dira. Bere lanetako kreditu zerrenda bat hemen, IMDB datubasean

Hiru ale hemen itsatsita. Bideoklipen kasuan, Steve Aoki, Shaeed eta Sting-en hau: 2 In A Million (milioi batean bi ale).

Beste hau MATTN eta Paris Hiltonen: Lone Wolves (otso bakartiak).

Sormenezko ilm laburrei dagokienez, Aberne, euskaraz egindako lana, zeina Villabona bere jaioterrian ere aurkeztu zuen Santiagok. Lan honi buruzko artikulu parea Atarian. laburrari buruz hau, eta egilee ielkarrizketa, Santiagori eta filmeko zuzenari Emma Johnsoni egina.

 

Hilbeltza 2023, hemen da nobela beltzaren astea

$
0
0

Hilbeltza 2023, euskal nobela beltrzaren astean, datorren astean izango da, ilbeltz edo urtarrilaren 23tik 29ra. Ilustraziorako ekarri dugun irudia, prestatu dituzten trailerretako batetik.

 

Egitaraua

23, astelehena:
Idazleekin solasean, V. (H)ilbeltza bekaren irabazlea: Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu nobela beltza solasgai. 19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean.

25, asteazkena:
Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea, Joseba Sarrionandiaren solasaldia 19:00etan Anizko Mendiarte elkartean.

27, ortziralea:
Zinema. Kareletik filmaren emanaldia (Anjel Lertxundi,1987). 19:00etan Iruritako Gizarte Bilgunean.

28, larunbata, egun handia

  • 11:00etan mahai-ingurua: Zurian beltz. Literatur itzulpenak eta itzulpozak, Garazi Arrula eta Garazi Ugalde. Moderatzailea: Amaia Apalauza. Arizkunenea kultur etxean, Elizondo.
  • 14:00etan Bazkaria Erratzuko elkartean (txartelak eskatu ilbeltzabaztanen[a bildua] gmail.com helbidean)
  • Bazkal ondotik, liburu aurkezpenak Jon Alonso Amaiur bat urtero (Amaiurko Gaztelu Elkartea+(H)ilbeltza). Mikel Alvarez Euskalia (Elkar). Gaizka Ugalde Leonardo Sciasciaren Todo modo liburuaren itzultzailea (Erein).
  • Iluntzean, Susmagarrien gaua. Baz Town, Erratzun barna.

29, igandea:

11:00etan Itzuli beltza. Gorputz gorrituen solasa. 11:00etan
Oronozko aparkalekuan.

19:00etan Ruper Ordorika: zuri beltzean, Arizkunenea kultur
etxean, Elizondo

Milhaud-en mapa bilduma interesgarria

$
0
0

Miguel García Milhaud blogari espainiar bat da, telekomunikazioetako ingeniaria, Interneten mapa bitxi eta interesgarriak bilatzeko eta komentatzeko ohitura duena. Mapa horien aipuak sare sozialetan egiten zituen, baina orain webgune bat egin du, mapen biltegia eta bloga aldi berean, eta benetan interesgarria delako ekarri dugu hona.

Kargatu duen azkenetakoa, Life aldizkari estatubatuarrean, 1916an, Europan zegoen Gerra Handiaren aurrean marraztutako mapa katastrofista, AEBen neutraltasunak Alemania-Austriaren garaipena eta are inbasioa ekar zezakeelakoan. Urtebeteren buruan AEBeak gerran sartu zen, eta Europa Erdialdeko potentziek porrot egin zuten 1918an.

Ukrainako errepublika sobietarraren muga aldaketak 1922-1954 bitartean. 2022tik hona dugun gerrarekin gertatuko diren aldaketak marrazteko goiz da oraindik.

Astur-leonesaren atzerakada eta gaur egungo esparru linguistikoa mapa honetan (2012koa da). Adi hegoaldeko indargune horri, Portugalgo mugen barruan dagoen mirandesa baita bertako hizkuntza.

Euskal Herriaren erreferentziak bilatu ditugu, eta ez dugu asko aurkitu. Mapa linguistiko hau, garagardoa nola esaten den Europako hizkuntzena. Inoiz Sustatun aipatu izan dugun mapa etimologikoen kategoriakoa, eta artikuluko lehen irudirako ere baliatu duguna.

Ikus mapa gehiago hemen: https://mapasmilhaud.com

 


Wikipedia, artifizioak eta artifiziala (adimen artifizialaz ikuspegi optimista bat)

$
0
0

Ttap aldizkariaren aurreko asteburuko alerako audio-grabaketa bidali nuen, eta testu eran dakart hona orain. Adimen artifizialari hainbesteko beldurrik ez edukitzea aldarrikatzen duen iritzi pertsonal bat da, wikipedista euskaldun baten ikuspegitik idatzia. "Adimen artifiziala testu sorkuntzan nabarmentzen hasiko den une honetan, uste dut adibide bat dugula hemen, non erakusten den artifizioak, teknologia berri honek, lagundu egin gaitzakeela euskarazko proiektuetan ere."

2022 urtea amaitu zen euskarazko Wikipedian 400.000 artikulu pasatxo zirela. Era berean, Wikipedia guztientzat proposatzen den kalitate neurketako irizpide batean, 10.000 artikulu funtsezko eta horiek nola osatu diren, euskara bihurtu da hamar mila horiek dituen laugarren hizkuntza, eta beren kalitateari dagokionez, neurtuz artikuluen luzera, erreferentzia eta irudi multzoa, urte hasieran euskara zegoen wikipediako hizkuntzen sailkapenean 33. postuan, eta urte amaieran 23.ean.

Euskara munduko hizkuntzen artean, 23.a. Badakigu ez dela egia, ez hiztunetan, ez estatusaren arabera, ezta iraupenerako baldintzetan ere. Hala ere, 23. postua ez da artifiziala, nahiz eta, onar dezagun, bada artifizio baten araberakoa: Wikipediako mekanismo batek neurtzen duena da, eta neurgailu horrekin sekulakoa lortu dugu.

Pertsonalki, Wikipedia editatzeko hobby txiki bat dudanez, oso harro jartzen nau horrek. Plazer txiki hau partekatzera gonbidatzen zaituztet, izan wikipedista: nola egiten dugun askok, argazki batzuk edo jakintza apur bat partekatu herriko aldizkarian, edo sare sozialetan, horixe bera Wikipedian partekatu eta irismenaren eta iraunkorrasunaren aldetik zuen jakintza puskak oihartzun inportanteago bat lortuko du.

Laguntzeko beste modu bat da Euskal Wikilarien Kultura Elkartean parte hartzea. Gobernantzaz-edo, enkargatzen den taldea. Urteko 5 euroko kuotarekin, diru asko ez dizue jango behintzat, akaso denbora, artikuluak editatzeko arra tripa barruan apopilo jartzen bazaizue.

Aurreko Ttap-eko halako sermoi batean aipatu nuen (eta Sustatun ere idatzi dut horretaz) nola adimen artifizialak, irudiak sortzeko azken aldian lortu duen sormen edo kalitate neurriarekin, “sortzaile” terminoa zalantzan jar dezakeen, uste genuenean hori makinen irismenetik kanpo zegoela. Irudiekin bezala, testu sorkuntzan ChatGPT delakoak ere halakorik lortzen badu, pentsa dezakegu akaso makinek sortuko dituztela Wikipediako orriak ere... Bueno, agian bai, baina hor ere giza-gidaritzarekin izango da. Izatez, euskarazko wikipediaren hazkundearen gako bat izan da duela pare bat urtetik itzultzaile neuronalak daudela integratuta bertan, euskarazko Elia kasu, eta horri esker, adimen artifizialaren adar horri esker, gabiltzala egiten wikipedistak gure lanaren parte bat. Ez guztia itzulpen artifizial-automatikoari utzita, baina bai berari esker. Artifizioak laguntzen digu. Egiten duguna ez da artifiziala.

Gora euskarazko Wikipedia eta irekitzen zaizkion aukerak!

(irudia, euskarazko Wikipediak 2021 hasieran zuen bolumenaren alegoria bat; gaur egunean 275 liburuki izango lituzke gutxi gora-behera).

Idazketa/zenbaketa sistema paleolitiko bat geure leizeetako labar-artean?

$
0
0

Paleolitoko labar-arte kantabrikoan (Frantziako Dordoinatik Kantauriko leizeetaraino, Euskal Herria tartean dela) idazkera zantzuak edo gutxienez zenbaketa sistema bat dagoela proposatu du Cambridge Archaeological Journal-eko artikulu batek. Fidagarritasuna neurtzeko, eszeptizismorako datu bat: ikerlari nagusia altzarien errestauratzaile britainiar bat da.

Ben Bacon errestauratzailearekin batera, beste pare bat amateurrek eta gero kurrikulum pixka zientifikoagoa duten beste pare batek ere sinatzen dute artikulua: An Upper Palaeolithic Proto-writing System and Phenological Calendar

Labar-arteko animalien marrazkiekin batera puntu, marra bertikalak eta Y formako zeinuak dira Baconek igarri ei duen sistema. Y delakoa animalien erditze aroarekin lotzen du artikulua, eta marra eta puntuak hilabete edo ilargi-kontaketak lirateke, balioko luketenak, konbinatuta, adierazteko animalien agerpena eta ehiza noiz den posibleen.

Zaldi irudiekin lotutako irudi batzuk dakartza adibide gisa artikuluak (Euskal Herriko zaldirik ez da hauen artean):

Ilargi/hilabete zenbaketa bat bada sistemak dakarrena, zenbaketa noiz hasten den da gakoa, eta artikuluaren hipotesia da negu amaierarekin zoo-arkeologoek identifikatu duten 'bonne saison' edo urtaro ona izan daitekeela hori.

Interesa duenak, hemen du artikulua.

Marmotaren Eguna... edo Hartzaren Eguna!

$
0
0

Gaur, otsailak 2, da Marmotaren Eguna. Punxsutawney-n, Pensilvanian, jakina. Zinetik ezagutzen dugu askok ohitura hau, eta asmakizun amerikar moderno bat dela pentsatzen nuen nik gaur goizera arte. Baina, lagun batek esan dit: Euskal Herrian ere baditu aurrekari edo paraleloak kontu honek. Kandelaria eguneko kontuak...

Zer da Marmotaren Eguna?Punxsutawney herrian egiten dute. Phil izeneko marmota bat daukate enbor batean sartuta, eta otsailaren 2an, urtero, eguna argitzearekin marmota ateratzen dute zulotik, zerura begira jartzen dute, eta segun marmotak keinuren bat egiten duen edo ez, egun hotzak amaitu direla, edo neguak oraindik iraun behar duela pronostikatzen du Phil marmotak.

Gutxi gora-behera Andoni Aizpuruk eta Pello Zabalak egiten dutena tenporekin, baina estilo amerikarrean.

Horrez gain, film zoragarri baten harian ere agertzen da Marmotaren Eguna. Bill Murray eguraldi-gizona da eta kateatuta dago behin eta berriro egun berbera bizitzera, Marmotaren Eguna, hain zuzen.

Baina, hara, gaur jakin dugu lagun batengandik (Oier Araolaza dantzaria), kontu honek baduela paralelorik Euskal Herrian. Animalia esnatu, zerura begiratu, eta horren arabera neguaren amaiera pronostikatu... Europako toki batean baino gehiagotan badira halako ipuinak.

Pirinio inguruetan, eta Euskal Herrian, hartza da, hain zuzen, otsailaren 2an, Kandelaria egunez, esnatzen dena. Gaur irtengo da hartza lozorrotik, bere leizetik, eta izarrei eta ilargiari begiratuko die. Eta orduan erabakiko du hartzak zenbat falta zaion neguari...

Kandelaria eguneko hartzarenak zerikusia du, halaber, inauteriekin.

  • Hainbat herri-inauteritako protagonista da hartza.
  • Inauteriak, berez, neguaren amaieraren ospakizuntzat ere har daitezke.
  • Inauteri egun aldakorrak noiz tokatzen diren jakiteko, ilargi-faseak ere tartean daude kalkuluan, eta hortaz, logika bihurri samar batekin zentzua du zeruan aztarnak ikusteak, negua noiz amaitzen den, inauteriak noiz diren igartzeko.

Informazio gehiago: Kandelaria eta hartza aipatzen ditu Oierrek mezu honetan. Beste helbide honetan, berriz, Inauterietako daten kalkuluak.

Lezetxiki: AHTren bidea ustez aldatu zen arren, aztarnategiraino iritsi da obra

$
0
0

Duela urte batzuk, paleontologo eta espeleologoek salatu zuten Abiadura Handiko Trenaren bideak Lezetxikiko kobazuloa (Debagoienan) suntsitu behar zuela. Alvaro Arrizabalaga indusketen arduradunak helegiteak aurkeztu ondoren, bidea aldatu omen zen (pasatzeko 70 metrora edo 200 metrora, segun aipatzen den lotura horietan) eta distantzia arriskutsua bazen ere... Azkenean lanak Lezetxikiraino bertaraino iritsi direla ikusi du Debagoieneko espeleologo talde batek, salatu dutenez.

Hona salaketaren testua, zeina sinatzen duen Lezetxikiren Lagunak izeneko taldeak:

Espeleologia zaleok, Arrasate eta inguruotakook, bi urte dela konturatu ginen Lezetxiki kobazulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Barreneko galerietarako bidea berriki eroritako harri handiz zegoen estalita, guztiz. Garai hartan, AHTaren obrak zirela eta, ia egunero izaten ziren leherketak eta hauek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen.

Aurtengo urtarrilaren hasieran, aipatutako barreneko galeria horietara iristeko beste bide bat bazegoela jakin genuen eta aztertzeari ekin genion. Astebete dela egin genuen aurreneko saiakera. Etendako bidearen eta gainerako bideen gainekaldetik igarotzen da guretako ezezaguna zen pasabidea. Amaieran, 15 bat metroko jauzia du, azpitik datorren ohiko bidearekin batzen dena. Zailtasunak zailtasun, iritsi ginen jauzira. Kobazuloa ondo argiztatu eta inguruan genuena sinetsi ezinik gelditu ginen. Zer zen hura! Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena.

Harri-askatzearen jatorriari erreparatu genionean ikusi genuen astakeriarik beldurgarriena. Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflez osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu
ondoren, Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen. Bai, jaun-andreok, AHTaren tunela Lezetxiki barruan egin dute, haitzuloa zulatuta.

Bertaraino iritsi nahi izan genuen, baina material onik ez eta beste egun batean itzultzea erabaki genuen, segurtasuna ondo bermatuta egon zedin. Eta halaxe egin dugu. 2023ko urtarrilaren 28an, beharrezko materialarekin tuneleraino iristea lortu dugu. Egindako izugarrikeriari argazkiak atera eta kanpora irten gara, guztiz atsekabetuta.

Kalte horiek guk ikusi ahal izan ditugunak baino ez dira. Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere. Jakinekoa baita AHTaren obrek kalte handiak eragin dituztela gure bailaran: iturburuak agortu, errekak lohitu eta kutsatu edota lur-jausien ondorioz errepideetan sortutako kalteak.

Abiadura Handiko Trenaren lanek gure herrian egindako enegarren triskantza irmoki salatu gura dugu. Onartezina da Lezetxiki modu horretan suntsitzea, Arrasateko eta Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsua dena eta guretako kobazulorik kuttunena dena.

Lezetxikiko Lagunek irudiak ere zabaldu dituzte (artikulu hau ilustratzen duena da bat), eta bideo bat ere egin dute.

Lezetxikin animalien eta gizakien aztarna zaharrak daude. Gure espezieko Sapiens baten hezur bakarra, baina interesgarriagoak suerta daitezkeen homo heidelbergensis espezieko eta neandertalen aztarnak topatu dira, Euskal Herriko hominido zaharrenen aztarnak, berez, duela 164.000 urtekoak.

Ez da inguruetako leize batek jasandako azken erasoa. Gertuko beste aztarnategi batean Sapiens aztarnak aurkitu ziren 1970eko hamarkadan: Labeko Koba zeritzon. Baina hori guztiz hondatu zuen 1980eko hamarkadako autobide zabalpenak.

 

Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunari begira, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena

$
0
0

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan beste behin ere Elhuyarrek. Otsailaren 3tik, emakume ikertzaileen irudiak ikusgai egongo dira Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako hainbat erakusleihotan. Guztira, 218 saltokik bat egin dute kanpainarekin. Donostiako Eureka! Zientzia Museoan eta Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan, berriz, zientzia eta teknologiaren arloko 12 emakumeren erakusketa egongo da ikusgai.

 

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da otsailaren 11n. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun hori ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik hartuko dute parte. Gehienek otsailaren 3tik 13ra bitartean egingo dute, baina badira beste data batzuk ere: Deba, otsailaren 10etik 20ra, Donostia, 10etik 17ra, eta Elgoibar, martxoaren 1etik 19ra.

Establezimendu bakoitzak (parte hartuko dutenen zerrenda) emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute. Aurten, GINKANA batean parte hartzeko aukera ere izango da (12 saltoki baino gehiago dauden herrietan). Actionbound aplikazioa jaitsiz, dendaz denda, 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatuta, emakumeen inguruko galderei erantzun beharko zaie.

Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, bi erakusketa izango dira. Bata Eureka! Zientzia Museoan, bihartik otsailaren 17ra arte, zientzia- eta teknologia-arloko 12 emakumeak omentzeko. Erakusketarekin batera, Emakumeak zientzian ekimenak antolaturik familientzako esperimentuak antolatuko dira otsailaren 11n eta 12an museoan bertan. Beste erakusketa Barakaldon izango da, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, otsailaren 11tik eta 24ra bitartean.

Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela hiru urte, hau da gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan, eta aurten herri gehiago batu dira ekimenera. Guztira, Euskal Herri osoko zortzi herritan daude ekimenarekin bat egin duten 218 saltokiak.

STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek saio berezia egingo du otsailaren 11-12ko asteburuan ETB1en eta ETB2n; besteak beste, adimen artifizialaren genero‑alborapenei buruz arituko dira Elena Lazkano Ortega eta Olatz Arbelaitz Gallego UPV/EHUko informatika-ikertzaileekin. Bestalde, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak ere gai hori izango du hizpide nagusi otsailaren 10eko saioan. Mahai-inguru batean, Kristina Zuzak eta Nadia Conlledok STEAM hezkuntza generoaren ikuspegitik aztertuko dute.

Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko eguna ospatzeko, Elhuyarrek bat egiten du Emakumeak zientzian ekimenaren 7. edizioarekin, eta, horretarako, elkarlanean dihardu zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsu diren beste 23 erakunderekin: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC‑EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak -  Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun-Escuela de Ingeniería, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea. Horiek guztiek antolatutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai: www.emakumeakzientzian.eus

 

Ikus-entzunezkoen legea indarrean, baina kasurik ez erakunde eta plataformek

$
0
0

Dueka urte erdi, 2022ko uztailean sartu zen indarrean Espainiako Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 13/2022 lege orokorra; eta hartan euskararentzako (eta Espainiako Estatuko gaztelaniaz besteko hizkuntzentzazko) behintzat gutxieneko eginbehar barzuk markatzen ziren. Baina gaur Kontseiluak, Pantailak Euskarazek eta Hekimenek salatu dutenez, erakundeak eta plataformak ez dira ari legea betetzen.

Jarraian, euskalgintzako hiru erakundeek gaur zabaldu duten testua.

*******

Estatuko hizkuntza gutxituetako komunitateek egindako eskaera gehienak aintzat hartu ez zituen arren, hizkuntza mugimenduek eta hainbat alderdik egindako lanari esker, Lege honek hizkuntza gutxituekiko betebehar txiki batzuk ezarri zizkien telebista publikoei, pribatuei, zein eskaera bidezko telebistei (streaming plataformei). Hala ere, orduan salatu genuen ikus-entzunezkoetan hizkuntza-berdintasuna egiazki bermatzeko aukera historiko bat galdu zela, eta legeak ezarritakoak ez betetzeko zirrikitu ugari zabalik utzi zirela.

Hain zuzen ere, Legea indarrean sartu zenetik 6 hilabete bete diren honetan, hizkuntza gutxituekiko hainbat xedapenek bete gabe jarraitzen dute, eta Euskal Herritik bere egunean legeari emendakinak aurkeztu genizkion hizkuntza eta hedabideekin loturiko eragileok (Pantailak Euskaraz, Hekimen Elkartea eta Euskalgintzaren Kontseiluak) hau salatu nahi dugu.

Legeak hainbat betebehar ezartzen ditu telebistek eta plataformek bete beharreko hizkuntza koofizialetako kuotei eta hizkuntza gutxituetako edukietara bideratu beharreko diru-sarreren portzentajeei dagokionez, eta hauek betetzeko, orohar, 2023ko urteko epea uzten die. Plataforma batzuk hasi dira euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki kopurua handitzen euren katalogoetan.

Baina plataformak eta erakundeak ez dira jadanik indarrean dauden hainbat artikulu betetzen ari. Hauek dira, zehazki, indarrean egon arren momentuz bete gabe jarraitzen duten atal batzuk:

* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 1. atala:

RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan eta hauen katalogoetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara, hau da, euskara, galego, eta katalanera, bikoiztuta eskainiko dituela bermatuko du, 12 urte arteko ikusleentzat diren edukietan bereziki. Era berean, publiko orokorrari zuzenduriko edukiak hizkuntza ofizialetara bikoiztu eta azpidatzita eskainiko ditu.

* Legearen 5. Xedapeneko 3. atala:

Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen hornitzaileek (streaming plataformek), autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko dituzte euren katalogoetako edukietan (erakunde eskudunek euren eskura doan jartzen dituztenean), bikoizketa/azpidazketa hori diru publikoz egin denean, hizkuntza bertsio hori telebista publikoen jabetzakoa denean, edo bikoizketa/azpidazketa horrek erakunde eskudunak ziurtaturiko kalitate maila duenean.

* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 4. atala:

Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen hornitzaileek (plataformek), autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko dituzte, bilaketa- edo sustapen-sistemen eta haietara sartzeko erraztasunen bidez, horretarako bazkideen geolokalizazio sistema baliatuz.

* Xedapen hauez gain, ez telebista lineal publikoak, eta ezta eskari bidezkoak ere, ez dira ezgaitasunak dituzten pertsonen ikus-entzunezkoetarako irisgarritasuna euren hizkuntza ofizialean bermatzeko artikuluak betetzen ari.

Gainera, 6 hilabeteotan kezka handiagotu digun ikerketa baten berri izan dugu. UEMAk bere udalerrietako haurren ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aztertu ditu, eta ondorioetako bat da Clan TV dela lehen hezkuntzako haurrek gehien ikusten duten katea. Espainiako Gobernuari eta RTVEri dagokie legean jasotako gutxieneko neurri horiek ere errespetatzea, baina ez da betetzen ari.

Bestalde, streaming plataformak “bideragarritasun teknikoaren” aitzakiari heltzen ari dira bikoiztutako bertsiorik ez eskaintzeko. Euskal Herriaren kasuan, aurreko guztia betetzea eta gainbegiratzea ikus-entzunezkoetan eskumenak dituzten euskal erakundeei dagokie, bai eta moldaketa tekniko horiek erraztea ere.

Hortaz, hemendik deia luzatu nahi diegu Espainiar Gobernuari eta RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EiTBri, bai eta streaming plataformei ere, legea betetzeko urratsak eman ditzaten, horrela ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia biderkatzeko.

Era berean, azken hau lortzeko, hau da, euskararen presentzia ikus-entzunezkoetan handitzea posible egiteko, eta beraz, euskararen normalkuntzan estrategikoa den eremu honetan gure hizkuntzaren ikusgarritasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, beharrezkoa ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak EiTB bitartez sortuko duen eskaera bidezko PRIMERAN plataforma berrian euskara izatea lehenetsitako hizkuntza eta euskarazko kalitatezko edukiak eskaintzea.

**********

Salaketa hau aurkeztu dutenen artean, esan bezala, Hekimen dago, euskarazko hedabideen elkartea, eta Sustatu horren parte da.

Irudian, Kontseiluko Idurre Eskisabel eta Pantailak Euskarazeko Alex Aginagalde.

Euskal Herriko kirol errekorrak biltzen dituen webgunea

$
0
0

Kirol Errekorrak da webgune bat Euskal Herriko kirol marka eta errekorren erregistroa egiteko erronkari eusten diona, Euskal Herria Kirola elkartearen (EHK) ekimenez da. Albistegiaren bidez ematen ari dira Euskal Herriko bertako markak, eta baita euskal kirolari batek nazioarteko erregistro bat egiten duenekoa. Adibideak, bi kasuetakoak, aste honetan bertan. Eta bestalde, erregistroen datutegi antolatu bat egiten ere hasi dira, bi kirol alorretan oraingoz, baina hedatzeko asmoarekin (eta laguntza eskatzen dute horretarako).

Aste honetan bertan ezarritako bi marka, EHK-k webgune honetan egiten duen lanaren erakusgarri:

Baterakuntza federatibo barik, lan eskerga daukate eta probisionalki oraingoz atletismo eta igeriketa alorretan ari diramarkak neurtzen batez ere.

Hala azaltzen dute webgunean: "Lanean ari gara webgunea antolatzen eta funtzioak aktibatzen. Oraindik gauza asko falta dira egiteko. Une honetan igeriketa eta atletismo markak biltzen ari gara. Horrekin batera Euskal Herrian egiten diren kirol guztietan izan daitezkeen datuak ere erregistratu eta antolatzeko asmoa daukagu. Eskertuko ditugu Euskal Herriko errekorren gaineko eta webgunearen inguruko ekarpen eta iritzi guztiak. Gure e-posta helbidea: info (a bildua) ehkirola.eus "

Webgunearen berri Mastodonen eta Twitterren jarrai dezakezu halaber. 

Animo ba KirolErrekorrak.eus eta EHK.

 

 


Euskararen atzerakada Zizur Nagusian

$
0
0

Zizur Nagusiko Udalak Euskararen Ordenantza murriztu du urtarrilaren 26ko Osoko Bilkuran. Honako hauek bozkatu dute murrizketaren alde: Geroa Baik, EH Bilduk, PSOEk eta AS Zizurrek (Navarra Sumak are gehiago murriztu nahi zuen).

EUSKARAREN ATZERAKADA ZIZUR NAGUSIAN

 

Zizur Nagusiko Udalak Euskararen Ordenantza murriztu du urtarrilaren 26ko Osoko Bilkuran. Honako hauek bozkatu dute murrizketaren alde: Geroa Baik, EH Bilduk, PSOEk eta AS Zizurrek (Navarra Sumak are gehiago murriztu nahi zuen).

Hona hemen aldaketak:

1-Lehen, ordenantzak zioen lan deialdi GUZTIETAN baloratu behar zela euskara (baldin lanpostuak profil elebiduna ez bazuen). Orain, esaten da oposizio-lehiaketa guztietan baloratuko dela. Hau da, gerta daiteke lan deialdien %90 oposizio bidez egitea, eta, beraz, deialdien %90ean euskara ez baloratzea.

2-Lehen, ordenantzak zioen euskara jakitearen merezimendua %5 izanen zela, eta %10, jendaurreko lanpostuetan. Orain, esaten da gehienez %10 puntuatu daitekeela euskaraz jakitea. Beraz, posible da 0,01eko balioa ematea euskaraz jakiteari, adibidez.

Horretaz gain, esaten da txosten batek justifikatu beharko duela euskara baloratzea. Zergatik? Ba Nafarroako Administrazio Auzitegiak askotan kendu dituelako Zizurren lanpostu elebidunak eta askotan eragotzi duelako euskara merezimendu gisa baloratzea, argudiatuz ez zegoela aski justifikaturik.

Baina, Andoni Serranok (Geroa Bai) Osoko Bilkuran esan bezala, "euskararen balorazioa milaka txostenekin justifikatuta ere, Nafarroako Administrazio Auzitegia ez da pozik geldituko". Ez da bide egokia Nafarroako Administrazio Auzitegiaren euskarafobiari men egitea, baizik publikoki salatzea: Euskararen Foru Legearen 17. artikuluak eskumena ematen die eremu mistoko udalei lanpostu elebidunak sortzeko eta euskara merezimendu gisa baloratzeko. Horren kontra Nafarroako Administrazio Auzitegiak egiten duen guztia euskararen kontrako gerra legala da.

Bestalde, eta nahiz eta oraingoan ez dugun gaian sakonduko, Zizurko alderdi euskaltzaleei oroitarazi nahi diegu euskararen kontrako errekurtso bat jarria duela Zizurko Udalak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Epaitegian. Hedabideetan zalaparta izan zen, eta agindu zuen errekurtsoa kendu eginen zuela, baina oraindik ez du kendu.

Game of Thrones, 21. mendeko telesail nabarmenena osorik euskaratuta

$
0
0

2011. urtean hasitako lan bat, Game of Thrones telesailaren euskarazko azpidatzien bildumatzea, asteburu honetan osatu dugu. Euskal Endodings-etik egindako ekarpen bat tarteko, 8 denboraldiak, 73 atal, denak daude euskaraz orain.

21. mendeko telesail entzutetsuen eta arrakastatsuenetako bat izan da Game of Thrones, HBO telebistaren produktu ezagunena. 2011n hasi zenean, AEBetan kable bidezko kanal horretan ikusten zen, eta mundura lizentzia bidez banatu telebista konbentzionaletara. 2019an amaitu zenerako, HBO streaming zerbitzua bilakatua zegoen (geroxeago HBO Max izenera aldatu zen), eta telesailak streaming-marka bakarrari lotuta egotera pasatu dira gehienbat. Prekuela gisa egindako jarraipena, hain zuen, 2022an hasitako House of the Dragon, HBO Max zerbitzuan bakarrik dago, eta han ez dago euskarazko bikoizketa edo azpidatzirik oraingoz.

Azpitituluak Euskaraz webgunean, 2022 bitartean, lau denboraldi zeuden osorik (37 atal). Beste zenbait atal kendu egin genituen, kalitate eskaseko materialaren garbiketa baten ondoren, baina Euskal Encodings-ek berriki egindako lanari esker, beste 36 atal eta lau denboraldi extra gehitu dira, tartean 8.a eta azkena, askoren ustez amaiera antiklimatikoa duena.

Nola ikusi hauek euskaraz? bideo fitxategiak bittorrent biltegietatik jaitsita... Zenbait sinkronizazioren berri ematen dugu webguneko sarreran, baina behintzat orain 2023 honetan torrentetan erraz aurki daitekeen pakete oso honekin bat datoz azpidatziak:

  • Game.of.Thrones.Complete.Series.Season.1.2.3.4.5.6.7.8.x264.720p

Eta Euskal Encodings-en ere bai

Oscarretako filmak euskaraz

Bestalde, martxoan izango den 2023ko Oscarretarako nominazio-zerrendan dauden film batzuk ere badaude gure katalogoan. Ez, egia esanda, nominazio askokoak... bakarrekoak, baina lau film daude euskarazko azpidatziak dituztenak:

Animazioko film onenaren kategorian, The Sea Beast / Itsasoko piztia eta Guillermo del Tororen Pinocchio / Pinotxo.

Ingelesa ez besteko hizkuntzen kategorian, irlandera gaelikozko filma, lehena hizkuntza gutxitua honetan nominatua izan dena, An Cailín Ciúin / Neska Isila / The Quiet Girl. (irudia behean)

Eta plataformetako beste bi film entzutetsu, baina nominazioetan bakarrik izendapen bana jaso dutenak: Blonde (Marilyn Monroeren gaineko biopic bat, Ana de Armas aktorea izendatua dagoelatik), eta Glass Onion, thriller komedikoa.

 

 

"Bilaketa adimentsua hemen da", diote Googlek eta Microsoftek (spoiler: oraindik ez)

$
0
0

Adimen artifiziala bilaketan integratzeko ahaleginak iragarri dituzte Googlek eta Microsoft-ek. Produktu berrien aurkezpena egin dute ordu gutxiren aldearekin enpresa bietako zuzendari nagusiek. Joan gara begiratzera eta... promesak dira oraingoz. Ikusiko dugu noiz jartzen den martxan Bing berritua (Microsoften bilatzailearen bertsio berria) eta noiz Bard, Googlek izen berriarekin baitaiatu duen tresna.

Googleko buru Sundar Pichaik idatzi du duela ordu batzuk honi buruzko artikulu bat. "Introducing Bard", dio bertan. Baina ez dago loturarik, eta adibide bisual parea bakarrik, web zein mugikor bilaketa-edo izango dela. Garai batean Googlek gauzak egin eta aurkezten zituen: Google Maps edo Gmail, aurre-promesarik gabe jarri ziren martxan egun batean. Bard... ikusiko dugu.

Aldi berean, edo ordu batzuk beranduago, Microsoft-eko Satya Nadellak Bing bilatzailearen bertsio berria iragarri du, zeinean ChatGPT ezaguna nolabait integratuta egongo den. 

Kasu honetan ere, iragarpena egin da, baina ez dago martxan. Nahasketa areagotuz, Bing.com bisita dezakezu gaur, eta bilaketa adimentsu berriaren adibidez josia dago, baina ez dago argi benetakoak diren ala fikziozkoak.

Parte batzuk euskaratuta ageri dira, baina klik eginez gero, ingelesezko galdera eta emaitzak dira lortzen dena.

Adibide testual osoago bat ere agertzen da, osoki euskaratua, baina ez dakigu benetan errezetak eskatuz gero, hain txukun agertuko ote diren emaitzak, ala beste barik interfazearen itzulpena ote den hau guztia.

Bing-ek dio, gainera, gauza hauek probatzeko itxaron-zerrenda bat ireki dela. Sustatuko editoretza saiatu da izena ematen baina errorea ematen digu euskarazko interfazetik abiatuz. Ea beste norbaitek zortea duen.

Umbra "argi jaialdi" Gasteizen ostegunetik larunbatera

$
0
0

Umbra Light Jaialdia "argi jaialdi" bat da, Gasteizen urtero argirik gutxieneko egunetan antolatzen dena, eta aurten otsailaren 9tik 11ra egingo dena, ‘Enpatia’ goiburuarekin.

Jaialdiak formatu handiko argi eskulturak eta mundu osoko artistek diseinatutako proiekzioak eskaintzen ditu, hirian zehar ibilbide artistiko bat eginez. Argia da obretako protagonista nagusia, baina badira mugimenduz, musikaz eta abarrez hornitutako konposizioak ere.

Jaialdiko instalazioa nagusiak hiru egunetan, ostegunetik larunbatera, egongo dira bisitagai 19:00etatik 22:00etara bitartean. Era berean, argi kalejira bat Gasteizko kaleetan zehar ibiliko da 19:00etatik 23:00ak arte egun horietan. Horrez gain, ordutegi bereziak egongo dira kasu hauetarako:

  • Andre Maria Zuriaren plazan dagoen 00 instalazioa. Musikarien eta perkusioaren performancea. Ordutegi hauetan orduro egingo dute hogei minutuko ikuskizuna: 19:30etik 19:50era / 20:30etik 20:50era / 21:30etik 21:50era / 22:30etik 22:50era
  • Vital Fundazioaren erakusketa-zentroa. Irekita egongo da goizez otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean, 10:30etik 13:30era, eta arratsaldez 17:00etatik 22:00etara, eta igandean, otsailaren 12an, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, aurtengo edizioko berritasun gisa, gune horretako hiru instalazioez gozatzeko aukera egongo da otsailaren 26ra arte ohiko ordutegian.
  • Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian dagoen instalazioa bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 22:00ak arte luzatuko da otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean.
  • Santa Maria katedraleko kripta. Katedralaren instalazioa bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 22:00ak arte luzatuko da otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean.
  • Europa Kongresu Jauregiko instalazioa jendearentzat zabalik egongo da ostegunean, ostiralean eta larunbatean, 19:00etatik 23:00ak bitarte.

Programa zehatza PDF honetan, non artista eta obra bakoitzaren izena ikusiko duzue.

Adibide gisa, Atelier Sisu kolektiboaren Evanescent ikuskizuna Liverpool hirian ikusi zenekoa:

Folkloremix jardunaldia: euskal musika tresna tradizionak eta elektronika uztartzen

$
0
0

Doako jardunaldia Donostian, martxoaren 15ean, euskal musika instrumentu tradizionalak eta musika elektronikoaren sorkuntza uztartuz: Folkloremix jardunaldia, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak antolatua, Donostia Hezkuntzaren laguntzarekin. Jardunaldi honetan, Euskal Herriko musika instrumentu tradizionalak ezagutuko ditugu, eta instrumentu horietatik ateratako soinuak edo "sampleak" musika elektronikoarekin nahasteko gakoak jasoko ditugu.

Jardunaldi hau guztiz irekia eta doakoa da eta Donostiako Aiete Kultur Etxean izango da 16:30etatik 20:30etara. 

Folkloremixek bi atal izango ditu. Lehen atalean, Andoni Ezeiza musikariak zenbait musika-instrumentu tradizional ekarri, erakutsi eta joko ditu, hala nola, ttun-ttuna, alboka, zarrabetea eta txirula. Behin instrumentu hauek ezagutu ditugula, DANTZ Academy-ko irakasle eta DJ-ek euskal musika instrumentu horien soinu edo sampleak musika elektronikoarekin nahasteko gakoak erakutsiko dizkigu, musika elektronikoaren sorkuntza digitala desmitifikatuz. 

Jardunaldia martxoaren 15ean izango da, Aiete Kultur Etxeko areto nagusian, 16:30etatik 20:30era. Jardunaldia guztiz doakoa eta irekia izango da. Beraz, musikarekin lotutako ikaslea edo artista bazara, musikaren ekoizpenean interesa baduzu edota gai honek jakinmina pizten badizu, jardunaldi hau zure interesekoa da. 

Jardunaldian parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik online bidez izena ematea. Izena emateko, nahikoa da esteka honetan aurkituko duzun izen-emate orria betetzea: https://labur.eus/AkEmg 

 

 

 

 

 

Viewing all 9026 articles
Browse latest View live